Sareak

☉ Galdakao

Ane Legarreta galdakoztarrak +Musicas saria irabazi du grabaketa klasikorik onenari ESAS sarearekin

‘Dance of chance’ lanarekin irabazi dute saria. Sari banaketa urriaren 6an izan zen Madrilen. Legarretarekin berba egin dugu GEURIAn

|

Ane Legarreta galdakoztarra (erdian), Natalia Sanchezekin (ezkerrean) eta Haizea Huegunekin (eskuman) batera // Utzitakoa

ESAS Emakume Sortzaile eta Artisten Sareak +Musicas saria irabazi du grabaketa klasikorik onenari, ‘Dance of chance’ lanarekin. Musikan emakumeen talentua sustatzen dute +Musicas sariek.

Sari banaketa urriaren 6an izan zen Madrilen, Sofia Erregina Museoan, eta bertan izan zen Ane Legarreta musika zuzendari galdakoztarra eta ESAS sarearen parte ere diren Natalia Sanchez flautista eta Haizea Huegun konpositorea.

“Oso pozik gaude saria jaso izanaz. Hitzaldian adierazi genuen ESAS sarean elkarlanean sinesten dugula eta disziplina artistiko desberdinak eta musika estilo desberdinak elkarlanean jartzea dela gure helburuetariko bat, emakume artistak bateratze horrek urrunago eramango gaituelako”, esan dio GEURIAri Legarretak.

Legarreta, Sanchez eta Huegun, hirurak, igo ziren eskerrak ematera eszenatokira, baina galdakoztarrak hartu zuen hitza jendaurrean: “Saritua izan den grabaketak musika klasikoa eta musika elektronikoa uztartzen ditu, elkarrekin egindako lanean sendo sinesten dugulako, ez bakarrik musika diziplina ezberdinen artean, baita arte diziplina ezberdinen artean ere”, esan zuen Legarretak.

“ESAS 2021ean sortu genuen, musika klasikoaren esparruan noizean behin bakarrik sentitu garelako bai eszenatokian bai eszenatokiaren atzean”, gaineratu zuen galdakoztarrak.

Grabaketa klasikorik onenaren saria irabazteko beste hautagaiak ziren Laura Andres pianista eta Maria Parra Trio hirukotea. Eta saria Isabel Dobarro piano-jotzaileak eta Juan Antonio Simarro konpositoreak eman zieten.

MasMusicas entitate independente bat da 2018tik musika estilo desberdinetako emakume artistak saritzen dituena. “Guretzat sorpresa izan zen musika klasikoa kategoria ere egotea sarietan, normalean industria musikaleko beste sektore bat delako. Orduan Bad Gyal edo Mala Rodriguez bezalako artistak egon ziren gala berdinean egotea eta parte hartzea oso hunkigarria izan zen!”, esan digu Legarretak.

“Zuzeneko musika egon zen, Rita Payes ere saritu zuten eta berarekin egoteko tartetxoa ere izan genuen”, kontatu dio Legarretak GEURIAri.

☉ Galdakao

Garbiñe Martin bigarren sailkatu da ‘Talentos by Abril’ gastronomia lehiaketan

Galdakaoko Ostalaritza Eskolako ikaslea bigarren izan da Estatu mailako ‘Talentos by Abril’ lehiaketan

|

Gabriñe Martin bigarren sariarekin // Argazkia: Galdakaoko Ostalaritza Eskola

Garbiñe Martin, Galdakao Ostalaritza Eskolako ikaslea, ‘Talentos by Abril’ gastronomia lehiaketaren laugarren edizioaren finalean parte hartu zuen atzo, GEURIAn kontatu genizuen bezala.

Galdakao Ostalaritza Eskolako ikasleak ‘Itsas Begitelle’ sukaldaritza-proposamena aurkeztu zuen Santiago de Compostelan jokatutako finalean, eta bigarren saria irabazi zuen.

‘Abril’ markako olio-produktuen sorta esklusibo bat eman zioten Garbiñeri, eta markak parte hartuko duen Estatu mailako ekitaldietan parte hartzeko aukera izango du.

“Talentua, ahalegina eta ikasleek eta irakasleek batera egindako lanaren islada da Garbiñek jaso duen saria. Zorionak txapelduna!”, esan dute Galdakaoko Ostalaritza Eskolako ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Adiskide Pilota Elkarteak txapelketa berezia martxan jarriko du Galdakaon: 14 eta 99 urte bitarteko jokalariak gonbidatu ditu

Partidak apirilaren 15etik ekainera bitartean jokatuko dira Kurtzeko frontoian. Binakako txapelketa izango da eta izena emateko epea zabalik dago martxoaren 15era arte

|

Adiskideko pilotari gazteak, 2022an // Geuria

Galdakaoko Adiskide Pilota Elkarteak txapelketa berezia jarriko du laster martxan: I. Adiskide Pilota Txapelketa.

Gaur egun pilotari direnen eta pilotari izan direnen arteko txapelketa izango da, eta 14 eta 99 urte bitartekoak gonbidatu dituzte parte hartzera.

Txapelketa binaka jokatuko da Kurtzeko frontoian eta lehenengo partidak apirilaren 15ean jokatuko dira. Ostiralero izango dira partidak 19:00etatik aurrera eta finalak ekainaren erdialdean izango dira.

“Ekimen honekin Adiskide Pilota Elkarteko Batzordeak frontoia ostiralero giro alaiarekin betetzea du helburu”, diote antolatzaileek.

Txapelketa jokatu nahi dutenek izena eman behar dute martxoaren 15a baino lehen adiskidepelota@gmail.com helbidera mezua idatzita, Kurtzeko frontoian bertan edo Adiskideko batzordekide bati adieraziz. Bikotekako izena ematearekin batera 10 euro ordaindu behar dira eta bakarka izena emango duenak 5 euro ordainduko ditu.

Atzoko eta gaurko pilotariak

“Ostiral arratsaldeetan Kurtzea frontoian giroa sustatzeko helburuz, nagusien maila ezberdinetako partidak izango ditugu ikusgai. Aspalditxoan pilotan aritu gabe ibili direnek ere txapelketan parte hartzea nahi dugu, pilota goxoarekin jokatuko baitira partidak”, zehaztu dute.

Binakako txapelketa izango da eta bikoteka aurkezteko aukera dagoen arren, bikoterik ez duenak ere izena eman dezake eta Adiskidetik bikotea topatuko diote.

Zortzi tantoko bi jokoz osatuko da partida eta berdinketa izatekotan berdinketa haustea lau tantora izango da.

“Hiru kategoria ezberdin izango ditu txapelketak, mailaka sailkatuta, ahalik eta partida berdintsuenak izateko helburuarekin”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko udal garajeetan 1.284 eskaera jaso dituzte 253 plaza esleitzeko: bost pertsona plaza bakoitzeko

Eskainitako plaza kopurua baino 1.031 eskaera gehiago jaso ditu Galdakaoko Udalak. Behin behineko zerrendak alegatzeko epea zabalik dago martxoaren 20ra arte

|

Eskainitako plaza kopurua baino 1.031 eskaera gehiago jaso ditu Udalak // Galdakaoko Udala

Iturrondoko, Paopako, Lapurdiko eta Berezikoetxeko udal aparkalekuetan hutsik dauden plazak esleitzeko prozesua hasi zuen Galdakaoko Udalak otsailean.

Eta prozesuak interes handia piztu du galdakoztarren artean. Izan ere, libre dauden 253 plaza esleitzeko 1.284 eskaera jaso ditu Udalak: eskainitako plaza kopurua baino 1.031 eskaera gehiago, hau da, bost pertsona daude plaza bat lortzeko.

Datuak datu, alokairu erregimenerako 103 plaza daude eskuragarri eta eskaerak 1.061 izan dira, eta lagapen modalitatean 150 plaza betetzeko 223 eskaera aurkeztu dituzte.

Eskaera kopuru horietatik 40 baztertu egin ditu Udalak behin behinean, batez ere, eskatzaile berak ibilgailu berari buruzko eskaera bat baino gehiago aurkezteagatik edo auto bereko titularkide batek baino gehiagok zozketan parte hartzea eskatzeagatik. “Kasu horietan azken eskaera kontuan hartu da, aurrekoak baliogabetuz”, azaldu dute udal ordezkariek.

Behin behineko zerrendak alegatzeko epea zabaldu du Udalak martxoaren 20ra arte: “Tarte horretan, eskaera egin duten pertsonek behin behineko zerrenda aztertu eta alegazioak aurkez ditzakete, akats edo intzidentziaren bat antzemanez gero”, diote.

Alegazioak Udalari zuzendutako eskabide orokorraren bidez izapidetu ahal izango dira, bai egoitza elektronikoaren bidez, bai Esan herritarren arretarako bulegoan.

Epe hori amaitu ondoren, martxoaren 24an argitaratuko dute behin betiko onartutako pertsonen zerrenda. Eta ondoren, martxoaren 27an udal garajeetako plazak esleitzeko zozketa publikoa egingo du Udalak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Jonkass abeslariak kontzertua emango du Galdakaon, Korrika Kulturalaren barruan

Martxoaren 13an, ostiralez, izango da kontzertua Iturrondo plazan. Egun horretan ere Bertso poteoa ere izango da Galdakaon, besteak beste

|

Bakarkako proiektua hasi du Jonkass abeslariak // Argazkia: Elkar Musika

Jonkass musikari bizkaitarrak kontzertua emango du Galdakaon, Korrika Kulturala egitarauaren barruan.

Emanaldia martxoaren 13an, ostiralez, izango da Iturrondo plazan 21:00etatik aurrera.

Horrez gain, martxoaren 13an bertan Korrikaren aldeko beste ekimen batzuk antolatuko dituzte Galdakaon: Gurasolagun Gandasegin (17:00etatik 20:00etara), Bertso poteoa Ganguren tabernatik Onintza Enbeitarekin eta Igor Elortzarekin (19:00etan) eta Beti Jai Fanfarriarekin kalejira Iturrondo plazatik hasita (19:00etan).

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Korrikaren aldeko Bertso poteoa antolatu dute Galdakaon, Onintza Enbeita eta Igor Elortza bertsolariekin

Martxoaren 13an, ostiralez, izango da jarduera. Gainera, Beti jai Fanfarria eta Jonkassen kontzertua ere antolatu dituzte egun berean Galdakaon

|

Aurtengo Bertso Derbian parte hartu dute Onintza Enbeitak eta Igor Elortzak // Argazkia: Bertsoa.eus

Korrika Kulturalaren barruan, Bertso poteoa antolatu dute Galdakaon martxoaren 13an, ostiralez.

Onintza Enbeita eta Igor Elortza bertsolariak arituko dira bat-bateko bertsoak botatzen.

Bertso poteoa Ganguren tabernan hasiko da 19:00etan eta herriko tabernetatik ibilbidea egingo dute.

Bestetik, martxoaren 13an bertan Korrikaren aldeko beste ekimen batzuk antolatuko dituzte Galdakaon: Gurasolagun Gandasegin (17:00etatik 20:00etara), Beti Jai Fanfarriarekin kalejira Iturrondo plazatik hasita (19:00etan), eta Jonkassen kontzertua Iturrondon (21:00etan).

Osorik irakurri