→Galdakao

Aperribaiko hirugarren igogailuko oinarrizko egitura jarri dute dagoeneko

Osasun zentroaren ondoan bukatuko da igogailuaren pasalera // Geuria

Aperribaiko hirugarren igogailua eraikitzeko lanetan ari da Galdakaoko Udala. Hain zuzen ere, auzoaren behealdetik, N-634 errepidetik, osasun zentrora arteko igogailua eraikitzeko lanak hasi zituzten urtarrilean eta laster bukatuko dituzte. Igogailuaren egitura dagoeneko jarri dute.

Igogailuaren egitura jartzeko lanak direla eta, kale mozketak eta trafikoan aldaketak egongo dira ibilgailu zein oinezkoentzat. Aldaketa horiek dira: Olabarrietatik Aperribairako kalea itxita dago Olabarrieta 5. zenbakiaren aurrean; N-634 errepidetik Olabarrieta eta Txistulandarako sarrera moztuta dago autobus geltoki ondotik; Aperribaitik N-634 errepiderako bidea moztuta dago anbulatorio ondotik; eta debekatuta dago inguru horretan aparkatzea.

Hirugarren igogailua Aperribain

Auzoan eraikitzen ari diren igogailua hirugarrena da. Gaur egun bi igogailu eta arrapala mekaniko bat martxan daude jada: alde batetik, Osakidentzako kontsultategia eta frontoia lotzen dituena eta bestetik, Aperribai kaleko 34. zenbakia eta 46. zenbakia lotzen dituena, eta tartean bi igogaiu horien arteko arrapala mekanikoa ere.

Igogailuaren egitura // Argazkia: Geuria

Hirugarren igogailua eraikitzearekin batera, beste lan batzuk ere egingo dituzte Aperribaiko eremu horretan: dozena bat aparkaleku sortuko dituzte anbulategiaren ondoan, baita anbulantzientzako edo mugitzeko arazoak dituzten pertsonak hartu eta uzteko gune bat ere. “Era berean, arrapalak eraikiko dira anbulatorio aurreko plazan, dauden koskak saihestuta irisgarritasuna hobetzeko”, diote udal arduradunek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak