Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Galdakao

Sinadura-bilketa egin dute Galdakaoko Elexaldeko igerilekuan haurrek mahukak eta txalekoak erabiltzeko

Galdakaoko hainbat herritarrek sinadura bilketa abiarazi dute change.org plataformaren bidez haurrek, heldu baten laguntzaz, Elexaldeko igerileku handian mahukak eta txalekoak erabili ahal izateko.

|

galdakao elexalde igerilekuak
Elexaldeko igerilekuak // Utzitakoa

Galdakaoko hainbat herritarrek sinadura bilketa abiarazi dute change.org plataformaren bidez haurrek, heldu baten laguntzaz, Elexaldeko igerileku handian mahukak eta txalekoak erabili ahal izateko. Besoko flotagailuak eta txalekoak igerileku handian erabiltzearen debekua igerilekuaren araudian jasota dago eta horrek egonezina piztu du hainbat herritarrengan.

“Igeriketan tarteko etapa bat daukate haurrek eta bertan flotatzearen onuraz gozatzen dute haurrek, helduok igeri egitearen beldurra kentzen diegun heinean”, azaldu dute sareetan eskabidea gauzatu duten herritarrek. “Haur eta gurasoen arteko konfidantza hori ezin daiteke gauzatu uretan elkarren artean besarkatuta bagaude”.

Besoetako flotagailuek eta txalekoek haurrei “segurtasuna eta autonomia” ematen diete haurrei Haizea Castañiza auzotarraren arabera “eta aldiberean igeri egitea dibertigarria dela erakusten die umeei”.

Arazoa ez da berria: iaz kexa bat jarri zuten auzotar kaltetuek: “Egoera honen aurrean, galdakaoztarrok Urretako igerilekuetara joatea dugu irtenbide bakarra, bertan, logikoa denez, ez dagoelako horrelako murrizketarik eta iazko kexak eraginik ez zuela izan ikustean, sinadura-bilketa egitea erabaki dugu, araua aldatu ahal izateko”.

Guraso batzuk ere haurrak Basaurira eramaten dituzte igeri egitera, irtenbide modura. “Ulergarria da baloiak eta koltxonetak sartzearen debekua egotea, baina mangitoak edo jantzitako txalekoak ez erabiltzea debekatuta egoteak ez dauka ez hanka ez bururik”, azaldu du beste guraso batek.

Galdakaoko Udala jakinaren gainean dago eta udal ordezkariek azaldu dute irailean bertan hasiko direla egoera aztertzen: “Araudia 2005. urtekoa da eta kirol instalazioen teknikariekin berrikusi beharra dago gaur egungo beharretara egokitu ahal izateko”, iragarri dute. “Hala ere, prozesu hau burutu ahal izateko denbora beharko dugu”, gehitu dute.

☉ Galdakao

Julen Gabiria galdakoztarrak euskaratu duen ‘Elkanoren herriari bueltaka’ liburua aurkeztuko dute Durangoko Azokan

|

Julen Gabiria idazle eta itzultzaile galdakoztarrak ‘Elkanoren herriari bueltaka’ liburua euskaratu du aurten, eta Durangoko Azokan salgai egongo da abenduaren 5etik 8ra bitartean.

Ander Izagirre idazle donostiarrak argitararatu zuen gazteleraz liburua 2022an, eta bi urte ondoren, euskarazko bertsioa aurkeztuko dute euskal liburuen eta diskoen azoka handian.

Bai Gabiriak bai Izagirrek liburuaren aurkezpena egingo dute abenduaren 8an, igandez, Ahotsenea-Literatura gunean, 16:30etik 17:00etara bitartean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar Durangoko Azokan izango dira ‘Margo Pitarak’ proiektua aurkezten

|

Eider Eibar ilustratzailea, Iskander Sagarminga igerilaria eta 'Margo Pirtak' proiektua // Kokoak.eus

Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar Durangoko Azokan izango dira ‘Margo Pitarak’ proiektua aurkezten. Abenduaren 6an, ostiralez, izango da 17:30etik 17:50era Landakoguneako Kabi@n.

Proiektu transmedia da eta igerilari galdakoztarrak eta Eider Eibar ilustratzaileak 7 itsasoen erronkak igerian eta marraztuz euskaraz sorturiko eduki digitalak biltzen ditu: eskulanak, euskarazko sticker animatuak, mapa interaktiboak, bideoak edota animazioak.

Beste alde batetik, Galdakaon bizi den Eider Eibarrek ‘Kokoak’ liburua argitaratu du aurten, eta Durangoko Azokan ere aurkezpena egingo du. Abenduaren 5ean, ostegunez, izango da 16:30etik 17:00etara Saguganbara gunean.

‘Kokoak’ liburua 3 urtetik gorako umeentzat dago zuzenduta eta Kokoen unibertsoa ezagutaraztea du helburu: “Koko Mako, Maki Moko, Kako Mako eta Koko Miko hitz-joko magikoa abestu eta Kokoak azaldu dira, izaki fantastiko txikiak, gure sorkuntza artistikoko lanetan laguntzen digutenak marrazkietan zulotxoak egin eta bertara sartuz”, dio sinopsiak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa / Zein da euskarak duen hitzik politena? Galdakaon erantzun dute!

|

Abenduak 3 ditu gaur: Euskararen Nazioarteko Eguna. Galdakaon goizean Mintzodromoa egin dute Iturrondoko karpan (hemen argazkiak!) eta jarduera aprobetxatuta Maria, June, Naroa, Aitor eta Rebeca galdakoztar saltseroak GEURIAko mikroaren aurrean jarri ditugu!

Zein da eurentzat euskal abestirik onena? Eta liburu bat aukeratu beharko balute? Zein da euskarak duen hitzik politena? Euren erantzunak jaso ditugu!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Euskara ahoan, 120 lagunek hartu dute parte Galdakaoko Mintzodromoan

|

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur. Galdakaon Mintzodromoa egin dute Iturrondo plazako karpan eta guztira 120 lagun batu dira: Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako eta euskaltegietako ikasleak eta irakasleak, herriko eragileetako ordezkariak eta norbanakoak elkartu dira eta euskara ahoan izan dute ordu t’erdiz. Hiru gai izan dituzte hizpide: ‘Urak har ditzakeen eremuetan eraikitzea’, ‘Zeregin gehiegi, baina denbora gutxi’ eta ‘Ikasgai berria proposatzea’.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi galdakoztarrek ‘Momotxorroak’ dokumentala aurkeztuko dute Durangon

‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala abenduaren 5ean aurkeztuko dute Irudienean. Bertan izango dira Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariak

|

Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi Andra Mari Dantza Taldeko kideek zuzendu dute 'Momotxorroak: Kaos baten istorioa' dokumentala // Durangoko Azoka

Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak ‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala egin du Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi taldekideek zuzenduta.

Dokumentalak Altsasuko (Nafarroa) inauteri tradizionalak berreskuratzeko eta biziberritzeko prozesua jasotzen du: “Antzinate handiko jaia izan zen, eta ahaztuta geratu zen, harik eta Ricardo Aldasorok, herriko nagusienetako batek, momotxorro mitikoak (ospakizun horren elementu nagusia) gogora ekarri zituen arte. Hain zuzen ere, oroitzapen horrek bultzatu zuen Altsasuko inauterien berpiztea, ‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentalak jasotzen duen prozesua”, diote.

Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak inauteri horiei buruzko ikerketa eta berreskuratze lanari ekin zion, Juan Antonio Urbeltz folkloristak bultzatuta, azken horrek Jose Maria Satrustegiren ‘Neguko solstizioa’ lanean oinarrituta.

“Urteetan ikertu ondoren, 1978an Andra Mari dantza taldeak lehen aldiz plazaratu zuen inauteria Altsasun, interes handia piztuz eta Altsasuko komunitatea mugiaraziz, bereziki belaunaldi berriak, non, jai hau biziberritzeko erronka hartu baitzuten. 1982an, inauteriak gogo biziz ospatu ziren berriro Altsasun, eta, ordutik, tradizio horri eutsi dio urtez urte, 2012an Nafarroako Gobernuaren interes turistikoko festa gisa aitortuta”, diote.

Galdakao-Altsasu konexioa

Ikus-entzunezkoaren helburu nagusia da Andra Mari Eusko Dantzari Taldearen lana eta tokiko komunitateak ospakizun hori berpizteko hartu zuen konpromisoa erakustea, XX. mende hasieran azken aldiz antzeztu zenetik, 70eko hamarkadan berpiztu zen arte.

“Dokumentalaren helburu nagusia da belaunaldi berriei euskal kulturaren balioa eta esanahia helaraztea, inauteri horien berreskurapenean parte hartu zutenen testigantza zuzenen bidez”, diote.

Euskal folklorearen arloko pertsona aipagarrienen esperientziak eta testigantzak jaso dituzte dokumentalean. Besteak beste, Mikel Zamalloa, Manu Jauregi eta Koldo Telleria Andra Mariko kideek; Patxi Goikoetxea, Amaia Oiarbide, Enrique Zelaia eta Satur Leoz Altsasuko kultur eragileek; eta Juan Antonio Urbeltz Euskal Herriko folklore maisua zein kultur eragileak hartu dute parte dokumentalean.

Era berean, ikus-entzunezkoak Galdakao eta Altsasuren arteko lankidetza-harremanei balioa eman diela adierazi dute Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariek.

Durangoko Azokan

‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala Durangoko Azokan aurkeztuko du Andra Mari Dantza Taldeak.

Abenduaren 5ean, ostegunez, Durangoko Zugaza zineman, Irudienean, ikusi ahal izango da dokumentala, 17:30etik aurrera. Emanaldiaren ostean solasaldia egongo da.

Osorik irakurri