☉ Galdakao
2020ko udaberrian etorriko da Galdakaoko kultur-plaza berria
Aurtengo abenduan ez da Euskal Liburu eta Disko Azokarik egongo Galdakaon. Bai, ordea, 2020ko udaberrian, formatu berritu batean, sormena oinarri.
Aurtengo abenduan ez da Euskal Liburu eta Disko Azokarik egongo Galdakaon. Azken urteetan Galdakaho Azoka izenarekin ezaguna zena, ez da aurtengo Gabonetako programaren barruan antolatuko, baina bai ordea, 2020an. Gainera, formatu berritu batean itzuliko da, “ez bakarrik salmentara bideratuta; baizik eta euskal kulturaren transmisioari begira”, adierazi du gaur prentsaurrekoan Edurne Espilla Euskara zinegotziak. Euskara arlotik Gabonetan antolatzen zen Liburu eta Disko Azokak “jauzi handi” bat emango duela jakinarazi dute.
“Oraindik ezin dugu askoz gehiago aurreratu, baina bai esan dezaket 2020ko udaberrian formatu berritu batean zabalduko dugula espazioa”, dio Espillak: “Bi ezaugarri izango ditu: alde batetik, disziplina gehiagotara zabalduko dugu, eta bestetik, parte-hartzaileagoa izango da”. Zentzu horretan, sortzaileei bideratuagoa izango da kultur-plaza berria: “Ez bakarrik Galdakaoko sortzaileei, hemendik kanpokoei ere euren lekua egingo diegu espazio berrian. Euskal Herri mailan erreferente izan nahi dugu sormen plaza honekin”, dio Espillak. Galdakaoko kultur-plaza berriaren xehetasun guztiak urtarrilean emango dituzte jakitera.
Azken urteetako emaitzek eragin dute aldaketa. “Azoka ez zela aurrera egiten ari eta geldialdi batean zegoela ikusita, irailean hausnarketa prozesua abiatu zuten bertan parte hartzen zuten eragileek, eta pentsatu zuten formatu berri bat behar zuela, beste ekintza batzuk antolatu behar zirela, salmentatik haratago doazenak”, dio Espillak: “Gainera, Durangoko Azoka egun batzuk lehenago izateak eta Galdakaoko ikastetxeek data horietan beste ekintza batzuk antolatzeak, horrek ez zuen laguntzen Azokak behar zuen bilakaera izatea”. Edozein kasutan, egunotan euskal kultura oparitu eta kontsumitzen jarraitzeko deia egin du Espillak, hartarako herrian “liburudenda ederrak” daudela gogoratuta.
☉ Galdakao
Argazkiak / Txantxa Gutxi kuadrillak irabazi du Errelebo lasterketa Galdakaoko jaietan
Galdakaoko jaietan proba berriak antolatu dituzte. Horietako bat da Errelebo lasterketa, Errotuk antolatu duena. Txapeldun izan da Txantxa Gutxi kuadrilla, bigarren Antzeko, hirugarren Weekandugu eta laugarren Lonjelvi.
☉ Galdakao
Bideoa / Oilasko ala haragizko hanburgesa? Edo beganoa akaso? Inkesta egin dugu Galdakaoko jaietan!
Hanburgesa txapelketa izan zen atzo, irailak 17, Galdakaoko jaietan. Patakonek antolatzen du lehiaketa eta aurten 60 kuadrilla aurkeztu direla zehaztu digute: “Partaidetza handia izan dugu aurten ere!”, dio Beñat Elias Patakoneko kideak. Epaileek “100 hanburgesa baino gehiago” dastatu dituztela esan digu Maite Uribarri Patakoneko kideak.
Atzokoan ere GEURIA mikroa eskuan atera zen Santakurtzetara! Hanburgesa haragizkoa ala oilaskokoa? Akaso beganoa? Eta hanburgesa laguntzeko zein da aukerarik onena: patatak ala natxoak?
Beñat eta Maite (Patakon), Gorka (Elkarlaguntza Sarea), Asier eta Kristian (Antrotarrak), Eñaut (Bost Axola) eta Oier (Sukherrak Zauk) galdakoztarrek erantzun dute gure galdetegia!
☉ Galdakao
Argazkiak / Gusak da Galdakaoko jaietan talentu gehien duen kuadrilla
Talentu Txapelketa antolatzen du Zizpa Gazte Konpartsak Galdakaoko jaietan. Aurten txapeldun izan da Gusak kuadrilla magia ikuskizun batekin, bigarren Bertan Kaldo kuadrilla sailkatu da eta hirugarren Dekantzekoz. Laugarren Sukuzu izan da eta bosgarren Piperrak.
☉ Galdakao
Bideoa / Mari Carmen Alvarez: “Gorantza Futbol Taldeak nire garapen pertsonalean lagundu zidan”
Atzo, irailak 16, omenaldia jaso zuten Galdakaoko Gorantza Futbol Taldeko emakumeek: duela 57 urte, 1967ko irailean, Galdakaoko emakumeen lehen futbol taldea eratu zuten.
1967tik 1972ra bitartean Gorantza Futbol Taldeko emakume aitzindari hauek omendu zituzten: Eguzkiñe Loroño, Pili Moreno, Blanqui Goiri, Emili Suarez, Amaia Garay, Eguzkiñe Garay, Rosario Etxabe, Maribel Saratxaga, Marieli Aurtenetxe, Maria Angeles Yarritu, Henar Yarritu, Maria Jesus Urgoiti, Belen Urgoiti, Virginia Gonzalez Ramos, Mari Carmen Alvarez eta Maria Pilar Torres jokalariak, Miguel Caballero entrenatzailea, eta Koldo Tutor eta Arturo Maza laguntzaileak.
Omenaldia jaso aurretik Mari Carmen Alvarez jokalari ohiarekin berba egiteko aukera izan genuen GEURIAn: “Oso pozik gogoratzen ditut Gorantza Futbol Taldeko garaiak. Nire garapen pertsonalean asko lagundu zidan taldeko parte izateak”, adierazi digu Mari Carmenek. 1968tik 1972ra bitartean jokatu zuen Mari Carmenek Gorantzan.
Omenaldiko argazkiak ere publikatu ditugu geuria.eus webgunean. Hemen argazki galeria.
☉ Galdakao
Argazkiak / Galdakaoko Gorantza Futbol Taldeko emakume aitzindariei omenaldia
Duela 57 urte, 1967ko irailean, aitzindari izan ziren Galdakaoko zenbait emakume: herriko emakumeen lehen futbol taldea sortu zuten, Gorantza Futbol Taldea.
Gaur, ia sei hamarkada ostean, omenaldia egin diete Galdakaoko Udalak eta Galdakao Futbol Klubak Santa Barbara futbol zelaian.
Honakoak izango dira omenduak: Eguzkiñe Loroño, Pili Moreno, Blanqui Goiri, Emili Suarez, Amaia Garay, Eguzkiñe Garay, Rosario Etxabe, Maribel Saratxaga, Marieli Aurtenetxe, Maria Angeles Yarritu, Henar Yarritu, Maria Jesus Urgoiti, Belen Urgoiti, Virginia Gonzalez Ramos, Mari Carmen Alvarez eta Maria Pilar Torres jokalariak, Miguel Caballero entrenatzailea, eta Koldo Tutor eta Arturo Maza laguntzaileak.
Omenaldia eta gero, Galdakao Futbol Taldeko eta Athleticeko jokalari ohiek partida jokatu dute.