Sareak

|

Asteburu honetan ospatu da hirugarren urtez jarraian Eternal Running Garaiezina Galdakaon. 10 kilometro lasterketak kirola eta ikuskizuna uztartzen ditu eta parte hartzaileen alde borrokalaria azalaraztea du helburu. Probak oztopo ugari ditu eta hori da, hain zuzen, jardueraren bereizgarririk handiena: lastozko kamioiak, txirrista menderaezina, amarehuna, irristagailua, aparraren gunea eta puzgarri zoroak dira oztopo-lasterketa honen ohikoak, besteak beste.

Argazkietan ikus daiteen bezala, aurtengo berrikuntzei dagokienez, zortzi oztopo berri izan ditu probak. “Esate baterako, zikloia, harea iraulkorra eta helikopteroa“, dio Ruben Lopez Eternal Runninneko zuzendariak: “Ez dugu gehiagorik aurreratuko, gure asmoa baita partaideek sorpresak eta ezustekoak lasterketan zehar aurkitzea“. Lasterketa puntuagarria da Eternal Running Munduko Zirkuituan. 2015 eta 2016 urteetako argazkiak eta bideoak hemen dituzu ikusgai. Honako ehun argazkiak Ander Arrieta argazkilari galdakoztarrarenak dira.

☉ Galdakao

Galdakaon ondutako ‘Bi baso bat ur’ antzezlana estreinatuko dute ostegunean Torrezabal Kultur Etxean

Otsailaren 19an izango da estreinaldia Torrezabalen. Ondoren, Euskal Herri osotik bira egingo dute

|

Intza Alkain, Javier Barandiaran, Marina Suarez eta Iraia Elias aktoreek antzezten dute obra // Argazkia: Metrokoadroka Kolektiboa

Metrokoadroka Kolektiboa Galdakaon eta Torrezabalen bertan ontzen aritu den ‘Bi baso bat ur’ antzezlana estreinatuko dute otsailaren 19an, ostegunez, Torrezabal Kultur Etxean (19:00).

Sarrerak salgai daude 6 euroan. ‘Geuretik Sortuak’ programari esker garatu dute antzezlana Galdakaon.

Torrezabaleko estreinaldiaz gero, bira egingo dute Euskal Herri osoan zehar.

Urtarrilean Torrezabaleko programazioa aurkeztu zuen Galdakaoko Udalak, eta aurkezpenean Edurne Azkarate antzezlanaren zuzendaria eta Oier Guillan antzerkigilea izan ziren. GEURIAn azaldu zituzten antzezlanaren nondik norakoak:

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Kickboxing topaketa izango da bihar Galdakaoko Urreta kiroldegian

Amauteur mailako eta maila profesionaleko borrokalariak izango dira biharko topaketan. Sarrerak salgai daude 25 eta 50 euro artean

|

Guztira 16 borrokaldi egongo dira: amateur mailako 10 eta profesional mailako 6 // Argazkia: BYB BYB, Pexels

Euskal Herriko eta nazioarteko borrokalari onenetakoak bilduko dira bihar, otsailak 14, Galdakaon: Kickboxing topaketa izango da Urreta kiroldegian.

Borrokaldiak 17:00etan hasiko dira: ekitaldia amateur mailako saioekin hasiko da. Guztira 10 borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza bi minutuko iraupenarekin. Kategoria honetan, parte hartzaileek babes ofizialak erabiliko dituzte: zango babesa, kaskoa, eskularruak eta aho babesa.

Ondoren, 20:00etan borroka profesionalen txanda izango da. Kasu honetan, 6 borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza hiru minutukoa. Borrokalariek ez dute babesik erabiliko borroka horietan.

Sarrerak salgai daude 25 eta 50 urte bitartean MFC Championship webgunean, Etxebarriko Elite gimnasioan eta Urreta kiroldegiko leihatilan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko auzoak hobetzen jarraitzeko eta proposamen berriak definitzeko bilerak deitu ditu Udalak

‘Auzotik Galdakao’ proiektuaren barruan sei bilera ireki deitu ditu Udalak, proposamenak egokitzeko, lehentasunak definitzeko eta neurri berriak erabakitzeko

|

Otsaila eta martxoa bitartean izango dira bilerak // Galdakaoko Udala

Auzoetan egindako aurrerakuntzak aztertzeko eta hobekuntza proposamen berriak definitzeko ‘Auzotik Galdakao’ proiektuaren barruan sei bilera ireki deitu ditu Udalak.

Eremuka banatuta, egun hauetan izango dira bilerak: Upomendi, Zuhatzu, Bengoetxe, Troka eta Ergoien eremuko (laugarren eremua) kontseilua otsailaren 12an batuko da 18:30ean Ostalaritza Eskolan; Aperribai, Olabarrieta, Txistulanda eta Jugu auzoetako (lehenengo eremua) bilera otsailaren 17an 18:30ean izango da Olabarrietako pertsona nagusien lokalean; Urreta, Urtebieta, Tximelarre Goikoa eta Zuhatzaurre auzoetako (bigarren eremua) bilera otsailaren 18an 18:00etan izango da Urreta 2ko areto nagusian; Berezikoetxe eta Zabalea auzoetako (seigarren eremua) kontseilua otsailaren 19an bilduko da 18:30ean udaletxean; Galdakaoko landa eremua (hirugarren eremua) otsailaren 25an 18:30ean udaletxean; eta Zabalgane, Kurtzea eta Tximelarre Bekoa auzoetako (bosgarren eremua) bilera martxoaren 4an 18:30ean izango da udaletxean.

“Bilerak proposamenak egokitzeko, proiektuen lehentasuna definitzeko eta auzo bakoitzean beharrezkoak diren neurriak modu zehatz eta adostuetan erabakitzeko balioko dute. Bertan, herritarrak, gizarte eragileak eta udal teknikariak eta politikariak elkarlanean arituko dira, Galdakao herri parte hartzaileagoa eta konektatuagoa izan dadin”, diote udal ordezkariek.

Bilerak publikoak dira, baina bertaratzeko interesa dutenek abisua eman behar dute 688 830 479 telefono zenbakira deituz edo partaidetza@galdakao.eus helbide elektronikora idatziz.

Auzoen garapen integrala eta orekatua

Auzoen garapen integral eta orekatua sustatzeko asmoz, ‘Auzotik Galdakao’ dinamika jarri zuen martxan Udalak 2023an.

Dinamikarekin hasteko bi eremu hartu zituzten udal ordezkariek: alde batetik, Agirre, Aperribai, Azpuru, Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai Zaharra eta Jugo (lehenengo eremua); eta bestetik, Tximelarre Goikoa, Urtebieta, Zuatzaurre eta Urreta (bigarren eremua).

Eta, horien ostean, herri osora zabaldu zuen dinamika Udalak, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren eremuak gehituz.

“Une honetan, eremu guztiak estrategiaren ezarpen eta garapen fasean daude: lehenengo eta bigarren eremuak 2023ko martxoan hasi ziren lanean, eta hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren eremuak, berriz, 2024ko otsailean. Kontseiluak eratu zirenetik jarduera desberdinak egin dituzte etengabean, eta orain proposamen horiek gauzatzeko bidean daude”, diote udal arduradunek.

Auzotik Galdakao proiektuaren bidez, Udalak auzo bizidun eta parte hartzaileagoekin duen konpromisoa berresten du, herritarren eta administrazioaren arteko elkarlana indartuz eta horrela herri osoan bizi kalitatea hobetuz.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko auzoetan hobekuntzak “etengabeak” direla esan du gobernu taldeak, PSEren kritikei erantzuna emanez

“Gobernuaren kuadeaketaren irudi ezkorra marraztu nahi dute eta uste dugu hori ez dela errealitateak islatzen duena”, esan dute EH Bildu, Auzoak eta UHko ordezkariek

|

EH Bilduk, Auzoakek eta UHk 2023an gobernu-akordioa sinatu zuteneko irudia // Geuria

Galdakaoko PSEk gobernu taldearen “utzikeria eta paralisia” salatu zituen otsaila hasieran. Era berean, EH Bildu eta Auzoak udaltalde”ek —Usansolo Herria ere gobernu taldearen parte da, baina ez dute euren oharrean aipatu— “auzoen errealitateari buruzko eztabaida politikoari izkin egitea” kritikatu zuten.

GEURIA gobernu taldearekin harremanetan jarri da eta adierazi dute: “Udalaren dinamika osasuntsu baterako legitimoa den oposizio-lan baten barruan kokatzen ditugu oposizioaren komunikazioak. Hala ere, gobernuaren kudeaketaren irudi ezkorra marraztu nahi dute eta uste dugu hori ez dela errealitateak islatzen duena, marketing politikoari erantzuten dion estrategia baizik”.

Zentzu horretan, auzoetan eta erdigunean hobekuntza lanak “etengabeak” direla adierazi dute. Eta, adibideak eman dituzte: “Zuhatzuko zubia eta Txomin Egileor, kiroldegiko handitze lanak, Aperribaiko laugarren igogailua, asfaltatuak eta argiak Jugun”.

“Aldi berean, obrak kontratatzeko prozesuak ditugu jomugan, ahal bezain laster hasteko: Emakumeen etxea, Haurreskola, Errekaldeko eta Elexaldeko saneamendua berrizteko obrak”, gaineratu dute.

Eta, auzo desberdinetako irisgarritasuna hobetzeko igogailuen azterketa geoteknikoak kontratatuta dituztela, eta Berezikoetxen lurazpiko aparkalekua eraikitzeko proiektuarekin aurrera jarraitzen dutela adierazi dute gobernu taldetik. “Hori ez da paralisiaren argazkia”, diote.

“Elkarlanerako prest”

Gobernu taldetik esan dute oposizioaren ekarpenak jasotzen prest egon direla eta badaudela: “2026ko aurrekontuak negoziatzeko aukerak eskaini genizkien, birritan prozesuan zehar, eta ez genuen inolako erantzunik jaso”, diote.

“Hori zen proposamenak egiteko momentua, Bengoetxeko parkea eta Zabalganeko aparkalekua hobetzeko aukera aztertzeko, adibidez; baina PSEk nahiago izan zuen kanpora begirako komunikazio lana egin, gobernuarekin elkarlana egin baino”, diote.

2021etik 2025era oposizioaren 23 emendakin onartu dituztela azaldu dute gobernu taldetik: “Haien balioa 1.5 milioi eurokoa izan da”. “Gaur egun, eginda edo egiten ari dira 18 emendakin, balio osoaren % 81,4. Honek esan nahi du arduraz eta errespetuz hartzen ditugula oposizioaren emendakinak”, esan dute.

“EH Bildu, Auzoak eta UH taldeek osatzen dugun gobernu taldeak elkarlanerako prest jarraitzen du; udaletxe barruan eta udal kudeaketak markatzen duen uneetan lan egiteko prest”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Playback txapelketa, Herri Kirol “bereziak” eta gazte afaria antolatu ditu Zizpak Galdakaoko inauterietan

Galdakaoko kuadrillak eta gazteak animatzeko programa berezia antolatu du Zizpa Gazte Konpartsak, Gazte Berpizturen eta Udalaren babesarekin

|

Gazte afaria antolatu dute berriro Zizpatik // Zizpa Gazte Konpartsa

Inauteriak ospatuko dituzte Galdakaon otsailaren 13tik 18ra. Herriko elkarteek Udalarekin elkarlanean hamaika ekintza antolatu dituzte [egitaraua osorik hemen!].

Besteak beste, herriko kuadrillak eta gazteak animatzeko programa berezia antolatu du Zizpa Gazte Konpartsak ostailaren 14an, larunbatez, Gazte Berpizturen eta Udalaren babesarekin. Aurtengo gaia izango da talde kirolak.

Herri Kirolen probak, kalejira-poteoa, gazte eta helduen playback lehiaketa, gazte afaria eta DJ emanaldiak prestatu dituzte.

Egitaraua | Zizpainauteriak 2026

Otsailak 14, larunbata

12:00 Herri Kirol bereziak Santi Brouard plazan, Gazte Berpiztu proiektuko kideekin batera.
– Izena ematea 11:45ean edo 688 680 840 telefono zenbakira idatzi

13:30 Perejilek Folklore Taldea: kalejira eta poteoa Santi Brouard plazatik

18:00 Gazte eta helduen Playback lehiaketa Kurtzeko plazan.
– Izena ematea egunean bertan

21:00 Gazte afaria Kurtzeko plazan
– Txartelak salgai Zurrut eta Oñarte tabernetan: 6 euro (soldata gabeak) / 8 euro (soldatapekoak)
– Elikadura beharrizanak izatekotan idatzi: zizpagaztekonpartsa@gmail.com

23:30 DJ Gork + DJ Desi eta Presi Kurtzeko plazan

Osorik irakurri