☉ Galdakao
Hitzaldi eta eztabaidetan emakume adituen presentzia areagotzeko manifestua sinatu du Barrualde-Galdakao ESIak
Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuan profesionalen % 70 baino gehiago emakumeak direla dio Jon Guajardo zuzendari gerenteak.
‘Non daude emakumeak’ manifestua sinatu du Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuak (ESI), hitzaldi eta eztabaidetan emakume adituen presentzia areagotzeko. Manifestua Europako Parlamentuaren Espainiako Bulegoak sustatu du, eta besteak beste, helburu hauek ditu: gizonez bakarrik osatutako aditu-taldeak saihestea, emakumeek Europar Batasunaren aurrerabidean duten eginkizuna eta ekarpena ikusaraztea, eta “Emakumez osatutako adituen sareak” sortzea sustatzea. Gauzak horrela, Barrualde-Galdakao ESIak helburu horiekin bat egin du.
“Ekimen horri atxikitzea gure erakundeko Erantzukizun Sozial Korporatiboaren estrategiaren parte da, hamarkada bat baino gehiago baitaramagu horretan lanean. Gainera, jakitun izan behar dugu gure profesionalen % 70 baino gehiago emakumeak direla”, dio Jon Guajardo Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari gerenteak: “Hemendik aurrera, erakunde sinatzaile gisa, ESI honek konpromisoa hartzen du urtero gure ekitaldietan hizlari gisa zenbat emakume adituk parte hartu duten barne-zenbaketa egin eta aztertzeko. Horrela, kopurua pixkanaka hobetzen joateko konpromisoa hartuko da”.
Barrualde-Galdakao ESIa 17 osasun zentrok (Amorebieta-Etxano, Amurrio, Arrigorriaga, Basauri, Bermeo, Etxebarri, Galdakao, Gernika, Gernikaldea, Igorre, Kareaga, Landako-Durango, Laudio, Lekeitio, Markina, Matiena-Abadiño eta Ondarroa) eta bi ospitalek osatzen dute (Galdakao-Usansolo eta Gernika-Lumo).
☉ Galdakao
Galdakaok 48,5 milioiko aurrekontua izango du 2025ean: aurten lehen aldiz Usansolo barik
Aurrekontu proposamenaren eztabaida abenduaren 11n, asteazkenez, izango du udalbatzak, ezohiko deialdian
Galdakaoko udal gobernu taldeak (EH Bildu, Usansolo Herria eta Auzoak) 2025erako aurrekontua aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Guztira, 48,5 milioi euro kudeatuko ditu Udalak, aurten baino 600.000 euro gutxiago.
Murrizketa horren arrazoia da, 2025ean, lehen aldiz, Usansolo aurrekontutik kanpo geratuko delako. Datorren urtean Galdakaoko aurrekontuaren zati bat partekatuko dute Usansolorekin; zehazki, 4 milioi euro. “Kale-garbiketa, kiroldegiaren kudeaketa, lan teknikoak edota lan administratiboak sartzen dira zenbateko horren barruan”, zehaztu du Iñaki Urgoiti UHko zinegotziak.
Galdakaoko aurrekontuari dagokionez, Zerbitzuak atalak kontuen % 50a erabiliko du: 24,4 milioi euro. Iñigo Hernando alkateak adierazi duenez, “kale-garbiketa eta hondakinen bilketa batuta, 6 milioi euro bideratuko ditugu”.
Datuak datu, kale-garbiketara 3,4 milioi euro bideratuko dituzte, eta hondakinen bilketara 2,8 milioi.
Zerbitzuen barruan ere Hernandok azpimarratu du, lorezaintzako kontratu berria martxan jarriko dutela 2025ean: “Zerbitzu hori indartu egingo dugu, eta guztira 2,1 milioi euro bideratuko ditugu”.
Eraikin publikoen garbiketa -ikastetxeak barne- (2,2 milioi euro), kirol instalazioen kudeaketa (2 milioi euro), argindarraren kontsumoa (1 milioi euro), argiteriaren mantenimendua (653.000 euro), uraren kontsumoa (139.450 euro) eta gasaren kontsumoa (351.500 euro) nabarmendu ditu Hernandok.
Era berean, kultur programazioa eta sustapena (703.000 euro), Galdabus zerbitzua (537.902 euro), gazteriaren programazioa (420.000 euro) eta berdintasun arloko tailerrak eta jardunaldiak (270.340 euro) aipatu ditu Galdakaoko alkateak.
Giza Baliabideen atalean 14,4 milioi kudeatuko ditu Udalak, aurrekontuaren % 30.
Inbertsioak: 5 milioi
Inbertsioetara 5 milioi euro bideratuko ditu Galdakaok, kontuen % 11. “Oso portzentaje ona da, eta iazkoaren kopuru antzekoa mantendu dugu”, dio Hernandok.
Inbertsioen artean, hauek nabarmendu ditu Hernandok:
- Zuhatzuko adinekoen egoitza: 2 milioi euro
- Urretako kiroldegia: 1 milioi euro
- Saneamendua: 500.000 euro
- Ur-hornidura: 500.000 euro
- Torrezabaleko klimatizazioa: 400.000 euro
- Kaleen urbanizazioa: 200.000 euro
- Txomin Egileor urbanizatzea: 125.000 euro
- Umeen jolas parkeak: 95.000 euro
“Txomin Egileor kalea urbanizatzea eta Zuhatzuko adinekoen egoitzan obrak egitea 2025ean hasiko dugu. Hori egiteko konpromisoa hartu genuen, eta gure hitza beteko dugu”, dio Hernandok.
