→Galdakao

Artetagana eta Upo Tontorrandi ibilbideak seinaleztatu dituzte Ganguren Mendi Taldeak eta Udalak

// Galdakaoko Udala

Artetagana eta Upo Tontorrandi ibilbideak seinaleztatu dituzte Ganguren Mendi Taldeak eta Galdakaoko Udalak elkarlanean. Ibilbide zirkularrak dira biak, “Upo gailurrera hurbildu eta Galdakao ezezagunena bisitatzeko”.

Bi ibilbideen xehetasun guztiak (informazio guztia, mapak eta bideak) gangurenmt.net webgunean kontsulta daitezke. Gainera, Galdakaoko Udalak eta Ganguren MTk partekatzen duten Wikiloc kontutik jaitsi daitezke ibilbideen trackak, bai ibilbide berriak bai aurretik seinaleztatutakoak. Laburbilduta, hauek lirateke Artetagana eta Upo Tontorrandi ibilbideak:

– Artetagana ibilbidea (15,2 km): Plazakoetxetik abiatuta, Artetagana ibilbidea Zuhatzurantz doa eta trenbidea zeharkatu ostean Arkotxa auzora hurbiltzen da. Maxameko (antzinako Dinamita) hesiaren pareko bidezidorra jarraituz, Zaratamoko Makatzaga inguru ederrera iristen da eta Otzagaraiko leporaino jarraitzen du. Hortik, ibilbidea Azaolako euskal labera hurbiltzen da lehenik, Dinamitako hesiaren ondoan dagoena, eta, ondoren, Arteta auzora doa. Bertan dago Santantoitxikerra baseliza. Jarraian Basozabal auzotik igaro eta Bekearaino jaisten da, Abusutik abiapuntura itzuliz.

– Upo Tontorrandi ibilbidea (12,6km): 1932an eraikitako presaren ondoan dagoen Lekuebasoko atsedenlekutik abiatuta, Upo Tontorrandi ibilbidea benetako mendi ibilbide gisa aurkezten zaigu. Azaolako euskal labearen ondotik igaro ondoren (XI-XIII mende artekoa), Otzagaraiko lepora iristen da, eta handik udalerriko gailurrik garaienetako batera igotzen da, Upoko tontorrera.

Ibilbidea pagaditik jaisten da Upoko Pagadiko atsedenlekura, eta Idurietagana, Argistegana eta Tontorrandi mendiek osatzen duten mendilerroa zeharkatu ostean, Irumugarrietako lepora heltzen da, Bedia, Galdakao eta Zeberio mugatzen diren bidegurutzera. Ibaiaren ondoko bidezidor malkartsu batetik jaisten da jarraian eta 1898an Adan de Yarzak landatutako hiru pinuen ondotik igaro ondoren abiapuntura itzultzen da, bidean ur sulfurosodun Lekuebasoko iturri ondotik igaroz.

Plazakoetxen, Bekean eta Lekubason informazio panelak jarri ditu Udalak. Halaber, zurezko 27 zutoin; 65 norabide-gezi; errepideko bidegurutzeetan ohartarazteko eremuak eta informazio-plakak; eta 39,3 km-ko ibilbidea koloretako zirkuituekin publikatu du Udalak.

Ekimen honen asmoa da ibilbide osasungarriak diseinatzea eta egokitzea (Gobernu Planaren 29. puntua). Aurretik beste hiru ibilbide eta 12 ibilbide-lotura seinalizatu dituzte Gangurenen eta Udalak: Kukuzburu ibilbidea (10,9 km), Ganguren ibilbidea (14,9 km) eta Gangureneko zeharkaldia (18,4 km).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak