Maiatzean Oroimenaren Astea ospatuko dute Galdakaoko bonbardaketen 78. urteurrenean: Burdin Hesian zehar ibilbideak, erakusketak eta Gerra Zibilari buruzko hitzaldiak prestatu dituzte.
Gerra Zibilean bonbardatu zituzten herriekin jarri zen kontaktuan 2011n Bizkaiko Foru Aldundia, “Zerutik sua dator!” dokumentala egin ahal izateko eta 75. urteurrena ospatzeko. Herri bakoitzak bideo zatiak grabatu behar izan zituen eta Galdakaon Eunate Barroetak eta beste herritar batzuek parte hartu zuten zeregin horretan. Talde horretan egon ziren batzuek ikusi zuten bazegoela beharra Galdakaon ere gertatu zenaren, bonbardaketaren inguruan beste lan bat egiteko: “Dokumentalak guregan interesa piztu zuen, baita gehiago egiteko beharra ere”, dio Eunate Barroeta kideak. Orduan, Galdakao Gogora Oroimen Historikoa Berreskuratzeko Elkartea sortzea erabaki zuten.
Gaur egun hamar bat kidek osatzen dute Galdakao Gogora. “Familia askotan egon dira gerrako biktimak eta horrek motibatu egin gaitu elkartearen parte izateko”, dio Nagore Ferreira elkarteko lehendakariak. Bestetik, historiarekiko zaletasuna dutenak ere badaude elkartean: “Gehienoi historia gustatzen zaigu eta jakiteko eta erakusteko gogoak ditugu”, dio Barroetak.
Galdakao Gogoraren jardueren helburu nagusia Francoren diktaduraren biktimentzat “egia, justizia eta erreparazioa” lortzea da, baita Burdin Hesiaren ondarea kontserbatzea eta zabaltzea ere. “Konturatu gara Galdakaon jendeak ezjakintasun oso handia daukala gaiari buruz, nahiz eta hemendik Burdin Hesia pasatu. Ikur garrantzitsua izan zen gerra garaian, baina normalean jendeak ez du horren berri, are gutxiago gazteek”, dio Ferreirak. Hori dela eta, Galdakao Gogora elkartearen asmoa gaia “lau haizeetara zabaltzea” da, “horren berri ematea eta, noski, ez ahaztea”.
Galdakaoko bonbardaketa maiatzaren 18an izan zen eta hogeita lau hildako utzi zituen: “Famatuena Plazakoetxen bota zuten bonba da: hogeita bi pertsona hil zituzten. Babesleku bat zegoen bertan -oraindik ere badago-, baina guztiak ez ziren sartzera heldu. Gero, bunkerrak ezagutzen ikusi dugu beste bonba asko bota zituztela. Bonba horiek utzi zituen arrastoak ikus daitezke egun”.
BUNKERRAK ETA HILOBIAK, ELKARTEAREN LORPENAK
Elkartea sortu zenetik, bunkerrak eta ‘nido de ametralladora’ delakoak aurkitzen hasi ziren eta dagoeneko hogeita hamar baino gehiago topatu dituzte Galdakaon: “Jendearen testigantzei esker aurkitu ditugu, baita lubakiak ere”, dio Nagore Ferreirak. Eta ezagutzera emateko helburuarekin, ibilbide moduko bat egin dute.
Era berean, hilobiak topatzen hasi dira: “Oraindik egiteke daukagu lana, baina zerbaitekin hasi gara. Adibidez, Kortederra inguruan, Lemoatik gertu, ‘Hilen lekua’ aurkitu dugu”, dio Barroetak. Bertan, Aranzadi Elkartearekin batera elkarlanean aritu dira: “Lekukotza batzuk batu genituen, gudari batzuk Kortederran hilobiratuta zeudela esan ziguten eta Aranzadirekin harremetan jarri ginen lanean has zitezen”, dio Ferreirak. Galdakaoko Altamira, Arteta eta Bengoetxe auzoetan ere izan dira Aranzadikoak lanean, “baina oraingoz ez dute ezer topatu”. Eunate Barroetaren esanetan, “lekukoek esaten digutenaren arabera guk txosten bat egiten dugu eta Aranzadira bidaltzen dugu. Ondoren, zerrenda bati jarraipena emanez, lekuak ikuskatzera etortzen dira”.
BARRUKO LANA, URTEKO UZTA
Galdakao Gogora elkartearen kanpora begirako ekintzen artean nabarmenena Oroimenaren Astea da, “baina barruko lana urte osoko lana da, hau da, testigantzak batu, hilobiak bilatu eta bunkerrak aurkitu eta garbitzea da gure zeregina”, dio Barruetak.
Oroimenaren Astea 2012. urtean hasi ziren antolatzen. Bi asteburu hartzen ditu eta bakoitzean ibilaldi bat antolatzen dute Burdin Hesia zegoen inguruetan. Erakusketak eta hitzaldiak ere prestatzen dituzte.
_______________
JUANTXO AGIRREREN HITZALDIA OROIMENAREN ASTEAN
2015eko Oroimenaren Astea maiatzaren 16tik 24ra ospatuko da. Burdin Hesia ikusteko bi irteera antolatu ditu Galdako Gogora Elkarteak bi larunbatetan, Bekelarre, Altamira eta Olabarriko aztarnak ikusteko. Hitzordua 09:00etan jarri dute Galdakaoko udaletxearen aurrean eta antolatzaileek adierazi dutenez, “oinetako erosoak jantzi eta ibiltzeko gogoa ekartzearekin nahikoa da”.
Hitzaldiei dagokienez, aurten ere bi prestatu dituzte. Alde batetik, maiatzaren 19an Lourdes Errasti antropologoak ‘Emakumeak eta 36ko Gerra’ gaiaren inguruan egingo du hitzaldia. “Gutxitan aztertutako gaia da, nahiko ezezaguna. Horregatik ekarri nahi izan dugu Oroimen Astera”, dio Nagore Ferreira lehendakariak. Bestetik, maiatzaren 21ean 19:00etan Gandasegin Juantxo Agirre Aranzadi Elkarteko zuzendariak Jose Ariztimuño ‘Aitzol’ izango du berbagai. Ondoren, “Aitzol, Euskal Pizkundearen heriotza” dokumentala ikusteko aukera egongo da.
