→Galdakao

Arantza Gallastegui: «Jokalariek marrazo usaimena dute; zalantzan zaudela sumatzen badute, zure iritzia aldatzen saiatuko dira»

Galdakoztarrak bidea ireki du: gizonezkoen futboleko hirugarren mailan arbitratu duen lehen emakume euskalduna da Arantza Gallastegui. Gainera, emakumezkoen
F Ligako epailerik gazteena izaten jarraitzen du bere bosgarren denboraldian.

Arantza Gallasteguirekin batu gara Elexaldeko futbol zelaian // Geuria

[2022ko azaroaren 3an paperezko edizioan publikatutako elkarrizketa – Geuria 090] Arbitrajetik bizitzea errealitate bat da orain. Arantza Gallastegui Perezek (Galdakao, 1997) ia hamarkada bat darama txilibituaren aldeko apustua egiten, eta pasa den hilean elkargokideen geldialdiarekin bat egin zuen bere sektorearen erregularizazioan aurrera egiteko. Euskal ligan eta bigarren mailan jokatu ondoren, epaile galdakoztarrak gizonezkoen eta emakumezkoen ligako kategoria profesionalak arbitratzen ditu gaur egun. Laugarren arbitro bezala nazioarteko partidetan ere izan da, urratsez urrats futbolaren panoraman finkatuz. Topiko guztietatik urrun, bere betebeharra zein den argi utzi du: zelai-eremuan justizia bilatzea.

Zure kirol-ibilbidean ikuspegi guztietatik bizi izan duzu futbola.
Jokalari garaian kirolaren balioak ikasi nituen, batez ere laguntasuna. Lan Bide klubean hasi nintzenean zortea izan nuen emakumezkoen taldea osatuta zegoelako; gaur egun ez da hori klub askotan gertatzen. Seinale ona da, herrian emakume jokalarien kopurua handitzen ari dela esan nahi duelako. Kide guztiak eskualdekoak ginen eta gure kuadrila propioa sortu genuen. Jarduera asko egiten genituen elkarrekin, hala nola mendira joatea, eta oroitzapen polita gordetzen dut. Gero Galdakaoko klubera pasatu ginen, eta handik Bizkerreraino oso etapa ona izan nuen, partida asko irabazten genituelako. Gainera, Galdakaoko talde erregionala sortu zenean bertan egon nintzela esan dezaket, eta klubarekin batera trantsizioa bizi izan dudala. Arratian, ordea, txanponaren beste aldea bizitzea egokitu zitzaidan, irabaztea zailtzen ziguna. Uste dut azken urte horretan ikasi nuela gehien talde bat izaten, emaitza txarrak izan arren familia bat ginelako.
Entrenatzaile gisa erantzukizun-maila bat hartu nuen, azken finean jokalarientzat erreferentea nintzelako. Jokatzen ikasteaz gain, jokalari onak izan zitezen ere irakatsi behar nien; hau da, kiroltasuna sustatu eta horren adibide izan.
Azkenik, epailea izanik, erantzukizun hori biderkatu egin da, partidaren “boterea” nire esku dagoelako. Nire nortasuna indartzen ere ikasi dut, talde bakoitzeko hamaika jokalariek euren ongia bilatzen dutelako, eta nik, aldiz, guztiena. Paper bat betetzen dugu eta seguru agertu behar dut, nahiz eta batzuetan ez egon. Arbitrajeari esker ulertu dut nik ikusten dudan errealitatea ez dela beti zuzena. Gertatu izan zait jokaldi argi bat ikustea eta bideoa errepasatzean horrela ez dela izan konturatzea. Gizakiak gara eta huts egiten dugu. Ez naiz berdina zelai barruan eta kanpoan, baina epaitzea egokitzen zaidanean autoritatea erakutsi behar dut, ahalik eta zuzenena izanik. Iragarki bat ikustean bururatu zitzaidan ideia, eta futbolaren barruan beste rol bat probatzeari ekin nion. Ikastaroa egin nuen, haurrak arbitratzen hasi nintzen eta pixkanaka proba fisikoak eta azterketak gainditu nituen mailaz igotzeko. Azkenean alde horretatik jo dut eta, aizu, badirudi asmatu dudala!

Urtez urte gora egin, eta gaur egun emakumezkoen lehen mailan eta gizonezkoen hirugarren mailan arbitratzen duzu.
Zorte handia izan dut eta mailaz maila igotzen joan banaiz batzordeak nigan konfiantza duelako izango da. Horrek esan nahi du gauzak ondo egiten ari naizela. Bakarrik ez egoteak eta taldekideak hegaletan izateak ere asko laguntzen du, lana errazten dizutelako. Garrantzitsuena sinestea da: kategoria batean egoteko adina balio ez duzula uste baduzu, handi geratuko zaizu. Beste partida bat bezala hartu behar da. Lehen mailan edo kadete batean huts berdinak egin ditzakezu. Akatsak kudeatzen jakitean dago gakoa, hori baita zailena. Konturatu ondoren alde batera uzten ez baduzu, bigarrena egingo duzu. Onartu eta jarraitu egin behar da, eta askotan hori da kanpoko jendeak ulertzea kostatzen dena. Epaileen gainean topiko asko daude, eta aldatu egin behar dira. Ez dugu inor izorratu nahi, baizik eta gure lana ahalik eta ondoen eta bidezkoena egin.
Bi ligen artean topatzen dudan aldea erritmoa dela esango nuke. Azkenean, biologikoa da. Mutilek neskek baino indar handiagoa dute eta azkarragoak dira; orduan, jolasaren erritmoa biziagoa da. Baina taktikoki, emakumezkoen futbola oso aurreratua dago. Arbela oso kontrolatuta daukate, eta hori mugimenduetan eta jokaldietan nabaritzen da. Egia da, halaber, profesionalak direla eta horretan aritzen direla buru-belarri.

Elkarrizketarako irekia dagoen epaile gisa duzu zeure burua. Zure ustez, funtsezkoa al da zelai barruko komunikazioa?
Jokalaria nintzenean amorru handia ematen zidan, adibidez, norbaitek ostikada bat emateak, epaileak ez ikusteak eta “ez zaitu ukitu” esateak. Ostikada sentitu dut, beraz, ukitu nau. Seinalatzen dudan guztia azaltzen saiatzen naiz. Jokalari batek, ziurrenik, ez du nire iritziarekin bat egingo, baina gutxienez ulertu dezala zer ari naizen adierazten. Ulertzen dut zuk gauza bat ikusi eta ondokoak ez ikustearen frustrazioa, bizi izan dudalako. Orduan, gehiago edo gutxiago gustatu, justifikazio bat emango dizut: zergatik niretzat hori falta den edo ez den. Askotan arazoak ekarri dizkit, informatzaileei ez zaielako gustatzen jokalariekin hainbeste hitz egitea, baina nire izateko modua da. Jokalari batzuek eskertzen dute. Beste batzuek ez hainbeste, ez baitizute entzun nahi esaten ari zarena gustatzen ez zaielako. Adibidez, hirugarren mailako lehen jardunaldian, taldeetako bateko kapitainak eskerrak eman zizkidan gauzak nola azaltzen nituen gustatu zitzaiolako. Maila profesionaletan jokalariek araudia hobeto ezagutu beharko luketela uste dut. Zein oinarriren gainean epaitzen ari zaizun baldin badakizu, noiz erreklamatu dezakezun jakingo duzu. Izan ere, zerbait gaizki eskatzen baduzu, sinesgarritasuna galduko duzu. Madriletik emakumezkoen lehen mailako kirol-integrazioetara bidali gaituzte arbitroak, denboraldia baino lehen joko-arauen hitzaldi txiki bat emateko. Eta nik uste dut hori dela egokiena, minimo batzuk jakin ditzaten. Talde guztiek egin dezakete, eta lurralde-batzordeari eskatuz gero, ez dute arazorik izango norbait bidaltzeko, baina hori bakoitzaren esku dago.

Zein baldintza fisiko eta tekniko izan behar ditu epaile batek?
Asteko zazpi egunetatik batean hartzen dut atseden nik. Askotan jokaldira metro bat berandu iristeak ekintza ondo ikustea galarazten dizu; orduan, kategoriarekin bat datorren erritmoari eusteko entrenatu behar da. Gehien lantzen dudana abiadura da, aurretik berotu, indar pixka bat eta ariketa espezifikoren bat egin ondoren. Alde teknikoari begira, arautegiaren jakinaren gainean egon behar gara eta, batez ere, gizonezkoen lehen eta bigarren mailetan dauden kideen partida asko ikusi. Espainian epaileen maila ikaragarria da, eta asko laguntzen du kokapena, irizpideak… aztertzeko. Gainera, Iberdrola Ligan gure partidak berriro ikusteko betebeharra dugu, jokaldiak analizatzeko eta hutsegiteetatik ikasteko. Gogoeta egin behar dugu gure ekintzak apuntatuz, bideoa ikusi ondoren nola jokatuko genukeen hausnartuz eta akatsa zergatik egin dugun azalduz. Aurreko partidetako aktak ere begiratu ohi ditut, baina ez zait asko gustatzen, jokalari batek partida batean gorri bat eduki izanak ez baitu esan nahi kolpe asko ematen dituenik. Nesken kasuan plataforma bat dugu, non partida guztiak agertzen diren, eta antzeko taldeen aurka jokatu dutenak edo azken bi-hirurak ikusten saiatzen naiz. Laburbilduz, egun osoan futbola ikusi eta hori guztia lanarekin uztartzen dut, ordutegi malgu samarra dudalako. Orekan egiten dut lan, Zorrotzan dagoen entrenamendu funtzionaleko zentroan, eta entrenatzaile pertsonal gisa ere hasi naiz Bilbondon.

Nola kudeatzen da jasaten duzuen presioa?
Jendeak esaten duenari kasurik ez egiten saiatzen naiz. Eta ez zait asko kostatzen hori lortzea, pinganilloak eta partiduak berak hartzen baitute nire arreta osoa. Gainera, federazioak protokolo bat jarri du martxan irainak mozten saiatzeko. Txarra dei diezadakezu. Betaurrekoak jartzeko hobeto ikusteko. Ongi, hori pasako dizut. Baina askotan entzuten diren komentarioak ez dira horiek, eta egiten ari garena ez dator bat esaten dutenarekin. Non dago benetako jokoa? Horrelako jarrerengatik kirolaren balioak galtzen ari dira. Bestetik, inoiz ez dut diskriminaziorik jasan emakumea izateagatik, baina behin, kadeteetan arbitratzen ari nintzela, aita batek garbitzera bidali ninduen. Minutu bat falta zen, eta niretzat errazena partida bukatutzat ematea izango zatekeen. Ez ninduen mindu, baina gutxienez 15 urteko 22 gaztek entzun zuten, eta neurririk hartu ezean normalizatu egingo zuketen. Hortaz, partidua gelditu eta delegatuarengana joan nintzen, zelaitik botatzeko agindua eman eta egin ezean partida bertan behera utziko nuela esanez. Ekintza hezitzailea izan zen.
Jokalarien presioa ere jasotzen dugu, nahiz eta gehiago kikiltzen diren haien gainean neurriak har ditzakegulako, eta autoritatea markatzen jakin behar da. Beti ere errespetutik abiatuta. Jokalari bat oihuka badator, ez diot hitzik zuzenduko. Ez naiz bere mailara jaitsiko. Esan beharra dago mutilak gutxiago kexatzen direla epailea neska denean, eta alderantziz. Jokalariek marrazo usaimena dute. Zalantzan zaudela sumatzen badute, zure iritzia aldatzen saiatuko dira. Eta presio handia jaso arren, ez du eraginik izan behar gure erabakietan. Epaileen irizpidea zalantzan jartzen da adierazten duguna kaltetuen interesekin bat ez datorrenean. Asmatzeko eskatzen dizute, baina bere alde huts egiten duzunean, isildu egiten dira. Zure kontra nahastuko banintz protestatu egingo zenuke, hortaz, zergatik ez alderantziz? Jokalari batek edo entrenatzaile batek huts egiten duenean, zaleek badakite ez dutela nahita egiten, baina arbitro baten kasuan, neutroa izanik, kontra doazela uste dute. Inor ez da nahastu nahi. Niri berdin zait talde batek edo besteak irabaztea. Nahi dudan gauza bakarra da partida bat amaitzean nitaz ez hitz egitea. Ez onerako, ez txarrerako. Zuk jokatu eta nik arbitratu. Ez duzu niregatik irabazten edo galtzen, zure taldearengatik baizik. Bestalde, kritika konstruktibo bat egiten badidate, kontuan hartuko dut. Eta asko gustatzen zaizkit ni hobetzea bilatzen dutelako. Hala ere, iritziak norberarenak dira, eta irtenbiderik proposatu gabe komentario txar bat egiten badidate, hobe ez egitea, ez didalako inolako ekarpenik egingo.

Arantza Gallastegui, Atletico Madrird eta Barcelonaren arteko norgehiagoka arbitratzen // Utzitakoa

Teknologia futbolean ezarri da bideo-arbitrajearekin (VAR). Onuragarria iruditzen zaizu?
Noski, azkenean arbitraje justu baten bila gabiltza, eta laguntzen duen guztia ongi etorria da. Ekintza asko oso zailak dira antzematen giza begiarentzat, eta batzuetan bideo-epaileak berak ere denbora behar izaten du jokoz kanpokoa den ala ez zehazteko. Zalantzak daude batzuetan harengana jotzen delako eta beste batzuetan ez, baina horretarako jendeak araudiaren irizpideak ulertu behar ditu. Azken batean, garrantzitsuena da akats larri bat dagoenean esku hartzen duela, bestela ez da hain beharrezkoa. Zerbaitetarako gaude gu eta. Ez dut uste protagonismoa kentzen digunik ere. Osagarri bat gehiago da. Gainera, datorren denboraldian emakumezkoen ligan ezartzea aurreikusten ari dira. Oraindik ez dakigu ezer, baina aurrera egiten jarraitzeko iritsiko dela pentsatu nahi dugu.

Emakumezkoen liga esponentzialki hazten ari da.
Liga profesionala da dagoeneko, zaleen babesa bestetik ez zaio falta. Ez dut ulertzen nola batzuek esaten duten klub baten zale direla gizonezkoen taldea bakarrik animatzen dutenean. Klub batean bi talde daude, beraz, talde bateko zalea zara, ez elkarte osoarena. Desberdina bada ere, futbola izaten jarraitzen du eta ez da gutxietsi behar. Egia da gero eta gehiago ikusten dela, eta klubak oso lan garrantzitsua egiten ari dira zelaiak irekitzen eta gonbidapenak banatzen ikusgarritasuna emateko.
Epaileei dagokienez, bokazioz eskatzen ziguten profesionalak izatea. Hau da, profesionalizatu gabe zegoen estamentu bakarra ginen, eta F Liga berriarekin komunikatu bat atera zen partidak asteko edozein egunetan joka zitezkeela adieraziz. Lan-kontraturik ez genuenez, lehenengo jardunaldian geldialdia egin genuen gure eskubideak aldarrikatzeko, kontraturik gabe ezin genuelako beste lan batekin uztartu. Azkenean, eskatzen genituen gutxieneko baldintzak lortu ditugu, eta erakutsi dugu funtsezkoak garela. Gu gabe partidak ez direla jokatzen.
Bost denboraldi daramatzazu lehen mailan. Zer geratzen zaizu lortzeko? Ez daukat helbururik markatuta. Garrantzitsuena oraintxe bertan gozatzen jarraitzea da. Psikologikoki arbitrajea nahiko gogorra da, akats bat egiten dugunean sufritu egiten dugulako. Baina akatsak egin arren partidu batera joaten naizen bakoitzean disfrutatzen jarraitzen badut, nahi nuena lortu dut. Inori ez zaio gustatzen bere lana gaizki egitea, eta urtetik urtera pixka bat hobea izatea bilatzen dut. Gainera, futbola ez da partidako 90 minutuak bakarrik. Esperientzia onak gustatzen zaizuna egitetik harago doaz. Aurten, adibidez, euskaldunak ez diren lagunekin asko bidaiatu dut, eta beste kultura batzuetatik ikasi dut. Kirol honek haize-bolada positiboa hartu du, eta inguratzen duen guztiarekin geratzen naiz. Bide onetik goaz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak