→Galdakao

Taxi zerbitzua eta eskolako hoditeria konpontzea onartu dituzte Galdakoztarrek aurrekontu parte-hartzaileetan

Udalak herritarrek egindako 232 proposamen ebaluatu ditu, eta horietatik 56 aukeratu dituzte teknikariek bozkaketa prozesura eramateko. Galdakaoztar bakoitzak zerrenda osotik hiru proposamen hautatzeko aukera izan du, ekainaren 27tik uztailaren 15era bitartean.

Galdakoko Udala aurrekontuen bozkaketa fasea aurkezteko prentsaurrekoan // Geuria

Herritarrek 2023 eta 2024 artean Galdakaon garatzeko 32 proiektu aukeratu dituzte aurrekontu parte-hartzaileen bidez. Haiekin batu ondoren, Udalak herritarrek egindako 232 proposamen ebaluatu ditu, eta horietatik 56 aukeratu dituzte teknikariek bozkaketa prozesura eramateko. Galdakoztar bakoitzak zerrenda osotik hiru hautatzeko aukera izan du, ekainaren 27tik uztailaren 15era bitartean, botoa internet bidez zein modu presentzialean emanda. Hilabeteko prozesua eta gero, uztailaren amaiaeran kaleratu dituzte emaitzak.

Baiezkoa lortu duten neurrietako batzuk Bekea eta Urtebieta auzoetako azpiegiturak konpontzeari lotutakoak izan dira. Lehenengora 66.500 euro bideratuko dira bide argiteria hobetzera eta beste horrenbeste garbitegi zaharra berreskuratzeko lanetara. Urtebietan, berriz, kotxe eta motorrentzako aparkalekuak hobetuko dira, 49.000 euroko aurrekontuarekin.

Azpiegiturez gain, inguruneari lotutako proposamenetan ere inbertituko da partida. Kurutzea eremuan, berdegune gehiago sortuko dituzte (24.500 euro) eta Plazakoetxen “baso” gunea egokituko dute (15.000 euro). Aperribain, berriz, bioaniztasunerako lorategiak egingo dituzte, hiriko belartzak berreskuratu eta hiri-basoak sortzeko proiektuaz gain (49.000 euro). Azkenik, Bengoetxen Sagardui tailerretako lur-saila berreskuratzeko 50.000 euro erabiliko dituzte.

Adinekoentzako proiektuak

Galdakao osoari eragingo dioten neurrien artean, berriz, herrian zehar mugikortasuna errazteko taxi zerbitzua ahalbidetuko da, bereziki, adin nagusiko bizilagunei bideratuta. Udalak adierazi duenez, kolektibo honek askotan joan behar izaten du erdigunera hainbat izapide egitera (medikuarenera joan, farmaziara bertaratu….), baina askotan ez dute baliabiderik bidaia egiteko. Proposamen honen bitartez, garraioa erabili nahi duten nagusiek Udaletxera deitu ahalko dute “oinarrizko zereginak egin ahal izateko zerbitzua erreserbatzeko”. 65.000 euro bideratuko dituzte taxiak martxan jartzera.

Kolektibo honentzako beren-beregi pentsatutako gainontzeko neurriek adin nagusikoentzako zentroak hobetzearekin dute lotura: Izarra adinekoentzako zentroan dauden irisgarritasunaren arazoak konpontzera 24.000 euro bideratuko dituzte, eta Usansolon, Gure Etxea Adinekoen Zetroko atean hegala —edo beste sistema eraginkor bat— ezarriko dute (12.000 euro). Era berean, adinekoek kalean jarduera fisikoa egiteko eremua sortuko dute (49.000 euroko aurrekontua) Gorosibain.

Hainbat ekintza

Bozkaketan arrakasta gehien izan duten proposamenak, baina, egitarau kulturalari lotutakoak izan dira. Urretan grafitien lehiaketa edo ikuskizuna antolatzeko 50.000 euroko partida gorde dute, eta Galdakaoko Argazkilaritza Txokoa sortzeko 18.000 euro erabiliko dituzte. Epe luzeko dinamikei dagokionez, haurrekin memoria historikoa zer den lantzeko ekintzak antolatuko dituzte, eta horretarako, 50.000 euroko aurrekontua prestatu dute. Umeei dagokionez, azpiegituretan egindako inbertsioak ere izango du pisua: Aperribaiko eskolako hoditeria konpontzeko 49.000 euro bideratuko dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak