→Galdakao

Pasa den astean Galdakaon gertatutako eraso matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Momoakek

Eraso matxisten kontrako manifestazioa irailean Galdakaon, Santakurtzak hasi aurretik // Geuria

Azaroaren 9an 38 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Galdakaon, bikotekidearen etxeari eta emakumearen gertuko pertsona baten furgonetari su ematea leporatuta. Hura ez zen izan gizonak emakumearengan izan zuen eraso bakarra, izan ere Segurtasun Sailak adierazi zuenez, aurreko egunean gizonak bikotekidea jo eta iraindu zuen eta gainera, hiltzeko mehatxuak egin zizkion, eta aurretik ere antzeko gertaerak jasan zituen emakumeak gizonarengandik. Gizonak polizia-aurrekariak ditu. Hori dela eta, Bilboko epaitegiak ebatzi zuen azaroaren 10ean atxilotua Basauriko espetxean sartzea.

Eraso matxista horien aurrean, Momoak Talde Feministak elkarretaratzea deitu du azaroaren 18an, ostiralez, 19:30ean Santi Brouard plazan. “Nazkatuta gaude zuen etengabeko biolentziaz! Ez dugu erasorik onartuko!”, adierazi dute.

Udalaren gaitzespena

Galdakaoko Udalak azken eraso matxistaren aurrean, barne Protokoloa aktibatu zuen gertateren berri izan eta gutxira eta Bozeramaileen Batzordea urgentziaz deitu zuen eta adierazpen instituzionala kaleratu: “Adierazi gura dugu indarkeria matxista ez dela jokabide txarreko ausazko ekintzen eta ekintza indibidualen emaitza; aitzitik, emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasun-harremanetan sakon errotuta dagoela eta Giza Eskubideen urraketa larria izateaz gainera lehen mailako gaitz soziala dela eta berau sufritzen nahiz aurre egiten dioten emakumeen dignitatearen, osotasun fisikoaren eta moralaren aurka egiten dela. Hala, bada, Udalak, Giza Eskubideak benetan baliatzen direla bermatzearen ardura daukan erakunde publikoa izaki, behar diren neurriak sustatuko ditu edozelako eraso matxistaren aurrean udalerriko entitateen eta hiritarren erantzun argi eta berehalakoa eman dadin, lehenbailehen erasotua artatua izan dadin, indarkeriari aurre egiteko emakumeek behar dituzten jarduera prebentiboak garatu eta erasotzaileen inpunitate soziala onartu ez dadin”.

Udalak Momoakek dfeitutako elkarretaratzea babestuko du, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu horietan parte hartzera.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak