☉ Galdakao
Sedentarismoaren aurka egiteko Altzeu doako zerbitzua martxan jarriko dute Galdakaon
Herria eta herritarrak aktibo egotea. Hori da Galdakaoko Udalak Osakidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Mugiment egitasmoarekin martxan jarriko duen Altzeu zerbitzu berriaren helburu nagusia.
Jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoaren aurka egiteko orientazio zerbitzua izango da, herritarren bizi kalitatea hobetzeko. Doakoa izango da zerbitzua eta herritarren gaitasun eta zailtasunetara egokituko dute, bizi ohitura aktibo eta osasuntsuagoak sustatzeko.
Horretarako orientatzaile batek erabiltzaileen beharrak eta lehentasunak kontuan hartuko ditu eta bakoitzarentzat egokia den jarduera fisikoa identifikatuko du, programa bat proposatuko du edota bakoitzari hobekien egokitzen zaion udalerriko jardueren berri emango dio, baita elkarrekin jarritako helburuen betetze mailaren jarraipena egin ere. Gainera, tailerren bidez indarra, oreka, erresistentzia eta malgutasuna landuko ditu bakoitzaren ongizatea lortzeko.
Orientatzailea Jon Oteo izango da, jarduera fisikoko profesionala. “Metodologia zehatza landuko dugu. Orientatzaileak elkarrizketak izango ditu erabiltzaileekin, bakoitzaren beharrak ezagutzeko eta ondoren, orientazio prozesuari ekiteko. Prozesu hori bakarka edo taldeka izan daiteke, eta asmoa da erabiltzaileek era autonomoan egitea jarduera fisikoa”, adierazi du gaur prentsaurrekoan Mikel Urbano Galdakaoko zerbitzua kudeatuko duen Mugikon taldearen ordezkariak.
Jarduera fisikoa sustatzeko Altzeu orientazio zerbitzua martxan jarriko dute azaroaren 4an, astelehenez. Torrezabal Kultur Etxeko lehenengo solairuan egongo da zabalik astelehenetan, 10:00etatik 14:00etara.
Era berean, Urretako anbulatorioan ere eskainiko dute zerbitzua ostegunetan, 16:00etatik 20:00etara. “Asmoa dugu zerbitzua ere Aperribaiko kontsultorioan eskaintzea: aztertzen ari gara noiz eskaini dezakegun”, dio Urbanok.
Inaktibo egotetik aktibo egotera
Altzeu zerbitzua elkarlanaren emaitza da: “Zerbitzua martxan jartzeko elkarlana garrantzistua izan da: Udalaz gain beste agente batzuekin batera sustatu dugu zerbitzua: Osakidetzarekin, Mugiment egitasmoarekin eta Mugikon taldearekin”, dio Asier Korta Kirol arloko zinegotziak.
Hain zuzen ere, proiektua Galdakaoko Udaleko Kirol arlotik bultzatu dute, baina zeharkako zerbitzu bat dela gogorarazi du Kortak, “Gizarte Ekintza, Gazteria edota Parte-hartzea arloak ere barne daudelarik”.
“Ariketa fisikoa egitetik urrun daudenei agindu egiten die zerbitzuak: ‘Altzeu!’. Pertsonak aktibatzea da asmoa, euren bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin”, dio Kortak.
Beste modu batera esanda, herritarrak inaktibo egotetik aktibo egoterako saltoa eman dezaten bultzatuko du Altzeu zerbitzuak.
“Pertsona inaktiboei zuzendutako zerbitzua da: jarduera fisikoa egiteko aholkuak, gidak eta laguntza emango dizkiegu Altzeu zerbitzuaren bitartez”, adierazi du Dalda Baraiazarra Mugiment proiektuaren Idazkaritza Teknikoko ordezkariak.
Onurak osasunean
Jarduera fiskoa modu erregularrean egiteak onura ugari eragiten dizkiola osasunari adierazi du Nagore Aio Osakidetzaren ordezkari eta Galdakaoko anbulatorioko erizainburuak, eta hainbat gaixotasuni aurre egiteko eraginkorra dela gogorarazi du, “hala nola, hipertentsioa, diabetesa, asmoa, hiperkolesterolemia eta depresioa, beste batzuen artean”.
“Jarduera fisikoa egiteak lagundu egiten du gaixotasun askoren prebentzioan. Osakidetzako langileok ariketa fisikoa egitearen garrantzia azpimarratu egiten diegu herritarrei gure kontsultetan. Gure aldetik, perfil desberdinetako herritarrak bideratuko ditugu Altzeu zerbitzura. Kontsultan azalduko diegu zertan datzan zerbitzua eta orientatzailearenera bidaliko dugu”, dio Aiok.
Iñigo Hernando alkateak adierazi du “proiektu integrala” dela, “ahalik eta herririk osasuntsuena bultzatzeko”. “Edozein herrik behar du osasuna, bai fisikoa, mentala zein aisialdikoa. Eta Altzeu zerbitzuaren helburu nagusia da herri aktiboa eta herritar aktiboak edukitzea”, dio Hernandok.
☉ Galdakao
Saharako, Hondurasko, Kolonbiako, El Salvadorreko eta Guatemalako emakumeen bizipenak entzungai izango dira Galdakaon
‘Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileak’ foroa antolatuko dute azaroaren 19an, asteartez, Galdakaon. Zehazki, mundu zabaleko emakumeek bizi dituzten eskubide urraketak azaleratuko dituzte jardunaldi horretan.
Horretarako, Saharako, Hondurasko, Kolonbiako, El Salvadorreko eta Guatemalako emakumeek euren bizipenak kontatuko dituzte. Horiek dira: Mansoura Bachari (Sahara), Diana Carolina Maradiaga (Honduras), Astrid Torres Ramírez (Kolonbia), Amaranta Margarita Portillo (El Salvador) eta Lin Valenzuela (Guatemala).
“Jardunaldian zehar, giza eskubideen defendatzaile diren erakunde horiek izaten dituzten erresistentziak ikusaraziko dira, haiei babesa emateko jasaten dituzten erasoen, mehatxuen, jazarpenaren eta hilketen aurrean”, diote udal ordezkariek.
Jardunaldiaren helburua da mundu osoko giza eskubideen urraketei buruz hausnartzea eta kontzientziatzea, eta nazioarteko elkartasuna lantzea.
‘Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileak’ foroaren seigarren edizioa azaroaren 19an, asteartez, izango da udaletxeko bilkura aretoan, 18:00etan. Herritarrentzat irekia izango da jardunaldia.
Nor da nor
Mansoura Bachari. Saharako Emakumeen Batasun Nazionala (Mendebaldeko Sahara). Elkartea 1974an sortu zen, autodeterminazio eskubidearen alde eta Saharako gizartean eta haren garapenean emakumeek duten protagonismoa ikusaraztearen garrantziaren alde saharar herria batzeko beharraren aurrean. Horretarako, eta beste ekintza batzuen artean, emakumeek espazio politiko, soziokultural eta profesionaletan parte hartzea bultzatzen dute.
Diana Carolina Maradiaga. Giza Eskubideen Defentsa Sare Nazionala (Honduras). Giza eskubideak defendatzen dituzten emakumeen borrokarako espazio kolektiboa da. Bere lana ekintzak babestea eta ahotsak, salaketak eta lortzen duten ezagutza zabaltzea da. Emakume defendatzaileek eta beste pertsona batzuek duten arriskua agerian uzten dute, eta haien autobabesean eta autozaintzan lan egiten dute. Herri komunikazio feminista egiten dute, irratsaioen eta sare sozialen bidez beren pentsamendua, sentimendua eta egitekoa eremu publikora eraman ahal izateko.
Astrid Torres Ramírez. Defendatzaileak gara (Kolonbia). Giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeek osatutako babesgunea. Kolonbiako indarkeriak eragindako talde sozialen eta komunitateen giza eskubideak defendatzeko egiten duten lanagatik arriskuan dauden pertsonak babesteko proposamen integral bat garatu nahi du.
Amaranta Margarita Portillo. Mélida Anaya Montes ‘Las Mélidas’ Emakumeen Elkartea (El Salvador). Erakunde feminista, emakume heldu eta gazteen ahalduntzean laguntzen duena, kultura patriarkala eta haien aurkako zapalkuntza eta bidegabekeria mota guztiak desagerrarazten laguntzeko. Aliantza estrategikoak sortzen dituzte mugimendu feministarekin eta gizarte mugimenduarekin, gizarte bidezkoagoa eta naturarekin harmoniatsuagoa eraikitzeko.
Lin Valenzuela. Guillermo Toriello Fundazioa (Guatemala). Guatemalako lurralde aniztasunetik abiatuta, tokiko garapen prozesuak bultzatzen ditu, bake akordioen esparruan, gizartea eta demokrazia eraldatzen lagunduko duten erabakiak hartzeko proposamen gaitasunarekin. Memoria historikoaren, tokiko boterearen demokratizazioaren, landa garapen parte hartzailearen eta komunitate sarea sendotzearen alde lan egiten dute.
2020an bat egin zuen Galdakaoko Udalak Giza eskubideen defendatzaile diren pertsonak babesten laguntzea helburu duen eta tokiko erakundeek osatzen duten Herri Babesarea ekimenarekin. Euskal erakundeen sare honek bultzatzen duen lankidetza horren barruan, Mundu Bat elkarteak Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileak lelopean sustatzen duen 6. foro ibiltaria hartuko du Galdakaok azaroaren 19an.
☉ Galdakao
Miren Arzalluz galdakoztarra izendatu dute Bilboko Guggenheim museoko zuzendari berri
Bilboko Guggenheim museoak zuzendari berria izango du: Miren Arzalluz Loroño galdakoztarra (1978). Arte historialari, moda aditu eta Parisko Palais Galliera museoko egungo zuzendaria da Arzallus.
2025eko martxoaren 1ean hartuko du kargu berria Arzalluzek Bilboko Guggenheim museoko patronatuak gaur bertan adierazi duenez. Izendapena, hain zuzen, gaur bertan egin dute publiko, ezohiko bilkura egin ostean.
Martxoaren lehenengoan kargua hartu ondoren, apirilaren 1era bitartean murgiltze-prozesu bat egingo du Arzalluzek Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoetan, Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim Museoko zuzendariarekin batera.
Xabier Arzalluz Eusko Alderdi Jeltzaleko presidente historikoaren alaba da Miren. Galdakaorekin harreman estua izan du Arzalluz Loroño familiak; horren adibide da, 1984an Elexalden Xabierri atera zioten argazki bat elkarbanatu zuen alabak 2020ko apirilean, bere aitaren omenaldi lez. Xabier Arzallus 2019ko otsailean zendu zen.
Artetik modara
Moda historialari eta ikertzailea da Arzalluz. Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen Historia eta doktoregoa egin zuen, eta Londresen jarraitu zuen formazioa gero.
Artearen Historian Masterra egin zuen The Courtauld Institute of Art-en, eta ondoren, Politika Konparatuaren Masterra egin zuen London School of Economics unibertsitaean.
Bestetik, janzkeraren historiak gizartearen historian duen isla izan da haren interes alorretako bat. Esate baterako, Cristobal Balentziagaren lana sakon ikertu zuen; zentzu horretan, Cristobal Balentziagaren Fundazioko erakusketa eta bildumaren arduraduna ere izan zen zazpi urtez.
Gainera, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari ere izan zen Miren Arzalluz urtebetez. Ondoren, Parisko Palais Galliera moda museoko zuzendari izendatu zuten. Gaur arte. 2025eko martxoan hartuko du Bilboko Guggenheim museoko zuzendaritza.
☉ Galdakao
Valentziara bidaltzeko material bilketa antolatu du Errotuk Galdakaon
Valentziara bidaltzeko material bilketa antolatu du Errotuk Galdakaon azaroaren 12an eta 14an. Higiene pertsonalerako produktuak (konpresak, fardelak), kaleen garbiketarako materiala (palak, botak) eta garbiketarako produktuak (lixiba, ur botilak) jasoko dituzte.
Bilketa 17:00etatik 20:00etara bitartean egingo dute Pontzi Zabala kaleko bidegurutzean.
☉ Galdakao
Etxeetan irisgarritasuna hobetzeko edota energia berriztagarriak jartzeko gehienez 8.000 euro emango ditu Galdakaok
Dirulaguntza horiek apiriletik aurrera eska ditzakete galdakoztarrek, eta laguntzak emateko kontuan hartuko dituzte 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako lanak
Igogailuak lehenengo aldiz jartzea, komunitateetan edo etxeetan oztopo arkitektonikoak kentzea, pasabide edo ateak egokitzea, bainuontzien ordez dutxak jartzea, isolamendu termikoa hobetzeko lanak egitea, edota energia berriztagarriko iturriak instalatzea diruz lagunduko du Galdakaoko Udalak.
Zehazki, Galdakaoko etxebizitzetan eta bizitegi-eraikinetan irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko eta energia iturri berriztagarriak instalatzeko lanetarako 200.000 euroko laguntza lerroa onartu zuen udalbatzak aho batez urriko osoko bilkuran.
Orain, oinarriei bide emateko tramitazio guztiak egin ondoren, dirulaguntza eskatzeko eskaerak 2025eko apiriletik aurrera egin ahalko direla aurreikusi dute udal ordezkariek.
Diru laguntzen zenbatekoa diru sarreren araberakoa izango da etxe partikularrei dagokien laguntzetan, eta gehienez 3.000 eurokoak izango dira etxebizitza bakoitzeko eta laguntza lerro bakoitzeko. Erkidegoei dagokienez, inbertsioaren % 40a ordainduko dute gehien jota, 8.000 euroko mugarekin.
Gauzak horrela, Udalak 200.000 euro bideratuko ditu 2024-2025 aldian beren etxebizitzetan edo eraikinetan aipatutako hobekuntzak egiten dituzten auzokideentzat.
“Laguntzak emateko kontuan hartuko dira 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako lanak, eta beraz, komenigarria da fakturak eskura edukitzea”, diote udal ordezkariek.
Galdakaoko Udaletik adierazi dutenez, “asmoa da dirulaguntza hauek urtero ematea, udalbatzak urtez urte erabakitzen duen diru kopuruarekin”.
☉ Galdakao
Olabarrietako Katamar haurreskolan estalkia jarri du Galdakaoko Udalak
Olabarrietako Katamar haurreskolako erabiltzaileek dagoeneko estreinatu dute kanpoko jolastokiko estalkia.
Estalkia jartzeko lanak uztailean hasi zituen Galdakaoko Udalak, Olabarrietako auzokideek azken urteetan egindako eskaerari erantzunez, eta hilabete honetan bukatu dituzte.
“Egitura berri honen funtzio nagusiak umeak euritik babestea eta itzala ematea dira, bertan eguzkiak gogor jotzen du eta. Hala ere, estalkiaren materiala zeharrargia izanik, aldi berean argi naturala sartuko da. Halaber, led motatako argi puntuak jarri zaizkio estalkiari, ilunabarretan eta egunik ilunenetan argitasunez ikusteko”, diote udal ordezkariek.
Bestetik, hainbat lekutan zartatuta dagoen jolastokiko zorua ere konponduko du Udalak: “Gomazko zoru berria ipiniko da, zehazki, haurrak segurtasun handiagoz jolastu daitezen”, diote.
Lan horiek Gabonetako oporraldian egingo ditu Udalak, “haurreskolaren funtzionamenduari ez eragiteko”.