→Galdakao

2020ko aurrekontua zehazteko prozesu parte hartzailea zabalduko du Galdakaoko Udalak

Aurreikuspenen arabera 37 milioi euro izango ditu Galdakaok 2020an. Zenbateko horretatik 1.000.0000 euro zertara bideratu galdetuko die Udalak galdakoztarrei.

Asanblada irekiak deituko dituzte lehen aldiz Galdakaon, 2020ko aurrekontua prestatzeko // Argazkia: Galdakaoko Udala

Aurrekontuaren inguruan berriro galdegingo die Galdakaoko Udalak herritarrei. Aurten dagoeneko bigarren aldia da herritarrek aurrekontura euren proposamenak bidali ahal dituztela. Urtarrilean 2019ko aurrekonturako egin zituzten herritarrek ekarpenak, eta oraingoan 2020ko aurrekontuetarako prozesu parte hartzailea zabalduko du Udalak irailean, urtea hasteko lau hilabete falta direla. Datorren urteari begira, aurreikuspenen arabera, 37 milioi euro izango ditu Galdakaoko Udalak.

Zenbateko horretatik 1.000.0000 euro zertara bideratu galdetuko die Udalak 16 urtetik gorako galdakoztarrei (bertan erroldatuta daudenei), aurrekontu parte-hartzaileen bidez. Prozesuak guztira lau fase izango ditu: lehenengoa, informazioa ematea eta herritarren proposamenak jasotzea (irailaren 30etik urriaren 3ra bitartean); bigarrena, aurkeztutako proposamenen balorazio teknikoa ematea (urriaren 4tik aurrera); hirugarrena, onartutako proposamenen aurkezpena (urriaren 24an 19:00etan Torrezabal Kultur Etxean) eta bozkaketa egitea (urriaren 28tik 30era bitartean); eta azkenik, prozesuaren jarraipena eta ebaluaketa egitea. Bozketaren emaitza azaroaren 7an argitaratuko dituzte eta 2020ko aurrekontuan txertatuko diren proposamenak azaroaren 8an aurkeztuko ditu Udalak.

Maite Arandia eta Olaia Parra zinegotziek aurkeztu dute gaur 2020ko aurrekontua zehazteko prozesu parte-hartzailea // Argazkia: Geuria

Lehengo faseari dagokionez, irailaren 30etik urriaren 3ra bitartean herritarrek hiru bide izango dituzte euren proposamenak bidaltzeko: udal webgunearen bitartez, asanblada irekien bitartez edota herriko gune ezberdinetan jarriko dituzten buzoien bitartez. “Asanbladak informatiboak izateaz gain, deliberatiboak ere izango dira”, dio Maite Arandia Galdakaoko Udaleko Ogasun arloko zinegotziak. Guztira zortzi asanblada antolatuko dituzte (udaletxean lau, eta Bengoetxeko Jubilatuen Etxean, Aperribaiko liburutegian, Indarra lokalean eta Txapelenan bana). Buzoiei dagokioenez zazpi jarriko dituzte udalerrian: Esan bulegoan, Torrezabal Kultur Etxean, Urretako kiroldegian, Aperribaiko libuurtegian, Bengoetxeko eta Iberluzeko Jubilatuen Egoitzetan eta Txapelenan.

Proposamek onartuak izan daitezen, Galdakaoko Udaletik zenbait baldintza jarri dituzte. Hala nola, ekarpenak Udaleren eskuduntzakoak izatea; teknikoki bideragarriak izatea; zehatzak eta zenbatzeko modukoak izatea; interes pribatukoak ez izatea; legezkoa eta eduki diskriminatzailerik gabekoa izatea; edota diru-sarrera publikoei buruzko proposamenak ez izatea.

“Gure herriko auzokideen parte-hartze zuzena bultzatu nahi dugu, hitza haiei eman, eta demokrazia parte-hartzaile eta zuzena bultzatu. Udal administrazioa eta herritarren arteko harremanean sakondu nahi dugu, gure herriak dituen beharren gaineko hausnarketa eragin eta denon arteko elkartasunera lotu. Lortu nahi duguna, beraz, zera da: gardentasun eta efizientzia handiagoa Udalaren kudeaketan“, dio Oiala Parra Gardentasunerako eta Parte-hartzerako zinegotziak. Proposamen hau datorren osteguneko osoko bilkuran aurkeztuko du udal gobernu taldeak (irailak 26, 18:00).

Asanbladak, egunez egun

Irailak 30, astelehena
12:30 Udaletxea. Adinekoei zuzendutako asanblada
19:00 Udaletxea. Emakumeei zuzendutatko asanblada (*)
19:00 Bengoetxeko Jubilatuen Egoitza. Herritar orori zuzendutako asanblada

Urriak 1, asteartea
19:00 Aperribaiko liburutegia. Herritar orori zuzendutako asanblada (*)

Urriak 2, asteazkena
19:00 Indarra lokala. Herritar orori zuzendutako asanblada (*)
19:00 Udaletxea. Herritar orori zuzendutako asanblada (*)

Urriak 3, osteguna
19:00 Udaletxea. Gazteei zuzendutako asanblada
19:00 Txapelena (Usansolo). Herritar orori zuzendutako asanblada (*)

(*) Haurtziandegi zerbitzua eskainiko du Udalak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak