☉ Galdakao
Euskararen kontrako oldarraldia salatu dute Galdakaon Kontseiluak eta Bagabiz taldeak
Galdakaoko Udaleko lanpostu baterako ezarritako euskara eskakizuna baliogabetu du Bilboko epaitegiak. Horren aurrean elkarretaratzea deitu dute ekainaren 20an
Galdakaoko Udalak 2022an egindako gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanpostua egonkortzeko deialdian ezarritako euskara eskakizuna baliogabetu du Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4. epaitegiak.
Hori salatu dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta Galdakaoko Bagabiz Euskara Elkarteak: “Ozen salatu nahi dugu botere judizialaren esku-hartzea hizkuntza politiketan, bereziki adostasun politiko eta sozial zabalen gainetik egiten denean eta herritarroi hizkuntza-eskubideak, oinarrizko eskubideak, ukatzen dizkigutenean, euskal hiztunak bigarren mailako herritar izatera kondenatuz”, diote.
“Onartezina zaigu, gainera, epai hauek denak lotzen dituen premisa faltsua: lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela. Auzia oso bestelakoa da: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira. Hizkuntza-eskubideak bizimoduko alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen baitira egiazko eskubide, lanean barne. Galdakaoko Udaleko gehiengo sindikalak sententzia honen aurrean erakutsitako arbuio irmoa dugu horren froga”, gaineratu dute.
Epaiaren arabera, epaileak “gehiegizkotzat” jo du euskara eskakizuna. “Batetik, oinarri juridiko erabat eztabaidagarria duen salbuespena aplikatuz eta, bestetik, Galdakaoko euskararen ezagutzan oinarritutako derrigortasun-indizearen interpretazio murriztaile bat eginez”, diote Kontseilutik.
“Hala, kristalezko sabaia ezartzen zaio euskararen normalizazio prozesuari, hizkuntza-berdintasuna hautsiz eta orain arte ezagutu dugun euskararen ofizialtasuna kolokan jarriz”, salatu dute.
Helegitea eta elkarretaratzea
Galdakaoko Udalari euskararen normalizazio prozesuaren aurkako eraso honen aurrean helegitea jartzea eskatu diote Kontseiluak eta Bagabiz elkarteak.
“Eta horrekin batera, euskarari dagokion egiazko ofizialtasun estatusa bermatuko dion zoru juridikoa bermatu eta hizkuntza-politiketan jauzi bat egiteko akordio soziopolitiko berri baten beharra aldarrikatzen dugu”, diote.
Horrez gain, euskararen kontrako beste oldarraldi honen aurrean elkarretaratzea deitu dute Kontseiluak eta Bagabiz elkarteak ekainaren 20an, ostegunez, 19:30ean Ardanza parkean, ‘Euskaraz bizi nahi dugu eta ez dugu eskubide murrizketarik onartuko!’ lemapean.
“Herritarren eskubideak urratu eta euskararen normalizazioa oztopatzen dituen sententziaren aurrean erantzun herritar zabala eman behar dugu”, diote.
☉ Galdakao
Argazkiak / Txantxa Gutxi kuadrillak irabazi du Errelebo lasterketa Galdakaoko jaietan
Galdakaoko jaietan proba berriak antolatu dituzte. Horietako bat da Errelebo lasterketa, Errotuk antolatu duena. Txapeldun izan da Txantxa Gutxi kuadrilla, bigarren Antzeko, hirugarren Weekandugu eta laugarren Lonjelvi.
☉ Galdakao
Bideoa / Oilasko ala haragizko hanburgesa? Edo beganoa akaso? Inkesta egin dugu Galdakaoko jaietan!
Hanburgesa txapelketa izan zen atzo, irailak 17, Galdakaoko jaietan. Patakonek antolatzen du lehiaketa eta aurten 60 kuadrilla aurkeztu direla zehaztu digute: “Partaidetza handia izan dugu aurten ere!”, dio Beñat Elias Patakoneko kideak. Epaileek “100 hanburgesa baino gehiago” dastatu dituztela esan digu Maite Uribarri Patakoneko kideak.
Atzokoan ere GEURIA mikroa eskuan atera zen Santakurtzetara! Hanburgesa haragizkoa ala oilaskokoa? Akaso beganoa? Eta hanburgesa laguntzeko zein da aukerarik onena: patatak ala natxoak?
Beñat eta Maite (Patakon), Gorka (Elkarlaguntza Sarea), Asier eta Kristian (Antrotarrak), Eñaut (Bost Axola) eta Oier (Sukherrak Zauk) galdakoztarrek erantzun dute gure galdetegia!
☉ Galdakao
Argazkiak / Gusak da Galdakaoko jaietan talentu gehien duen kuadrilla
Talentu Txapelketa antolatzen du Zizpa Gazte Konpartsak Galdakaoko jaietan. Aurten txapeldun izan da Gusak kuadrilla magia ikuskizun batekin, bigarren Bertan Kaldo kuadrilla sailkatu da eta hirugarren Dekantzekoz. Laugarren Sukuzu izan da eta bosgarren Piperrak.
☉ Galdakao
Bideoa / Mari Carmen Alvarez: “Gorantza Futbol Taldeak nire garapen pertsonalean lagundu zidan”
Atzo, irailak 16, omenaldia jaso zuten Galdakaoko Gorantza Futbol Taldeko emakumeek: duela 57 urte, 1967ko irailean, Galdakaoko emakumeen lehen futbol taldea eratu zuten.
1967tik 1972ra bitartean Gorantza Futbol Taldeko emakume aitzindari hauek omendu zituzten: Eguzkiñe Loroño, Pili Moreno, Blanqui Goiri, Emili Suarez, Amaia Garay, Eguzkiñe Garay, Rosario Etxabe, Maribel Saratxaga, Marieli Aurtenetxe, Maria Angeles Yarritu, Henar Yarritu, Maria Jesus Urgoiti, Belen Urgoiti, Virginia Gonzalez Ramos, Mari Carmen Alvarez eta Maria Pilar Torres jokalariak, Miguel Caballero entrenatzailea, eta Koldo Tutor eta Arturo Maza laguntzaileak.
Omenaldia jaso aurretik Mari Carmen Alvarez jokalari ohiarekin berba egiteko aukera izan genuen GEURIAn: “Oso pozik gogoratzen ditut Gorantza Futbol Taldeko garaiak. Nire garapen pertsonalean asko lagundu zidan taldeko parte izateak”, adierazi digu Mari Carmenek. 1968tik 1972ra bitartean jokatu zuen Mari Carmenek Gorantzan.
Omenaldiko argazkiak ere publikatu ditugu geuria.eus webgunean. Hemen argazki galeria.
☉ Galdakao
Argazkiak / Galdakaoko Gorantza Futbol Taldeko emakume aitzindariei omenaldia
Duela 57 urte, 1967ko irailean, aitzindari izan ziren Galdakaoko zenbait emakume: herriko emakumeen lehen futbol taldea sortu zuten, Gorantza Futbol Taldea.
Gaur, ia sei hamarkada ostean, omenaldia egin diete Galdakaoko Udalak eta Galdakao Futbol Klubak Santa Barbara futbol zelaian.
Honakoak izango dira omenduak: Eguzkiñe Loroño, Pili Moreno, Blanqui Goiri, Emili Suarez, Amaia Garay, Eguzkiñe Garay, Rosario Etxabe, Maribel Saratxaga, Marieli Aurtenetxe, Maria Angeles Yarritu, Henar Yarritu, Maria Jesus Urgoiti, Belen Urgoiti, Virginia Gonzalez Ramos, Mari Carmen Alvarez eta Maria Pilar Torres jokalariak, Miguel Caballero entrenatzailea, eta Koldo Tutor eta Arturo Maza laguntzaileak.
Omenaldia eta gero, Galdakao Futbol Taldeko eta Athleticeko jokalari ohiek partida jokatu dute.