→Galdakao

Galdakaon azken hilabeteetan eraso matxistak jazo direla salatu dute herriko hainbat eragilek

// Geuria

Galdakaon azken hilabeteetan eraso matxistak jazo direla salatu dute herriko hainbat eragilek: “Asko dira azken hilabeteetan gure belarrietara heldu diren eraso mota ezberdinak, eta denek indarkeria matxista dute erroan”, diote: “Emandako erasoen artean, entzuteaz nazkatuta gauden emakumeonganako indarkeria kasuak ere eman dira. Nazkatuta gaude”.

“Indarkeria matxista egunero ematen da, egunero eta mila forma ezberdinetan. Eta Galdakon ere ematen dira. Ez da kasualitatea, egiturazkoa delako, hau da, logika bat duelako, sistema batera lotua dagoelako eta gure bizitzako esparru guztietan ematen delako. Egiteko eta ezartzeko modu bat dauka eta bai maila politikoan, ideologikoan, judizialean, sozialean eta emozionalean sostengatzeko egiturak ere”, adierazi dute gaur arratsaldean Ganguren tabernan egin duten prentsaurrekoan. “Emakumeen kontrako indarkeriaz gain, hau da, indarkeria sexistaz gain, sistema heteropatriarkalak ezarritako genero-estereotipoak zalantzan jartzen duten pertsonen kontrako indarkeria oro ere bada, hala nola, homofobia, lesbofobia, transfobia…”

Era berean, eraso matxista kasuen aurrean poliziak duen jarrera deitoratu dute Galdakaoko eragileek: “Eraso sexista salatzera doan emakumeen gehiengoak arreta desatsegina euki izana jakinarazten dute, eta ez da kontrakorik gertatu Galdakaon. Emakumearen hitza etengabe zalantzan jartzea eta gertatutakoaren inguruan galdera desatseginak egitea, indarkeria matxistaren beste aurpegietako bat besterik ez da”. Ildo horretan, arreta protokoloen berrikuspena egitea eta poliziaren jarduna protokolo horietara egokitzea eskatu dute, “indarkeria matxistaren eta sexu-erasoen edo sexu-abusuen biktima den ororen eskubideak errespetatuz”, diote. Duela hilabete, Basauriko Asanblada Feministak gutuna bidali zuen GEURIAra, hain zuzen, Ertzaintzak eraso matxista baten aurrean izan zuen jarrera salatuz.

“Galdakao seguruan bizi nahi dugu”, aldarrikatu dute herriko eragileek, eta horretarako -eta erasoak salatzeko- manifestazioa deitu dute apirilaren 2an, larunbatez. “Gure herrian denok seguru bizitzeko eta seguru sentitzeko eskubidea dugu, eta horretarako erantzukizuna herritar guztiona da. Denok dugu ardura erasorik ez burutzeko, erasoak identifikatzeko, eta batez ere erasoak salatzeko. Ez gaitezen ezerren konplize izan, erasotzaileen konplize izateak erasotzaile bihurtzen baikaitu. Denon helburua berdina da, herritar ororen ongizatea, beraz, bihur ditzagun seguru gure herriko kaleak, tabernak, lantokiak, etxeak… Galdakao seguru nahi dugu!”, diote. Manifestazioa 13:00etan izango da Kurtzeko plazatik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak