→Galdakao

37 milioi euroko aurrekontua izango du Galdakaok, iaz baino 4 milioi gehiago

Azken 10 urteetako aurrekonturik altuena izango du aurten Galdakaoko Udalak. Guztira inbertsioetarako 6,4 milioi euro bideratuko dituzte.

Atzo aurkeztu zuen 2019ko aurrekontu proiektua Galdakaoko udal gobernu taldeak // Argazkia: Geuria

Azken 10 urteetako aurrekonturik altuena izango du aurten Galdakaoko Udalak. Guztira inbertsioetarako 6,4 milioi euro bideratuko dituzte

Galdakaoko udal gobernu taldeak (EAJ eta PSE) 2019ko aurrekontu proiektua aurkeztu du otsailaren 26an. Guztira, 37.175.292 euro izango ditu Udalak, iaz baino 4 milioi euro gehiago (% 11,8 gehiago). “Azken 10-11 urteetako aurrekonturik altuena izango da 2019koa eta asmo handiko proiektuak egitea ahalbidetuko digu”, dio Ibon Uribe Galdakaoko alkateak.

Aurtengo aurrekontuko zati handi bat (% 17,37) inbertsioetarako izango da, 6.455.525 euro bideratuz (iaz baino 3 milioi euro gehiago). Guztira, 39 izango dira inbertsioak. Besteak beste, inbertsioen artean nabarmentzekoak dira auzoetan hobekuntzak egitea eta bestelako inbertsio estrategikoak gauzatzea. Inbertsio estrategikoetarako guztira 4,6 milioi euro bideratuko dituzte eta horiek dira: Antenna zentroa eraikitzeko obrak abiaraztea (1.243.389 euro); Aperribain lehenengo bi igogailuak eraikitzea (1.495.708 euro); N-634 errepidean, Urretan (Petardos CM dendaren ondoan), biribilgune bat egitea (1.208.528 euro); eta Andraenea Emakumeen Etxea eraikitzen hastea (697.000 euro).

Antenna zentrorako dagoeneko 1,8 milioi euro bideratu ditu Udalak: aurtengo 1,2 milioi euroak eta iazko aurrekontuan sortu zuten 557.000 euroko partida. 2018 urte bukaeran Antennako lehen harria jartzea aurreikusi zuten iaz, baina atzeratu behar izan zuten. “Urte honetan ejekuzioa martxan jartzea espero dugu. Proiektua gauzatzeko konpromiso finkoa dugu”, dio Uribek.

Aperribaiko igogailuei dagokienez, lehenengo biak jarriko dituzte aurten: lehenengo igogailuak Aperribaiko sarbidea eta Osakidetzako kontsultategia lotuko ditu eta bigarrenak kontsultategia eta frontoi ondoko etxebizitzak. N-634 errepideko biribilguneak Donostiarako bidea erraztuko du -Bengoetxeraino joatea ekidingo du- eta Zuhatzurekin eta Formica zegoen eremuarekin lotzeko aukera emango du. Eta azkenik, Andraenea Emakumeen Etxea Agirre Lehendakaria plazan eraikitzeko faseari ekingo diote aurten, Haurreskola berriarekin paraleloki. Azken hiru proiektu hauek dagoeneko kontratazio fasean daude eta aurreikuspenen arabera, datozen hilabeteetan abiatuko dituzte obrak.

Auzoetan hobekuntzak

Inbertsioen beste zati bat auzoetan hobekuntzak egiteko bideratuko dute. Guztira 1,8 milioi euro: Tximiolarren haurrentzako ekipamendua (42.000 euro); Usansolon Meatzetako ikastetxeko parkean jolas berriak jartzea (25.000 euro) eta Iturritxu Ludotekako kanpoaldea egokitzea (25.000 euro); Gorosibain parke bio-osasungarria eraikitzea (43.000 euro); Bengoetxen Kultura eta Kirol Zentroaren proiektuaren erredakzioa egitea (60.000 euro); Urreta eta Urtebieta auzoetara zabor-bilketaren sare pneumatikoa hedapena (192.000 euro) eta Aperribaiko igogailuak (1.495.708 euro).

Era berean, beste esku-hartzeak izango dira Zuhautzuko futbol zelaian aldagelak berregokitzea (55.000 euro), Egia ikastetxean jolastokiko estalkia aldatzea (172.000 euro), asfaltatzeak (150.000 euro), argiteria publikoa aldatzea (75.000 euro) edota Smart City azterketa egitea (15.000 euro).

Oposizioaren zuzenketak

Galdakaoko udal gobernu taldearen aurrekontu proiektuari zuzenketak aurkeztu dizkiete oposizioko taldeek. Guztira 70 emendakin baino gehiago aurkeztu dituzte EH Bildu, Galdakao Orain, Galdakao Bizirik eta PP alderdien artean.

EH Bilduk hiru emendakin proposatu ditu: autobus geltoki guztietan markesinak jartzea, Galdakaon alokairu sozialeko 200 etxebizitzen poltsa sortzeko azterlana egin, eta Bizkai kalean gorakako aparkalekua eraikitzea. Bestetik, Galdakao Orain eta Galdakao Bizirik udaltaldeek elkarrekin 63 zuzenketa aurkeztu dituzte. Tartean, nabarmentzekoak dira: eskola materiala erosteko laguntzak ematea, alokairu sozialerako plana egitea, musika taldeentzako entsaiatzeko lokalak erraztea, auzoen arteko autobusa, puntu beltzen azterketa egitea, zebrabideen irisgarritasuna hobetzea, migratzaileei zuzendutako bulegoa irekitzea, edota Maximo Moreno parkea hobetzea. Eta PPk 9 emendakin aurkeztu ditu. Besteak beste, gazteen emantzipazioa errazteko alokatzeko diru-laguntzak ematea, edota pertsona helduei katering soziala etxez etxez banatzea eta zerga baxuak kentzea proposatzen du. Usansolo Herriak ez du emendakinik aurkeztu.

Aurrekontu proiektua otsaileko osoko bilkuran eztabaidatu eta onartuko dute, EAJ eta PSEren aldeko botoekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak