Sareak

☉ Galdakao

Emakume Master Cup txapelketako finalerdiak, igandean, Kurtzeko frontoian

Patri Espinar usansolotarrak Olatz Arrizabalaga gernikarraren aurka jokatuko du. Era berean, Leire Etxaniz, Iera Agirre, Leire Garai, Miriam Arrillaga, Laia Salsamendi eta Miren Larrarte pilotariak ere izango dira finalerdietan

|

Binakako txapelketako lehen kanporaketa ere Galdakaon jokatu zuten // Argazkia: Geuria

Patri Espinar usansolotarrak Olatz Arrizabalaga gernikarraren aurka jokatuko du. Era berean, Leire Etxaniz, Iera Agirre, Leire Garai, Miriam Arrillaga, Laia Salsamendi eta Miren Larrarte pilotariak ere izango dira finalerdietan

Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Master Cup txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte abenduaren 1ean, iagndez, Galdakaon. Goi mailako pilota mixtoari dagokion kategorian Leire Garai eta Miriam Arrillaga aurrez aurre arituko dira, baita Laia Salsamendi eta Miren Larrarte ere. Pilota goxuari dagokion ataleko lau pilotariren artean hiru, bizkaitarrak dira. Lehen partidan Patri Espinar usansoloarra Olatz Arrizabalagaren kontra arituko da. Bigarrenean, Leire Etxaniz eta Iera Agirre izango dira aurrez aurre.

Partidak 12:00etan hasiko dira eta ETB-1ek zuzenean emango ditu. Partidu profesionalak hasi aurretik, 11:00etan Galdakaoko Adiskide pilota elkarteko neskatoek jokatzeko aukera izango dute, txapelketako antolatzaileek finalerdiko partiden aurretik lagunarteko partidak egiteko gonbita egin baitiete herriko neskatoei. Gaur egun bost neskato ari dira Adiskide elkartearekin pilotan.

“Neskatoak eta emakumeak frontoira hurbildu daitezela eta jokatu dezatela da helburua. Bide asko dago oraindik egiteko, baina pixkanaka ari gara aukerak sortzen”, dio Iker Amarika Emakume Master Cup-eko antolatzaileak. Norabide horretan pilota elkarteak egiten ari diren lana eskertu du, Galdakaoko Adiskide taldearena espresuki nabarmenduta.

Inoiz baino pilotari gehiago

Aurten 92 pilotarik parte hartu du Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketan, “inoiz baino gehiago”, dio Amarikak. “Errekorrak” hausten jarraitzeko asmoa azaldu du Amarikak, eta zentzu horretan Galdakaoko Udalak erakutsitako “konpromisoa” goratu du.

“Halako edozein krirol praktika ekartzea onuragarria da herriarentzat eta bertako herritarrentzat. Are gehiago emakumeen kirola denean”, dio Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko zinegotziak: “Kirol karreran aurrera egiteko plazak behar dira, eta gu, hor egongo gara”.

☉ Galdakao

Galdakaoko Adiskide Pilota Elkarteak 50 urteko ibilbidea ospatuko du jai giroan igandean

Adiskidek 1975ean ekin zion ibilbideari, bost lagunen ekimenez, eta gaur egun 60 pilotari inguruk osatzen dute taldea. Urte hauetan zehar, Urrutikoetxea, Elezkano edo Larunbe bezalako pilotariak igaro dira bertatik

|

Jaialdiaren ostean bazkari herrikoia egingo dute // Geuria

Adiskide Pilota Elkarteak 50. urteurrena bete du aurten, eta ospakizun berezia antolatu du domekan, azaroaren 10ean, Kurtzeko frontoian, 10:30etik aurrera. Aurretik, gaur arratsaldean, 50.urteurreneko txapelketako finalak jokatuko dituzte: 19:00etan emakumeak arituko dira: Aldai-Gaminde  Ibarrola-Capellanen aurka, eta ordubete geroago gizonezkoak: Victor-Urbisu alde batetik, Carregal-Merino II bestetik.

Igandeko ospakizunari dagokionez, belaunaldien arteko partidek emango dio hasiera egunari, eta ondoren bazkari herrikoia egingo dute.

Ez dira hauek, ordea, urteurrenaren harira egin dituzten ekitaldi bakarrak: argazki-erakusketa ere jarri zuten martxan Torrezabal Kultur Etxean, Adiskideren 50 urteko ibilbideko une eta oroitzapen garrantzitsuenak jasotzen dituena. Erakusketa gaur arte egongo da ikusgai.

Elkarteko presidente Gaizka Uriarte Zearrak GEURIAri emandako elkarrizketan aipatu bezala, taldeak betidanik argi izan ditu bere oinarriak:  “euskara, auzolana eta esku pilota”.

Adiskidek 1975ean ekin zion ibilbideari, bost lagunen ekimenez, eta gaur egun 60 pilotari inguruk osatzen dute taldea. Urte hauetan zehar, Urrutikoetxea, Elezkano edo Larunbe bezalako pilotariak igaro dira bertatik.

Egun handia izango dute domekan, Adiskideko kideentzat ez ezik, euskal pilotazale eta galdakoztar guztientzat ere.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Auzolana eta musika oinarri, Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak jaialdia antolatu du Basauriko Txarraska Gaztetxean

Aurkezpenaren aurretik eta ondoren fj Muff, Tarisko, Vulcanizafas eta Marlon Random arduratuko dira musikaz eta festa girotzeaz

|

Txarraskan egingo dute jaialdia // Geuria

Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak (GES) jaialdi berezia antolatu du gaur, azaroaren 7an, ostirala, Basauriko Txarraska gaztetxean, 17:00etatik aurrera. Ekimena sarearen filosofia jarraituz antolatu dute, auzolanean eta autogestioan oinarrituta.

Jaialdian Burgoseko Escuela de Pueblos kolektiboa izango da gonbidatu berezi gisa, euren proiektua aurkezteko. Talde honek ere elkarlaguntzan eta komunitatearen indarrean oinarritutako jarduera sozialak garatzen ditu, eta horregatik gonbidatu dute Galdakaoko Elkarlaguntza Sareko kideek.

Aurkezpenaren aurretik eta ondoren fj Muff, Tarisko, Vulcanizafas eta Marlon Random arduratuko dira musikaz eta festa girotzeaz.

Jaialdian bildutako diru guztia Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea (GES) finantzatzeko erabiliko da, kolektiboak egiten duen elkartasun-lana  bideragarri egiteko asmoz.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Fernando Izagirrek ukatu egin du epaiketan DYAren dirua desbideratu izana

DYAko presidente izan zen garaian (2016-2021) ustez egindako irregulartasunengatik epailearen aurrean deklaratu du Izagirrek. Epaiaren zain dago galdakoztarra

|

Izagirre 2016-2021 urte bitartean izan zen DYAko presidente // DYA

Fernando Izagirre Bizkaiko DYAko presidente ohiak ukatu egin du gobernuz kanpoko erakundearenak ziren 4,75 milioi euro bereganatu izana.

Bere asmo bakarra Kataluniako osasun-garraioaren sektorean DYAren jarduera indartzea zela adierazi du galdakoztarrak epaiketan.

Izaguirrek azaldu zuenez, ez daki “ezertxo ere” kontabilitateari buruz, eta DYAk biltzen zituen 5 milioiko funtsak langile bati eskualdatu zizkion.

Epaiketa azaroaren 4an eta 5ean izan da Bizkaiko Auzitegian. Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu du Izagirrerentzat: 4 urte eta erdi administrazio desleialeko delitu jarraituengatik eta 2 urte eta erdi DYAren egoera ekonomikoa islatu behar zuten dokumentuak faltsutzeagatik.

Izagirrez gain, Juan Diego Gallardo bere bazkidea ere epaituko dute. Gallardorentzat 4 urteko kartzela-zigorra eskatu du Fiskaltzak.

Kekukoek, perituek eta akusatuek deklarazioa eman ostean, epaiaren zain daude.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Zuhatzu eta N-634 errepidea lotuko dituen zubi berria otsailean zabaltzea aurreikusi dute

Zuhatzu eta N-634 errepidea lotuko dituen zubia jartzeko lanak hasi dituzte Galdakaon. Muntaketa aste batean egingo dute eta ondoren urbanizazio lanak hasiko dituzte

|

Egituraren muntaketa aste batez luzatuko da eta gero urbanizazio lanak hasiko dituzte // Argazkia: Galdakaoko Udala

Zuhatzu eta N-634 errepidea konektatuko dituen zubi berria instalatzeari ekin diote gaur, Galdakaon. Egituraren muntaketa aste batez luzatuko da eta gero urbanizazio lanak hasiko dituzte.

Aurreikuspenaren arabera zubi berria otsailean zabalduko dute. Pasabideak bi noranzkoetan izango ditu erreiak, baita alde bietan oinezkoentzako espaloi zabalak ere.

Azpiegitura berri honen eraikuntza Txomin Egileor kalearen berrantolaketarekin bat dator: “Horiek amaitzean, kaleak noranzko bakarreko zirkulazioa izango du. Beraz, zubi berriak Txomin Egileorren izaten diren trafiko pilaketak arinduko ditu eta mugikortasunaren fluxua hobetuko du, Zuhatzurantz eta handik Galdakao zein Bilborantz egiten diren ibilbideak erraztuz”, diote udal ordezkariek: “Zubia eremu horretako mugikortasuna hobetzeko funtsezko elementua izango da”.

Proiektu hau Txomin Egileor eta bere ingurunea berritzeko, lasaitzeko eta modernizatzeko prozesuaren barne dago, eta trafikoaren fluxua eta segurtasuna, eta oinezkoen mugikortasuna hobetzea ekarriko du.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Fernando Izagirre DYAko presidente izandakoaren aurkako epaiketa bihar hasiko da

Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu du Izagirrerentzat: 4 urte eta erdi administrazio desleialeko delitu jarraituengatik eta 2 urte eta erdi dokumentuak faltsutzeagatik

|

galdakao fernando izagirre 2018 alkategai eaj argazkia dya
2022tik ikerketapean egon da Fernando Izagirre galdakoztarra // Artxiboa

DYAko presidente izan zen garaian (2016-2021) ustez egindako irregulartasunengatik ikerketapean egon da Fernando Izagirre galdakoztarra.

Ikerketa 2022an hasi zuten eta, hiru urte ostean, bihar hasiko da epaiketa.

Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu du Izagirrerentzat: 4 urte eta erdi administrazio desleialeko delitu jarraituengatik eta 2 urte eta erdi DYAren egoera ekonomikoa islatu behar zuten dokumentuak faltsutzeagatik.

Izagirrez gain, Juan Diego Gallardo bere bazkidea ere epaituko dute. Gallardorentzat 4 urteko kartzela-zigorra eskatu du Fiskaltzak.

Era berean, bi inputatuek DYAri 4,75 milioi euro baino gehiagoko kalte-ordaina ematea eskatu du Fiskaltzak. Eta akusatuen “bizibideak” eta “ondasunak” ikertzeko agindu dio Poliziari, etorkizunean gerta daitezkeen enbargoei begira, kondena bete behar badute.

Ikerketa 2022tik

DYAko zuzendaritza batzorde berriak salaketa jarri zuen 2022an, barne-auditoria batek alarmak piztu ondoren. Zehazki, “gauza arraro askorerekin” egin zuten topo auditorian, besteak beste, “diru txartelen erabilera okerra”.

Salaketa publiko egin eta Izagirrek Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako zuzendari karguari eta Galdakaoko Udaleko EAJren bozeramailetzari uko egin zuen.

1986an hasi zen boluntario gisa Izagirre DYAn eta 2016an izendatu zuten presidente. 2021ean kargua utzi zuen Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaritza hartu ondoren.

Osorik irakurri