Sareak

☉ Galdakao

Bilbotik Galdakaora bitartean bidegorria aldarrikatzeko bizikleta martxa antolatu dute urriaren 30ean

Biziz Bizi Hiri Txirrindularien Elkarteak bizikleta martxa antolatu du Bilbotik Galdakaora, hiriburutik Galdakaora bitartean bidegorria aldarrikatzeko asmoz.

|

Maiatzean Bilbotik Barakaldora egin zuten bizikleta martxa // Biziz Bizi

Biziz Bizi Hiri Txirrindularien Elkarteak bizikleta martxa antolatu du Bilbotik Galdakaora, hiriburutik Galdakaora bitartean bidegorria aldarrikatzeko asmoz. Urriaren 30ean, larunbatez, izango da bizikleta martxa: 11:00etan hasiko da Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusitik (Don Diego López Haroko Kale Nagusia, 25). Hortik ibilbide hau egingo dute: La Peña, Bolueta, N634 errepidea Galdakaorantz (12:30-13:00). 

“Ibaizabal bizikleta zeharkaldi ibilbide segurua eskatzeko egingo dugu bizikleta martxa. Bilbo-Etxebarri-Basauri-Galdakao artean bizikletaz mugitu nahi dugu, betiere modu seguruan”, diote Biziz Biziko ordezkariek. Bizikleta martxarekin bat egingo du, gainera, Basauriko Kareaga Auzo Elkarteak:Izan ere, ekimen horretatik Arratiako Tranbia deritzogun bidegorriari bultzada berri bat hel dakioke”, diote Kareaga Auzo Elkarteko ordezkariek. 

18 urte geroago

Hain urrun eta hain gertu, Bilbotik Galdakaora joan ahal izatea odisea dela dirudien arren, oso hurbil dauden bi udalerri dira. Eta azpiegitura egokiak dituztenez, jende asko animatuko litzateke bizikleta hartzera, horrek dakartzan onura guztiekin”, diote: “Cyclable Master Planean (2003-16), Nerbio-Ibaizabal 2. zenbakiko ardatzean, lotura hori ezarri zen. 18 urte geroago gauzatu gabe jarraitzen du. Ez al da behingoz egiteko garaia?”. 

Bilbotik Barakaldora joateko bidegorria ere aldarrikatzen du Biziz Bizik // Biziz Bizi

Biziz Bizi elkartea 1993an sortu zuten, bizikleta egunerokoan garraio alternatibo gisa erabiltzea aldarrikatzeko. ConBici Bizikletaren Defentsarako Iberiar Koordinakundeko parte da Biziz Bizi. 

☉ Galdakao

Emakume Artisauen Azoka, Impro Showa eta tailerrak antolatu dituzte Galdakaoko Elkarlaguntza Astean

|

Ekainaren 19tik 22ra bitartean izango da Elkarlaguntza Astea Galdakaon // Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea

Ekainaren 19tik 22ra bitartean Elkarlaguntza Astea antolatu du Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak.

Aurten zazpigarren edizioa da, eta besteak beste, Emakume Artisauen Azoka, umeentzako tailerrak, Impro Showa, Meren kantautorearen kontzertua eta Kimo Sound Systemen saioa, pintxo txapelketa, auzolana eta bazkari komunala antolatu dituzte.

Era berean, udako solstizioari ongi etorria emango diote ekainaren 22ko gauean Bekean.

Egitaraua / Elkarlaguntza Astea 2024

Ekainak 19, asteazkena
16:00-20:30 Emakume Artisauen Azoka Plaza Gorrian
17:30-19:30 Txikientzako tailerrak Plaza Gorrian

Ekainak 20, osteguna
19:00 Mastertxef Pintxo Txapelketa Santi Brouard plazan

Ekainak 21, ostirala
20:30 Impro Show Herriko Bentan
22:00 Meren kantautorea Herriko Bentan

Ekainak 22, larunbata
11:00 Auzolana Bekean
15:00 Bazkari komunala Bekeako frontoian
17:00 Serigrafia tailerra Bekean
19:00 Kimo Sound System Bekean
20:00 Udako solstizio gaua Bekean

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Ibilaldiaren aurkezpena egingo du Eguzkibegik ekainaren 15ean, Ikastolako jaian

|

Aurten Ibilaldia Getxon antolatu du San Nikolas Ikastolak // Argazkia: Hiruka

Eguzkibegi Ikastolako jaia antolatu dute ekainaren 15ean, larunbata, Galdakaoko Kurtzeko plazan. Besteak beste, famili txangoa, puzgarriak, txosna, bazkari herrikoia, tailerrak, apar jaia, erromeria eta musika izango dira.

Era berean, 2025ko Ibilaldiaren aurkezpena egingo dute ekainaren 15ean. Ikastolatik adierazi dutenez, datorren urteko Ibilaldiko denda irekiko dute.

Egitaraua / Eguzkibegi Ikastolako jaia

Ekainak 15, larunbata
10:00 Famili txangoa Ganguren tabernatik
11:00 Txosnaren irekiera
11:00 Puzgarriak eta herri kirolak frontoian
12:30 Eke erakustaldia karpan
13:00 2025eko Ibilaldiaren aurkezpena eta dendaren irekiera
14:30 Bazkari herrikoia. Txartelak salgai Ikastolan eta Ganbara tabernan
16:00 Puzgarriak eta tailerrak frontoian
17:00 Bitsa festa Ardantza parkean
18:30 Erromeria karpan: Jaire taldea
20:00 DJ Alai karpan
21:00 Txosnaren itxiera

Berrikuntza gehiago

Instalazioak berritzea Eguzkibegiren “etorkizuneko zutabeetako bat” dela adierazi dute Ikastolako ordezkariek. Hala ere, 2022tik hainbat espazio berritu dituzte: DBHko eta LH6ko ikasgelak, jantokia, sukaldea, laborategia eta teknogela.

Ildo horretan, aurtengo udan LH5 eta HH2ko ikasgelak guztiz berrituko dituzte: “Proiektuaren hirugarren fasea burutzea onartu dugu berriki. Eraldaketaren helburua Ikastola joera pedagogiko berrietara egokitzea eta ikasle eta profesionalei espazio eroso eta berritzaileak eskaintzea da”, diote.

HH2ko gelaren eraldaketa // Infografia: Eguzkibegi Ikastola

Lanak udan hasi eta irailerako bukatuko dituztela zehaztu dute Eguzkibegitik, “ikasturte berrirako ikasle eta profesionalek instalazio berrituez gozatu ahal izateko”.

“Gainera, plaka fotovoltaikoak instalatuko dira Ikastolaren energia autokontsumoa sustatzeko. Proiektu honi esker, kontsumitutako energiaren ia % 50a Ikastolan bertan sortuko da”, diote.

Aurtengo erreforma instalazioak berritzeko “proiektu estrategiko baten barruan” dagoela zehaztu dute Eguzkibegitik: “Proiektu integrala da, Ikastola osoa hartu nahi duena. Programa hau garatzeko, Ikastolak hezkuntza-espazioen diseinuan espezializatutako TLS (The Learning Spaces) enpresaren laguntza jaso du”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Programa / Bitsiko jaiak 2024

|

Paella-jan herrikoia prestatuko du Bitsi Auzo Elkarteak ekainaren 8an, larunbatez // Argazkia: Bitsi Auzo Elkartea

Ekainaren 7tik 10era bitartean Elkarbizitza jaiak antolatu ditu Berezikoetxe, Iberluze, Torrezabal eta San Inazio Auzo elkarteak (Bitsi). Hau da antolatu duten egitaraua:

Egitaraua / Bitsiko jaiak 2024

Ekainak 7, ostirala
19:30 Txupinazoa
20:00 Kalejira Ardo taldeak girotuta
20:00 Gilda dastaketa auzoko tabernetan
20:30 Txikientzako saltxitxa-ogitartekoak Bitsi elkartearen egoitzan
22:30 Kontzertua: The Golden Covers
00:00 Bingo herrikoia
00:30 Gaupasa: 80. hamarkadako musika

Ekainak 8, larunbata
11:30 Paella herrikoia prestatzeko lanak
13:00 Kalejira Soka Batukadak girotuta
14:30 Paella banaketa Berezikoetxe plazan
18:00 Haurrentzako eta nagusientzako jolasak
18:30 VI. Oliba-hezur jaurtiketa Berezikoetxen
19:30 Kontzertua Loiolako Inazion: Iñaki Basabe
22:30 Kontzertua Loiolako Inazion: Norman Bates
23:30 Kontzertua: Akëer
01:00 Bingo herrikoia
01:30 Gaupasa: Mozoilo Irratia

Ekainak 9, igandea
11:30 Patata tortilla lehiaketa
12:00 Tailerra: Toby eta ponpa solidarioak
12:30 III. Ping-pong txapelketa
13:00 Kontzertua: Da Capo Banda
14:00 III. Igel-toka txapelketa Venecar tabernan
14:30 Bazkaria Berezikoetxen eta Loiolako Inazion
17:30 Magia ikuskizuna Loiolako Inazion: Oscar Duran
19:00 Sari banaketa Loiolako Inazion
20:00 Jaien amaiera

Ekainak 10, astelehena
17:00 Haurren eguna prezio herrikoiekin

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Zuhatzu eta N-634 errepidea lotzeko zubi berria eraikitzen hasi da Galdakaoko Udala

Zubia eraikitzearen helburua da Plazakoetxetik kamioien trafikoa ateratzea. Gainera, Txomin Egileor ingurua berriztuko du Udalak bigarren fase honetan

|

Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotzia eta Iñigo Hernando alkatea Zuhautzuko obretan // Geuria

Zuhatzu ingurua berritzen ari da pixkanaka Galdakaoko Udala. Pandemia ostean Eusko Jaurlaritzak eta URAk Ibaizabal ibaia uholdeetatik babesteko obrak hasi eta iazko azaroan bukatu ostean, Galdakaoko Udalak Ibaizabal ibaiertza “herritarren gozamenerako eta ongizaterako eremu” bilakatu du.

Hain zuzen ere, Mercadillo zubitik Torrezabal zubiraino doan ibilbidea berritu du Udalak: “Galdakaok berreskuratu du espazio natural bat, Ibaizabal herriarekin konektatzen duena. Galdakaok behar zuen horrelako espazio bat eta hori ikusten da egunerokoan: herriatarrak paseoan edo kirola egiten ikusten ditugu ibilbide berri honetan; mugikortasuna sustatu dugu”, adierazi du prentsaurrekoan Iñigo Hernando alkateak.

Ibilbidea berrituta, obrak bigarren fase batean sartu dira orain: zubi berri bat eraikiko dute aurten N-634 eta Zuhatzu lotzeko.

Zubia eraikitzeko lanak hasi dituzte eta Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotziak adierazi duenez, obrak urtea amaitu aurretik bukatuko dituzte: “Hilabete honetan hasi dituzte lanak eta aurreikuspenen arabera sei hilabeteko epean bukatuko dituzte”, dio Egiraunek.

Ibilbidean zehar sortutako espazio berriak hornituko ditu Galdakaoko Udalak // Geuria

Zubi berria ibilgailuentzat zein oinezkoentzat izango da eta Udalak 2 milioi euroko inbertsioa egingo du. “Zubi berriari esker trafiko gehiena Galdakaoko sarreratik ateratzea lortuko dugu. Kamioiek, esaterako, ez dute Plazakoetxeko biribilgunera joan beharko, eta horrek esan nahi du Txomin Egileor kaletik ere ez direla igaroko”, dio Egiraunek, eta gaineratu du: “Txomin Egileor kaleko bizilagunak lasaiago biziko dira”.

Ildo horretan, Txomin Egileor kalea guztiz berrituko dutela gogorarazi du Egiraunek: “Urtea amaitu aurretik hasiko gara Txomin Egileor kalean esku hartzen”.

Zehazki, norabide bakarrekoa izango da kalea (oraindik Udalak ez daki zein norabidekoa izango den), eta bidegorri bat ere eraikiko dute. Aurtengo aurrekontuan dago zehaztuta obra hori eta guztira 1,4 milioi euro bideratuko dituzte: erdia Bizkaiko Foru Aldundiak ordainduko du.

Espazio berriak Zuhatzun

Beste alde batetik, Zuhatzu inguruan “beste esku hartze txiki batzuk” egingo ditu Galdakaoko Udalak: “Ibaiaren inguruan sortu diren espazioak hornitu egingo ditugu: Mercadillo zubiaren ondoko parkea, zaharren egoitzaren ondoko lursaila, Santa barbara futbol zelaiaren ondokoa, Maximo Moreno parkea eta skateparkaren atzekaldea”, dio Egiraunek.

Proiektuak eskatu ditu Udalak eta ondoren lizitaziora aterako dituzte obra horiek. “Proiektu integrala izango da”, dio Hernandok.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Akerbeltz erromeria taldeak kontzertua emango du ekainaren 8an Galdakaon

|

Ardanza Lehendakariaren parkean izango da Akerbeltzen kontzertua // Argazkia: Iker Garcia Millan

Akerbeltz erromeria taldeak kontzertua emango du ekainaren 8an, larunbatez, Galdakaoko Ardanza Lehendakariaren parkean 23:00etan.

Gu Dendari Galdakaoko merkatarien elkarteak, ostalariekin eta Udalarekin elkarlanean, antolatu du kontzertua, “gure udalerriko aisialdi eta entretenimendu bizitza pizteko helburuarekin”, diote.

“Herriko jendea eta inguruko udalerrietako bisitariak entretenitzea espero dugu, Galdakaok duen gastronomia, aisialdi eta saltoki eskaintzak erakarrita”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri