☉ Galdakao
Inocencio Goikuria: «Argazki batek motibaziorik, nortasunik edo istoriorik ezkutatzen ez badu, ez du ezertarako balio»
Inocencio Goikuria Iturriotzek (Zeanuri, 1944) txikitatik izan du zaletasun handia irudiekiko. Gaztaroan, aitak La Gaceta del Norte egunkaria eta garai hartako aldizkariak erosi ohi zituen eta Inocenciok, artaziak hartu eta hedabide horien irudiak moztu eta gordetzen zituen, 6 urte baino ez zituenean, inori ezer esan barik
Inocencio Goikuria Iturriotzek (Zeanuri, 1944) txikitatik izan du zaletasun handia irudiekiko. Gaztaroan, aitak La Gaceta del Norte egunkaria eta garai hartako aldizkariak erosi ohi zituen eta Inocenciok, artaziak hartu eta hedabide horien irudiak moztu eta gordetzen zituen, 6 urte baino ez zituenean, inori ezer esan barik. Bakardadean, irudi horietan oinarrituz marrazkiak egiten zituen. Errealitateko irudi ikoniko horiek baliatuz irudi berriak sortzen zituen eskuz. “Garai hartan lehena nintzen marrazketa klasean”, gogoratu du galdakoztarrak Iturrondo plazan kafea edaten duen bitartean. Eguzkiak gogor jotzen du neguko azken egunetan eta begiak erdi itxita dauzka argazkilariak. “Irudiak betidanik gustatu zaizkit”, dio irribarretsu.
Urteek aurrera egin ahala, marrazketaren inguruko hainbat ikastaro egin zituen Inocenciok zaletasun hori indartzeko, argazki kamera ezagutu arte. “Niri makina gustatu zitzaidan”, aitortu digu begietara begira: “Makina, objektua bera. Irudiak sortzeko gailua”, eta eskuen artean kamera daukanaren keinua egiten du. “Momentu bat betirako hilezkortzen duen kamera benetan zoragarria da. Eta gaur egindako irudi bat bihar, etzi edo nahi dugunean berriro ikusi ahal izateak ez dauka preziorik”, dio. “Nork esango zigun duela 20 urteko une bat gogora ekartzeko kapaz den gailu bat asmatuko zutenik?”.
12 urterekin Zeanuritik irten eta Logroñoko klarentetarren eskolan, barneko ikasle modura hasi zen Goikuria. Bertan, irudiak sortzeko grina handitu zitzaion. 16 edo 17 urterekin, gurasoek urtebetetzean zer nahi zuen galdetu zioten eta Inocencio gazteak “makinatxu bat” gura zuela esan zien. Gurasoek, horren ordez dirua eman zioten. 1963. urtea zen, eta Errioxako Santo Domingo de la Calzada herrian zegoelarik, argazkilaritzako denda batera joan zen Inocencio gurasoen diruarekin. “Nik makina sinple bat gura nuen, aurretik ez nuelako horrelakorik sekula izan”. Plastikozko makina bat saldu zioten. Objektiboa ere plastikozkoa zuen: “Sano sinplea zen: alde batean txirrika jartzen zen, tiro egin eta kitto. Guztiz automatikoa”, gogoratu du. “Erabat automatikoa. Bere erara, baina automatikoa”, dio barrez. George Eastman Kodak konpainiako sortzailearen 1888ko hitzak ziruditen argazkilaritzaren unibertsaltasunaz berba egin zuenean: You Press the Button, We Do the Rest.
Kamerarekin, edonora
Eskolan bertan argazkiak egiten hasi zen erosketa berriarekin, denbora galdu barik, eta garai hartako artxibo zoragarria gordetzen du. Noizean behin begirada bat botatzen die eta oroitzapen mordoa datorkio burura. Begiradan nabaritzen zaio. “Argazki batzuen kopiak garai hartako kolegioko lagunei erakutsi dizkiet eta benetan harrituta geratu dira. Argazki horiek nola lortu ditudan galdetu didate behin baino gehiagotan”.
Eskola utzi eta soldaduska egitera joan zen Inocencio. Horrela esanda, badirudi galdakoztarraren argazkilaritza-ibilbidea bertan amaitu zela, baina ezta gutxiago ere! Lehen makinatxo hura beragaz eroan zuen zerbitzu militarra egitera eta larritasun askotatik atera zuela aitortu digu: “Dirua atera nuen soldaduska egin bitartean, jende askok argazkiak egiteko eskatzen zidalako eta horren trukean dirua ematen zidatelako”. Jakina, beste garai batzuk ziren. Argazkilaritza benetan baloratzen zen garaiak ziren, eta argazkiak ateratzeak eragin handia izan du Inocenciorengan: “Alde batetik jende asko ezagutu dut argazkilaritzaren bidez. Bestetik, argazkilaritza euskaraz praktikatzen bada, ate gehiago zabaltzen dizkio argazkilariari”.
Txirrikaren garaian inork ez zekien zein izango zen argazkilariaren emaitza. Berez, argazkilariek beraiek ere ez zekiten. Antzina, argazki kopuru zehatz bat zeukan argazkilariak txirrikan eta bere lana hautatze-irizpidean oinarrituta zegoen: 12 argazkiko txirrika batean, erretratu jakin batzuk egin behar zituen profesionalak eta horiek ondo irten behar ziren ezbairik gabe. “Argazkiak errebelatzera eramaten zirenean oso interesgarria zen itxaronaldi hori”, azaldu du Inocenciok. “Argazkien bila joatea opari bat jasotzea bezalakoa zen; gaur egun, ordea, magia hori galdu du argazkilaritzak”. Hala ere, alde positiboak bilatzearren, Inocenciok dio gaur egungo argazkilaritzak aukera ematen duela argazki hobeak egiteko: “Argazkiak egitera goazenean, etxera itzultzen gara egindako 20 argazkietatik 3 gutxienez ondo daudela jakinda”. Gainera, ikusgarritasuna eskuratzea antzina baino errazagoa da gaur egun teknologia berrien bidez, Galdakaokoaren usteen arabera. Nola ez, baditu kontuak Instagramen eta Facebooken, eta bertan elkarbanatzen ditu bere lanak: “Gaur egungo argazkilaritzan, nork bere lanak munduan zehar zabaldu behar ditu eta horretarako erreminta egokiak dira sare sozialak, besteak beste”.
Soldaduskatik bueltan Firestone lantegian behar egiten hasi zen Inocencio, lan hura lehentasun modura hartuta. Hala ere, irudiak egiteko grina ez zen sekula itzali eta zaletasun modura mantendu zuen argazkilaritza, bigarren mailan. Lantegian egonda ere, argazkilaritza presente izan zuen ere: makina digital berria erosi zion enpresak eta harekin ere erretratu ugari egin zituen bizitza profesionalean zehar.
Argazkiak, telebistan
Orain 18 urte hartu zuen erretiroa Inocenciok. Ezagun batek Euskal Telebistak albistegien amaieran, Eguraldiaren atalean herritarren irudiak emititzen zituela esan zion egun batean eta bertan parte hartzera animatu zuen. “Nik ez nekien nire argazkiek ETB bezalako kate batean lekurik izango ote zuten, baina hala ere, zergatik ez? Pausoa eman eta harremanetan jarri nintzen haiekin”. Bertan Urko Aristi ezagutu zuen (Ibarra, Gipuzkoa, 1977), Eguraldia ataleko telebista-meteorologo ohia. Lagun handiak egin ziren eta Inocenciok erredakziora bidaltzen zituen argazkiak asko gustatzen zitzaizkion Aristiri. “Horrek aurrera egiteko animoak eman zizkidan”. Eguraldia atalean bospasei argazkilarik bidaltzen zituzten euren fotoak garai hartan. Duela 18 urte jende gutxik zeukan argazki kamera digitala erosteko ahalmena. Inocencio bera ere harritu egiten da hainbeste urtetan zehar ETBrako doan egindako argazki kopuru erraldoian pentsatzerakoan. Kontuan izan beharrekoa da bere bilduma osotik, Inocenciok paisaiak soilik bidali dituela Bilboko erredakziora.
Baina orain konpetentzia handitu egin da. Kameraz zein telefonoagaz argazkiak egiten dituen jende ugari dago, “baina horrek ez du esan nahi argazkilariak direnik”, zehaztu du Inocenciok. “Denetarik dago argazkilaritzaren munduan, eta teknologiak aurrerapauso ikaragarriak eman ditu denbora tarte txikian: makina sofistikatu itzelak eros daitezke merkatuan gaur egun, baita dronak ere!”. Egia da, argazkilaritza digitalaren mundua zeharo demokratizatu da onerako eta ez hain onerako. Gaur egun askotariko prezioak daude argazkilaritzaren esparruan, poltsiko askotara doitutakoak, orokorrean, zaletasun garestia izan arren: “Hori bai, baina lehiakortasun itzela dago!”, errepikatu du Goikuriak. “Zuk uste duzu hain lehiakorra den jende horrek argazkilaritza praktikatzen benetan gozatzen duela?”.
Inocenciok denbora eta pazientzia handia izan du bizitzan bere argazkilaritza materiala behar bezala amortizatzeko. Eta ez hori bakarrik: nork bere ekipo propioa erosteko ahalmena izan arren, horrek ez du argazki onik ziurtatzen Inocencioren arabera: “Argazki bakoitzak motibazio bat, nortasun bat, istorio bat ezkutatzen du. Argazkiek osagarri horiek ez badituzte ez dute merezi”. Inocencioren kasuan, bere motibazio nagusiak eguraldia eta natura dira, zalantzarik gabe. Baina ez dira bakarrak. Etxean argazkilaritza analogikoko 50 album gordetzen ditu: kolorez, zuri beltzekoak… “Semea jaio zenean argazkiak egin nizkion, bilobak iritsi zirenean jarraipena egin nizkien argazkien bidez. Agian orain ez dute behar bezala baloratuko baina nire urteetara iristen direnean, ziur baietz!”.
Tartea duenean, argazki-lehiaketetan hartzen du parte Inocenciok, baldintza bakarrarekin: lehiaketako oinarrien arabera, epaileek parte-hartzaileen lanak baloratu ditzatela: “Duela hilabete batzuk Zeberioko argazkilaritza lehiaketan parte hartzera animatu nintzen gaia oso interesgarria zelako”. Inocenciok ‘Baskonia’ baserritarrarekin topo egin zuen Zeberion, baserri aurrean eta kalabaza, piper eta tomate artean. Argazkia ateratzeko baimena eskatu zion Galdakaokoak eta ilusio handia egin zion zeberioztarrari. “Lehiaketako oinarriak errespetatzen zituzten argazkia egin nizkion”, adierazi du. “Horiekin batera behi batzuenak Olabarrietako Santo Tomas aurrean, Ermitabarrin”. Handik egun batzuetara, bozketa sistema herritarren esku zegoela ikusi zuen argazkilariak, eta ez epaileen iritzietan oinarrituta. “Hura desengainua hartu nuena! Balorazio sistema herritarren esku zegoen eta ‘atsegin dut’ gehien zuen argazkiak irabazi zuen”, azaldu du Inocenciok.
Goikuriaren workflowa
Lasaitasuna argazkilaritzaren berebiziko osagarria da. Horrela uste du Goikuriak ere. Argazki perfektua egiteko askotan itxaron egin behar da, ehizan edo arrantzan egiten den bezalaxe. “Nire kasuan, irteerak prestatu ohi ditut”, aitortu du Inocenciok. “Eguraldiaren partea, eguzkiaren norabidea, ordua… Horren arabera erabakitzen dut helmuga bakoitza”. Batzuetan argazkiekin itzultzen da etxera, baina beste batzuetan, esku hutsik. “Hala ere, zaletasuna zainetan badaramazu, beti irteten da aldez aurretik prestatuta ez zegoen azken momentuko aukeraren bat, eta momentu politak hilezkortu daitezke horiek behar bezala aprobetxatzen baditugu”.
Hasiera batean bere txakurrarekin egiten zituen irteerak Inocenciok. Gaur, ostera, lagunekin irteten da eskualdeko bazterrak arakatzera, baita Arabako Maroñon ibilaldiak egitera ere bere Canon 600D kamera eta 17-55mmko optikarekin. Bigarren objektibo modura eta urruneko elementuak kaptatzeko 70-300mmko teleobjektibo bat ere badarama gainean. Dena, poltsa txiki batean jasota. Normalean, irteerak egun erdikoak izaten dira eta etxera bazkaltzera itzultzen da Galdakaokoa.
Denboran atzera egiteko aukera izango balu bizitza argazkilaritzari eskainiko ote liokeen galdetuta, Inocenciok ez luke oso argi ikusiko etorkizuna argazkilari lez (uste guztien aurka): “Gaur egun edonork egiten ditu argazkiak eta antzinako kutsu hori zeharo galdu da”. Momentuz bere ibilaldiak egiten eta argazkiak telebistara bidaltzen jarraituko du.
☉ Galdakao
Galdakaoko Berbalagun jaiak 60 herritar batu ditu euskaraz jolasean
Berbalagun taldeak martxan daude Hego Uriben, baina ikasturteari hasiera emateko atzo Berbalagun jaia antolatu zuten Galdakaoko Ganguren tabernan eta 60 lagun bertaratu ziren.
“Arratsalde zoragarria pasatu genuen Galdakaoko berbalagunok. Urtero bezala, taldeetako kideei euskaltegi bietako ikasleak gehitu zaizkie, proiektua bertatik bertara ezagutzeko eta, bide batez, jendea ezagutu, ondo pasatu eta euskaraz hitz egiteko”, diote Galdakaoko Berbalagun egitasmoko dinamizatzaileek.
Hainbat jolasetan hartu zuten parte berbalagunek: “Su ta Gar taldearen abestiak, euskal idazleak, joko olinpikoak eta Euskal Herriko herriak identifikatzen ibili ziren lehen proban. Ondoren, mezu sekretu bat asmatzen jarri genituen: egindako galderaren erantzunera gehien hurbiltzen zenak zuen letrak askatzeko aukera. Azkenik, Jexux Mari Irazuk eta Unai Agirrek 2013an botatako bertso baten oinak kokatzen aritu ziren txukun-txukun”.
“Jo ta ke lanean egon ziren guztiak, eta, konturatu orduko, etxera joateko ordua heldu zen. Jendeak ederto pasatu zuen eta euskaraz hitz egiteko lagun berriak egin zituen; beraz, ezin zitzaion besterik eskatu egunari. Gero eta lagun gehiago gara, eta ikasturtea hasi baino ez da egin”, diote.
☉ Galdakao
Galdakaoko GBGE elkarteak 6 tona ur eramango ditu Paiportara, Valentzian
Galdakaoko GBGE elkarteko boluntario talde batek Valentziara joko du azaroaren 6an, asteazkenez. Zehazki, Paiportara joango da boluntario taldea eta 6 tona ur eramango dituzte.
“Paiportako Udalarekin harremanetan gaude boluntariotzako lankidetza-hitzarmen antolatu eta koordinatu bat ezartzeko”, adierazi dute sare sozialetan GBGEtik.
Era berean, elkartetik adierazi dute momentuz ez dutela material bilketarik egingo Galdakaon, “zer eta non behar den argi izan arte”, diote. “Oraingoz ura, palak, kuboak eta garbiketa-elementuak eskatu dizkigute”.
Galdakaoko elkartetik kontu-korronte zenbaki bat jarri dute herritarren eskura dohaintzak egiteko: ES46 0182 2738 6802 0162 1936 (BBVA). Eta bizum bat ere errazte dute: 05028 kodea (Zero Hondakinak).
☉ Galdakao
Etxebizitzetan igogailuak jartzeko edo isolamendua hobetzeko 200.000 euro bideratuko ditu Galdakaok
Era berean, etxe barruetan, bainuontzien ordez dutxak jartzeko dirulaguntza ere eskainiko du Galdakaoko Udalak
Galdakaoko etxebizitzetan eta bizitegi-eraikinetan irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko eta energia iturri berriztagarriak instalatzeko lanetarako 200.000 euroko laguntza lerroa onartu du aho batez Galdakaoko udalbatzak.
Alde batetik, etxebizitza pribatuetako lanetarako eta bizitegi eraikinetako elementu komunetarako izango dira laguntzak.
“Oztopo arkitektonikoak ezabatzeko lerroan igogailuak jartzeko erabili ahalko dira, adibidez, komunitatean, eta etxe barruetan, bainuontzien ordez dutxak jartzeko, esaterako”, dio Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotziak.
Bestetik, energia eraginkortasuna hobetzeko laguntza lerroari dagokionez, besteak beste, eraikinen isolamendua hobetzera bideratuko ditu Udalak dirulaguntzak. Eta, hirugarren lerroa, autokontsumorako energia berriztagarri iturriak jartzeko laguntzak izango dira.
☉ Galdakao
Zabor tasa hilean 3,86 euro gehiago ordainduko dute bataz beste galdakoztarrek
Europak hala behartuta, zaborraren bilketaren eta tratamenduaren gastua herritarrek eta enpresek bere gain hartu beharko du 2025etik aurrera. Gauzak horrela, datorren urtean gora egingo du zabor tasak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri gehienetan.
Galdakaoren kasuan, % 69 igoko da zabor bilketari dagokion tasa, hau da, hilean bataz beste 3,86 euro gehiago ordaindiko dute galdakoztarrek.
“Orain arte, kostuaren % 40 inguru ordaintzen zuten galdakoztarrek zuzenean tasekin, eta beraz, % 100 hala ordaindu behar dutenez, nabarmen igo behar da tasa hori. Zehazki, % 69 igoko da zabor bilketari dagokion tasa: hilean 5,59 euro ordaintzen da batez beste etxebizitzako eta aurrerantzean 9,45 euro ordaindu beharko da batez beste”, azaldu zuen Alberto Ealo Ogasun arloko zinegotziak.
Zabor tasa igotzeko erabakia urriko osoko bilkuran onartu zuten, EH Bilduren, UHren eta Auzoaken aldeko botoekin, EAJren kontrako botoekin eta PSEren abstentzioarekin.
Hobariak
Bestelako zerga, tasa edo prezio publikoetan gertatu bezala, Galdakaoko Udalak hobariak ezarriko ditu herritarren diru sarreren arabera.
“Gaur egun zaborrak biltzeko zerbitzua arautzen duen ordenantza fiskalean hobari batzuk jasotzen ditugula. Zehazki, % 50ekoak, familia unitate bakoitzeko pertsona kopuruari eta eskura dituzten baliabide ekonomikoei erreparatuta”, adierazi zuen Ealok.
Galdakaoko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek bat egin zuten aurrerantzean beste hobari batzuk ezarri beharko liratekeela, “gutxien kutsatzen dutenak saritzeari begira”.
Ildo horretan, alderdi jeltzaleak % 69ko igoera salatu eta, “etxeetara, merkataritzara edo industriara egokitzen den eredu bat” aurkeztu zuen: hiri-hondakinen bilketarako tasa justua, alegia. Besteak beste, etxeetan bilketa bereizia sustatzea eta konpostajea egiten dutenei tasa murriztea; hondakinak berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatze aldera bilketa bereizietan parte hartzen dutenek ere hobariak jasotzea; eta merkatariei begira, hondakinen gaikako bilketan aktiboki parte hartzen duten negozioei ere hobariak aplikatzea proposatu zuten.
Hala ere, gobernu taldeak ez zuen EAJren emendakina onartu: “Azterketa sakona egin dugu eta aspalditik ari gara hau lantzen. Alderdi jeltzaletik hobariak proposatu dituzue, baina planteamendu seriorik gabe”, adierazi zuen Ealok.
“Hondakinen sorreran guztion jarduerak bereiztea eta kontuan hartzea posible egingo duten konponbideetan aurrera egiteko konpromisoa hartzen dugu, jokabide jakin batzuei murrizketak edo pizgarriak aplikatu ahal izateko. Baina, era berean, badakigu egokitzapen horiek guztiak ezin direla egun batetik bestera egin. Zeregin konplexua izango da, baina horretan ahaleginduko gara planteatu daitezkeen aukerak ebaluatzeko. Dagoeneko urratsak eman dira ildo horretan: bilketa pneumatiko postontziak gehitzea, industrialdeetan atez ateko zerbitzua edota Smart Galdakao. Gure herrian hondakinak kudeatzeko gura dugun ereduagaz ados jarri beharko genuke, eta atseginez hartuko dugu egin dezakezuen edozein ekarpen, betiere kontrastatutako informazioetan oinarrituta badago”, izan ziren Ealoren azken hitzak.
☉ Galdakao
Bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon etxebizitza batean lapurtzen saiatzeagatik
Bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon etxebizitza batean lapurtzen saiatzeagatik. Atxilotuek 28 eta 40 urte dituzte eta lapurretekin lotutako delitu-aurrekariak dituzte.
Gertakariak atzo 12:00etan jazo ziren: Ertzaintzak lapurretaren berri izan zuen eta Galdakaoko Udaltzaingoaren laguntzarekin bi gizonak harrapatu zituzten aipatutako etxebizitzaren atarian, ihes egiten saiatuz.
Harrapatu zituztenean lapurretak egiteko erabili ohi diren tresnak eta erremintak antzeman zizkieten, hala nola, bi gakorde eta bi xafla metaliko (xafla horiek etxeetan sartzeko erabiltzen dira, “inpresioning” delako teknikaren bidez).
Atxilotuak ertzain-etxera eraman zituzten beharrezko eginbideak egiteko eta datozen orduetan epailearen esku utziko dituzte.