Sareak

☉ Galdakao

Familia migratzaileak integratzeko kulturarteko loturak sortu ditu Aperribaik

Laguntza Sareak Ehuntzen proiektua abiarazi zuten 2019an Aperribai auzoan, herritar migranteak integratzeko asmoz. Orain sarea herri osora hedatu nahi dute

|

Proiektuaren parte-hartzaileak, aurkezpenean / Geuria

Galdakaoko Aperribai auzoan jatorri desberdinetako hainbat kultura batzen dira, eta horrek erakusten du bertan dagoen kultura-aniztasuna aberatsa dela, “herriko handiena”, herritarren eta Udalaren arabera.

Ildo horretan, ikuspegi komunitarioa errotzeko helburuarekin eratu zuten 2019an Laguntza Sareak Ehuntzen proiektua Aperribaiko elkarteek eta norbanakoek, atzerriko jatorria duten auzokideek eta Galdakaoko Udalaren gizarte hezitzaileak.

“2019an Udaleko gizarte hezitzaileok ikusi genuen etorri berriak ziren familiek ez zutela sarerik egunerokoan aurrera egiteko. Eta Aperribain, berta dagoen kultura aniztasuna ikusita, bilerak egiten hasi ginen Basandere Emakume Taldearekin, Auzo Elkartearekin eta Argizai Eskaut Taldearekin. Auzoko elkarteekin hasi nahi genuen proiektua bertako errealitatea ezagutzeko eta herritar migranteak laguntzeko. Oinarrizko behar baten falta somatu genuen: arropak; eta horrela zabaldu genuen Armairu Solidarioa”, dio Naiara Ramos gizarte hezitzaileak.

Armairu Solidarioan herritarrek dohaintzan ematen dituzte arropak eta horien beharra duten auzotarrek hartzen dituzte. Eperlandako eskola zaharren lokalean dago Armairu Solidarioa eta asteazkenero zabaltzen dute 16:30etik 19:30era bitartean. Era berean, arropaz gain, umeentzako jostailuak eta bestelakoak ere jaso eta dohaintzan uzten dituzte.

Horrez gain, hainbat ekintza antolatzen dituzte Eperlandan: “Komunitate osoa ezagutzeko tailerrak, besteak beste”, dio Belen Relea Aperribaiko Auzo Elkarteko kideak. Pilates astean bitan izaten dute; dantza sevillanak, zunba, eta josteko eta kakorratz lanetarako tailerrak astean behin eskaintzen dituzte; irakurketa tailerra hamabost egunean behin; eta haurrentzako arabiar eskolak eta nagusientzako gaztelaniazkoak ere antolatzen dituzte. Usansolon ere migranteentzako gaztelaniazko eskolak eskaintzen dituzte asteazkenetan 10:30etik 11:30era UHren lokalean.

Halaber, urtean behin irteera bat antolatzen dute Aperribaiko umeek ere euren artean batu daitezen: “Aurten Donostiako Aquariumera joango gara. Bi autobus bete ditugu, benetan arrakastatsua!”, dio Releak. Era berean, urtean behin ere auzo bazkaria antolatzen dute: aurten maiatzaren 25ean izan da Aperribaiko frontoian. Hala nola, marokoar bazkaria dastatzeko aukera izan zuten: oilasko halala, arroza eta postre desberdinak, “auzotarrek eurek egindakoak”. Musika eta hennazko tatuajeen tailerrak ere antolatu zituzten.

“Familia bat gara”

Naiara Ramos gizarte hezitzaileak azaldu duenez, Eperlandako eskola zaharren lokala “elkargunea” da: “Harrera eta laguntza emateko gunea, beharrak eta zalantzak partekatzeko gunea. Auzoak eskatzen duenera eta behar duenera moldatzen gara”, dio Ramosek, eta migranteen harrera gero eta “positiboagoa, ahalduntzaileagoa eta politagoa” dela zehaztu du.

Naoual Hajoubi jatorri arabiarra du eta Aperribain bizi da duela urtebete: “Oso pozik bizi gara Aperribain. Integratuta gaude eta familia bat sortu dugu: edozein laguntza behar izatekotan Sareko taldean topatzen dut, eta lagun harremana errotu dugu”.

“Plazera izan da Aperribaira etortzea. Alde handia nabaritu dut bizi izan garen beste herriekiko. Adibidez, gure seme-alabek arabiera ikasi ahal dute Aperribain. Aukera hori ez dago leku askotan eta guretzat garrantzitsua da gure seme-alabek arabiera ikasten jarraitzea. Euskara eta arabiera ikas dezatela nahi dut”, dio Naoualek: “Laguntza Sareak Ehuntzen proiektua Galdakaoko herri osora zabaltzeak gehiago aberastuko du herria”.

Irene Romero Aperribaiko bizilaguna da eta Basandere elkarteko kidea, eta Laguntza Sareak Ehuntzen proiektuan parte hartzen du: “Beste herri batzuetatik etorritako auzokideak eta Aperribai bertakoak naturaltasunez batzen gara. Egunerokoan lan egiten dugu auzo hobea eta solidarioa eraikitzeko. Migratzaileek guk ematen dieguna baino gehiago ematen digute. Auzokoak dira, lagunak”.

“Gure errealitatea elikatzea”

“Aniztasun asko dago Aperribain eta horrek pertsona bezala aberasten gaitu eta gure errealitatea elikatzen du”, dio Amets Iturbe Gizarte Ekintzako zinegotziak: “Errealitate desberdinen inklusioa gizartean errotzen ari gara, eta ezinbestekoa da bide horretatik jarraitzea: ekintza txikietatik handietara”.

Edurne Espilla Migrazio zinegotziak Aperribaiko esperientzia zoriondu du: “Bertan ari direnek egiten duten lana eskertzekoa da, eta eredu da. Asko dugu ikasteko”, dio Espillak. Hain zuzen ere, esperientzia beste eremu batzuetara eramateko nahia adierazi du.

2022an Galdakaoko Udalak Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiarekin jatorri atzerritarra daukaten herritarren egoera aztertu zuen, eta Aperribaiko proiektuak azterketak agerian utzitako eginbeharrekin bat datorrela zehaztu du Espillak: “Azterketaren emaitza oso argia izan zen: ez dago gizarte gatazkarik, baina atzerritik etorritakoak eta bertan jaiotakook ez dugula elkarbizitzen ondorioztatu genuen. Aperribin sortu diren harreman hauek, elkarrekintza hauek, onurak baino ez dituzte, aberastasuna dira herriarentzat, ezberdintasunei aurre egiteko baliabide egokia”.

Norabide horri eusteko asmoa azaldu du, beraz, Jon Gayarre Udaleko Migrazio teknikariak. “Indar eta ahalmen handia du proiektu honek eta Udaletik sustatu behar dugu”, azaldu du. Bide horretan lanean ari dela zehaztu, Udala Galdakaon Aniztasunaren Mahaia sortzeko lanean ari dela jakinarazi, eta egiten ari den lanaren emaitza zehatzak aurrerago ikusiko direla adierazi du.

☉ Galdakao

Argazkiak / Galdakaoko Udalaren aurkako “eraso euskarofoboa” salatu dute ehunka herritarrek

Hizkuntza politiketan jauzi bat emateko garaia dela aldarrikatu dute gaur Kontseiluak eta Bagabiz Euskara Elkarteak

|

Euskararen kontrako “beste oldarraldi judizial bat” salatu dute gaur Galdakaon ehunka herritarrek. Zehazki, Galdakaoko Udalak 2022an egindako gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanpostua egonkortzeko deialdian ezarritako euskara eskakizuna baliogabetzearen Bilboko epaitegiaren epaia salatu dute.

Epai horren arabera, “diskriminatzailea” da euskara hizkuntza eskakizuna eskatzea: “Oldarraldi judizialak ez du etenik. Sententziaz sententzia, gero eta argiago geratzen ari da olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafobo honen atzean ezkutatzen den mezua: urrunegi joan zarete eta mugak jarri behar dizkizuegu”, adierazi dute gaur Galdakaon egin duten elkarretaratzean. Guztira 200 lagun bertaratu dira Kontseiluak eta Bagabiz Elkarteak deitu duten euskararen oldarraldiaren kontrako kontzentraziora.

“Edozerk balio du epaitegietatik euskararen normalizazioa sustatu nahi duten neurriak baliogabetzeko: ezin da euskara eskatu “zailegia” delako, ezin da euskara eskatu “inposizioa” delako, ezin da euskara eskatu “gehiegizkoa” delako, ezin da euskara eskatu “diskriminatzailea” delako… Eta horrela, Galdakaoko Udalean gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanposturako euskara eskakizuna gehiegizkotzat jo du epaileak, Udalaren eskumenaren aurka eta herritarren hizkuntza eskubideen kaltetan”, diote Kontseiluko eta Bagabiz Euskara Elkarteko ordezkariek.

Bai Kontseiluak bai Bagabiz Euskara Elkarteak “gogor” salatu dute “botere judizialaren injerentzia hau”, eta, era berean, “euskararen ekosistema berri bat” aldarrikatu dute, “gure eskubideak egiazki bermatuko dituena eta euskaraz bizitzea posible egingo duena”, diote.

“Erasoei erantzun behar zaie, baina bada garaia harago joateko, hizkuntza politiketan jauzi bat emateko: aurre egitetik, aurrera egiteko”, diote, eta gaineratu dute: “Gure herriko edozein herritarrari ere dei egiten diogu, eremu publiko zein pribatuan, bere hizkuntza-eskubideak urratu direla sentitzen badu, Hauspotu zerbitzuaren bidez horren berri eman dezan”.

350 atxikimendu

Atzo, Galdakaoko Udaleko langileek kontzentrazioa egin zuten udaletxe aurrean, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Eta gaur, Kontseiluak eta Bagabiz Elkarteak deitutako herri elkarretaratzera ehunka lagun batu dira.

Era berean, Galdakaoko Udalaren aurkako eraso euskarofoboa salatzeko atxikimendua eman dute 300dik gora norbanakok eta herriko 35 elkartek eta taldek.

“Argi utzi nahi dugu euskaraz bizi nahi dugula eta ez dugula eskubide murrizketarik onartuko!”, bukatu dute elkarretaratzea.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Lanpostu guztietan “euskararen gutxieneko ezagutza bermatzea” aldarrikatu dute Galdakaoko udal langileek

Euskararen aurkako “beste eraso bat” salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Galdakaoko Udaleko langileek

|

Galdakaoko Udaleko langileek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian udaletxe aurrean // Argazkia: LAB Sindikatua

Euskararen aurkako “beste eraso bat” salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Galdakaoko Udaleko langileek. Zehazki, Galdakaoko Udalak 2022an egindako gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanpostua egonkortzeko deialdian ezarritako euskara eskakizuna baliogabetzearen epaia salatu dute.

Epai horren arabera, diskriminatzailea da euskara hizkuntza eskakizuna eskatzea, “eta, beraz, euskararen ezagutza kentzen du Galdakaoko Udalaren lanpostu batetik”, salatu dute ELAko ordezkariek. ELArekin batera LABeko ordezkariek egin dute elkarretaratzea.

Gaineratu dutenez, sektore judizial, politiko eta sindikal batzuek “gaztelaniaren erabateko nagusitasuna inposatu nahi dute, eta, azkenaldian ikusten dugun bezala, euskararen aurka egiten dute etengabe”.

Kontseiluak, ELAk eta LABek 15 urteko epean administrazioa euskalduntzea helburu duen akordioa azpimarratu dute. “Eta horrela, lanpostu guztietan euskararen gutxieneko ezagutza bermatzea, horrela bakarrik bermatuko baita euskaldunek zerbitzua euskaraz jaso eta euskaraz lan egin ahal izatea, gaztelaniazkoek bezala”, diote.

Bihar, ekainak 20, Kontseiluak eta Bagabiz Euskara Elkarteak elkarretaratzea deitu dute Ardanza parkean 19:30ean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Santi Brouard plazan eta Mugurun San Juan suak piztuko dituzte

|

Andra Mari Dantza Taldeak eta Zizpak San Juan suak piztuko dituzte Santi Brouard plazan eta Mugurun // Geuria

Udari ongi etorria emateko San Juan bezperan, ekainaren 23ko gauean, suak pizten dira Euskal Herrian. Galdakaon, Urretako jaietan sua pizteaz gain, beste bi su piztuko dituzte: Santi Brouard plazan eta Mugurun.

Galdakaoko Udalak, herriko hainbat eragilerekin batera, hainbat ekintza antolatu ditu:

Egitarauak / San Juan suak Galdakao

Ekainak 23, igandea

Santi Brouard plazan
22:00 San Juan suaren bueltan, erritualak eta konjuruak, ume jokoak, sanjuanetako kantuak, eta erromeria. Andra Mari Dantza Taldeak antolatuta

Muguru
22:30 Dantza ikuskizuna: ‘San Juanetako taupadak’, Taupadak Dantza Eskolak eta Zizpa Gazte Asanbladak antolatuta
22:45 San Juan sua, txokolatada eta San Juan ura. Zizpa Gazte Asanbladak antolatuta
23:00 Erromeria: Gautegun

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Euskararen aurkako erasoa salatzeko elkarretaratzea egingo dute Galdakaoko Udaleko langileek

Galdakaoko Udaleko Langile Batzordeak kontzentrazioa deitu du bihar, ekainak 19. Gainera, ekainaren 20an elkarretaratze handia deitu dute Kontseiluak eta Bagabiz elkarteak

|

Iazko uztailean EAEKo alkateek Konstituzionalak euskararen kontra emandako epaia salatu zuten, tartean, Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea // Kontseilua

Euskararen aurkako sententzia jaso du Galdakaoko Udalak. Zehazki, Udalak 2022an egindako gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanpostua egonkortzeko deialdian ezarritako euskara eskakizuna baliogabetu du Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4. epaitegiak.

Hori salatu zuten ostiralean Euskalgintzaren Kontseiluak eta Galdakaoko Bagabiz Euskara Elkarteak, eta elkarretaratzea deitu dute ekainaren 20an 19:30ean Ardanza parkean.

Era berean, Galdakaoko Udaleko Langile Batzordeak (LAB eta ELA sindikatuak) ere kontzentrazioa deitu du bihar, ekainak 19, 13:30ean udaletxeko plazan, “administrazioaren euskalduntzearen eta langileen eskubideen aurkako azken sententzia salatzeko”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Programa / Urretako jaiak 2024

Ekainaren 21etik 23ra bitartean izango dira Urretako jaiak, Galdakaon. Urretaldeak 50 ekintza antolatu ditu:

|

Herri bazkaria izango da ekainaren 23an Urretako jaietan // Geuria

Ekainaren 21etik 23ra bitartean izango dira Urretako jaiak, Galdakaon. Urretaldeak 50 ekintza antolatu ditu:

Egitaraua / Urretako jaiak 2024

Ekainak 20, osteguna
Barrakak irekitzea, Romualda plazan

Ekainak 21, ostirala
16:30 Aurpegiak margotzea eta eskulanen tailerra, Ludotekak antolatuta
17:30 Guarrindongada Jokoak eta ur-borroka, Topaguneak antolatuta
19:00 Pregoia: Erabide Emakume Elkartea eta Femme
19:00 Txosnak irekitzea eta Rally Poteorako txartelak eta Bingorako kartoiak ematea
19:00 Soka Batukada
19:30 Sardina-jan herrikoia
20:00 Mozoilo Irratia
20:00 Musika: Femme
20:00 Musika: Femme-Adur
21:00 Musika: Femme-Lena Makana
22:00 Musika: Viktor Kordoba DJ + Tracy DJ + Divinoa DJ
04:00 Txosnak ixtea

Ekainak 22, larunbata
11:00 Artisau Azoka Urreta parkean
11:00 Patinaje artistikoko erakustaldia eta tailerra Skating 4 Gurpilen eskutik Urreta eskolan
12:00 Txosnak irekitzea
12:00 IA & Robotics Txokoa Izarra Topagunean
12:00 Puzgarriak, ur-puzgarriak… Urreta parkean
12:30 Putxeren III. Lehiaketan izena ematea
13:00 Rally Poteoa
13:00 Kalejira: Da Capo Musika Banda
13:30 Soka Batukada
14:00 Putxeren aurkezpena eta sari banaketa
14:00 Putxera zozketa Urreta zelaian
16:00 Apar festa Urreta parkean
16:00 Mus txapelketa Gure Bastartxue tabernan
17:00 Patata tortillen X. Lehiaketan izena ematea
17:00 I. Futbolin Txapelketa, Iluntze tabernak eta Solabarriak Dardosek antolatuta
18:30 Tortillen aurkezpena eta sari banaketa
19:00 Kalejira eta animazioa tabernetatik
19:30 Txokolatada
20:00 Kontzertuak Musika Eskolako etxartean: Koiu + Tinta + Garaje-drama
00:00 Dantzaldia: Princesa taldea
01:30 Bingoa eta ezusteko emanaldi berezia
02:00 Dantzaldia: Princesa taldea

Ekainak 23, igandea
12:00 Txosnak irekitzea
12:00 Kalejira eta animazioa tabernetatik
12:00 Familiako I. Futbolin Txapelketa, Iluntze tabernak eta Solabarriak Dardosek antolatuta
12:30 Txupiponpa tailerra Urreta parkean
13:00 Rally Poteoa
13:00 Galdakaoko Ad Libitum Txistu Banda
13:00 Meza
13:00 Paella lehiaketaren X. edizioan izena ematea
14:30 Paellen aurkezpena eta sari banaketa
15:00 Herri bazkaria
16:00 Aurpegiak margotzea, tailerrak eta jolasak Argizai Eskaut Taldeak antolatuta
17:00 Stunt Rider motorren erakustaldia
17:00 Txupiponpak Urreta parkean
19:00 Kontzertua Patxi tabernan: Tequilas
21:00 Zozketa Urreta zelaian: Rally Poteoko saria
22:00 Tributu kontzertua: El Barrio
22:30 Sua piztea
00:00 Jaien amaiera

Osorik irakurri