Sareak

☉ Galdakao

Azucena Campo, Galdakaoko Korrika Laguntzailea: “Korrikak gogorarazten digu euskara zein garrantzitsua den”

|

galdakao korrika azucena campo laguntzailea 2015

Leonen jaioa, Galdakaora etorri zen umetan familiarekin. Beste euskara ikasle batzuekin batera, Galdamintza elkartea sortu zuen orain zortzi urte.

Orain dela zortzi urte hasi zen Azu­cena Campo (Leon, 1962) Korrikaren alde pausoak ematen. Hamar urte zituela Galdakaora etorri zen fami­liarekin eta ordutik hona hainbat ekintzetan parte hartu du euskararen alde. Lagun talde batekin sortu zuten Galdakaoko Euskara Elkartea: “Gal­dakaon euskara bizirik mantentzeko ahaleginak egin genituen”. Hasierako urte hartatik gaur egunera arte AEK eta lagun talde horren artean elkarla­na izan dela nagusi adierazi digu. Hori dela eta, gehienak Korrika Laguntzaile bihurtu dira.

Galdamintza esango banizu…

Orain dela zortzi urte sortu genuen Galdakaoko Euskara Elkartearen ize­na zen. Elkartean geunden gehienak euskara ikasleak ginen, baina pare bat irakaslek ere parte hartu zuten. Gaur egun elkartea desagerturik dago.

Nola egin zinen Korrika Laguntzaile?

AEKrekin beti izan dut kontaktua euskara ikaslea nintzenetik. Momen­tu hartatik aurrera euskaltegiak zer behar duenaren arabera laguntzen diet beste lagun talde batekin batera.

Esate baterako…

AEKko kideekin elkartzen ginen bile­raren batean eta zer behar zuten adie­razten ziguten: Korrika etorri aurretik ibilbidea markatzea, dendetara joan eta Korrika Lagunak bilatzea, Korrika Laguntzaile izateko gutunak bidal­tzea, pankartak egin eta hauekin ka­leak apaintzea, besteak beste.

Eta, laguntza hori noiz hasten da martxan?

Korrika hasi baino hilabete batzuk lehenago hasten gara gauzak anto­latzen, baina aste batzuetako kontua da gure lana. Egun eta ordu zehatz batzuetan elkartzen gara Korrika La­gunok. Adibidez, egun batean bi ordu­tan gutun guztiak bidaltzen dizkiegu dendariei eta beste batean kartelak jartzen ditugu. Aste gutxi batzuetako kontua besterik ez da.

Elkarlana oso garrantzitsua izango da Korrika Laguntzaileek egiten du­zuen lan horretan…

Bai, hasieran elkarte moduan hasi gi­nen, baina gaur egun norbanako lana da eta guztion artean ados jartzen gara gauzak antolatzeko.

Guztira zenbat lagunek parte har­tzen duzue Korrika laguntzen?

Jende dezente elkartzen gara: ba­tzuk Berbalagun programako par­taideak gara eta beste batzuk Gal­dakaoko euskaltzaleak dira, baita euskararen alde dauden erdaldunak ere. Ez dago parte hartzaile kopu­ru zehatzik. Izan ere, gure lanaren, denboraren eta ordutegien arabera elkartzen gara.

Eta, Korrika urtea ez denean…

Hainbat ekintzetan parte hartzen jarraitzen dugu. Esan dizudan mo­duan, Berbalagun programaren bi­dez mantentzen ditugu bai gure kontaktuak bai gure jarduerak eta AEKtik antolatzen dituzten ekintza guztietan parte hartzen dugu.

Euskarari dagokionez, uste duzu gazteek parte hartzen dutela eus­kararen eta Korrikaren aldeko eki­menetan?

Bai, nire ustez parte hartze handia dago euren aldetik euskararen al­deko ekitaldiak egiten direnean. Eta Korrikari dagokionez, batzuk are gehiago inplikatzen dira.

Lehenengo Korrika eta 19. Korrika ezberdinak omen dira…

Lanaren aldetik, nire iritziz gaur egun beti egin behar da lehen bai­no lan gehiago. Borondatezko lana da, baina oso beharrezkoa. Euskara sustatzearen alde denean beti egin behar da zerbait gehiago eta inpli­kazio gehiago eskatzen du horrek. Gaur egun egiten dugun lana gu­txi da euskararentzako eta gazteek kontzientzia gehiago izan behar lu­kete.

Korrikaren aldeko laguntzari esker, zein da egiten duzun hausnarketa?

Nire ustez, jendeak jarrera positi­boa du eta horrela jarraitu behar du denbora luzez. Korrikak poza eta jaia esan nahi du, euskararen alde egiteko pauso oso handia. Herri eta probintzia ezberdinetako herrita­rrak elkartzen ditu eta hori oso abe­rasgarria da: gogorarazi egiten digu euskara zein garrantzitsua den.

☉ Galdakao

Galdakaoko lau udal aparkalekuetako 253 plaza libreak eskatzeko epea ireki du Udalak

Iturrondon, Paopan, Lapurdin eta Berezikoetxen 253 plaza esleitzeke ditu Udalak: 103 alokairu erregimenean eta 150 erabilpen lagapen modalitatean. Eskaerak egiteko epea zabalik dago martxoaren 6ra arte

|

Berezikoetxeko udal garajeak // Galdakaoko Udala

Iturrondoko, Paopako, Lapurdiko eta Berezikoetxeko udal aparkalekuetan 253 plaza daude libre eta horiek esleitzeko prozedura hasi du Galdakaoko Udalak.

Alde batetik, alokairu erregimenerako 103 plaza daude eskuragarri: 19 Iturrondon (3 mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatuta), 42 Paopan (2 erreserbatuta), 32 Lapurdin (1 erreserbatuta) eta 10 Berezikoetxen.

Alokairuak urtebeteko iraupena izango du, gehienez lau urtera arte automatikoki luzatzeko aukerarekin. 

Esleipendunek hilean 36 euroko alokairua ordaindu beharko dute, baita jabekideen erkidegoaren gastuak ere. 

“Eskaera egiterakoan garaje bat aukeratu behar da. Norbaitek eskaera bat baino gehiago aurkeztuko balu, azken aukeraketa hartuko da kontuan”, diote udal ordezkariek.

20-23 urte

Bestetik, erabilpen lagapen modalitatean 150 plaza eskaintzen ditu Udalak: 11 plaza esleituko dira Iturrondon, 86 Paopan (1 mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatuta), 48 Lapurdin (2 erreserbatuta) eta 5 Berezikoetxen (1 erreserbatuta).

Modalitate honetan, esleipendunek aldi bakarrean ordaindu beharko dute prezio osoa esleipen egunean, eta plaza erabiltzeko eskubidea 2046ra arte izango da Berezikoetxen eta 2049ra arte gainerako aparkalekuetan.

Ezarritako prezioak honako hauek dira: 8.815 euro Berezikoetxen, 12.858 Iturrondon, 11.432 Paopan eta 12.987 Lapurdin.

“Erabilera lagapenaren prozeduran plaza guztiak esleitzen ez badira, hutsik edo esleitu gabe geratzen direnak alokairu erregimenean eskainiko zaizkie kasuan kasuko garajeko itxaron zerrendan dauden pertsonei”, diote.

Eskaera epea: martxoaren 6ra arte

Garaje plazak Galdakaon bizi diren pertsonek eskatu ahal izango dituzte. Horiek, ibilgailua eta indarrean dagoen gidabaimena, gutxienez sei hilabeteko antzinatasuneko errolda (edo azken urtean etxebizitza erosita izan) eta Udalarekin ordainketak egunean izan beharko dituzte. 

Mugikortasun murriztua duten pertsonek baldintza berak bete beharko dituzte eta izaera hori egiaztatzen duen txartela izan.

Udal garajeetako plazak eskatzeko epea gaurtik martxoaren 6ra arte dago zabalik. Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira Galdakaoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez: bi esteka izango dira, plaza alokairuan eskatzekoa eta plaza erabilpen lagapenean eskatzekoa.

Laguntza behar duten pertsonek ESAN Herritarren Arretarako Bulegora jo ahal izango dute izapidea egiteko laguntza jasotzeko.

Martxoaren 10ean behin-behineko zerrenda argitaratuko dute, eta gero, hamar eguneko epea irekiko dute alegazioak aurkezteko.

Martxoaren 24an behin betiko zerrenda argitaratuko dute eta martxoaren 27an zozketa publikoa egingo dute onartutako pertsonen artean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Juan Bautista Uriarte 47ko autobus geltokia 27. zenbakira lekualdatuko dute bi astez Galdakaon

Ur-hornidura sarea berritzeko lanengatik bateratuko dituzte bi autobus geltokiak. Galdabusari, Bizkaibusari eta ikastetxeetako autobusei eragingo die

|

Plazakoetxerako noranzkoan doan eskuineko erraila aldizka itxi egingo dute zorua altxatu behar dutelako // Galdakaoko Udala

Ur-hornidura sarea berritzen ari da Galdakaoko Udala Udaltzaingoaren komisaria paretik Maximo Moreno Musika Eskolaraino.

Obraren helburua da zerbitzu fidagarriagoa eta eraginkorragoa bermatzea, eta horregatik trafikoan eragina ari da izaten.

Udaletxe ondoko txandakako aparkalekuan 17 leku erabiltzen ari dira obrako materialak biltzeko. Eta, udaletxe ondoan esku hartu ondoren, Plazakoetxerako noranzkoan doan eskuineko erraila aldizka itxi egingo dute zorua altxatu behar dutelako.

Ildo horretan, Juan Bautista Uriarte kaleko 47. zenbakiko autobus geltokia (Iturrondo plazaren ondoan) 27. zenbakiko geltokira (supermerkatuaren aurrean dagoena) lekualdatuko du Udalak otsailaren 19tik eta hurrengo bi asteetan.

Neurriak Galdabusaren 1. lineari, Bizkaibusen A3631, A3642, A3932, A3930, A3911, A2610 eta A3641 lineei eragingo die, bai eta herriko zein inguruko beste toki batzuetako ikastetxeetara doazen autobusei ere.

Udalak herritarren ulermena eskertzen du aldi baterako den eragozpen honen aurrean, eta obra hau udal azpiegituren hobekuntzan aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoa dela gogorarazi du.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Aitana Rodrigo atleta galdakoztarrak Euskadiko errekorra hautsi du 60 metrotan

Errekor historikoa da, izan ere, 40 urte ostean hautsi du atleta galdakoztarrak Blanca Lacambra gasteiztarrak egin zuen marka

|

Aitana Rodrigo, ezkerrean, Atletico San Sebastian klubeko taldekide batekin // Argazkia: Atletico San Sebastian, Facebook

Aitana Rodrigo Rodriguez galdakoztarrak Bizkaiko errekorra hautsi du 60 metroko lasterketan.

Galdakaoko atletak 7.29ko denbora egin zuen otsailaren 14an Valentzian jokatu zen pista estaliko Espainiako kluben arteko txapelketan.

Aurreko Euskadiko errekor-marka 1986koa da, duela 40 urte. Hain zuzen ere, Blanca Lacambra gasteiztarraren zen errekorra (7.30).

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaon ondutako ‘Bi baso bat ur’ antzezlana estreinatuko dute ostegunean Torrezabal Kultur Etxean

Otsailaren 19an izango da estreinaldia Torrezabalen. Ondoren, Euskal Herri osotik bira egingo dute

|

Intza Alkain, Javier Barandiaran, Marina Suarez eta Iraia Elias aktoreek antzezten dute obra // Argazkia: Metrokoadroka Kolektiboa

Metrokoadroka Kolektiboa Galdakaon eta Torrezabalen bertan ontzen aritu den ‘Bi baso bat ur’ antzezlana estreinatuko dute otsailaren 19an, ostegunez, Torrezabal Kultur Etxean (19:00).

Sarrerak salgai daude 6 euroan. ‘Geuretik Sortuak’ programari esker garatu dute antzezlana Galdakaon.

Torrezabaleko estreinaldiaz gero, bira egingo dute Euskal Herri osoan zehar.

Urtarrilean Torrezabaleko programazioa aurkeztu zuen Galdakaoko Udalak, eta aurkezpenean Edurne Azkarate antzezlanaren zuzendaria eta Oier Guillan antzerkigilea izan ziren. GEURIAn azaldu zituzten antzezlanaren nondik norakoak:

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Kickboxing topaketa izango da bihar Galdakaoko Urreta kiroldegian

Amauteur mailako eta maila profesionaleko borrokalariak izango dira biharko topaketan. Sarrerak salgai daude 25 eta 50 euro artean

|

Guztira 16 borrokaldi egongo dira: amateur mailako 10 eta profesional mailako 6 // Argazkia: BYB BYB, Pexels

Euskal Herriko eta nazioarteko borrokalari onenetakoak bilduko dira bihar, otsailak 14, Galdakaon: Kickboxing topaketa izango da Urreta kiroldegian.

Borrokaldiak 17:00etan hasiko dira: ekitaldia amateur mailako saioekin hasiko da. Guztira 10 borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza bi minutuko iraupenarekin. Kategoria honetan, parte hartzaileek babes ofizialak erabiliko dituzte: zango babesa, kaskoa, eskularruak eta aho babesa.

Ondoren, 20:00etan borroka profesionalen txanda izango da. Kasu honetan, 6 borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza hiru minutukoa. Borrokalariek ez dute babesik erabiliko borroka horietan.

Sarrerak salgai daude 25 eta 50 urte bitartean MFC Championship webgunean, Etxebarriko Elite gimnasioan eta Urreta kiroldegiko leihatilan.

Osorik irakurri