Oihane Ezkerra eta Beñat Zarrabeitia ekoizleek nekazaritza ekologikoa landu eta horren salmenta zuzena egiten dute urteko 48 astetan Galdakaon.
Gaur egun agroenpresa multinazionalak dira merkatuaren gehiengoa kontrolatzen dutenak eta, horren ondorioz, euskal baserritarren lana gutxitu egin da. Egoera horren aurrean, Galdakaon ekoizle taldeak bere lana mantentzen jarraitzen du: Uztaibedar Ekoizle Taldea, alegia.
Oihane Ezkerra eta Beñat Zarrabeitia dira talde horretako ekoizleak eta nekazaritza ekologikoa burutzen dute Galdakaoko Sarrikolean, Larrabetzun eta Bistalegren. Euren ekoizpenaren salmenta zuzena egiten dute urteak dituen 52 asteetatik 48tan.
Salmenta horretan kontsumitzaileek bi otzara mota dituzte aukeran: otzara erdia astero 6,25 € ordainduta (25 € hilabetean) eta otzara osoa astero 12,50 euroren truke (50 € hilabetean). Otzara osoaren eredua honakoa da: uda garaian, tomate kilo bat, kilo erdi piper, kilo erdi leka, kilo bi heren tipula, kilo erdi berenjena, bi letxuga eta kilo erdi azlega, eta neguan, aldiz, porru sorta, bi kilo patata, kilo erdi kalabaza, kilo erdi ider, azenario sorta, kilo bat aza eta 700 gramo azalora.
PLANIFIKAZIOA, ARDURA ETA TALDEAREN SENDOTASUNA
Ekoizleek, alde batetik, ortuaren planifikazioa eta diru sarreren balantzea egiten dute: zer eta noiz erein pentsatzen dute, eskaintza jarrai eta anitza egin ahal izateko. Aldi berean, produzitutakoaren “zati handiena” salduko dutela bermatzen dute.
Bestetik, ekoizleen helburua elikadura eredua aldatzea da, hortaz, produktuarekiko arduraz jokatzeko konpromisoa hartu dute. Azkenik, ekoizle taldearen asmoa kide berriak erakartzea da, kolektiboa sendotzeko.
Galdakaoko Uztaibedar Ekoizle Taldearekin harremanetan jartzeko bideak honakoak dira: 610 721 101 telefono zenbakia eta uztaibedar15@gmail.com helbide elektronikoa.
