Eneko Casado, Idoia Esteban, euren bi urteko alaba Aysel eta Txibas txakur galdakoztarrak Europan zehar ibiliko dira urtebetez. Bizitzeko estilo berri bat hasi nahi dute, eta “nomaden antzera bizitzen ikasi” nahi dutela adierazi dute gaur egin duten aurkezpenean.
‘Ayselen bidaia-El viaje de Aysel‘ da proiektuaren izena eta Europako 20 herrialde inguru bisitatuko dituzte, guztira 16.000 kilometro inguru urtebetean.
Idoiak hezkuntza zentro batean egiten du lan eta Eneko sukaldaria da lanbidez eta flamenko gitarrista bokazioz (lehenengo diskoa argitaratua dauka). Ameslari gisa definitzen dira eta proiektu berezi hau martxan jarriko dute uztailaren 1etik aurrera.
BIDAIA EGITEKO FINANTZIAKETA
Bidaia egin ahal izateko, aurreztuta daukaten diruaz gain, beste bide batzuetatik dirua lortzea dute helburu. Besteak beste, autofinantzaketaz (diskak, kamisetak eta poltsoak salduko dituzte), eskainiko dituzten zerbitzuez (gitarra kontzertuak, ipuin kontalariak eta esperientziari buruzko hitzaldiak) eta ekimen hau bultzatzen duten eragileen bitartez (adibidez, Galdakaoko elkarteak edota tabernak).
