→Galdakao

Ahoztar Zelaieta kazetaria zaharren egoitzen negozioari buruz arituko da Galdakaon

‘Residencias SA. El negocio de los cuidados en Euskal Herria’ liburua aurkeztuko du Ahoztar Zelaietak urtarrilaren 27an Galdakaon.

Argazkia: txalaparta.eus

Ahoztar Zelaieta kazetariak zaharren egoitzen “negozioari” buruz arituko da Galdakaon. ‘Residencias SA. El negocio de los cuidados en Euskal Herria’ liburua (Txalaparta, 2021) aurkeztuko du urtarrilaren 27an, ostegunez, 19:00etan Ganguren tabernan. Liburu aurkezpena 20 minutu atzeratu dute, ostegunean bertan 19:00etan Mohamed El-bachir gaztea omentzeko elkarretaratzea deitu dutelako eta antolatzaileek bat egingo dutelako kontzentrazioarekin.

“Zaharren egoitza batean bizi diren pertsona batzuen matxinadaren fikzio baten aitzakiarekin, sektorearen erradiografia azalerazten saiatu naiz. Ikerketa honen ondorioz erresidentzien sektorean eman den pribatizazioaren kronologia laburbiltzen dut, “euskal oasian” eta baita Nafarroan ere”, dio Zelaietak berak.

Era berean, pribatizazio prozesu horretan enpresa pribatuak onuratu direla salatzen du Zelaietak liburuan: “Hain zuzen ere, bi enpresa mota: alde batetik, talde handiak (Espainiako erresidentzien sektorean pisu handiena dutenak) eta bestetik, Hego Euskal Herrian sortutako tokiko enpresa multzoa. Talde handiak eta tokiko enpresa hauek bat egiten dute Hego Euskal Herriko patronalean”, dio Zelaietak, eta gaineratu du: “Kargu publiko ohi batzuek tokiko enpresa hauek sortu dituzte edota zuzendaritzan daude. Erresidentzien patronalean ere kargu publiko ohi batzuk daude; are gehiago, enpresa pribatuetan ibilitako batzuk arduradun politiko izendatu dituzte azken urteotan. Politika sozialetan ardura izan duten kargu ohi batzuk ere enpresa pribatuetan lan egiten dute orain”.

Sektore feminizatu honetan eman den lan gatazkari buruz ere aritze da liburuan Zelaieta, “baita erresidentzietan dauden pertsonen senideak salatu dituzten gaiak ere”. Azkenik, pandemiak erresidentzietan “eragindako kalteak” eta pandemiaren aurretik erresidentzietan egindako ikuskatzen ondorioz “jarritako isunak” azpimarratzen ditu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak