Europa zeharkatuko dute urtebetean Eneko Casadok, Idoia Estebanek, euren bi urteko alaba Ayselek eta euren Txibas txakurrak. Nomaden antzera egin nahi dute bizimodua
Ayselen bidaia proiektua martxan jarriko du Galdakaoko familia honek. Eneko Casado, Idoia Esteban, Aysel alaba eta Txibas txakurra Europan barrena ibiliko dira urtebetez. Bizitzeko estilo berri bat hasi nahi dute, eta “nomaden antzera bizitzen ikasi”.
Abentura uztailaren 1ean hastekoak zineten, baina data aurreratu duzue.
Hala da. Ekaineko hirugarren astean irtetea erabaki dugu, ahalik eta arinen Norvegia, Suedia eta Finlandiako zonaldea ikusi ahal izateko. Lurralde horietara zenbat eta geroago heldu, orduan eta zailago izango da hango zonaldea ezagutzea klima dela eta.
Abentura hasteko egun batzuk baino falta ez diren honetan, zer hartu behar izan duzue kontuan?
Ametsari hasiera ematea erabaki genuenetik, gauza asko hartu behar izan dugu kontuan. Besteak beste, egin beharreko gauzen zerrenda desberdinak sortu, furgonetari egin dizkiogun hobekuntzak, ibilbidea zehaztu, beldurrei aurre egin, familiari gure ametsaren berri eman, lanean gure asmoa zein den kontatu, medikuari aholkua eskatu, bideoak sortu, sare sozialak erabiltzen ikasi edota kamisetak eta poltsak egin.
Autofinantziazioa bilatzeko, CDak salduko ditugu Enekok egiten duen musikarekin, eta laguntzaileak ere bilatu ditugu. Ikusten duzun bezala, ez da bi egunetan erabakitako gauza, lan asko egin dugu gure ametsari hasiera eman aurretik.
Zuen hitzetan, zer da nomada izatea…
Guretzat nomada izatea da leku desberdinetatik igarotzea, dakiguna egiten erakutsiz. Horrela, antzinako nomadek egiten zuten bezala, guk ere ‘biziraun’ nahi dugu.
Zeintzuk dira abentura honen helburuak?
Gure helburu nagusia familiarekin batera mundua ezagutzea da. Leku desberdinetako jendearekin bizitzeko aukera izan nahi dugu. Hasiera batean Europa zeharkatzea da helburua.
Ibilbideaz ari garela, kontaiguzue zein herrialde bisitatuko dituzuen urtebete honetan.
Espainia, Andorra, Frantzia, Suitza, Belgika, Holanda, Alemania, Danimarka, Norvegia, Finlandia, Estonia, Letonia, Lituania, Polonia, Txekiar Errepublika, Austria, Eslovenia, Kroazia eta Italia dira bisitatuko ditugun herrialdeak. Hori da, behintzat, programatu duguna.
Pentsatu al duzue herrialde bakoitzean zenbat denbora pasatuko duzuen?
Inprobisatzea da gure asmoa. Momentu honetan ez dakigu zenbat denbora emango dugun toki bakoitzean. Nomaden kasuan bezala, momentuak esango du noiz eta zein norabidetan joan.
Dirua lortzeko hainbat bide dituzue aurreikusita: CDak, kamisetak eta poltsak saldu, gitarra emanaldiak eskaini eta ipuin-kontaketa saioak eta hitzaldiak eman. Hau ere bat-bateko kontua izango da ala aurretik zerbait lotu duzue?
Prestatuta dugun gauza bakarra, bidaiari hasiera eman baino lehen egingo ditugun ipuin kontaketak, hitzaldiak eta kontzer- tuak dira. Bidaiatzean, ahaleginduko gara horrelako ezaugarriak dituzten topaketak sortzen, baina ez ditugu lotuta.
Sustatzaileen babesa ere lortu duzue.
Bai. Txosten bat sortu genuen urte hasieran eta Youtuben kanal bat ireki genuen (El viaje de Aysel). Ate asko jo ostean, gure ametsa egi bihurtzen lagunduko diguten babesleak lortu ditugu.
Youtube aipatu duzuela, abentura hau sarean ipintzeko asmoa al duzue?
Youtubeko kanalaz gain, webgune bat ere sortu dugu (elviajedeaysel.com). Egunero argazkiak igotzea da asmoa. Era berean, bloga eguneratzen ahaleginduko gara, bitartekoak izanez gero. Bideoak ez dira egunerokoak izango. Hilean bat edo bi igotzea pentsatu dugu.
