Galdakaoko Auzotarren Plataformak bilera izango du Eusko Jaurlaritzaren Garraio sailburuordearekin, baita Bizkaiko Batzar Nagusiko alderdiekin ere
Metro Bilbao Galdakaora heltzeko proiektua 2021. urtera arte atzeratuko dutela adierazi du Eusko Jaurlaritzak. Etxebarri eta Galdakao lotuko dituen 5. linea “ez dela lehentasuna” esan du gobernu autonomikoak eta 2021era arte atzeratzea erabaki du. Modu horretan, gutxienez 2026an inauguratuko litzateke Metroa Galdakaon.
Erabaki horren aurrean Galdakaoko Udalak eta Auzotarren Plataformak borroka egingo dute Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean proiektuaren etorkizuna argitu dadin. Hain zuzen, otsailaren 20an eurekin elkartu ziren, eta martxoaren 9an Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzaren Garraio sailburuordearekin bilduko dira. Era berean, Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdiekin ere batzartzea dute helburu.
80.000 SINADURA
Lurrazpiko trena udalerrira “behingoz” hel dadin aldarrikatzeko sinadura bilketa hasi zuten otsailaren 17an, Santi Brouard plazan kontzentrazioa egin ondoren. Helburu nagusia da 80.000 sinadura biltzea (beste behin 40.000 sinadura lortu zituzten Metroa Galdakaora hel dadin eskatzeko).
GIZA KATEA
Galdakaoko Auzotarren Plataformak beste ekimen bat prestatu du euren aldarria lau haizeetara zabaltzeko: Usansoloko ospitaletik Etxebarriraino (8 kilometro) 4.000 lagun biltzea eta giza katea egitea, alegia.
Giza katea egiteko, Galdakaoko herritarrak ez ezik, inguruko udalerrietako bizilagunak elkartzea da asmoa, “horiek ere Galdakao-Usansolo ospitaleko erabiltzaileak baitira”, diote eta inguruko herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.
