→Galdakao

Lanzadera Etxebarrira heltzeko akordioa “gertuago” ikusten du Galdakaok

Galdakaoko lanzaderak Etxebarrin geralekua zueneko argazki bat // Galdakako Udala

Galdakao eta Metroa lotzen dituen lanzadera zerbitzua mahai gainean jarri dute berriro. Urte askotako auzia konpontzeko aukera “eskuartean” egon daitekeela uste du Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, eta horregatik Etxebarri eta Galdakao bilera batera dei ditzala eskatu dio Miguel Angel Gomez Garraioa eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko foru diputatuari. “Uste dugu Etxebarri eta Galdakaoko Udalak ados jar gaitezkeela, bi herrietako herritarrentzat onurak ekarriko dituen akordioa eginda”, dio Hernandok. Galdakaoko alkateak ekainaren 9an igorri zion gutuna foru diputatuari eta datozen egunotan espero du erantzuna hiru erakundeak bilera berri batean batzeko.

Lanzadera zerbitzua Etxebarrira heltzea eskatzen du aspalditik Galdakaoko Udalak. “2027tik aurrera Galdakaok ez du Metrora arteko autobus zerbitzurik behar izango, bertan izango baitu lurrazpiko garraioa. Hori kontutan hartuta, Etxebarriko Udalarekiko akordioa gertuago ikusten dugu. Galdakaoko herritarrek ez ezik, Etxebarriko herritarrek ere beste hainbat zerbitzu eta onura jaso ditzaketela gogoratzen dugu, anbulatorio edota ospitalarekiko loturei dagokienez”, dio Hernandok: “Hala izan dadin buru belarri jarraitzen du Galdakaoko Udalak”.

Konponbidea gertu egon daitekeelakoan, hiru aldeak biltzeko proposamena egin du Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak. “2016 hartan epaitegiek agindu zutena beteta, bitartekari aritzeko proposatu diot Garraio eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuari. Bilera batera dei gaitzala bi Udalak, guztiontzako onuragarria izango den konponbidea bilatzeko. Herritar guztiak aterako dira onuradun”, dio.

Liskar etengabeetatik sintonia onera

Galdakaok Metroarekin garraio publiko bidezko lotura izan zezan, lanzadera bezala ezaguturiko autobus linea jarri zuen martxan Bizkaiko Foru Aldundiak. Gaiak hainbat aldaketa izan ditu denboran zehar eta egun Metroarekiko lotura Bizkaibuseko 3932 lineak betetzen du Boluetako geltokiraino. Aurretik, ordea, Etxebarrin zuen geralekua autobusak. “Hala ere, liskarren eta ezin ulertzeen ondorioz, lehenengo Etxebarrin bertan lekualdatu zuten autobusarentzako geltokia, eta azkenik Boluetara eraman zuten”, diote Galdakaoko udal arduradunek.

Epaitegietara ere eraman zuten lanzaderaren auzia: “Galdakaoko eta Etxebarriko Udalen arteko liskar etengabeek erabat tenkatu zuten bi erakundeen arteko harremana, eta lanzaderaren auzia epaitegietara eraman zen 2016an. Administrazioarekiko Auzien Bilboko 3. Epaitegiak ebatzi zuen lanzadera Boluetako geltokira eramatea”, diote. “Epai hark elkar ulertu eta adostasunak erdiesteko agindu zien hiru aldeei; Galdakaoko Udalari, Etxebarrikoari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, alegia. “Galdakaoko udal gobernu hau mandatu hasieratik saiatu da auzia bideratzen eta hainbat bilera eta hartu-eman izan ditu bai Etxebarriko alkatearekin eta bai Foru Aldundiarekin. Sintonia ona lortu du, baita auziaren tentsioa baretzea ere”, dio Hernando Galdakaoko alkateak.

“Iraganeko liskar antzuek ez diote inori onurarik egiten, eta lanzaderaren geralekua oraindik ere Boluetan mantentzea ez da aukerarik zentzuzkoena, hainbat alderen iritziz: autobus linea horretako gidarien sindikatu guztiek eta Fekoor Koordinatzaileak ere hala adierazi dute Galdakaoko Udalarekin egindako agerraldi banatan, langileen zein erabiltzaileen segurtasuna, irisgarritasuna eta gutxieneko zerbitzuak aipatuta”. Era berean, Galdakaoko herritarrek Etxebarriko geralekuaren alde egin zuten Udalak egindako galdeketa batean. “Etxebarrik ez dio bere herriari beste autobus linea baten joan-etorria betirako gehitu nahi izan. Orain, ordea, aldatu egin da egoera: Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi dute Metroa Galdakaora iritsiko dela eta hartarako lanak udazkenean abiatuko direla, urri aldera. 2027an Metroa Galdakaora iritsiko dela iragarri dute”, diote.

Iñigo Hernando: “Metroa errealitate izango da behingoz Galdakaon; urteetan izan den zor historikoa”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak