→Galdakao

Baso-sutea piztu da astean hirugarren aldiz Galdakaoko Ganguren mendian

Lehen mailako baso-sutea piztu da gaur arratsaldean Galdakoko Ganguren mendian. Larrialdi zerbitzuek 16:30ean jaso dute abisua eta Basauriko suhiltzaileen ur ponpa kamioi bakarra gerturatu da kaltetutako gunera

Kiskalitako zuhaitzak Ganguren mendian, joan den martxoaren 13an // Geuria

Lehen mailako baso-sutea piztu da gaur arratsaldean Galdakoko Ganguren mendian. Larrialdi zerbitzuek 16:30ean jaso dute abisua eta Basauriko parkeko ibilgailu bat eraman dute: ur ponpa kamioia. Larrialdi zerbitzuek lehen mailako sute bezala sailkatu dute, suteen katalogazioan arrisku gutxien dituztenak, hain zuzen ere. Gaurko ezbeharrak ere ez du inolako kalterik eragin, suhiltzaileen arabera.

“Mendian paseoa egiten ari zirenek inguruetan kea ikusi dutelako izan omen da”, azaldu dute Basauriko parketik. Horren haritik jarri dira herritarrak harremanetan 112 telefono zenbakiarekin. Gangurenera hurbildu eta bertan lanak egin ostean basera itzuli dira suhiltzaileak, 17:00ak aldera.

Auzotarrak, joan den martxoaren 13ko baso-sutean, Galdakaon // Geuria

Hirugarrena aste berean

Ez Segurtasun Sailak ezta suhiltzaileek ez dute zehaztu suaren fokua aste honetan gertatutako sute bien leku berean izan den. Lehen eguna joan den martxoaren 13an izan zen. Egun hartan 6 ordu eman zituzten suhiltzaileek tenperatura altuek eta haizeak eragindako sute bat itzaltzeko. Ez zen giza kalterik ezta kalte materialik egon, baina eukalipto ugari erre ziren Gangurengo magalean eta ke ugari eragin zuen ezbeharrak.

Hurrengo egunean sua berrezarri zen eta suhiltzaileak leku berera itzuli ziren. Bigarren egun horretan lan arinagoak egin zituzten.

Argazkiak | Gangurengo sutea itzali dute suhiltzaileek 6 orduko lanen ostean

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak