☉ Galdakao
Euskaraz “gero eta gehiago” egiteko baliabideak jarriko ditu Galdakaok udal langileen eskura
Euskararen Erabilera Sustatu eta Normalizatzeko Barne Plan Estrategikoa onartu zuen Galdakaoko Udalak urriko osoko bilkuran
Galdakaoko Udalaren Euskararen Erabilera Sustatu eta Normalizatzeko Plan Estrategikoa onartu du udalbatzak urriko osoko bilkuran, EH Bilduren, UHren, Auzoaken eta EAJren aldeko botoekin eta PSEren abstentziorekin.
Planak hiru ardatz ditu: erabilera planaren Plan Estrategikoa, hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak, eta trebakuntza programa udal langileentzat.
Plana indarrean egongo da 2027ra arte, eta bertan zehaztu dituzte Galdakaoko Udalak jarraitu beharreko gidalerroak.
Izaskun Barbarias Euskara arloko zinegotziak azaldu duenez, “erakundeek herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko betebeharra dute eta horretarako, euskaraz zein gazteleraz artatzeko prestatuta egon behar dute. Hori bermatzeko zerbitzuek euskalduntzeko beharra dute eta, bide horretan, udal barruko funtzionamenduari begirako euskararen erabilera plana onartu dugu”.
Plan Estrategikoaren helburu nagusia da “herritar guztien hizkuntza eskubidea bermatzea, eta horretarako, Udaleko arlo guztietan euskararen erabilera indartzea eta areagotzea da asmoa”. Eta helburu hori lortzeko Udalak bi oinarri zehaztu ditu: batetik kudeaketa, eta bestetik erabilera.
“Kudeaketari dagokionez, kalitatezko zerbitzua eskaintzea eta hala nahi duten herritarrei zerbitzua euskaraz bermatzea da helburu nagusia. Erabilerari dagokionez, euskaraz gero eta gehiago lan egingo duen Udala izatea nahi dugu eta Udaleko langileek eta hautetsiek hizkuntza portaera kontzientea izatea, hau da, jakitea guk ere badugula zeresana eta Euskara Plan honetan lidergoa landu behar dugula”, dio Barbariasek, eta gaineratu du: “Euskaraz gero eta gehiago sortzeko baliabideak jarri nahi ditugu Galdakaoko Udaleko langileen eskura, eta hizkuntza ohituren kontzientzia hartzea”.
Plana diseinatzeko Eusko Jaurlaritzak proposatutako metodologia erabili dute, eta diseinuarekin hasi aurretik ebaluazio bat egin zuen Udalak: “Horretarako galdetegiak egin zitzaizkien langileei eta ordezkari politikoei, eta herritarrek ere aukera izan zuten egoeraren azterketan parte hartzeko eta plangintza berri honetarako erronkak zehazteko”.
“Urteak aurrera joan ahala, administrazioko langileak euskalduntzen joan dira, hizkuntza eskakizunak egiaztatzen joan dira eta pixkana-pixkanaka zerbitzua euskaraz emateko gaitasuna lortzen joan dira. Eta kasu askotan, laneko hizkuntza ere euskara izatea lortu da”, dio Barbariasek.
☉ Galdakao
Julen Gabiria galdakoztarrak euskaratu duen ‘Elkanoren herriari bueltaka’ liburua aurkeztuko dute Durangoko Azokan
Julen Gabiria idazle eta itzultzaile galdakoztarrak ‘Elkanoren herriari bueltaka’ liburua euskaratu du aurten, eta Durangoko Azokan salgai egongo da abenduaren 5etik 8ra bitartean.
Ander Izagirre idazle donostiarrak argitararatu zuen gazteleraz liburua 2022an, eta bi urte ondoren, euskarazko bertsioa aurkeztuko dute euskal liburuen eta diskoen azoka handian.
Bai Gabiriak bai Izagirrek liburuaren aurkezpena egingo dute abenduaren 8an, igandez, Ahotsenea-Literatura gunean, 16:30etik 17:00etara bitartean.
☉ Galdakao
Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar Durangoko Azokan izango dira ‘Margo Pitarak’ proiektua aurkezten
Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar Durangoko Azokan izango dira ‘Margo Pitarak’ proiektua aurkezten. Abenduaren 6an, ostiralez, izango da 17:30etik 17:50era Landakoguneako Kabi@n.
Proiektu transmedia da eta igerilari galdakoztarrak eta Eider Eibar ilustratzaileak 7 itsasoen erronkak igerian eta marraztuz euskaraz sorturiko eduki digitalak biltzen ditu: eskulanak, euskarazko sticker animatuak, mapa interaktiboak, bideoak edota animazioak.
Beste alde batetik, Galdakaon bizi den Eider Eibarrek ‘Kokoak’ liburua argitaratu du aurten, eta Durangoko Azokan ere aurkezpena egingo du. Abenduaren 5ean, ostegunez, izango da 16:30etik 17:00etara Saguganbara gunean.
‘Kokoak’ liburua 3 urtetik gorako umeentzat dago zuzenduta eta Kokoen unibertsoa ezagutaraztea du helburu: “Koko Mako, Maki Moko, Kako Mako eta Koko Miko hitz-joko magikoa abestu eta Kokoak azaldu dira, izaki fantastiko txikiak, gure sorkuntza artistikoko lanetan laguntzen digutenak marrazkietan zulotxoak egin eta bertara sartuz”, dio sinopsiak.
☉ Galdakao
Bideoa / Zein da euskarak duen hitzik politena? Galdakaon erantzun dute!
Abenduak 3 ditu gaur: Euskararen Nazioarteko Eguna. Galdakaon goizean Mintzodromoa egin dute Iturrondoko karpan (hemen argazkiak!) eta jarduera aprobetxatuta Maria, June, Naroa, Aitor eta Rebeca galdakoztar saltseroak GEURIAko mikroaren aurrean jarri ditugu!
Zein da eurentzat euskal abestirik onena? Eta liburu bat aukeratu beharko balute? Zein da euskarak duen hitzik politena? Euren erantzunak jaso ditugu!
☉ Galdakao
Argazkiak / Euskara ahoan, 120 lagunek hartu dute parte Galdakaoko Mintzodromoan
Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur. Galdakaon Mintzodromoa egin dute Iturrondo plazako karpan eta guztira 120 lagun batu dira: Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako eta euskaltegietako ikasleak eta irakasleak, herriko eragileetako ordezkariak eta norbanakoak elkartu dira eta euskara ahoan izan dute ordu t’erdiz. Hiru gai izan dituzte hizpide: ‘Urak har ditzakeen eremuetan eraikitzea’, ‘Zeregin gehiegi, baina denbora gutxi’ eta ‘Ikasgai berria proposatzea’.
☉ Galdakao
Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi galdakoztarrek ‘Momotxorroak’ dokumentala aurkeztuko dute Durangon
‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala abenduaren 5ean aurkeztuko dute Irudienean. Bertan izango dira Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariak
Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak ‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala egin du Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi taldekideek zuzenduta.
Dokumentalak Altsasuko (Nafarroa) inauteri tradizionalak berreskuratzeko eta biziberritzeko prozesua jasotzen du: “Antzinate handiko jaia izan zen, eta ahaztuta geratu zen, harik eta Ricardo Aldasorok, herriko nagusienetako batek, momotxorro mitikoak (ospakizun horren elementu nagusia) gogora ekarri zituen arte. Hain zuzen ere, oroitzapen horrek bultzatu zuen Altsasuko inauterien berpiztea, ‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentalak jasotzen duen prozesua”, diote.
Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak inauteri horiei buruzko ikerketa eta berreskuratze lanari ekin zion, Juan Antonio Urbeltz folkloristak bultzatuta, azken horrek Jose Maria Satrustegiren ‘Neguko solstizioa’ lanean oinarrituta.
“Urteetan ikertu ondoren, 1978an Andra Mari dantza taldeak lehen aldiz plazaratu zuen inauteria Altsasun, interes handia piztuz eta Altsasuko komunitatea mugiaraziz, bereziki belaunaldi berriak, non, jai hau biziberritzeko erronka hartu baitzuten. 1982an, inauteriak gogo biziz ospatu ziren berriro Altsasun, eta, ordutik, tradizio horri eutsi dio urtez urte, 2012an Nafarroako Gobernuaren interes turistikoko festa gisa aitortuta”, diote.
Galdakao-Altsasu konexioa
Ikus-entzunezkoaren helburu nagusia da Andra Mari Eusko Dantzari Taldearen lana eta tokiko komunitateak ospakizun hori berpizteko hartu zuen konpromisoa erakustea, XX. mende hasieran azken aldiz antzeztu zenetik, 70eko hamarkadan berpiztu zen arte.
“Dokumentalaren helburu nagusia da belaunaldi berriei euskal kulturaren balioa eta esanahia helaraztea, inauteri horien berreskurapenean parte hartu zutenen testigantza zuzenen bidez”, diote.
Euskal folklorearen arloko pertsona aipagarrienen esperientziak eta testigantzak jaso dituzte dokumentalean. Besteak beste, Mikel Zamalloa, Manu Jauregi eta Koldo Telleria Andra Mariko kideek; Patxi Goikoetxea, Amaia Oiarbide, Enrique Zelaia eta Satur Leoz Altsasuko kultur eragileek; eta Juan Antonio Urbeltz Euskal Herriko folklore maisua zein kultur eragileak hartu dute parte dokumentalean.
Era berean, ikus-entzunezkoak Galdakao eta Altsasuren arteko lankidetza-harremanei balioa eman diela adierazi dute Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariek.
Durangoko Azokan
‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala Durangoko Azokan aurkeztuko du Andra Mari Dantza Taldeak.
Abenduaren 5ean, ostegunez, Durangoko Zugaza zineman, Irudienean, ikusi ahal izango da dokumentala, 17:30etik aurrera. Emanaldiaren ostean solasaldia egongo da.