→Galdakao

Langabezian zeuden ehun herritar laneratuko ditu aurten Galdakaoko Udalak

Enplegu Planen barruan ehun herritarretik gora kontratatuko ditu aurten Galdakaoko Udalak. Guztira 2,1 milioi euro bideratu dituzte.

Argazkia: Galdakaoko Udala

Enplegu Planen barruan ehun herritarretik gora kontratatuko ditu aurten Galdakaoko Udalak. Urtarrilean 40 pertsona hasi dira lanean eta datozen hilabeteetan beste 66 pertsona kontratatuko dituzte. Besteak beste, konponketa-lanak eta margoketa-lanak egiteko, lurrak garbitzeko, muralak margotzeko edota agente zibikoen lana egiteko kontratatu dituzte 106 herritar. “Kontratazio hauek 2020ko bi Enplegu Planei dagozkie: bat arrunta, 40 pertsonari eragiten diena, eta bestea ezohikoa, beste 66 pertsonari eragiten diena, non 10 eskaintza gazteei zuzendutakoak izan diren”, dio José Luis Bernal Toki Garapen eta Enpleguko zinegotziak. Udalak eta Lanbidek 2,1 milioi euro bideratu dituzte Enplegu Planetarako: Udalak 1,8 milioi euro jarri ditu eta Lanbidek 242.000 euro. “Udal gisa, daukagun testuinguru sozioekonomikoan, bi helburu argi ezarri ditugu: batetik, udalerrian ditugun proiektuen eta enpresen bideragarritasuna bermatzea eta laguntzea, eta, bestetik, langabeziari aurre egitea”, dio Bernalek.

Lanpostuak zehaztuta, 56 lagun kontratatu dituzte konponketa-lanak edota margoketa-lanak egiteko: 28 pertsona deialdi bakoitzean. “Leku itxietan hasi dira lanean, eguraldia lagun ez baitute izan. Dagoeneko Aperribaiko Eperlanda eskola zaharreko bi gela eta lehenengo solairuko korridorea margotzen eta egokitzen amaitu dute”, dio Bernalek. Bigarren fase batean, eskolan egin beharreko hobekuntza gehiago egingo dituzte. “Usansoloko adinekoen zentroan, Galdakaoko Helduen Hezkuntzako lokaletan eta Udal Euskaltegiko lokaletan ere egin dituzte hobekuntzak. Horiez gain, piboteak, farolak, bankuak eta barandak margotzen ari dira udalerriko hainbat gunetan, baita Behargintzako lokaletan konponketak egiten ere, leiho batzuk kableatuz eta aldatuz”, dio. Era berean, Gandasegi-Egia ikastetxea margotzeko asmoa dagoela adierazi dute udal ordezkariek, sei hilabeteko iraupenarekin, baita Bekeako frontoia eta Usansoloko futbol zelaiko gune bat ere.

Bestetik, 24 lagun Enplegu Berdea delako ekimenean ari dira beharrean: “Dagoeneko 12 pertsona ari dira lanean hiru taldetan banatuta Olabarrietako txaleteko, Erletxesko poligonoko eta Ostalaritza Eskolaren atzealdeko lurrak gaerbitzen eta mantentzen. Bigarren deialdiko langileak datozen egunetan hasiko dira lanean”, dio Bernalek. Agente zibiko bezala 16 lagun kontratatu dituzte, eta ikastetxe eta hirigunetako inguruko bideetan eskolako komunitateari pasabideetan laguntzen, eta ospitalearen inguruan erabiltzaileei aparkalekuetan laguntza ematen ari dira. Eta azkenik, gazteei lan-aukerak emateko asmoz, 10 herritar izango dira herriko gune ezberdinetan muralak margotzen: “Lana aurkitzeko zailtasun bereziak dituzten gazteak ari dira planean parte hartzen. Prestakuntza-ikastaroak ari dira jasotzen, beren lanak egitera irten aurretik”, dio Bernalek. Ez da lehen aldia muralak margotzeko gazteak kontratatzen dituztena. Hain zuzen ere, iaz bost gazte kontratatu zituen Udalak Galdakaoko eta Usansoloko sei gunetan muralak margotzeko (Lapurdi kalean, Bekeako tunelean, Gorosibai inguruan, Galdakaoko Musika Eskolan eta suhiltzaileen egoitza zenaren inguruko horman) eta 2019an beste bost (Errekalde bidean, Zubiaurretaren kalean eta Urreta parkeko haurrentzako eremuan).

“2021eko enplegu planetara bideratutako eta urtearen amaieran onartutako aurrekontuan jasotako aurrekontuari dagokionez, hura aldatzea aztertuko dugu. Izan ere, pandemiari aurre egiteko sortu den egoera aztertuko dugu, seguruenik langabeziaren igoera ekarriko duelako, batez ere biztanleria landunaren artean aldi baterako enplegu-erregulazio espedienteak amaitzen direnean”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak