Gaur egun handia izan da txirrindularitzako zale eta profesionalentzat eta lehen ordutik jendeak orduak zeramatzan Espainiako Vuelta itxaroten. Abuztuaren 19tik irailaren 11ra arte izango da Espainiako Vueltaren 77. edizioa eta aurtengoa Utrechten hasi zen (Herbehereak) eta Madrilen amaituko da. Guztira 21 etapa egingo dituzte korrikalariek 3.280 kilometro egin ahal izateko.
Gaurkoa bosgarren etapa izan dugu eta Irun eta Bilbo lotu ditu. Txirrindulariek 187 kilometroko distantzia egin dute eta Galdakaotik igaro direnean eguraldiak atseden apur bat eman die hodeiek eguzki izpiak estali dituztelako.
“Bart poliziak Elorritxueta-Viveroko errepide ertzeetan ibilgailuetan lo egin behar zuten pertsonak bertatik bota zituen bertan ezin zelako ibilgailurik egon”, azaldu digu zale batek aulki tolesgarri bat Gangurenetik maldan bera zeraman bitartean. “Aurten jendeak ezin izan du furgoneta Galdakaoko mendi magalera ekarri nahiz eta zorua horretarako prest egon eta pena handia ematen du horrek”, dio.
Goizeko lehen ordutik jendea pilatzen hasi da Gangureneko mendi magalean. Aldapan gora eta behera korrikalariak, txirrindulariak eta oinezkoak izan ditugu, bakoitza bere zereginetan murgilduta: Espainiako Vuelta igaro baino lehen kirola egiten, gerizpe onena bilatzen edo lagunekin bide ertzean musean jokatzen, besteak beste.
Txirrindulariak 16:45ean heldu dira auto ilara amaigabeen iragarpenarekin eta Ertzaintza zein Vueltako helikopteroek Artxandako pinuetatik metro eskasetara hegan egiten zuten bitartean, sekulako burrunba sortuz. Jendearen berotasunak gurpil gaineko kirolariak besarkatu ditu eta tarte batzuetan txirrindulari eta zaleen artean ez da ia distantziarik egon.
Horren guztiaren lekuko izan dira bertan atera ditugun 100 argazki baino gehiago:
