☉ Galdakao
Mikel Larunbe pilotariak etxean jokatuko du Binakako Txapelketa urtarrilaren 20an
Hilaren 20an, ostiralez, EPELen Eskuz Binakako Txapelketaren finalaurdenetako beste bat hartuko du Galdakaoko Kurtzea frotoiak.

Hilaren 20an, ostiralez, EPELen Eskuz Binakako Txapelketaren finalaurdenetako beste bat hartuko du Galdakaoko Kurtzea frotoiak. Bertan arituko da anfitrioi gisa Mikel Larunbe galdakoztarra Oinatz Bengoetxearekin batera, Victor (Artola ordezkatuz) eta Albisu bikotearen aurka.
Eski pilota jaialdia 20:00etan hasiko da Binakako Promozio Txapelketarekin (finalaurdenak) eta honako pilotariek hartuko dute parte: Peña II-Salaverri eta Errandonea-Martija bikoteak. Ondoren, Binakako Txapelketaren partida izango da.
Sarrerak gaur bertan jarriko dituzte salgai Kurtzea pilotalekuan. Urtarrilaren 19ra arte egongo da aukera hauek erosteko 19:00etatik 21:00etara. Urtarrilaren 20an 18:00etatik aurrera erosi ahal izango dira sarrerak. 10 eta 25 euroan egongo dira salgai sarrerak: 10 euroan zutunik eta 25 euroan eserita.
☉ Galdakao
Itzuliako Galdakaoko etapa apirilaren 9an izango da
Itzuliako laugarren etapa jokatuko da Galdakaon. Helmuga Elexalden izango da

Apirilaren 6tik 11ra bitartean izango a Itzulia. Eta lasterketak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Basauri-Basauri eta Galdakao-Galdakao etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.
Gaur jakin dugunez, eta antolakuntzak hala zehaztu digunez, Basauriko etapa hirugarrena izango da, apirilaren 8an, asteazkenez. Eta, laugarrena Galdakao-Galdakao izango da, apirilaren 9an, ostegunez.
Galdakaoko etapan txirrindulariek aldapa gogorra igo beharko dute: Elexaldekoa, hain zuzen, GEURIAn aurreratu bezala. Bertan bukatuko da etapa.
Lehenengo etapa Bilbon izango da, eta beste etapak izango dira: Iruñea-Astitzera, Eibar-Eibar, eta Antzuola-Bergara.
☉ Galdakao
Martxoaren 17ko greba orokorra antolatzeko bilera irekia deitu dute Galdakaon
ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Galdakaon Greba Batzordea antolatzea erabaki dute, “deialdia landu eta greba behar bezala antolatzeko”

ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek greba orokorra deitu dute martxoaren 17an Hego Euskal Herrian.
Grebaren helburua da gutxieneko soldataren inguruko erabakiak Euskal Herrian bertan hartzea, eta leloa izango da: ‘Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1.500€. Soldatak hobetu, aberastasuna banatzeko’.
Gaur egun gutxieneko soldata 1.184 eurokoa da eta Espainiako Gobernuak proposatu du aurten % 3,1 igotzea, hau da, 1.221 eurora arte. Grebara deitu duten sindikatuen arabera, berriz, 1.500 eurokoa izan beharko luke, eta “hemen” —Euskal Herrian— erabaki beharko litzateke.
Martxoaren 17ko deialdia antolatzeko batzar irekia deitu dute Galdakaon otsailaren 18an, asteazkenez. Torrezabal Kultur Etxean izango da 19:00etan.
☉ Galdakao
Galdakaoko gobernu taldearen “utzikeria” eta “auzoen errealitateari buruzko eztabaida politikoa saihestea” salatu ditu PSEk
Iaz EH Bilduk eta Auzoak udaltaldeek hartutako konpromisoak ez dituztela bete salatu du alderdi sozialistak, eta oposizioaren proposamenak baloratzea eskatu du

Galdakaoko PSEk gobernu taldearen “utzikeria eta paralisia” salatu ditu. Era berean, EH Bildu eta Auzoak udaltaldeek —Usansolo Herria ere gobernu taldearen parte da, baina ez dute euren oharrean aipatu— “auzoen errealitateari buruzko eztabaida politikoari izkin egitea” kritikatu dute.
“Udal Gobernuak oposizioarekin iazko urterako hartutako konpromisoak ez dituela bete jakinda, EH Bildu eta Auzoak taldeek autokritikarako gaitasunik ez dute, eta ez dute borondaterik, udalerriko auzoetako hainbat arazo identifikatu ondoren, sozialistek planteatutako proposamenak jasotzeko edo, behintzat, horiei erantzuteko”, dio Victor Trimiño Galdakaoko PSEko zinegotziak.
Esate baterakio, Bengoetxeko Topagunearen ondoko haur-parkea egokitzea eta konpontzea, eta Zabalganeko aparkalekuaren ingurua egokitzea proposatu zuen PSEk. “Hala ere, gobernu taldeak baztertu zituen inolako azalpenik eman gabe, nahiz eta tokiko auzokideen eskaerekin bat etorri”, dio Trimiñok.
Aranzelaiko presaren ingurua egokitzea ere eskatu zuen alderdi sozialistak, baita Aperribain adinekoentzako parke proiektua hobetzea ere.
Lurpeko aparkalekua Bizkain
Beste alde batetik, aparkaleku faltaren arazoari irtenbidea emateko asmoz, Galdakaoko PSEk proposatu zuen Bizkai kalean lurpeko aparkaleku bat eraikitzeko aukerak aztertzeko azterlan bat egitea.
“Gobernu taldeak aparkalekua altueran altxatzeko ezintasunari buruz erantzun zuen, baina ez zen hori eskatzen ari ginena: lurpeko aparkaleku bati buruzko azterlan bat eskatzen ari ginen”, esan du Trimiñok.
Zentzu horretan, oposizioaren proposamenak baloratzea eskatu diote EH Bilduri eta Auzoaki, “baita osoko osoko bilkuretan proposamen horiei edo udalerriaren egoerari buruzko eztabaida politikoari ihes ez egitea ere”.
☉ Galdakao
Bertan behera geratu da Leidu Irakurketa Taldearen gaurko hitzordua Katixa Agirrerekin
Idazle gasteiztarra gaixorik dago eta hitzordua atzeratzea erabaki du Leiduk

Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldeak urteko bigarren hitzordua antolatuta zuen gaurko, baina bertan behera geratu da.
“Katixa Agirre idazlea gurekin egotekoa zen, baina gaixorik dago eta bertan behera utzi behar izan dugu solasaldia”, esan diote GEURIAri Leiduko ordezkariek.
‘Barne zerbitzuak’ liburua aztertu eta komentatuko zuten gaurko hitzorduan, baina atzeratzea erabaki dute, idazlea osatu arte.
☉ Galdakao
Erreportajea | Eskola txikiak, altxor handia ikasleentzat
Aurrematrikulazio epea zabaldu dute ikastetxe publikoek otsailaren 13ra arte. GEURIAn Aperribaiko eskola ezagutu dugu: txikia tamainan, handia hezkuntza eta zaintzan

Aperribai auzo txikian dago kokatuta Aperribaiko eskola publikoa, eta auzoaren izaera bera islatzen du: gertukoa, ezaguna eta familiarra. Azken urteetan matrikulazioaren beherakada izan du, Euskal Herri mailan gertatzen ari den jaiotza-tasaren jaitsierarekin bat, baina egoera horrek ez du bere hezkuntza-ereduaren muina aldatu. Kontran, indarguneak are gehiago azpimarratu nahi dituzte: arreta pertsonalizatua, komunitate-giro sendoa eta ikasleen ongizate emozionala erdigunean jartzen dituen eskola-eredua. Gaur egun, 66 ikasle daude matrikulatuta, Haur Hezkuntzako bigarren mailatik Lehen Hezkuntzako seigarren mailara, eta Aperribaiko eskola auzoko erreferente izaten jarraitzen du.
Aperribaiko eskolaren egunerokoa ulertzeko, haren tamaina eta testuingurua kontuan hartzea ezinbestekoa da. Maite Mellado Iglesias zuzendariaren arabera, “oso eskola txikia da, oso familiarra, eta auzoko erreferentea da. Azkenean, auzoarekin lankidetza handia egiten dugu eta komunitate polita gara”.
Ikasleen gehiengoa auzokoa bada ere, Galdakaotik eta Bilbotik etorritako familiak ere badaude, bereziki eskola-ereduaren ezaugarriek erakarrita. Eta zuzendariak eman duen arrazoia argia da: “Bilbon dauden ikastetxe gehienak nahiko handiak dira, ume askorekin; guk, ordea, ume gutxi ditugu eta gela bakoitzean 12-15 ikasle inguru baino ez daude. Ematen den arreta oso pertsonalizatua da”. Gainera, bikoizketak egiten dituztenean, taldeak are txikiagoak dira: “Askotan gehienez hamar ume daude gela bakoitzean. Eta hori ia eskola partikularra ematea da”.
Zuzendaritza taldeak eta irakasleek ikasle guztiak eta familia guztiak ezagutzen dituzte: “Denon izen-abizenak dakizkigu, ume guztien egoeraren berri daukagu, eta horrek asko errazten du gure lana”, dio Maitek.
Gertutasun horrek konfiantza sortzen du familietan, eta hori da askok gehien baloratzen dutena. Esaterako, Bea Presa Saizek bere seme bikiak eramaten ditu Aperribai eskolara eta oso pozik dago bertan matrikulatu izanaren erabakiarekin: “Ez genuen soilik ikasteko zentro bat nahi; gure umeentzat erreferente bat nahi genuen, haurtzaroko oroitzapen on bat utziko diena”. Gehien baloratzen dutena tratu pertsonala da: “Hemen ume bakar bat ere ez da atzean geratzen; denak elkar ezagutzen dira, babestuak daude, eta erritmoa umeek eurek markatzen dute. Gainera, emaitza akademiko oso onak izaten ari da, hain zuzen ere, tratu pertsonalizatu horrengatik”.
Arreta emozionala eta baloreak
Hezkuntza akademikoarekin batera, arreta emozionala funtsezko ardatza da Aperribaiko eskolan. Banakako tutoretzak egiteko tartea dute, eta horien bidez ikasleekin bakarka hitz egiteko aukera: “Tutorea umearekin egoten da, etxean nola dagoen pixka bat ikertzen du, eskolan arazoren bat duen ikusten du, eta behar badu lagundu edo bideratzen du”, azaldu du Ioane Ozamiz Fernandez irakasle eta bigarren zikloko tutoreak.

Horrez gain, Bat Taldea izeneko bizikidetza positiborako taldea dute martxan: “Astean behin batzen da, egon daitezkeen arazo guztiak aztertzeko. Umeekin eta familiekin lantzen da, eta emaitza oso polita daukagu”, esan du zuzendariak. Eskola txikia izateak hemen ere abantaila argia dakar: “Normalean ez da ezer gertatzen gu ohartu gabe”, dio Maitek.
Ikasleen arteko harremanak ere modu berezian lantzen dituzte. Ziklo desberdinetako umeek elkarrekin harremantzen dira, eta nagusiek txikiei laguntzen diete egunerokoan. “Handiek normalean txikiei laguntzen diete, eta hori oso aberasgarria da; txikiek asko ikasten dute nagusiengandik”. “Txikiez arduratzeak erantzukizun eta gogobetetze rola ematen die nagusiagoak diren umeei, eta txikiek erreferente bat dute. Hemen etxean egotea bezala da, baina tamaina handiagoan”, dio Beak.
Balore horiek dira, hain zuzen ere, Aperribaiko eskolaren hezkuntza-proiektuaren oinarrietako bat. Ikasleei “bizikidetza, elkarbizitza positiboa, errespetua, enpatia, ardura, tolerantzia eta lankidetza” transmititzen dizkiete. “Guk helduok normalizatzen dugun heinean, eurek ere normalizatu egiten dute. Askotan egoerak azaldu eta beste egoera batzuekin konparatzen ditugu, eurek sentituko luketena ulertzeko. Baliteke izen teknikoa ez jakitea, baina barneko esanahia bai, eta hori da ikasi behar dutena”, azaldu du Ioanek.
Eskola, gainera, auzoari estu lotuta dago: “Gurasoek ekintzetan parte hartzen dute, ekintzak proposatzen dituzte, eta batzuetan ikastetxeak antolatutako irteeretara etortzen dira”, nabarmendu du Ionek. Guraso Elkartearekin, Aperribaiko Auzo Elkartearekin, Galdakaoko Udalarekin eta Behatokiarekin elkarlanean aritzen dira, eta Korrika bezalako ekimenetan edo auzoko Redes sare komunitarioan parte hartzen dute.
Proiektu berezien artean, Aperribaiko adinekoen egoitzarekin egiten dituzten jarduerak nabarmendu dituzte: “Hilean behin etortzen dira ikastetxera umeekin egotera”, azaldu du Maite zuzendariak: “Proiektu polit bat dugu Aperribaiko egoitzarekin: ume bakoitzari aitite edo amama bat tokatzen zaio eta gutunak idazten dizkiete eta gero egoitzara joaten dira irakurtzera eta haiekin hitz egitera”. Belaunaldien arteko lotura horrek balio hezitzaile handia duela azpimarratu dute. Horrez gain, liburutegiarekin, tailerrekin eta auzoko beste eragileekin ere harremana dute, eskola hormetatik harago doan hezkuntza ulertuz.
Erronkak: euskara, matrikulazioa eta ikusgarritasuna
2024tik aurrera zuzendaritza proiektu berria dute martxan, eta horren ardatz nagusietako bat euskararen sustapena da: “Euskara bultzatu nahi dugu, sustapena eta bultzada eman”, azaldu du Maitek. Gainera, irakurketan eta matematikarako konpetentzian bultzada bat ematen diete ikasleei. Hala ere, euskararen errealitatea konplexua dela aitortu du zuzendariak: “Gurasoek normalean erderaz hitz egiten dute; egia da badagoela euskara ikasteko prest dagoen jendea, baina gutxi da”, dio. Horri aurre egiteko, Galdakaoko Udalarekin elkarlanean Berbontxi programa jarri dute martxan, jolasaren bidez euskara sustatzeko.
Matrikulazioaren beherakadak kezka sortzen du, baina egoera hori zerbait orokorra dela diote: “Beldur gara, bai, baina egia da Aperribaiko eskola bizirik dagoela eta bizirik mantenduko dela”, dio Maitek. Eta, irakasleen aldetik kezka beste kontu batetik dator: “Eskola txikia garela kontuan hartuta, irakasle gutxiago gaude eta rolak askoz pisuagoak dira”, azaldu du Ioanek: “Adibidez, seigarren mailako tutore batek edo gorputz hezkuntzako espezialista batek tutore izan behar du aldi berean, edo idazkaria berrikuntza arduradun edo jantoki arduradun izan behar da”. Eskola handiekin alderatuta, baliabide gutxiago dituzte, eta edozein hutsune edo bajak zailtasunak sortzen dizkie: “Lan-karga gero eta handiagoa da, eta horrek zaildu egiten du denera iritsi ahal izatea. Hala ere, familia bat garenez, elkarri lagundu eta aurrera egiten dugu”, dio Ioanek. Horrek guztiak beldurra ere eragiten du, inguruan beste ikastetxe batzuk fusionatu edo itxi dituztela ikusita —Basaurin, Soloarte eta Etxegarai, kasu—, baina momentuz ez dute horrelako egoerarik aurreikuspen Aperribaiko eskolan.
Hala ere, mezua argia da: “Gure erronka orain jendeak gure eskola ezagutzea da”. Helburua da erakustea “gauzak oso ondo egiten direla eta umeak oso ondo zainduta daudela”. “Gurasoak animatu nahi ditugu umeak hona ekartzera, benetan ondo egongo direlako. Eskola txikiak existitzen gara, eta diamante bat gara umeen hezkuntzan”, dio Maitek.
Otsailean aurrematrikulazio epea zabalik dagoen honetan, gonbidapena zuzena da: “Etorri, ikusi eta ezagutu”. Galdakaotik, Basauritik, Etxebarritik edo Bilbotik datozen familientzat ere ateak zabalik daude. Aperribaiko eskolan, txikitasuna ez da ahulezia, hezkuntza-eredu baten oinarri sendoa baizik.











