Herriak
Gabonetako otarreak salgai Zuberoako Eperrak Ikastolaren alde

Ikastolaren egoera ekonomikoa hobetzeko eta tokiko ekoizleak ezagutzera emateko egiten du Eperrak Ikastolak egitasmo hau. Interesatuek eskaera azaroaren 21a baino lehen egin behar dute Basauriko Euskarabila elkarteari email bat bidaliz.
Orain dela 11 urte, 2003an, hasi zuen Zuberoako Eperrak Ikastolak egitasmo hau egiten: Gabonetarako otarreak eskaintzen ditu Basaurin -eta, orokorrean eskualdean- Euskarabilaren laguntzarekin. Proiektuaren helburuak Ikastolaren egoera ekonomikoa hobetzea eta Zuberoako ekoizleak ezagutaraztea dira. Izan ere, “haur kopurua handitzearekin batera, gastuak ere areagotzen dira; baina, diru publikoa, aldiz, ez“, adierazi dute. Euskarabilatik esan dutenez, “salmenta honek diru iturrien %5a dakarkie, beraz, gure erosketa garrantzitsua da Eperra Ikastolaren diru sarreretan“.
Eskaintzen dituzten otarrak bi motatakoak dira. Alde batetik, 39 euroko otarrea dago: ardi gazta (900 gr), ahate gibela (125 gr), gurinezko gaileta paketea (200 gr) eta eztia (500 gr) aurki daitezke bertan. Bestea, 51 euroko kostea du eta aurreko produktuez gain, berotu eta arrozarekin edo patatekin jateko prest dagoen txahalki kontserba piperrekin (750 gr) eskaintzen da. Otarren bat erosteko eskaera egin duenak abenduaren 15eko astean jaso ahal izango du Basauriko Euskarabila elkartean.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Euriak ez ditu Arrigorriagako herri-inauteriak geldiarazi
Ehunka arrigorriagarrek hartu dute parte aurtengo inauterietan. Plazara heltzean, Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa egin dute

Gaur goizean inauteriak girotzen hasi dira eta arrastirako bero-bero egon da giroa herrigunean. Elkarretaratzearen ostean (eta iragarritakoa baino zertxobait lehenago), kalejira hasi dute Odolemaileen plazatik. Bertatik Urgoiti pasealekura igaro dira eta artez artez udaletxeko plazara heldu dira.
Ehunka arrigorriagarrek hartu dute parte aurtengo inauterietan. Plazara heltzean, Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa egin dute. Bertan izan gara!































































































☉ Basauri
Argazkiak | Lau urtaroak, Oilategi Deluxe eta Txorimaloak izan dira mozorrorik onenak Basaurin
Inauterien barruan mozorro lehiaketa antolatu dute gaur, otsailak 14, Basaurin. Desfilea bertan behera geratu da euriagatik, baina kuadrillek aukera izan dute euren mozorroak Solobarriako karpan erakusteko.
Bederatzi pertsona baino gutxiagoko kategorian, hirugarrenetik lehenengora hauek izan dira irabazleak: Furbiak (200 euro), Zeruko begiak (400 euro) eta Txorimaloak (550 euro).
Eta, bederatzi pertsona baino gehiagoko kategorian honakoak saritu dituzte: Parqueo sobre ruedas (250 euro), Globotxos (500 euro) eta Oilategi Deluxe (750 euro).
Gainera, Inautxo Saria ere banatu dute, eta kategoria honetan Lau urtaroak kuadrillak irabazi du saria (550 euro).






























☉ Hego Uribe
Trenbidera jausitako zuhaitz batek 30 minutuko atzerapenak eragin ditu Hego Uribeko Renfeko C3 linean
Ezbeharrak atzerapenak sortu ditu distantzia luzeko trenetako joan-etorrietan eta baita C3 lineako aldirietan, oro har

Haizearen ondorioz, zuhaitz bat trenbidera erori da Ugao eta Laudio artean gaur arratsaldean.
Ondorioz, gutxienez 30 minutuko atzerapenak eragin ditu tren zerbitzuan: bai distantzia luzeko joan-etorrietan eta baita Hego Uribe eskualdetik igaro den C3 linean.
☉ Usansolo
Elexalde Institutuko DBHko Usansoloko ikasleek 2026-2027 ikasturtean autobus zerbitzua izango dutela esan du Hezkuntzak
Usansoloko ikasle baten amak otsailaren 12an GEURIAn salatu zuen DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek ez zutela autobus zerbitzurik izango. Hurrengo egunean, ordea, mezua jaso zuten esanez garraio zerbitzua izango dutela

Galdakaoko Elexalde Institutuko DBHko Usansoloko ikasleek autobus zerbitzua izango dute datorren ikasturtean.
Usansoloko ikasle baten guraso batek GEURIAn salatu zuen Hezkuntza Sailetik esan zietela 2026-2027 ikasturtean DBHko 3. eta 4. mailako Usansoloko ikasleek ez zutela autobus zerbitzurik izango instititura joateko ez itzultzeko ere.
Eta, salaketa GEURIAn publiko egin eta hurrengo egunean (otsailaren 13an) mezu bat jaso zuten gurasoek: “Bizkaiko Lurralde Ordezkariak adierazi digu datorren ikasturtean, 2026-2027, Usansoloko DBHko ikasleek garraio zerbitzua izango dutela”.
“Berri ona da, ikusi beharko da ea betetzen den eta zenbat urterako den. Momentuz, datorren ikasturterako jartzen du”, esan dio Usansoloko ikasle baten amak GEURIAri.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako udal ordezkariak Lanbarketako auzotarrekin elkartu dira irisgarritasun arazoak hobetzeko
“Datozen hilabeteetan bileran aztertutako aukerak eta proposamenak jaso eta egituratuko dituen auzoaren plan orokorra aurkeztuko diegu bizilagunei”, azaldu dute Udaletik

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta David Cidre Auzoetako eta Hirigintzako zinegotzia Lanbarketako bizilagunekin elkartu dira Arrigorriagako auzoko irisgarritasun arazoei irtenbidea bilatzeko eta bertako aparkalekua hobetzeko. Topaketa hau Udalak auzoen bizi-kalitatea hobetzeko duen estrategiaren parte da
“Lanbarketako auzotarren bertaratze handia egon zen; guztion artean auzoak irisgarritasunari eta aparkalekuari dagokionez eskaintzen dituen aukerak eztabaidatu eta zirriborratu genituen”, azaldu du Cidrek.
Auzotarrekin izandako bileraren ondoren, Udalak konpromiso zehatza hartu du: “Datozen hilabeteetan bileran aztertutako aukerak eta proposamenak jaso eta egituratuko dituen auzoaren plan orokorra aurkeztuko diegu bizilagunei”.










