→Galdakao

Metroaren 5. linea finantzatzeko eta eraikitzeko hitzarmena sinatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak

Joan den urriaren 21ean Metroaren 5. linea finantzatzeko eta eraikitzeko hitzarmena sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak. Honek esan nahi du bi erakundeek konpromisoa hartu dutela obra egiteko eta alde bakoitzak proiektuaren kostuari (360 milioi euro) %50a jartzeari argi berdea ematen diola. Sarratu eta Galdakao-Usansoloko ospitalea konektatuko duten lan hauen bidez 6,3 kilometro luzatuko da Metroaren gaur egungo linea

Pedro Azpiazu, Unai Remenetria eta Iñaki Arriola // Bizkaiko Foru Aldundia

Joan den urriaren 21ean Metroaren 5. linea finantzatzeko eta eraikitzeko hitzarmena sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak. Honek esan nahi du bi erakundeek konpromisoa hartu dutela obra egiteko eta alde bakoitzak proiektuaren kostuari (360 milioi euro) %50a jartzeari argi berdea ematen diola. Sarratu eta Galdakao-Usansoloko ospitalea konektatuko duten lan hauen bidez 6,3 kilometro luzatuko da Metroaren gaur egungo linea.

5. linea Euskotrenen 3. lineako jarraipena izango da (Matiko-Etxebarri): “Etxebarriko geltokiaren ondoren Euskotrenen Matiko-Etxebarri linearen aire zabaleko desbideratze moduan sortzen da. Beraz, 3. linearen jarraipena izango da, eta, beraz, 5. linea ere Euskotrenen esku egongo da, eta eragiketa-gastuak erakunde horrek hartuko ditu bere gain”, azaldu dute Foru Aldundiko ordezkariek.

Euskotren unitate bat, Basauritik // Geuria

ETS proiektua: 3+1

Euskal Trenbide Sarearen proiektua hiru zatitan banatuta dago: lehena Sarratu-Aperribai arteko zatia dugu; Bigarrena Aperribai-Galdakao; Hirugarrena Galdakao- Galdakao-Usansolo ospitalea; Eta horiei laugarren bat gehituko zaie: Galdakao-Usansolo ospitaletik Durango eta Busturialdera doazen Euskotren lineekin bat egiten duena. Lehen hiru zatien lizitazioa datorren azaroaren 3an argitaratuko dituzte.

“Galdakaora 2027an heltzeko asmoa dugu eta handik ospitalera bi urte geroago” azaldu du Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak. “Ospitaletik Euskotren linearekin bateratuko litzateke konexioa, Durangotik eta Busturialdetik datozen lineekin. 7 minutuko frekuentzia izango du trenak Galdakaon eta Euskotrenek operatuko du bertan”, gehitu du.

 

Sarratuko geltokia disuasio-aparkaleku bihurtzea ekidin nahi du Basauriko Udalak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak