Sareak

☉ Galdakao

Galdakaoko 2024ko aurrekontu proposamenak “inbertsio ahalmen handia” du oinarri

48,8 milioi eurokoa da kaleratu duten proposamenaren zenbatekoa, iazkoarekin alderatuta “% 4,91ko igoera” jasotzen duena

|

Abenduaren 21eko Osoko Bilkuran onartu nahi dute 2024rako aurrekontua // Geuria

Aurrekontu proiektuaren aurkezpena egin du gaur eguerdian Galdakaoko udal gobernuak, Iñigo Hernando alkateak eta Alberto Ealo Ogasun zinegotziak gidatuta. Bertan egon dira, baita, gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak eta Usansolo Herria alderdietako bozeramaileak.

48,8 milioi eurokoa da kaleratu duten proposamenaren zenbatekoa, iazkoarekin alderatuta “% 4,91ko igoera” jasotzen duena, ogasun zinegotziak adierazi duenaren arabera.

Abenduaren 21eko osoko bilkuran onartzeko asmoa daukate. Oposizioarekin hartu eman izan dutela ziurtatu dute, eta “ekarpenen zai” daudela.

Modu berean, eta Usansolori dagokionez, egun aurrekontua “juridikoki zatiezina” dela azaldu dute, baina hainbat partidetan “banaketa proportzionala” aurreikusten dutela.

Gazta, lau zatitan

Proposamena lau zati handitan banatzen den gazta bat bailitzan aurkeztu dute. Ealok zati horien zenbatekoak xehetu ditu:

  • Zerbitzuak (% 51): 29.934.591 €,
  • Giza Baliabideak (% 29): 13.925.454 €
  • Inbertsioak (% 12): 6.039.231 €
  • Diru laguntzak (% 8): 3.793.538 €

Udal gobernu taldeak aurkeztu du 2024ko kontuen proposamena // Geuria

Zenbaki orokorrez harago, Hernandok zifra horien atzean dagoen ikuspuntua azaldu du, aurrekontuak bi oinarri dituela azpimarratuz: alde batetik, “herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen kalitatea bermatzea eta hobetzen joatea”, eta bestetik “udalaren inbertsio ahalmen handia indartzea”. Bi helburu handi horien adibide da zerbitzuen atalak gaztaren erdia baino gehiago jaten duela, %51, hain zuzen ere.

Beste partida batzuen artean, hondakinen bilketari dagokion partida bikoiztu dela nabarmendu du, eta guztira hondakinen kudeaketara zein kale garbiketara 5 milloi euro bideratzen direla.

Gazteriari dagokionez, iaz martxan jarri zuten zerbitzu psikologikoa mantenduko dute, eta herriko gazteei emantzipazioan laguntza eskainiko dien zerbitzua martxan jarriko dute. Bi asmoen aurrekontua guztira 433.000 euroko da.

Pertsona nagusien kolektiboa ere aintzat hartzen du proposamen honek, eta 150.000 euro jarriko dituzte programa ezberdinetara.

Inbertsioak, indartsu

Inbersioen atala ere azpimarratu nahi izan du Galdakaoko alkateak: “beste herri batzuekin alderatuta inbertsio ahalmena oso handia da”. Zenbakitan jarrita, 6 milloitik gora, aurrekontuaren % 12a.

Proiektu esanguratsuenen artean, honako hauek aipatu ditu:

  • Txomin Egileor kalearen eraldatzea erreka eta bere ingurua biziberritzeko proiektu integral baten baitan kokatu du. Milloitik gorako inbertsioa egingo dute, norabide bakarrekoa izango da kalea, eta bidearen beste karrila bidegorri batekin lotuko dute.
  • Saneamendua eta ur honiduran hobekuntza nabarmenak egingo dituzte, Usansolon, Trokan edo Ibaizabal kalean, besteak beste. Hemen ere milloitik gorako inbertsioa aurreikusten da.
  • Elexalde eliza aurreko etxea erosiko du Udalak, “herritarren eskura jartzeko”. Proiektuaren nondik norakoak “dagokion momentuan” zehaztuko dira.

Bukatzeko, diru laguntzetan ia lau milloi bideratuko ditu Udalak, besteak beste, larrialde egoeran dauden pertsonentzako laguntzak mantenduz (981.000 euro), sustapen ekonomikoari eta enpleguari dagokion partida hornituz (enplegu plana, ekintzaileei, dendari elkarteari eta Erletxeko enpresariei diru laguntza), edo herriko taxilariekin adostuko den auzo-taxi zerbitzua martxan jarriz.

Gaztaren beste bi zatiak udalaren gastu estrukturalek osatzen dute, Giza Baliabideak, % 29a, (13.925.00 euro), eta Finantza Gastuak (51.650 euro).

☉ Galdakao

Txomin Bustinza hil da, Galdakaoko baserrien erreplika errealen sortzailea

Hileta gaur, otsailak 26, izango da Galdakaoko Santa Maria elizan

|

Txomin Bustinza, Galdakaoko baserrien erreplika errealen aurrean // Galdakaoko Udala

Txomin Bustinza Ibarrondo hil zen otsailaren 24an, larunbatez, 86 urte zituela. Galdakaoko etxeen eta baserrien erreplika errealak sortu izan ditu urteetan zehar eta Gabonetan bere tailerreko ateak irekitzen zituen berak egindako Jaiotza ikusarazteko.

Ekintza horrekin bere eskuzabaltasuna erakusten zuen Bustinzak. Izan ere, ekimen horrekin dirua biltzen zuen Bustinzak; ez zuen sarrera kobratzen, baina borondatea jasotzen zuen ondoren Bizkaiko minbiziaren aurkako ekarteari dohaintzan emateko. Iaz 3.900 euro bildu zituen, minbiziaren kontrako lanera eta ikerketara bideratu daitezen.

“Udaletik gure doluminak adierazi nahi dizkiegu senide eta lagunei, eta eskerrak eman nahi diogu kausa solidarioekiko erakutsi zuen eskuzabaltasunagatik. Galdakaok faltan botako du urtero atsegin genuen Jaiotza, baina askoz gehiago bera”, adierazi dute udal ordezkariek sare sozialen bidez.

Iazko urrian, esaterako, Galdakaoko Udalak aitortza egin zion Bustinzari, “gure herriaren ondarea beste modu batez ezagutzera emateagatik”, adierazi zuen Iñigo Hernando alkateak.

Hileta otsailaren 26an, astelehenez, izango da Zabaleako Santa Maria elizan 19:00etan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

‘Auzotik Galdakao’ dinamika herri osora zabalduko du Udalak martxotik aurrera

Iaz herriko bi eremutan martxan jarritako proiektu pilotuko estrategia ekainean bukatu du Galdakaoko Udalak, eta konpromisoak 2025etik aurrera beteko dituzte

|

Maite Arandia, Unai Amezaga eta Iñigo Hernando gaurko prentsaurrekoan // Geuria

Auzoetako beharrak identifikatu eta estrategia bat lantzeko asmoz ‘Auzotik Galdakao‘ dinamika jarri du martxan Udalak legealdi berrian.

Proiektuak bi helburu nagusi ditu: auzoen behar nagusiak identifikatzea eta datozen urteetan zehar horiei erantzungo dien estrategia bat lantzea.

Dinamikarekin hasteko bi eremu hartu dituzte udal ordezkariek, “proiektu pilotu bezala”. Horiek dira alde batetik, Agirre, Aperribai, Azpuru, Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai Zaharra eta Jugo, eta bestetik, Tximelarre Goikoa, Urtebieta, Zuatzaurre eta Urreta.

Azken hilabeteetan, eremu bakoitzean diagnostiko bat egin du Udalak auzotarrekin batera sortutako bi talde eragileetan. “Irailean hasi ginen eremu bakoitzeko auzotarrekin eta eragileekin biltzen eta dagoeneko lehen emaitzak ikusten ari gara”, dio Unai Amezaga Parte-hartze teknikariak.

Orain bi zonalde horietan estrategia bana lantzen ari da Udala, eta aurreikuspenen arabera ekainean bukatuko dituzte bi planak. “Hainbat proiektu eta proposamen landuko dira bi eremu horietan, denak diagnostikotik ateratakoak”, dio Amezagak. Ondoren, Udalak konpromisoak 2025etik aurrera beteko dituela zehaztu du.

Herri osora zabaltzea

Proiektu pilotuaren “emaitza onak” ikusita, dinamika herri osora zabalduko du Galdakaoko Udalak. Horretarako beste lau eremu zehaztu dituzte: Altamira, Askarri, Gumuzio, Kortederra, Padrola, Artola, Basozabal, Bekea, Bekelarre, Itzaga, Basabe, Belategi, Egia, Elexalde, Errekalde, La Mina, Uraburu, Usargoiti eta Olabarri (3. eremua); Bengoetxe, Troka, Ergoien, Zuhatzu eta Upomendi (4. eremua); Kurtzea, Tximelarre Bekoa eta Zabalgane (5. eremua); eta Berezikoetxe, Zabalea (6. eremua)

“Udalerri anitza da Galdakao: auzo asko daude —handiak, txikiak eta ertainak—, eta denen artean desberdinak. Horregatik ikusi genuen errealitate hori orekatu behar genuela”, dio Amezagak: “Bi eremutan hasi ginen dinamikarekin eta orain herri osora hedatuko dugu: txikitik handira egin nahi genuen”.

Eremu bakoitzak bere aurrekontu propioa izango du, “beharrak, ezaugarriak eta biztanle kopurua kontutan hartuta”, dio Maite Arandia Parte-hartze arloko zinegotziak.

Lehen bi eremuekin egin bezala, talde eragileak eratu nahi ditu Udalak gainerako lau eremuetan, eta horretarako bilera irekiak deituko dituzte martxoan: martxoaren 19an hirugarren eremuan, martxoaren 20an laugarren eremuan, martxoaren 25ean bosgarren eremuan eta martxoaren 26an seigarren eremuan. “Bilera horiek arratsaldez izango dira, baina oraindik ez ditugu zehaztu ezta lekuak ezta orduak ere”, dio Arandiak. Aurrerago bilera horien inguruko informazioa helaraziko du Udalak.

Bilera horietan parte hartzeko izena eman beharko dute herritarrek. Udal ordezkariek arabera, bilera izan baino astebete lehenago eman ahalko da izena partaidetza@galdakao.eus helbide elektronikora idatzita, 688 830 479 telefonoaren bidez (Whatsapp eta Telegram) edo erabaki.galdakao.eus plataformaren bitartez.

“Hasieratik argi geneukan herritarren parte-hartzeak gure gobernu planaren zutabe nagusienetakoa izan behar zuela, eta aurreko legealditik ari gara horretan lanean. Hain zuzen ere, parte-hartzerako teknikari bat kontratatu genuen lehen aldiz Galdakaon aurreko legealdian, eta emaitzak agerikoak dira”, dio Iñigo Hernando alkateak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Emantzipazio bulegoa zabaldu dute Galdakaon, herriko gazteei zuzenduta

Bulegoa zabalik egongo da asteazkenetan (otsailaren 21etik aurrera) eta ostiraletan Torrezabal Kultur Etxean. Gazteei emantzipazio prozesuetarako aholkularitza ematea da helburua

|

Emantzipazio bulegoa zabaldu du Galdakaoko Udalak, gazteei emantzipazio prozesuetarako aholkularitza emateko asmoz.

Emantzipazio bulegoak modu indibidualean eta zuzenean emango die informazioa gazteei, eta aholkularitza ere emango die administrazioaren maila guztietan (tokikoa, eskualdekoa, erkidegokoa, Europakoa…) dauden zerbitzu, programa eta proiektuei buruz, baita emantzipazio prozesua aurrera eramaten laguntzeko Galdakaoko Udalak berak dituen zerbitzuei eta baliabideei buruzko informazioa ere.

Bulegoa zabalik egongo da asteazkenetan (gaurtik, otsailaren 21etik aurrera) eta ostiraletan Torrezabal Kultur Etxeko lehen solairuan, 17:00etatik 20:00etara bitartean.

Era berean, emantzipaziobulegoa@galdakao.eus helbide elektronikoan, 675 700 089 telefono bidez eta sare sozialetan ere eskainiko dute zerbitzua.

“Gazteen emantzipazioa gazteak osotasunez eta aukera berdintasunez gizarteratzea lortzea da, beren bizi proiektua autonomiaz eraikitzeko eta eskubide guztiak egikaritzeko aukera izan dezaten, ahultasun gehien dituzten gazteei arreta handiagoa eskainiz. Prozesu horretarako, etxebizitzari, enpleguari edo prestakuntzari buruzko informazioa ezinbestekoa da. Hain zuzen, informazio hori guztia herriko gazteek eskura izatea da Udalak zerbitzu berriarekin lortu nahi duena”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Edu Madina omentzeko ekitaldia antolatu dute bere lagunek Gorbeian

|

Otsailaren 5ean hil zen Edu Madina galdakoztarra // Argazkia: Inocencio Goikuria

Edu Madina Etxebarria galdakoztarra hil zen otsailaren 5ean 69 urterekin. Galdakaoko memoria historikoa berreskuratzeko lan egin zuen; are gehiago, Galdakao Gogora elkarteko sortzaileetako bat izan zen.

Galdakaoko bere lagunek bere aldeko omenaldia antolatu dute otsailaren 25ean, igandez. Gorbeia mendiko gurutzean izango da 12:00etan.

Eguraldi txarra egiten badu omenaldia 12:15ean izango da Egiriñaoko Elurretako Andre Mariaren ermitan.

Informazio gehiagorako udiarraga@hotmail.com eta 634 672 811 telefono zenbakia jarri dituzte.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Dozenaka herritarrek irmoki salatu dituzte Galdakaoko sei adingabek jasandako sexu-erasoak

|

Herriko sei adingaberen kontra Galdakaon eman diren sexu-erasoak salatzeko elkarretaratzea egin zuten otsailaren 17an, larunbatez, Santi Brouard plazan. Mugumendu feministak eta herriko eragileek deituta, herritar askok bat egin zuten elkarretaratzearekin.

GEURIA bertan izan zen eta Amets Iturbe Berdintasun arloko zinegotziaren eta Naroa Urkijo Momoak talde feministako kidearen hitzak jaso ahal izan genituen.

Osorik irakurri