Txomin Egileor kalea guztiz berritzeko obrara 1,4 milio inbertituko ditu Udalak: zenbateko handiena 2024ko aurrekontuan zehaztu zuen gobernu taldeak, eta 2025ean 125.000 euro bideratuko ditu.
Auzotaxia 2025ean
Aurrekontuaren beste zati bat da Dirulaguntzen atala. Hartara 4,3 milioi euro bideratuko ditu Udalak (% 9).
Enplegu Plana (800.000 euro), kirol elkarteei dirulaguntza (425.400 euro), Dendari Elkarteari dirulaguntza (300.000 euro), kultur elkarteei laguntza (162.360 euro) eta Erletxeko Enpresari Elkartea (150.000 euro) azpimarratu dituzte.
“Halaber, lehen aldiz, etxebizitzetako irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko 200.000 euro bideratuko ditugu, eta gazteen emantzipazioa bultzatzeko 60.000 euro”, adierazi du Hernandok.
Auzotaxi zerbitzua 2025ean errealitate izango dela (25.000 euro) eta etxerik gabeko pertsonei bide-laguntza emateko Kabia proiektua (88.347 euro) martxan jarriko dutela jakinarazi dute udal ordezkariek.
“Orekatua eta egonkorra”
2025erako prestatu duten aurrekontu proposamena “orekatua eta egonkorra” dela azpimarratu du Alberto Ealo Ogasun arloko zinegotziak.
“Duela urtebete hasi genuen bidean jarraituko dugu: herri hobea sustatzeko bidean, alegia. Herritarrentzako zerbitzuak indartzen jarraituko dugu”, dio Hernandok.
Oposizioak duela hiru aste jaso zuen gobernu taldearen aurrekontu proposamena. Udal ordezkariek adierazi dutenez, Ealok eta Hernandok bilerak izan dituzte EAJko eta PSEko ordezkariekin: “Momentuz, PSEk aurkeztu dizkigu proposamenak”, diote.
Aurrekontu proposamenaren eztabaida abenduaren 11n, asteazkenez, izango du udalbatzak, 09:00etan, ez ohiko deialdi batean.
☉ Galdakao
Julen Gabiria galdakoztarrak euskaratu duen ‘Elkanoren herriari bueltaka’ liburua aurkeztuko dute Durangoko Azokan
Julen Gabiria idazle eta itzultzaile galdakoztarrak ‘Elkanoren herriari bueltaka’ liburua euskaratu du aurten, eta Durangoko Azokan salgai egongo da abenduaren 5etik 8ra bitartean.
Ander Izagirre idazle donostiarrak argitararatu zuen gazteleraz liburua 2022an, eta bi urte ondoren, euskarazko bertsioa aurkeztuko dute euskal liburuen eta diskoen azoka handian.
Bai Gabiriak bai Izagirrek liburuaren aurkezpena egingo dute abenduaren 8an, igandez, Ahotsenea-Literatura gunean, 16:30etik 17:00etara bitartean.
☉ Galdakao
Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar Durangoko Azokan izango dira ‘Margo Pitarak’ proiektua aurkezten
Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar Durangoko Azokan izango dira ‘Margo Pitarak’ proiektua aurkezten. Abenduaren 6an, ostiralez, izango da 17:30etik 17:50era Landakoguneako Kabi@n.
Proiektu transmedia da eta igerilari galdakoztarrak eta Eider Eibar ilustratzaileak 7 itsasoen erronkak igerian eta marraztuz euskaraz sorturiko eduki digitalak biltzen ditu: eskulanak, euskarazko sticker animatuak, mapa interaktiboak, bideoak edota animazioak.
Beste alde batetik, Galdakaon bizi den Eider Eibarrek ‘Kokoak’ liburua argitaratu du aurten, eta Durangoko Azokan ere aurkezpena egingo du. Abenduaren 5ean, ostegunez, izango da 16:30etik 17:00etara Saguganbara gunean.
‘Kokoak’ liburua 3 urtetik gorako umeentzat dago zuzenduta eta Kokoen unibertsoa ezagutaraztea du helburu: “Koko Mako, Maki Moko, Kako Mako eta Koko Miko hitz-joko magikoa abestu eta Kokoak azaldu dira, izaki fantastiko txikiak, gure sorkuntza artistikoko lanetan laguntzen digutenak marrazkietan zulotxoak egin eta bertara sartuz”, dio sinopsiak.
☉ Galdakao
Bideoa / Zein da euskarak duen hitzik politena? Galdakaon erantzun dute!
Abenduak 3 ditu gaur: Euskararen Nazioarteko Eguna. Galdakaon goizean Mintzodromoa egin dute Iturrondoko karpan (hemen argazkiak!) eta jarduera aprobetxatuta Maria, June, Naroa, Aitor eta Rebeca galdakoztar saltseroak GEURIAko mikroaren aurrean jarri ditugu!
Zein da eurentzat euskal abestirik onena? Eta liburu bat aukeratu beharko balute? Zein da euskarak duen hitzik politena? Euren erantzunak jaso ditugu!
☉ Galdakao
Argazkiak / Euskara ahoan, 120 lagunek hartu dute parte Galdakaoko Mintzodromoan
Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur. Galdakaon Mintzodromoa egin dute Iturrondo plazako karpan eta guztira 120 lagun batu dira: Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako eta euskaltegietako ikasleak eta irakasleak, herriko eragileetako ordezkariak eta norbanakoak elkartu dira eta euskara ahoan izan dute ordu t’erdiz. Hiru gai izan dituzte hizpide: ‘Urak har ditzakeen eremuetan eraikitzea’, ‘Zeregin gehiegi, baina denbora gutxi’ eta ‘Ikasgai berria proposatzea’.