→Galdakao

Galdakaok 105 herritar kontratatu ditu 2022an Europa eta Lanbideren finantziazioarekin

Galdakaoko Udalak, Next Generation diru-laguntzekin eta Lanbiderekin 105 pertsona kontratatu zituen iaz urtean zehar egindako 10 proiektuetan

Langileak, konponketak egiten // Galdakaoko Udala

Galdakaoko Udalak Enplegu Planeko 2022ko datuak kaleratu ditu. Horien arabera, 105 pertsona kontratatu zituzten iaz urtean zehar egindako 10 proiektuetan: “Lan merkatuan sartzeko zailtasun gehien dituzten galdakoztarrei sei hilabeteko kontratuak eskaini zitzaien, azaldu dute udal ordezkariek. 105 kontratatu horietatik 60 Next Generation funtsetatik hartu dituzte eta beste 45ak Galdakaoko Udalak eta Lanbidek elkarren artean finantzatutakoak dira.

Next Generation diru-laguntzetatik kontratatutako langabe galdakoztarrek lanerako prestakuntza eta orientazioa jaso zutela azaldu du Udalak, “merkatuan sartzeko gaitasunak eta ezagutzak indartzeko”. Gainera, azken edizio honetako kolektibo aipagarria lana lortzeko zailtasunak duten 45 urtetik gorakoen taldea izan da: “Parte hartu duten pertsonen % 66k oinarrizko prestakuntza du, eta, beraz, jasotako prestakuntzak balio berezia du, lana aurkitzeko aukerak hobetzen lagunduko baitie.

Europako programetako proiektuen helburua kontratatutako galdakoztarrak lan merkatuan sartzea sustatzea dela azaldu dute Udaletik eta kontratatuek egin beharreko lanak mugikortasun iraunkorraren, naturaren kontserbazioaren, espazio publikoen kontserbazioaren eta mantentzearen, eta kontserbazio egoera txarrean dauden eremuak berreskuratzearen zein hobetzearen ingurukoak izan dira.

Hiru fase dituzte Europako programek: kontratazio eta harrera fasea, prestakuntza ibilbidea eta lan orientazioa. Proiektua amaituta, lan merkatuan laneratzeko helburu profesionalak ezartzera bideratutako tutoretza ekintzak egitera bideratuko dituzte onuradunak: “Helburua enplegua aktiboki bilatzeko prozesuari berriro ekitea da, laneratzeko plan pertsonalari berriro helduz eta Lanbiden enplegu eskaera berraktibatuz, baita dauden beste bitartekaritza zerbitzu batzuetan ere”.

Udalaren kontratazioak

Galdakaoko Udalak eta Lanbidek 45 kontratazio finantzatu dituzte elkarrekin, konponketetarako, enplegu berde alorrerako, margolaritza esparrurako eta hiri-dekoraziorako: 8 agente zibiko, bideak eta berdeguneak garbitzeko 12 langile, pintura lanak egiteko 8 langile, konponketa txikiak egiteko 12 igeltsero eta hormak eta hiri eremuak garbitzeko 5 langile.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak