Sareak

☉ Galdakao

2026ko aurrekontua onartu dute Galdakaon gobernu taldearen aldeko botoekin

Oposizioaren “borondate falta” salatu du gobernu taldeak. EAJk eta PSEk adierazi dute gobernu taldearengan “konfiantza galdu” dutela

|

Ez-ohiko osoko bilkura egin dute gaur Galdakaon 2026ko aurrekontua onartzeko // Geuria

EH Bilduren, Usansolo Herriaren eta Auzoaken aldeko botoekin eta EAJren eta PSEren kontrako botoekin onartu dute Galdakaoko 2026ko aurrekontua.

Guztira 47,6 milioi euro kudeatuko ditu Udalak datorren urtean, eta aurrekontuak herritarren “benetako beharrizanei” erantzuten diela esan du Alberto Ealo Ogasun arloko zinegotziak, “galdakoztarren bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin”.

Urtarrilaren lehen astetik aurrera indarrean egongo da aurrekontu berria, Edurne Espilla jarduneko alkateak ez-ohiko osoko bilkuran adierazi duenez.

Oposizioa kontran

EAJk eta PSEk kontran bozkatu dute gobernu taldearen aurrekontu proposamena.

Alfredo Olea jeltzaleak adierazi duenez, gobernu taldearen aurrekontu proiektua “kontinuista” da: “Gardentasunik eza, marketing politikoa eta autobonboa nabarmentzen ditugu”.

Ildo horretan, “oinarrizkoa betetzeko” aurrekontua dela adierazi dute, eta salatu dute gerora gobernu taldeak aurrekontu-aldaketak egingo dituela: “Datorren ekitaldian ziur makromoldaketak bozkatu beharko ditugula, gehiengoa gastu arrunta finantzatzeko”, esan du Oleak.

EAJk ez du emendakinik aurkeztu, eta arrazoia honakoa: “Iaz adostasuna lortu genuen, akordio batzuk lortu genituelako, baina orain errealitatea bestelakoa da, atsekabegarria da. Adostutako proiektu asko egin gabe daude; gure konfiantza eman genuen iaz, eta orain konfiantza hori hautsita dago”, esan du Ainhoa Agirregoikoa jeltzaleak.

Kontran, PSEk zortzi emendakin aurkeztu ditu, milioi bateko balioarekin. Hala ere, ez dute bat bera ere onartu: gobernu taldeak kontran eta PSEk eta EAJk alde bozkatu dute.

“Izateko bokazioarekin eta oposizio konstruktiboa eginez analisia egin dugu. Emendakinak aurkezten ditugunean horiek baloratzea eskatzen dugu, baina ez da horrela izan gobernu taldearen aldetik”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.

Gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proposamena “urria” dela deitoratu du alderdi sozialistako zinegotziak.

“Iaz abstentziora jo genuen 2025eko aurrekontuaren bozketan gobernu taldearekin proiektuak adostu genituelako, baina gaurdaino ez dira egin”, salatu du Trimiñok: “Ez dute gure konfiantza berriro merezi”.

Alberto Ealo EH Bilduko zinegotziak oposizioaren “borondate falta” salatu du: “Urriaren 24an jakinarazi genien proposamenak jasotzeko prest geundela —oraindik zirriborroa osatu gabe zegoenean, ekarpenak errazago txertatzeko moduan— eta horretarako bi aste eman genizkien. Epea amaituta, ez genuen proposamenik jaso. Ondoren, bi alderdiekin partekatu genuen aurrekontuaren zirriborroa, eta berriro ere ekarpenak egiteko aukera zabaldu genuen”.

“PSEk emendakinak aurkezteari ekin beharrean, prentsara jotzea erabaki zuen, marketing edo propaganda ariketa gisa; gainera, emendakinak epez kanpo aurkeztu zituen. EAJ alderdiak, ez du emendakinik aurkezteko saiakera ere ez egin”, esan dute EH Bilduko ordezkariek.

Zentzu horretan, negoziaketarako “eskua luzatuta” izan dutela argudiatu dute ezker koaliziotik, “nahiz eta udalbatzan gehiengoa izan”.

Eta adibide gisa azaldu dute 2021etik oposizioaren 23 emendakin onartu dituztela: “Horietatik 13 eginda daude, eta beste bost bideratuta ditugu”, esan du Espillak, eta gaineratu du: “Egia da asko iaz onartutako proiektuak direla, baina egia da ere batzuk bideratuta daudela dagoeneko, bidean daudela”.

☉ Galdakao

Argazkiak telefono mugikorrarekin ateratzen ikasteko tailerra antolatu du Clic eta Click elkarteak Galdakaon

Dagoeneko talde bat osatu dute, baina oraindik ere izena emateko aukera dute herritarrek. Bestetik, haurrei zuzendutako doako ikastaroa ere antolatu dute

|

Click eta Click elkarteko kideak, Edurne Espilla Udaleko Kultura arloko zinegotziarekin // Galdakaoko Udala

Click eta Click elkarteak argazkigintza herritar guztiei zabaltzeko ikastaroak antolatu ditu ekainera bitartean.

Hain zuzen ere, bi dira antolatu dituzten tailerrak: telefono mugikorrarekin argazkiak ateratzen ikastekoa eta haurrei zuzendutakoa.

Telefono mugikorrarekin argazkiak egiten ikasteko ikastaroari atzo, urtarrilak 12, ekin zioten. Talde bat osatu dute eta astelehenero bilduko dira 17:00etatik 19:00etara Zamakoa kaleko 21 zenbakian duten lokalean.

Hala ere, oraindik interesa dutenek izena eman dezakete tailerrean: “Talde berriak sortzeko aukera dago!”, diote.

Haurrentzako ikastaroari dagokionez, 8 eta 12 urte bitartekoei dago zuzenduta eta doakoa izango da. Larunbat arratsaldetan izango da ikastaroa, eta taldea osatu bezain laster hasiko da.

Izena eman nahi dutenek Click eta Clicken lokalean bertan egin dezakete, asteazken eta ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara, edo clicketaclikc@gmail.com helbide elektronikora idatziz.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Torrezabalek zuzeneko 22 ikuskizun tauratuko ditu urtarriletik ekainera bitartean

Eneko Sagardoy, Iraia Elias, Klara Badiola, Ramon Agirre, Pepe Viyuela, Pako Revueltas eta Depedro igoko dira, besteak beste, Torrezabaleko eszenatokira

|

Katrin Schegel, Edurne Espilla, Edurne Azkarate eta Oier Guillan // Geuria

Urtarriletik ekainera bitarteko programazioa aurkeztu du Torrezabal Kultur Etxeak. Guztira 22 ikuskizun izango dira: euskarazko zazpi, gaztelerazko bost, testu barik lau dira eskainiko dituzten antzezlanak, eta dantza eta kontzertuak ere izango dira.

“Ikuskizun bakoitza emozio berriak esploratzeko, ikuspegiak zabaltzeko eta kultura esperientzia partekatu gisa bizitzeko gonbita da”, dio Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko Kultura arloko zinegotziak.

Programazioak “tradizioa eta berrikuntza” orekatzea bilatzen duela esan du Katrin Schlegel Torrezbaleko programatzaileak, “izen ezagunak eta sortzaile berriak uztartuz, jakin-mina pizten duten proposamenekin”, dio.

“Horrela, ikuskizun bakoitza hausnarketa egiteko, emozionatzeko eta artearekiko hurbileko esperientzia bat bizitzeko aukera bihurtzen da”, dio Schlegelek.

Torrezabal, sortzaileen etxea

Torrezabal Euskal Herriko sortzaileen “lantoki eta etxe” dela azaldu du Espillak: “Ateak zabaldu dizkiegu sortzaileei, euren sormen-prozesuak Torrezabalen bertan egiteko”, dio.

Horren adibide da Metrokoadroka Kolektiboa Galdakaon eta Torrezabalen bertan ontzen ari den ‘Bi baso bat ur’ antzezlana. ‘Geuretik Sortuak’ programari esker garatzen ari dira eta otsailaren 19an estreinatuko dute Torrezabalen. Ondoren, bira egingo dute Euskal Herri osoan zehar.

Antzezlanak alaitasunaren izaera soziala jartzen du erdigunean, eta agerian uzten du minaren ostean alaitasunaren eta umorearen jabe egitea mina gainditzeko eta ahalduntzerako ezinbesteko tresna dela.

Edurne Azkarate da antzezlanaren zuzendaria eta obra garatzeko prozesua “oso aberasgarria” izaten ari dela dio: “Astean zehar antzokiak itxita egon ohi dira eta eskertzen dugu horrelako aukerak eman izana”.

Gidoia osatzeko Galdakaon ikerketa egin zuten, abenduan zehar entseguak egin zituzten Torrezabalen eta laster berriro elkartuko direla zehaztu du Oier Guillan antzerkigileak. Gainera, asmoa daukate estreinaldia izan baino lehen entsegu ireki bat egiteko.

Beste alde batetik, ‘Bi baso bat ur’ antzezlana ontzeko aukera horrez gain, Torrezabal zabalik egongo da Euskal Herriko Orkestra Barrokoarentzat. Otsailean ‘Masquarade’ estreinatuko dute Bilboko Arriagan eta Donostiako Kursaalen, baina aurretik entsegua egingo dute Torrezabaleko oholtzan. 

“Honek erakusten du Torrezabaleko ateak zabalik ditugula. Sortzaileen ondoan egon nahi dugu eta Torrezabal euren etxea sentitzea nahi dugu”, dio Espillak.

Programazioa | Torrezabal

2026 Urtarrila-Ekaina

Urtarrilak 16, ostirala
Antzerkia: ‘Vulcano’ (Eneko Sagardoy, Belen Ponce de Leon, Ivan Lopez-Ortega, Javi Coll, Macarena Sanz)
Gazteleraz

Urtarrilak 24, larunbata
Antzerkia haurrentzat: ‘Alma’
Testu barik

Urtarrilak 30, ostirala
Antzerkia: ‘Nor naizen baneki’ (Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia, Oier Zuñiga)
Euskaraz

Otsailak 6, ostirala
Antzerkia: ‘Encerrona’ (Pepe Viyuela)
Testu barik

Otsailak 8, igandea
Musika eta umorea: ‘Da Capo Banda eta Martina’

Otsailak 19, osteguna
Antzerkia (estreinaldia): ‘Bi baso bat ur’ (Intza Alkain, Javier Barandiaran, Marina Suarez, Iraia Elias)
Euskaraz

Otsailak 21, larunbata
Antzerkia haurrentzat: ‘Hodei guztien gainetik’ (Markeliñe)
Testu barik

Otsailak 28, larunbata
Haurrentzako ikuskizuna: ‘Mimesis’
Testu barik

Martxoak 1, igandea
Antzerkia: ‘Desobedienteak 18/98’ (Miren Arrieta/Aiora Enparantza, Iñigo Azpitarte, Klara Badiola, Kepa Errasti, Omar Somai)
Euskaraz

Martxoak 7, larunbata
Antzerkia haurrentzat: ‘Kimu’ (Marie de Jongh)
Euskaraz

Martxoak 13, ostirala
Dantza-antzerkia: ‘Zambra de la buena salvaje’ (Isabel Vazquez)
Gazteleraz

Martxoak 27, ostirala
Antzerkia: ‘El lenguaje de las flores’ (Mikel Losada, Olatz Ganboa, Unai Izquierdo, Getari Etxegarai)
Gazteleraz

Martxoak 29, igandea
Kontzertua: ‘Bost’ (Oreka Reed Quinted eta Da Capo Musika Banda)

Apirilak 12, igandea
Dantza-antzerkia: ‘Hasta el ultimo baile’ (Aiala Etxegarai, Yolanda Bustillo, Amaia Santamaria)
Gazteleraz

Apirilak 18, larunbata
Antzerkia haurrentzat: ‘Sesamo, ireki zaitez’
Euskaraz

Apirilak 19, igandea
Kontzertua: ‘Lur’ (Maddi Oihenart, Juantxo Zeberio Etxetxipia)
Euskaraz

Apirilak 26, igandea
Antzerkia: ‘Massilia’ (Laura Maria Gonzalez, Lluis Marques, Julia Molins, Marti Salvat)
Gazteleraz

Maiatzak 8, ostirala
Antzerkia: ‘Calla y come’ (Pako Revueltas, Enriqueta Vega, Na Gomes)
Gazteleraz

Maiatzak 16, larunbata
Kontzertua haurrentzat: ‘Loa eta Laia zuzenean’
Euskaraz

Maiatzak 22, ostirala
Antzerkia: ‘Promesarik txikiena’ (Intza alkain, Maite Aizpurua Olaizola, Maiana Etxeberri Keufterian, Ane Garcia Lopez)
Euskaraz

Maiatzak 24, igandea
Kontzertua: ‘Su motelean: zentzumenentzako kontzertua’ (Da Capo eta Jose Miguel Olazabalaga sukaldaria)
Testu barik

Ekainak 6, larunbata
Kontzertua: ‘Universo Depedro’ (Depedro)
Gazteleraz

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Urreta Taekwondo Taldeak urrezko bi eta brontzezko lau domina irabazi ditu Euskadiko Poomsae Txapelketan

Itxaso Hernandezek eta Esther Pomarrek urrezkoa irabazi dute, eta Laia Hernandezek, Irati Gonzalezek, Ivan Gallardok eta Hodei Huetek zilarrezkoa

|

Urreta Taekwondo Taldeko kideak Euskadiko Poomsae Txapelketan // Urreta Taekwondo Taldea

Urtarrilaren 10ean Euskadiko Poomsae Txapelketa jokatu zen Bilboko Miribilla frontoian eta bertan Urreta Taekwondo Taldeko kideek hartu zuten parte.

Itxaso Hernandezek eta Esther Pomarrek urrezko domina bana irabazi zuten.

Eta, Laia Hernandezek eta Irati Gonzalezek brontzezkoa lortu zuten banakako eta binakako modalitateetan, Ivan Gallardorekin eta Hodei Hueterekin batera.

Gainera, Izaskun Velezen seigarren postua eta Enara De Santiagoren eta Lucia Da Silvaren debuta nabarmendu dituzte Urreta Taekwondo Taldeko arduradunek: “Merezitako bosgarren eta seigarren postuak lortu zituzten”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaok Itzuliako etapa baten irteera eta helmuga hartuko ditu aurten

Oraindik ez dute zehaztu zein egunetan izango den, baina Itzulia bera apirilaren 6tik 11ra bitartean izango da, eta azken etapa Bergaran jokatuko da

|

Galdakaoko Udalak eta Ocetak hitzarmena sinatu dute gaur // Galdakaoko Udala

2026ko Itzulian Galdakaok etapa baten hasiera eta amaiera hartuko ditu. Oraindik ez dute zehaztu zein egunetan izango den, baina Itzulia bera apirilaren 6tik 11ra bitartean izango da, eta azken etapa Bergaran jokatuko da.

Galdakaok kultura eta historia zabala dauka txirrindularitzaren arloan, eta, urteen joan-etorrian, harreman estu-estua izan du Itzuliarekin. Hori nabarmendu du Iñigo Arriandiaga Hernando alkateak (abizen-aldaketa egin du), eta zentzu horretan, Galdakaoko Txirrindulari Elkarteari, Mozoilo Triatloi Elkarteari eta Txirrindulari Gelari egiten duten lana eskertu du.

“Azken horretan, hain zuzen ere, lan nekaezina egiten da Igor Antonen zuzendaritzapean, txirrindularitzaren kultura neska-mutilen artean sustatzeko asmoz. Ziur jarraipena emango diotela Galdakaok txirrindularitzarekin daukan harreman horri. Talde horientzat guztientzat, harrobi horrentzat eta herritar guztientzat berezia izango da gure herrian munduko txirrindulari onenei harrera egitea”, esan du Arriandiagak.

Gaur sinatu dute hitzarmena Galdakaoko Udalak eta Oceta Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak Itzuliako etapa bat Galdakaon hasi eta bukatzeko.

“Hitzarmen hau oso garrantzitsua da udalerriarentzat. Pozarren gaude, txirrindularien lurra den Galdakaora itzuli garelako. Itzulia eta Itzulia Women askotan igaro dira hemendik, baina 1996az geroztik Galdakaon ez da etaparik egon”, adierazi du Javier Riaño Ocetako presidenteak.

Irteera eta helmuga Galdakaon bertan egongo direnez, udalerriak lasterketarekin daukan harreman historikoa indartuko dute, eta 2026ko edizioko ibilbidean duen agerpena sendotuko dute. Hitzarmenean, bi alderdien arteko lankidetza-esparrua ezarri dute, lasterketako jardunaldia udalerrian bertan antolatzeko eta garatzeko.

Hitzarmenaren sinadura-ekitaldian Arriandiagarekin eta Riañorekin batera izan dira Asier Korta Galdakaoko Udaleko Kirol arloko zinegotzia, Amets Iturbe Gazteria arloko zinegotzia, Iker Amarika Ocetako Harreman Instituzionalerako arduraduna eta Olatz Otero Ocetako idazkaria.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Autismoa eta beste neurodibergentziak dituzten familientzako Material Bankua jarri du martxan Galdakao TEAyudak

Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua, dislexia, disgrafia eta autismoa duten familientzako zerbitzua da: prezio altuak dituzten tresnak doan hartu ahal izango dituzte

|

Gaztain kalean du Material Bankua Galdakao TEAyuda elkarteak // Galdakao TEAyuda

Autismoa, Arreta-defizitaren eta Hiperaktibitatearen Nahasmendua (ADHN), Dislexia, Disgrafia eta beste neurodibergentzia batzuk dituzten familientzako Material bankua jarri du martxan Galdakao TEAyuda elkarteak.

Proiektu aitzindaria da eta helburua da prezio altuak dituzten tresnak doan hartzea familiek. Hala nola, entzumen-hipersentsibilitaterako zarataren aurkako kaskoak, presio sakonaren bidez antsietatea murrizteko mantak eta txakurrak, mugimen-ezinegona bideratzeko fidget diskretuak, denbora kudeatzeko eta ziurgabetasuna murrizteko Time Timersak, argi buzzerrak txandak hartzeko prozesua praktikatzeko, ikusmen-nekearen aurkako tresnak, Disgrafiarako eta Dispraxiarako Ellie eskularrua, gorputz-kontzientziarako mugimendu-arrabolak edota elikadura-aukeraketa lantzeko plater espezializatuak.

“Erosi aurretik, seme-alabentzat baliagarriak izan daitezkeen tresnak doan probatzeko aukera ematen die Material Bankuak familiei”, diote Galdakao TEAyudako arduradunek.

Material Bankua Galdakaoko Gaztain kaleko 4. zenbakian dago, 09:00etatik 14:00etara bitartean. Zerbitzuak 15 eguneko mailegu-sistema du, eta erabilera-gidak eta higiene-protokoloak ditu.

“Galdakaoko Udaleko Herritarren Partaidetzarako alorraren, Nafarroako Rural Kutxaren eta Graficas Galdakaoren funtsezko laguntzari esker izan da posible Galdakaon Material Bankua, baita boluntarioen eta familien lan nekaezinari esker ere”, diote.

Galdakao TEAyudak 5.000 euroko inbertsioa egin du proiektu honetan, eta 2.800 euro bideratu ditu materialak erosteko. “Materialak oso teknikoak dira eta horregatik elkarteak baliabide horien inportazioa Frantzian espezializatutako enpresa batetik kudeatu behar izan du, ez baitugu tresna sorta osoa aurkitu Estatuan”, diote.

Osorik irakurri