☉ Galdakao
«Pilota herrira gerturatu nahi dugu: Adiskidek bertan jarraitzen duela lau haizeetara zabaldu»

Esku pilotak bide garrantzitsua egin du Galdakaon. Horren adibide da datorren urtean Adiskide Pilota Elkarteak 50 urte beteko dituela. Urrezko ezteiak. Ez da marka makala eta horregatik Gaizka Uriarte Zearra (Galdakao, 1979) Adiskideko presidentearekin batu gara Kurtzeko frontoian.
Adiskideren historia, txikitako oroitzapenak, esku pilotak Galdakaon duen garrantziaz, elkarteak herrian bultzatzen dituen balioez edota etorkizuneko pilotariez berba egin dugu Gaizkarekin. Datorren urtean erakusketa bat antolatu nahi dute Adiskiderekin harremana duen edozer gauzarekin, hala nola, argazkiekin, txapelekin, aldizkariekin edota kartelekin. Erakusketa 2025eko urrian antolatu nahi duten arren, material bilketa martxan jarri dute dagoeneko.
Lehenik eta behin, zorion aurreratuak: Adiskide Pilota Elkarteak 50 urte beteko ditu 2025ean! Eskerrik asko! Ez da marka makala, beraz, pozik biziko dugun urteurrenagatik! Ohore bat da zuzendaritza berri honetzat urteurren honetako parte izatea!
Nondik sortu zen Adiskide sortzeko ideia? 1975ean esku pilotaren mundua gustatzen zitzaien bost lagun batzen ziren eta eurek erabaki zuten sortzea elkartea esku pilotan jolasteko, euskal kultura sustatzeko eta, batez ere, euskara bultzatzeko. Bost lagun horiek ziren: Ealo, Mezo, Orrantia, Uriarte eta Olabarri.
Frankismo garaia zen orduan. Bai. Estatutoak egiteko arazoak izan zituzten. Madrilera joan behar izan ziren eta beraien dirutik jarrita lortu zuten elkartea erregistratzea. Hasieran, elkartearen izena ‘La Amistad’ izango zenaren beldur ziren, baina azkenean utzi zieten Adiskide jartzea.
Zeintzuk izan ziren erronka nagusiak hasiera haietan? Bada, Adiskiden, urteurrena beteko duten Galdakaoko beste elkarteek bezala, erronka nagusia zen: elizatik irteterakoan, lagun kuadrillak, txikiteoan zeuden bitartean, bada bateri gustatzen zitzaion esku pilota, beste bateri mendia, besteari dantza… eta euskararen inguruan elkarte bat sortuta batzeko eta euskaraz berba egiteko aukera izatea, inork ezer esan barik. Azken finean, euskara eta euskal nortasuna bultzatzea eta euskal kulturan sakonduta dagoen esku pilota sustatzea eta herriari erantzun bat ematea izan ziren erronka nagusiak Adiskideren hasierako urteetan.
Eta gaur egun ere bide horretan ari zarete: euskararen sustapena bultzatzen. Galdakaoko kirol elkarte desberdinen artean Adiskide erreferente bat da euskararekiko. Batzordearen gidaritza hartu genuenetik ardatz batzuk markatu genituen, eta oinarria euskara da. Adiskidera datozen ume guztiek dakite euskara, baina bizioa daukate euren artean gazteleraz egiteko; frontoitik kanpo ni ez naiz sartuko, baina frontoi barruan euskaraz egingo da. Entrenatzaileak ere euskaldunak dira. Euskararekin txaparroia sortu nahi dugu; ez bakarrik umeen artean, baizik eta gurasoen artean ere.
Amaia Aldai dabil entrenatzaile lanetan ikusi dugunez. Hala da. Entrenatzailea izateaz gain, koordinatzailea ere bada. Eta beste entrenatzaile bat ere badugu: Eneko Artaraz.
Esku pilotan emakumeen presentzia sustatzeko erreferente ona izango da Amaia lantaldean egotea, ezta? Noski! Gaur egun emakume bakarra daukagu Adiskiden: Amaiur. Ez da lehiatzen, entrenatu baino ez du egin nahi. Entrenatzen oso ondo pasatzen du eta guk hori errespetatu egiten dugu. Gustatuko litzaiguke berak ere parte hartzea txapelketetan oso pilotari ona delako, maila onekoa eta oso jatorra. Eta azken batean hori ere islatu nahi dugu: gure jokalarien nortasuna eta balioak. Eta Amaia Aldai Adiskiden egotea koordinatzaile bezala guretzako garrantzitsua da, bai kirolari maila aldetik bai duen prestigioagatik.
Gaur egun zenbat pilotari daude Adiskiden? Adiskiden 60 pilotari dira gaur egun. 50 urte hauetan mila pilotari baino gehiago izan ditugu. Asko landu izan da ikastetxeekin, eta hortik dator harrobi guztia. Batez ere, Eguzkibegi Ikastola izan zen harrobi handia hasierako garaietan.
Eta gaur egun ere badago harrobia! Noski! Benjaminetan, adibidez, talde oso on bat daukagu. Eta aipatutakoa, ikastetxeetan eta Ikastolan lan asko egin da. Nire seme txikiena, esaterako, bere klasekideekin dabil Adiskiden benjaminetan, eta Ikastolako patioan jolastu egiten dute. Talde ona sortu dute eta gainera maila handikoa! Oso pozik daude eta euren arteko pike sano horrek hobeak izaten egiten die.
Nerabezaroan talde hori mantentzea izango da zailena, agian. Hala da. Nerabezaroan gazteei nagia ematen die, futbolaren influentzia ere nagusia da, lagunekin kalera irteteko nahia ere badago… Eta hor egon daiteke gabezia bat. Eurak motibatzeko moduren bat bilatzeko lanetan ari gara, baina garrantzitsua da hasieratik talde on bat eratzea, denek batera aurrera egin ahal izateko.
Eta hemen galdera zaila: zelan motibatu ume horiek esku pilotan jarraitzeko? Umeak baino, gurasoak. Askotan gurasoek ikusten dute esku pilota bigarren mailako kirol bezala. Adibidez, ordutegiak plazaratzeko orduan beti dator gurasoren bat esanez, “nire umeak ezin du ordu horretan etorri”; futbolean ez da gauza bera gertatzen. Egia esan, esku pilota saiatzen gara malguak izaten, baina umeek benetan etorri nahi dute esku pilotan jokatzera. Geure buruari egiten diogun galdera da: “Zergatik utzi behar dute umeek esku pilota eta ez futbola?”.
Gizartean orokortua dagoen arazoa da hori. Bai. Ematen du futbol klub bateko kamisetarik ez baduzu ez zarela inor gizartean. Eta Adiskideko zuzendaritza batzorde honetatik esku pilotari dagokion prestigioa eman nahi diogu. Galtzen dabilen prestigio hori eman nahi diogu esku pilotari.
Prestigio horren barruan, 50 urte hauetan zehar zeintzuk izan dira klubaren historiako mugarri nagusiak? Adibidez, herri arteko txapelketak. Batez ere, 80. eta 90. hamarkadetan. Pilotari talde majoa zegoen. Azken batean erreferentea izan da Adiskide urte askotan zehar, eta inguruko herrietan —Zaratamon, esaterako— kategoria batzuetan ezin zutenak entrenatu, Galdakaora etortzen ziren. Hala nola, Urrutikoetxea edo Elezkano.
Beste pilotari ezagun batzuk ere igaro dira Adiskidetik. Bai, noski! Oier Zearra, Karmelo Ariznabarreta edo Mikel Larunbe, batzuk esatearren. Beraiek izatea Adiskidetik irtendako norbait, hori ere azkenean mugarri bat da. Ume askorentzat erreferente izan dira pilotari profesional horiek. Eta horregatik prestigioa eman nahi diogu Adiskideri eta esku pilotari orokorrean. Galdu edo irabazi berdin du, baina behintzat kirolaz disfrutatzea nahi dugu, euskal giroan, giro sano batean, eta ez konpetentzia batean.
Etorkizunean Adiskidetik irtendako pilotaririk ikusiko dugu maila profesionalean? Izango litzateke oso polita, baina ez da arduratzen nauen zerbait. Beteranoen talde bat badago —Ajuriagogeaskoa, Unai Atutxa, Legorburu, Oier Zearra…— eta askotan txapelketak jokatzen dituzte. Galdakaoko jaietan, adibidez, beteranoen partida egon zen eta profesionalek baino espektakulu handiagoa eman zuten. Nik nahi dudana da Adiskiden egondako pilotari horiek sortzea horrelako taldetxo bat eta ondo pasatzea. Norbait maila profesionalera helduko dela? Bada, fenomeno! Baina ibilbide guztia, benjaminetik nagusietara disfrutatzea da benetan nahi duguna. Pilotariei esaten diegu emaitzak berdin duela; garrantzitsua ondo pasatzea dela.
Hitz egin dezagun orain 50. urteurreneko ospakizun ekintzez. Datorren urtean gauza asko egin nahi ditugu, baina kontuan hartu behar dugu 2025ean Galdakaoko beste elkarte batzuek ere urteurrenak ospatuko dituztela. Hala nola, Gangurenek edo Andra Mari Dantza Taldeak. Eta ez dugu nahi ospakizun ekitaldiak zapaltzea. Gure asmoa da udatik aurrera antolatzea jarduerak. Adibidez, urrian erakusketa bat antolatu nahi dugu, mahai-inguruak edota lehengo, oraingo eta etorkizuneko pilotariekin partiduak egin eta bazkari bat antolatu ere!
Hasteko, erakusketa horretarako material bilketa ari zarete egiten. Bai. Adiskiden ibili den edozein pertsonak etxean duen materiala jaso nahi dugu. Hala nola, argazkiak, txapelak, kartelak, aldizkariak, kamisetak… Adiskiderekin harremana duen edozer gauza jaso nahiko genuke erakusketa horretarako. Oraindik urtebete falta da erakusketarako, baina denboraz prestatu nahi dugu erakusketa txukun bat antolatzeko.
Logo berri bat ere aurkeztuko duzue. Bai. Urtea bukatu aurretik aurkeztuko dugu 50. urteurreneko logoa. Adiskideren logo berria du oinarri logo berriak: borobila da eta aurretik 5 bat jarri diogu.
Zelan eragin du Adiskidek Galdakaoko komunitatean eta eskualdean? Eskualdeko pilotariak etortzeaz gain, hemendik kanpokoak ere izan dira Adiskiden. Zaratamoko, Etxebarriko edota Larrabetzuko herritarrak etorri dira Galdakaora esku pilotan jolastera, eta herrian bertan ere Adiskide oso familiarra izan da. Eta horretan eragin du Adiskidek gizartean: euskal giroko gune bat, kirola euskaraz egiteko gune bat, eta gure nortasunaren parte den kirola sustatzea. Galdakao, Adiskide barik, izango litzateke gabezia bat eskola kirolean. Eta nik uste dut hori Galdakaok ulertu egiten duela; hau da, krisi garai bateko alerta biziko bagenu Adiskiden, Galdakaok lagunduko luke aurrera egiten.
Jaio zinenean, Gaizka, dagoeneko Adiskide sortuta zegoen. Txikitako oroitzapenik baduzu? Nik Gandasegin ikasi nuen, frontoiaren ondoan, eta gogoratzen dut askotan etortzen ginela frontoi zaharrera. Estali gabekoa zen eta bazeukan bere xarma. Zegoen giro polita ondo gogoratzen dut: euskalduna, familiarra eta denok elkar ezagutzen genuen. Nik urtebete jokatu nuen esku pilotan: ikusi nuen hau ez zela nire kirola! (kar, kar, kar) Ez nintzen batere ona, baina oso ondo pasatzen nuen. Oier eta Eñaut nire lehengusuek, adibidez, bide luzeagoa egin zuten esku pilotan, eta nire osaba, Juan Cruz, ere zuzendaritza batzordean egon zen. Beraz, lotura zuzena izan dut Adiskiderekin. Jolastea ez hainbeste, baina esku pilotaren munduan sortzen den giroa eta frontoiak berak bazuten iman bat bertara etortzea erakartzen ninduena.
Eta orain, Adiskideko presidente ardura hartu duzu! Bai. Iazko urrian hartu genuen aurreko zuzendaritza batzordearen herentzia. Nik, adibidez, seme nagusia eta txikia ditut Adiskiden jokatzen, eta beti egon naiz prest elkartea laguntzeko. Gainontzo batzordekideak berdin, eta horregatik hartu genuen zuzendaritza batzorde berria eratzeko ardura. Ni presidentea naiz, baina izendapen bat baino ez da: batzordeko denok gaude maila berean.
Etorkizunari begira, zeintzuk dira Adiskidek dituen erronkak? Jarraitzea. Eta jendea konturatzea futbolaz eta saskibaloiaz aparte badagoela beste zerbait. Eta beste zerbait, gainera, oso interesgarria eta oso sanoa. Hori da gure helburuetako bat batzorde bezala: pilota herrira gertuarazi, herria bera konturatzeko euskal pilotak hor jarraitzen duela eta jarraituko duela.
☉ Galdakao
Auzoakeko zinegotziek eta “batzarraren erdiak baino gehiagok” ez zuten sare sozialetan publikatu den komunikatuaren berririk
“Auzoak osatzen dugun batzarraren erdiak baino gehiagok ez genuen Facebooken argitaratu dutenaz ideiarik ere ez. Harrituta gaude denok”, esan diote GEURIAri

“Harrituta”. Horrela daude Auzoak plataformako hainbat kide, tartean, Toño Gonzalez eta Monika Bailon zinegotziak.
Atzo, 2026ko aurrekontua onartzeko ez-ohiko bilkura baino bi ordu eta erdi aurretik, Auzoak Galdakao Facebook profilean komunikatu bat kaleratu eta herriko hedabide batzuk etiketatu zituzten, GEURIA barne.
Honakoa dio oharrak: “Jakinarazi behar dugu EH Bilduk, Usansolo Herriak eta Auzoak osatzen duten gobernu taldeak gaur aurkeztuko duen aurrekontua ez dela gure Auzoakeko batzarrean ez proposatu, ez alderatu, ez eztabaidatu, ez bozkatu ez onartu. Auzoakeko batzarretik behin baino gehiagotan eskatu dugu parte hartzeko interesa, baina Auzoak ordezkatzen duten bi zinegotziek ez diote jaramonik egin gure eskaerari”.
Adierazpena Auzoakeko Batzarra osatzen duen “gehiengoak” sinatu duela adierazi dute.
Komunikatuaren berri izan orduko, Galdakaoko Udalean Auzoaken ordezkari diren zinegotziekin eta plataformako beste kide batzuekin jarri zen harremanetan GEURIA eta “harrituta” zeudela esan zuten.
Eta gauean euren erantzuna idatziz jaso genuen: “Auzoak osatzen dugun batzarraren erdiak baino gehiagok ez genuen Facebooken argitaratu dutenaz ideiarik ere ez. Harrituta gaude denok”, esan diote GEURIAri.
Zentzu horretan, “laster” bilera bat izango dutela esan dute, “gai honi buruz gehiago jakiteko”.
“Sare sozialen bidez jakin dugu Auzoakeko batzordearen kide garen hainbat eta hainbat pertsona. Plataformako kide batzuen aldetik ekitaldi koldar samarra izan dela uste dugu”, esan dute.
☉ Galdakao
Bideoa | Zein da euskarazko hitz politena? Galdakaoko Mintzodromoan galdera bota dugu!

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, gaur, abenduak 4, Mintzodromoa antolatu dute Galdakaon [hemen argazkiak!]. Bertan izan gara eta eguna aprobetxatuta, galdera bakarra bota diegu parte hartzaile batzuei: zein da euskarazko hitz politena? Entzun erantzunak!
☉ Galdakao
2026ko aurrekontua onartu dute Galdakaon gobernu taldearen aldeko botoekin
Oposizioaren “borondate falta” salatu du gobernu taldeak. EAJk eta PSEk adierazi dute gobernu taldearengan “konfiantza galdu” dutela

EH Bilduren, Usansolo Herriaren eta Auzoaken aldeko botoekin eta EAJren eta PSEren kontrako botoekin onartu dute Galdakaoko 2026ko aurrekontua.
Guztira 47,6 milioi euro kudeatuko ditu Udalak datorren urtean, eta aurrekontuak herritarren “benetako beharrizanei” erantzuten diela esan du Alberto Ealo Ogasun arloko zinegotziak, “galdakoztarren bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin”.
Urtarrilaren lehen astetik aurrera indarrean egongo da aurrekontu berria, Edurne Espilla jarduneko alkateak ez-ohiko osoko bilkuran adierazi duenez.
Oposizioa kontran
EAJk eta PSEk kontran bozkatu dute gobernu taldearen aurrekontu proposamena.
Alfredo Olea jeltzaleak adierazi duenez, gobernu taldearen aurrekontu proiektua “kontinuista” da: “Gardentasunik eza, marketing politikoa eta autobonboa nabarmentzen ditugu”.
Ildo horretan, “oinarrizkoa betetzeko” aurrekontua dela adierazi dute, eta salatu dute gerora gobernu taldeak aurrekontu-aldaketak egingo dituela: “Datorren ekitaldian ziur makromoldaketak bozkatu beharko ditugula, gehiengoa gastu arrunta finantzatzeko”, esan du Oleak.
EAJk ez du emendakinik aurkeztu, eta arrazoia honakoa: “Iaz adostasuna lortu genuen, akordio batzuk lortu genituelako, baina orain errealitatea bestelakoa da, atsekabegarria da. Adostutako proiektu asko egin gabe daude; gure konfiantza eman genuen iaz, eta orain konfiantza hori hautsita dago”, esan du Ainhoa Agirregoikoa jeltzaleak.
Kontran, PSEk zortzi emendakin aurkeztu ditu, milioi bateko balioarekin. Hala ere, ez dute bat bera ere onartu: gobernu taldeak kontran eta PSEk eta EAJk alde bozkatu dute.
“Izateko bokazioarekin eta oposizio konstruktiboa eginez analisia egin dugu. Emendakinak aurkezten ditugunean horiek baloratzea eskatzen dugu, baina ez da horrela izan gobernu taldearen aldetik”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.
Gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proposamena “urria” dela deitoratu du alderdi sozialistako zinegotziak.
“Iaz abstentziora jo genuen 2025eko aurrekontuaren bozketan gobernu taldearekin proiektuak adostu genituelako, baina gaurdaino ez dira egin”, salatu du Trimiñok: “Ez dute gure konfiantza berriro merezi”.
Alberto Ealo EH Bilduko zinegotziak oposizioaren “borondate falta” salatu du: “Urriaren 24an jakinarazi genien proposamenak jasotzeko prest geundela —oraindik zirriborroa osatu gabe zegoenean, ekarpenak errazago txertatzeko moduan— eta horretarako bi aste eman genizkien. Epea amaituta, ez genuen proposamenik jaso. Ondoren, bi alderdiekin partekatu genuen aurrekontuaren zirriborroa, eta berriro ere ekarpenak egiteko aukera zabaldu genuen”.
“PSEk emendakinak aurkezteari ekin beharrean, prentsara jotzea erabaki zuen, marketing edo propaganda ariketa gisa; gainera, emendakinak epez kanpo aurkeztu zituen. EAJ alderdiak, ez du emendakinik aurkezteko saiakera ere ez egin”, esan dute EH Bilduko ordezkariek.
Zentzu horretan, negoziaketarako “eskua luzatuta” izan dutela argudiatu dute ezker koaliziotik, “nahiz eta udalbatzan gehiengoa izan”.
Eta adibide gisa azaldu dute 2021etik oposizioaren 23 emendakin onartu dituztela: “Horietatik 13 eginda daude, eta beste bost bideratuta ditugu”, esan du Espillak, eta gaineratu du: “Egia da asko iaz onartutako proiektuak direla, baina egia da ere batzuk bideratuta daudela dagoeneko, bidean daudela”.
☉ Galdakao
Galdakaoko Auzoak plataforman desadostasunak daude 2026ko Udal Aurrekontua dela eta

EH Bilduk, UHk eta Auzoakek osatzen duten Galdakaoko gobernu taldeak 2026ko aurrekontu proposamena aurkeztu dute gaur goizean prentsaurrekoan, arratsaldean ez-ohiko osoko bilkuran eztabaida egon aurretik.
Eta, bitarte honetan, Auzoak plataformak komunikatu bat argitaratu du sare sozialetan 14:00ak aldera, herriko hedabide batzuk etiketatuta, GEURIA barne.
“Jakinarazi behar dugu EH Bilduk, Usansolo Herriak eta Auzoak osatzen duten gobernu taldeak gaur aurkeztuko duen aurrekontua ez dela gure Auzoakeko batzarrean ez proposatu, ez alderatu, ez eztabaidatu, ez bozkatu ez onartu. Auzoakeko batzarretik behin baino gehiagotan eskatu dugu parte hartzeko interesa, baina Auzoak ordezkatzen duten bi zinegotziek ez diote jaramonik egin gure eskaerari”, salatu dute Facebooken publikatu duten komunikatuan.
Adierazpena Auzoakeko Batzarra osatzen duen “gehiengoak” sinatu duela adierazi dute.
“Atzerapauso larria”
“Udalbatzan onartzeko tramiteak gure batzarraren onespena behar ez badu ere, Auzoaken egoera hau atzerapauso larria da Auzoak proiektuaren funtzionamendu parte-hartzailean eta espiritu asanblearioan”, gaineratu dute.
Auzoakeko bi zinegotziek “zer bozkatuko duten ez” dakiela esan du Auzoakeko batzordearen gehiengoak; “nolanahi ere ziur gaude gure auzoen eta auzotarren ongizaterako erabakirik onena hartuko dutela”.
GEURIAk udalbatzan ordezkaritza duten zinegotziekin hitz egin du eta euren balorazioaren zain gaude. Gainera, Auzoakeko beste kide batzuekin ere jarri gara harremanetan eta adierazi dute plataformako kide guztiak ez zeudela komunikatu horren jakinaren gainean.
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakaoko Mintzodromoak 120 lagun batu ditu gaur Kurtzeko frontoian

Mintzodromoa antolatu dute gaur Galdakaon. Berbalagunak, euskaltegietako eta Bengoetxe, Eguzkibegi eta Elexalde ikastetxeetako ikasleak, herriko elkarteetako ordezkariak eta norbanakoak batu dira euskaraz berba egitera Kurtzeko frontoian. Guztira 120 lagun elkartu dira euskaraz modu parte hartzaile eta lasaian aritzeko.









































































