Sareak

☉ Galdakao

Galdakao eta Termibus arteko lineak maiztasun handiagoa eta gaueko zerbitzua izango du

|

galdakao lanzadera metro

Bizkaibusek Galdakao-Termibus linea sendotuko du 20 minuturo, asteko zazpi egunetan eta gaueko zerbitzua eskainiko du. Ondoren metroa erabiliko duten erabiltzaileek deskontua izango dute txartelean.

Bizkaibusek hogei minuturik behin lotuko ditu Galdakao eta Bilboko Termibus geltokia. A3930 linearen egungo maiztasuna handitzeaz gain, linea horrek astelehenetik igandera funtzionatuko du eta gaueko zerbitzua izango du -orain arte zerbitzua gaueko 22:00etan bukatzen zen eta ez zegoen gaueko zerbitzurik-. Aldaketa hauek uztailetik aurrera ipiniko dira martxan.

Gaur egun dagoen 30 minuturik behingo maiztasuna 20 minutura laburtu ahal izateko, %20a baino gehiago hazi beharko da zerbitzua. Gainera, Bizkaibus erabili ostean Metro Bilbao erabiliko duten bidaiariek ibilbidearen prezioan %20ko hobaria izango dute, garraioko foru zerbitzu publikoaren gainerako lineetan bezala.

Galdakao eta Bilbo autobidez lotzen dituen A3930 linearen ibilbidea Bengoetxe auzoan hasiko da eta ondorengo geralekuak izango ditu: Urreta (anbulatorioa) – Udaletxea – Juan Bautista Uriarte 37 – Altzadi plaza. Gero udalerritik irtengo da Termibuseko nasetaraino jarraitzeko. Kontrako noranzkoan hauek izango dira geralekuak: Altzadi plaza – Juan Bautista Uriarte 16 (Plazakoetxe) – Udaletxea – Anbulatorioa – Urreta – Bengoetxe.

ETXEBARRIRAKO LANZADERA ORDURO

A3930 linearen aldaketa horrek eragina izango du Galdakao eta Metro Bilbaoren Etxebarriko geltokia lotzen dituen A3932 linean ere. Uztailetik aurrera, autobusa Nerbioi kalean geratu behar da. Bizkaiko Foru Aldundiak A3932 linearen aldeko apustuari eusten dio, “ibilbiderik egokiena delako eta bera onetsi delako kontzesio berrien behin betiko proiektuetan“, alegazioetarako epea amaitu ostean. Orain daukan trazadurak helburu hori betetzen uzten ez duenez, linearen maiztasuna murriztu egingo da: orduro zerbitzu bat noranzko bakoitzean, gaueko zerbitzurik gabe.

☉ Galdakao

Bizkaiko igeriketa txapelketa jokatuko da asteburuan Galdakaon

Guztira 140 igerilari inguruk hartuko dute parte, denak kategoria absolutukoak eta junior kategoriakoak. Besteak beste, Galdakaoko, Etxebarriko eta Basauriko klubek izango dute ordezkaritza

|

Guztira 140 igerilari inguruk hartuko dute parte Bizkaiko igeriketa txapelketan, denak kategoria absolutukoak eta junior kategoriakoak // Galdakaoko Udala

Bizkaiko igeriketa txapelketa jokatuko da uztailaren 13an eta 14an Galdakaoko Urreta kiroldegian. Guztira 140 igerilari inguruk hartuko dute parte, denak kategoria absolutukoak eta junior kategoriakoak, eta asteburuan zehar guztira 47 proba izango dira Urretako igerilekuan, goizez zein arratsaldez.

Bizkaiko 16 klubetako igerilariak lehiatuko dira: Galdakao, Basauri, Ganguren, Maristas, Getxo Igeriketa Bolue, Bilbao, Santurtzi, Sestao, Portugalete, Bilbao Aingeruak, Gernika-Kosnoaga, Kikunbera, Mungia, Sopela, Swim Camp Getxo eta Zurkide Zalla.

Galdakao Igeriketa Taldeak 16 ordezkari izango ditu (Uxue San Juan, Irati Larrea, Aitor Gomez, Elrik Huth, Eider Villar, Laia Aurrekoetxea, Iker Ariño, Haizea Furundarena, Ander Madina, Ander Gonzalez, Ainara Ortun, Usune Fernandez, Ariane Guillen, Olaia De La Calle, Eneko Neven eta Alain Antolin), Etxebarriko Ganguren klubak hiru (Eneko Ruiz, Beñat Alvarez eta Ibon Vazquez) eta Basauriko taldeak ordezkari bakarra (Danel Castillo) izango du.

Maria Casillas galdakoztarrak ere parte hartuko du Bizkaiko txapelketan, Swim Camp Getxo klubarekin. Pasa den asteburuan Munduko eta Europako errekorrak hautsi zituen errelebotan Lara Vicandirekin, Ane Ibarrondorekin eta Naia Ibarrondorekin batera, São João da Madeiran (Portugal) izandako XXV. Masters Verão txapelketan.

Oraingoan 50 metroko eta 100 metroko bizkar-igeriketako probetan hartuko du parte galdakoztarrak. Momentura arte, 50 metroko bizkar-igeriketan Bizkaiko errekor absolutua egin zuen Casillasek 2022an (29.49).

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Ibilaldia aurkeztu du Eguzkibegik Euskaltzaindiaren egoitzan

|

Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolako eta Getxoko San Nikolas Ikastolako ordezkariak Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean // Argazkia: Eguzkibegi Ikastola

2025eko maiatzaren 25ean Ibilaldia antolatuko du Eguzkibegi Ikastolak Galdakaon. Duela hilabete leloa eta logoa aurkeztu zituzten Kurtzeko plazan, eta Oihane Arana Eguzkibegi Ikastolako lehendakariarekin berba egiteko aukera izan genuen GEURIAn.

Gaur, uztailak 11, Galdakaoko Ibilaldiaren aurkezpena egin dute Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon. Eguzkibegi Ikastolako ordezkariez gain -tartean Oihane Arana lehendakaria-, aurten Ibilaldia antolatu duten Getxoko San Nikolas Ikastolako ordezkariak ere izan dira aurkezpenean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Olabarrietako Katamar Haurreskolako jolastokiak estalkia izango du ikasturte berritik aurrera

|

Estalkia jartzeko lanak uztailaren 15ean hasiko dituzte eta sei astez luzatuko dira // Galdakaoko Udala

Estalkia jarriko diote Galdakaoko Olabarrietako Katamar Haurreskolako jolastokiari. Lanak uztailaren 15ean hasiko dituzte eta sei astez luzatuko dira, Galdakaoko Udaletik zehaztu dutenez.

Estalkiaren egitura metalezkoa eta egurrezkoa izango da eta sabaia zeharrargia izango da, “argi naturala sar dadin”. Led motatako argi puntuak ere izango ditu.

Estalkia jartzearekin batera, jolastokian gomazko zoru berria ipiniko du Udalak.

Aurreikuspenen arabera, ikasturte hasterako jarrita egongo da estalkia. Udalak 60.000 euroko inbertsioa egin du.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Maria Casillas igerilari galdakoztarrak Munduko eta Europako errekorrak hautsi ditu errelebotan, Master kategorian

Casillasekin batera erreleboen taldea osatu dute Lara Vicandi Telleriak (Donostia), Ane Ibarrondo Garciak (Getxo) eta Naia Ibarrondo Garciak (Getxo), denak Swim Camp Getxo klubekoak

|

Maria Casillas (zutunik, eskuman), Lara Vicandi, Ane Ibarrondo eta Naia Ibarrondorekin batera // Utzitakoa

Maria Casillas Chueca igerilari galdakoztarrak Munduko eta Europako errekorrak hautsi ditu errelebotan, asteburuan São João da Madeiran (Portugal) izandako XXV. Masters Verão txapelketan.

Casillasekin batera erreleboen taldea osatu dute Lara Vicandi Telleriak (Donostia), Ane Ibarrondo Garciak (Getxo) eta Naia Ibarrondo Garciak (Getxo), denak Swim Camp Getxo klubekoak.

Munduko errekorrari dagokionez, 4×50 crol +100 proban 1’49”9ko denbora egin zuten, zegoen errekorra —2016koa— hautsiz (1’50”28).

Munduko errekorra hausteaz gain, Europakoa ere hautsi zuten lau igerilariek 4×100 estilos +100 proban, 4’37”39 denborarekin (aurreko marka 4’42”20koa zen).

“Gogor prestatu genuen txapelketa eta atzetik entrenamendu asko dago. Errekorrak haustea zaila zen: laurok ia gure markarik onenak egin behar genituen, eta motibazioarekin lortu genuen bi markak haustea. Sekulakoa izan zen!”, adierazi dio GEURIAri Mariak.

Igeriketa “oso kirol sakrifikatua” dela dio Mariak: “Oso gutxitan ematen ditu fruituak, baina kasu honetan eman ditu eta oso pozik gaude!”.

“Talde honetan oso argi daukagu ondo igeri egiteko denon artean oso ondo konpondu behar dugula eta giro oso ona egon behar duela. Eta hori da gure errealitatea”, dio Mariak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Kurtzeko frontoiko estalkia eta teilatu-hodiak konpontzeko lanak udazkenean hasiko dituzte

Uztailean frontoiko tabernaren estalkiko arazoak konponduko dituzte, eta irailetik aurrera ekingo diete lan handiei. Kasu batean zein bestean obrek ez diote frontoiko erabilerari eragingo

|

Aste honetan frontoiko tabernaren estalkiko arazoak konpontzen hasiko dira // Google

Kurtzeko frontoian dauden ur-filtrazioak konponduko ditu Galdakaoko Udalak. Aste honetan frontoiko tabernaren estalkiko arazoak konpontzen hasiko dira: estalkiko lamina iragazgaitza aldatuko dute, zaharra zulatua baitago eta ura sartzen baita.

Lan hauek “egun gutxitan” amaituko dituztela adierazi dute udal ordezkariek, eta frontoiaren eta tabernaren erabileran eraginik ez dutela izango zehaztu dute.

Bestetik, estalkiko hegal nagusia berritzeko lanak egingo ditu Udalak: alde batetik, teilatu-hodi berria jarriko dute aurrealdean, txapa ordezkatuko dute eta erremateak egingo dituzte; eta bestetik, atzealdeko teilatu-hodia ere konponduko dute.

Obra horiek iraila amaieran edo urrian hasiko dituzte, “Santakurtze jaiak bukatu ostean”. Kasu honetan ere kanpotik egingo dutenez lan, Udaletik aurreikusi dute lanek ez dutela eragingo frontoiaren erabileran, eta entrenamenduek “normaltasunez” jarraituko dutela adierazi dute.

Osorik irakurri