Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Galdakao

100 lagunek hartu dute parte Galdakaoko Bizi-Busa ekimeneko esperientzia pilotuan

Igor Anton txirrindulariak eta Txirrindulari Elkarteko lehendakariak modu positiboan baloratu du lehen esperientzia eta asmoa haurrak eskolara bizikletan modu seguruan joatea dela azaldu du

|

Esperientzia pilotoko parte-hartzaileak, Eguzkibegi ikastolara heltzean // GELA

Eguzkibegi ikastolako ikasleek lehen eskolarainoko bidaia egin dute txirrindulaz, Galdakaoko Udalaren babesarekin gauzatutako Bizi-Busa ekimenaren lehen esperientzia pilotuaren bidez. Lehen pausu hau erronka oso garrantzitsua da ikastolako haurrentzat eta GELA Galdakaoko Txirrindulari Elkartearentzat, mugikortasun ohiturak aldatuz gero garraiobide osasuntsu eta seguru baten bidez joango liratekelako sarritan haurrak klasera, ibilbideaz gozatuz.

Igor Anton Hernández txirrindulari galdakoztarrak gidatutako eta udaltzainek lagundutako lehen saioan 100 lagun inguruk hartu dute parte (horietako 81 haurrak) eta modu oso positiboan baloratu du GELA Txirrindulari Elkarteko lehendakariak: “Gaur BiziBusaren lehen froga ofiziala ipini dugu martxan Eguzkibegi ikastolan”, azaldu du Antonek. “Oso polita izan da. Umeek topera gozatu dute, ikastolara heltzeko malda handia egon arren. Ordutegia zehatz meatz jarraitu ahal izan dugu eta garaiz iritsi gara ikastetxera”. Asmoa, Antonen hitzetan, bidaia hau eguneroko bizitzara eramatea da, posible den heinean.

“Bizi-Busaren helburua bidaia hau eguneroko bizitzara eramatea da, posible den heinean”

Lagunekin, gurpil gainean eskolara

GEURIAko ekaineko alean elkarrizketatu genuen Igor Anton bera, Frantziako Tourraren haritik, eta bizikleta garraiobide soila baino “askoz gehiago” dela aitortu zigun: txirrindulan ibiltzeak lagunak egitea eta gozamena dakar ere.

“Galdakaoko Udalaren baietza jasota, Eguzkibegi ikastolarekin Bizi-Busaren froga bat egin genuen, zentroa malda ondoan kokatuta dagoelako”, kontatu zigun txirrindulariak #097 alean. “Aitzakia horretaz baliatuz gure helburua finkatu dugu: Galdakaoko umeak eskolaraino bizikletan joatea da gure asmoa”.

Bideoa | Eskolara bizikletaz joateko Bizi-busa ekimena aurkeztu dute gaur Galdakaon

☉ Galdakao

Olabarrietako Katamar haurreskolan estalkia jarri du Galdakaoko Udalak

|

Katamar Haurreskolako kanpoko zorua ere konponduko du Udalak Gabonetan // Galdakaoko Udala

Olabarrietako Katamar haurreskolako erabiltzaileek dagoeneko estreinatu dute kanpoko jolastokiko estalkia.

Estalkia jartzeko lanak uztailean hasi zituen Galdakaoko Udalak, Olabarrietako auzokideek azken urteetan egindako eskaerari erantzunez, eta hilabete honetan bukatu dituzte.

“Egitura berri honen funtzio nagusiak umeak euritik babestea eta itzala ematea dira, bertan eguzkiak gogor jotzen du eta. Hala ere, estalkiaren materiala zeharrargia izanik, aldi berean argi naturala sartuko da. Halaber, led motatako argi puntuak jarri zaizkio estalkiari, ilunabarretan eta egunik ilunenetan argitasunez ikusteko”, diote udal ordezkariek.

Bestetik, hainbat lekutan zartatuta dagoen jolastokiko zorua ere konponduko du Udalak: “Gomazko zoru berria ipiniko da, zehazki, haurrak segurtasun handiagoz jolastu daitezen”, diote.

Lan horiek Gabonetako oporraldian egingo ditu Udalak, “haurreskolaren funtzionamenduari ez eragiteko”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa / Momoak talde feminista neska gazteengana zabaltzeko aurkezpena egin dute Galdakaon

|

Ikasturtea hasi du Momoak talde feministak eta neska gazte gehiagorengana zabaltzeko aurkezpena egin zuten atzo Gandasegiko arkupeetan. Azaroaren 25ari begira jarduerak antolatuko dituzte eta aurrerago beste asanblada ireki bat deituko dute.

Andere Fuentes Balado eta Maite Otxandio Calvo Momoakeko kideekin berba egin genuen atzo.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Euskaraz “gero eta gehiago” egiteko baliabideak jarriko ditu Galdakaok udal langileen eskura

Euskararen Erabilera Sustatu eta Normalizatzeko Barne Plan Estrategikoa onartu zuen Galdakaoko Udalak urriko osoko bilkuran

|

Plan Estrategikoaren helburu nagusia da herritar guztien hizkuntza eskubidea bermatzea // Artxiboa: Galdakaoko Udala

Galdakaoko Udalaren Euskararen Erabilera Sustatu eta Normalizatzeko Plan Estrategikoa onartu du udalbatzak urriko osoko bilkuran, EH Bilduren, UHren, Auzoaken eta EAJren aldeko botoekin eta PSEren abstentziorekin.

Planak hiru ardatz ditu: erabilera planaren Plan Estrategikoa, hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak, eta trebakuntza programa udal langileentzat.

Plana indarrean egongo da 2027ra arte, eta bertan zehaztu dituzte Galdakaoko Udalak jarraitu beharreko gidalerroak.

Izaskun Barbarias Euskara arloko zinegotziak azaldu duenez, “erakundeek herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko betebeharra dute eta horretarako, euskaraz zein gazteleraz artatzeko prestatuta egon behar dute. Hori bermatzeko zerbitzuek euskalduntzeko beharra dute eta, bide horretan, udal barruko funtzionamenduari begirako euskararen erabilera plana onartu dugu”.

Plan Estrategikoaren helburu nagusia da “herritar guztien hizkuntza eskubidea bermatzea, eta horretarako, Udaleko arlo guztietan euskararen erabilera indartzea eta areagotzea da asmoa”. Eta helburu hori lortzeko Udalak bi oinarri zehaztu ditu: batetik kudeaketa, eta bestetik erabilera. 

“Kudeaketari dagokionez, kalitatezko zerbitzua eskaintzea eta hala nahi duten herritarrei zerbitzua euskaraz bermatzea da helburu nagusia. Erabilerari dagokionez, euskaraz gero eta gehiago lan egingo duen Udala izatea nahi dugu eta Udaleko langileek eta hautetsiek hizkuntza portaera kontzientea izatea, hau da, jakitea guk ere badugula zeresana eta Euskara Plan honetan lidergoa landu behar dugula”, dio Barbariasek, eta gaineratu du: “Euskaraz gero eta gehiago sortzeko baliabideak jarri nahi ditugu Galdakaoko Udaleko langileen eskura, eta hizkuntza ohituren kontzientzia hartzea”.

Plana diseinatzeko Eusko Jaurlaritzak proposatutako metodologia erabili dute, eta diseinuarekin hasi aurretik ebaluazio bat egin zuen Udalak: “Horretarako galdetegiak egin zitzaizkien langileei eta ordezkari politikoei, eta herritarrek ere aukera izan zuten egoeraren azterketan parte hartzeko eta plangintza berri honetarako erronkak zehazteko”.

“Urteak aurrera joan ahala, administrazioko langileak euskalduntzen joan dira, hizkuntza eskakizunak egiaztatzen joan dira eta pixkana-pixkanaka zerbitzua euskaraz emateko gaitasuna lortzen joan dira. Eta kasu askotan, laneko hizkuntza ere euskara izatea lortu da”, dio Barbariasek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Berbalagun jaiak 60 herritar batu ditu euskaraz jolasean

|

60 lagun bertaratu ziren atzo Berbalagun Jaira, Ganguren tabernara // Galdakaoko Berbalagun

Berbalagun taldeak martxan daude Hego Uriben, baina ikasturteari hasiera emateko atzo Berbalagun jaia antolatu zuten Galdakaoko Ganguren tabernan eta 60 lagun bertaratu ziren.

“Arratsalde zoragarria pasatu genuen Galdakaoko berbalagunok. Urtero bezala, taldeetako kideei euskaltegi bietako ikasleak gehitu zaizkie, proiektua bertatik bertara ezagutzeko eta, bide batez, jendea ezagutu, ondo pasatu eta euskaraz hitz egiteko”, diote Galdakaoko Berbalagun egitasmoko dinamizatzaileek.

Hainbat jolasetan hartu zuten parte berbalagunek: “Su ta Gar taldearen abestiak, euskal idazleak, joko olinpikoak eta Euskal Herriko herriak identifikatzen ibili ziren lehen proban. Ondoren, mezu sekretu bat asmatzen jarri genituen: egindako galderaren erantzunera gehien hurbiltzen zenak zuen letrak askatzeko aukera. Azkenik, Jexux Mari Irazuk eta Unai Agirrek 2013an botatako bertso baten oinak kokatzen aritu ziren txukun-txukun”.

“Jo ta ke lanean egon ziren guztiak, eta, konturatu orduko, etxera joateko ordua heldu zen. Jendeak ederto pasatu zuen eta euskaraz hitz egiteko lagun berriak egin zituen; beraz, ezin zitzaion besterik eskatu egunari. Gero eta lagun gehiago gara, eta ikasturtea hasi baino ez da egin”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko GBGE elkarteak 6 tona ur eramango ditu Paiportara, Valentzian

|

GBGEko Alvaro Saiz, boluntariotza lan batean // Artxiboa, GBGE

Galdakaoko GBGE elkarteko boluntario talde batek Valentziara joko du azaroaren 6an, asteazkenez. Zehazki, Paiportara joango da boluntario taldea eta 6 tona ur eramango dituzte.

“Paiportako Udalarekin harremanetan gaude boluntariotzako lankidetza-hitzarmen antolatu eta koordinatu bat ezartzeko”, adierazi dute sare sozialetan GBGEtik.

Era berean, elkartetik adierazi dute momentuz ez dutela material bilketarik egingo Galdakaon, “zer eta non behar den argi izan arte”, diote. “Oraingoz ura, palak, kuboak eta garbiketa-elementuak eskatu dizkigute”.

Galdakaoko elkartetik kontu-korronte zenbaki bat jarri dute herritarren eskura dohaintzak egiteko: ES46 0182 2738 6802 0162 1936 (BBVA). Eta bizum bat ere errazte dute: 05028 kodea (Zero Hondakinak).

Osorik irakurri