→Galdakao

Etxebizitza bulegoa martxan da Galdakaon, herritarren premiei erantzuteko

Non bizi webgunea ere martxan jarri du Udalak // Argazkia: Galdakaoko Udala

Etxebizitza bulegoa zabaldu du Galdakaoko Udalak. Helburua da herritarrek etxebizitza duina izateko eskaerari eta etxebizitza premiari erantzutea. Hain zuzen ere, hainbat udal baliabideren kudeaketa zuzena bultzatuko dute ‘Non bizi‘ webgunearen bitartez: larrialdietako etxebizitzak, zuzkidura-bizitokiak (alokairu baxukoak), alokairurako diru-laguntzak, birgaitzeko diru-laguntzak, aparkaleku publikoak, garajeak eta abar. “Badakigu gure herrian askotariko beharrak daudela, eta, horregatik, ahalik eta alternatiba gehienak esploratzen ditugu, etxebizitza duina izateko eskubidea gauzatu nahi dutenei hainbat aukera emateko. Horretarako, arreta zerbitzu iraunkor hau ireki dugu”, dio Iñigo Hernando alkateak.

“Gobernura iritsi ginenean ez zegoen etxebizitzarako udal politikarik, adreiluaren ikuspegiarena ez bada. Hori aldatzea lehentasuna zen guretzat eta etxebizitza politika ardatz gisa hartu genuen, herritarren premiei erantzuteko ardatz gisa”, dio Hernandok. Besteak beste, Etxebizitza arloko zinegotzi kargua sortu, Etxebizitza Plana egin eta teknikari berri bat kontratatu du Udalak.

‘Non bizi’ webgunea martxan da, baita aholkularitza zerbitzua ere. Etxebizitzarako teknikaria da zerbitzuaz arduratzen dena eta aholkularitza eman eta tramitazioetan laguntzen du. Arreta telefono bidez (944 010 529), emailez (vpablos@galdakao.eus) eta aurrez aurre (ostegunetan, lehenago hitzordua hartuta) ematen du.

1.403 etxebizitza huts

Gaur egun 1.403 etxebizitza huts zenbatu ditu Galdakaoko Udalak herrian. “Etxe asko daude hutsik herrian; azken zenbaketaren arabera, 1.403. Aldi berean, alokairuzko etxebizitzarako eskaria oso handia da. Iaz, 600 eskaera zeuden Etxebiden. Hori kontuan hartuta, Alokabiderekin akordioa egin, eta etxebizitza hutsak alokairuan jar daitezen lanean ari da Udala. Hartarako hainbat etxe jabeekin harremanetan jarri da, gutun bidez. Etxebizitza arazoaren berri eman, eta Alokabide programaren nondik norakoa azaldu zaie”, dio Nerea Orozko Etxebizitza arloko zinegotziak.

“Alokabide programa horri esker instituzioen bermea dute jabeek: hileroko alokairua Jaurlaritzak bermatuko du, eta etxean kalterik balego, hori ere Jaurlaritzak ordainduko luke. Galdakaon hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzeko bitartekaritza lanean jarraituko du Udalak, eta etxe hutsen jabeei dei egin die baliabide horiek erabilgarri jar ditzaten”, dio Orozkok.

Alokairu baxuko etxebizitzak

Alokairuaren ildo berean, zuzkidura-bizitokiak martxan jarriko ditu Udalak, hau da, alokairu baxuko etxebizitzak, batez ere gazteei zuzendutakoak. Ibarluzen eraikiko dituzte alokairu baxuko 60 etxebizitza horiek eta ekaineko osoko bilkuran kontratua Jauregizar Promoción y Gestión Inmobiliaria SL enpresari esleitzea onartu zuen udalbatzak aho batez. Aurreikuspenen arabera eraikitze-obrak uda ostean hasiko dituzte.

“Eraikiko diren 60 etxebizitzetatik 3/4 herriko gazteentzat izango dira”, dio Hernando alkateak. Bizitoki horiek oso merke alokatu ahal izango dira, bost urtez gehienez: “Emantzipatzeko aukera izango da gazteentzat”, dio. Nerea Orozko Etxebizitza zinegotziak azaldu du 60 bizitoki horietatik 42 gela bakarrekoak izango direla eta 16 etxebizitza bi logelakoak izango direla. “Azken horietara jo ahal izango dute premia egoeran dauden familia guraso bakarrek edo banaketen ondorioz sortzen diren egoera zailetan laguntza behar dutenek, esate baterako”, dio Orozkok. Beste bi bizitoki mugikortasun arazoak dituzteentzat izango dira.

Larrialdietarako 13 etxebizitza

Galdakaon gizarte larrialdietarako 13 etxebizitza daude. “Gobernura heldu ginenean, larrialdietarako 13 etxebizitza zeuden, baina erabat hutsik. Zentzu guztietan: ez zuten ez altzaririk, ez sukalderik… ez zeuden erabilgarri”, dio Orozkok. Gauzak horrelak udal gobernuak horiek egokitu ditu: “Bizigarri izateko prestatu ditugu, eta larrialdi egoeretarako erabiltzen ari dira etxebizitza horiek. Dela etxe kaleratzeengatik, dela sute baten eraginez kalean geratu diren eta baliabide ekonomikorik ez duten herritarrei babes emateko, adibidez”, dio Orozkok.

Atal horietako bakoitzean dauden aukerak, baliabideak eta informazioa herritarren eskura jartzeko martxan da ‘Non Bizi’ webgunea. “Aipatutako alor horien inguruko informazioa jasotzen da bertan, besteak beste. ‘Erreabilitazioak’ atala ez dago oraindik erabilgarri, instituzioek eraginkortasun energetiko hobetzeko emango dituzten laguntzak argitaratu zain baikaude. Halako laguntzen berri emango da atal horretan. Garajeen atala ere baliagarri da webgunean”, dio Orozkok. Udal jabetzakoak diren lurrazpiko garajeetako aparkalekuak alokairuan banatu ditu Udalak: “Aurrera begira, aparkalekuak hutsik geratu ahala, horien berri zuzenean ematea eta aparkaleku horien kokalekua zein barruko irudia erakustea da asmoa, mugimendua etengabea izan dadin eta eskari-eskaintzak uztartuta, lurpeko aparkalekuak erabili daitezen”, dio Orozkok.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak