Ainhoa Sánchez Sancho (Galdakao, 1987) irakaslea da eta betidanik euskaraz berba egiten jakin badu ere, txikitan ez zuen behar beste erabiltzen. Baina txipa aldatu eta 17-18 urte zituela erabaki garrantzitsua hartu zuen: bizitza euskararen inguruan eraikitzea eta senide, lagun eta ikasleekin euskaraz jardutea. Horrelaxe azaldu digu galdakoztarrak Ardantza parkean Euskaraldiaren hirugarren edizioan bizitako esperientzia.
Zer dela eta parte hartu duzu aurtengo Euskaraldian? Lehenengo edizioan parte hartu nuen eta uste dut ekimen polita eta garrantzitsua dela euskarari bultzada emateko. Horregatik hartu nuen parte.
Zein da Euskaraldiagaz lortu nahi zenuen helburua? Euskaraz berba egiten jarraitzea eta gaztelaniaz egiten dudan horiekin gehienbat lehen berbak euskaraz botatzea.
Noiz erabiltzen duzu euskara egunean zehar? Egunero erabiltzen dut euskara. Andereñoa izanik eskolan beti egiten dut euskaraz. Horrez gainera, lagunekin, bikotekidearekin… beti euskaraz egiten dut. Esan dezaket egunaren %90ean erabiltzen dudala euskara.
Eta Euskaraldiari dagokionez, leku zehatzetan landu duzu euskara? Nire helburuetako bat euskara komertzioetan erabiltzea izan da. Leku horietan askotan lehen hitza gaztelaniaz irteten zaigu eta nire erronka pertsonala ohitura hori aldatzea izan da, hain zuzen ere.
Eta lortu duzu helburua hirugarren edizio honetan? Nire partetik bai! Gehienetan euskaraz egin dut saltoki guztietan. Egia da ohitura ez dudan pertsonekin erdaraz erantzun didatenean batzuetan elkarrizketa erdaraz amaitu izana, nahi gabe.
Zergatik dira garrantzitsuak, zure ustez, Euskaraldia bezalako ariketa sozialak? Euskaraldiak erronka polita eskaintzen die gaztelaniaz berba egiten duten eta euskara ulertzen duten horiei. Ariketa soziala bukatzean euskaraz egiten jarraitzen dutela ikustea benetan polita izan ohi da, hautatutako rola bata edo bestea izan.
Nolako jardueratan hartu duzu parte aurtengoan? joan den abenduaren 3an trikipoteoa eta bazkafria antolatu zuten herrian zehar eta bertan izan nintzen. Oso esperientzia polita izan zen eta dantza taldeagaz ibili ginen leku batetik bestera. Hala ere, esan beharrekoa da aurten uste baino jende gutxiago ikusi dudala ekintzetan.
Zergatik gertatu daiteke hau? Ekintza batek, ohitura moduan hartzean, indarra galtzen du. Euskaraldia ariketa berez oso ondo dago baina bestelako ekintzat antolatu beharko lirateke, modu ezberdinetan planteatuta.
Nola? Euskaraldiako ekintzak publiko zabalago bati zabaldu beharko genizkioke, betiko bertsolarietatik harago, esaterako (eta zentzu onean betiere). Era horretan, betiko pertsonez gainera herritar ezberdinengana helduko litzateke Euskaraldia.
Zein rol aukeratu duzu aurten? Egunero egiten dut berba euskaraz eta hori mantentzeko Ahobizi rola aukeratu dut aurten ere. Hala ere, iruditzen zait Belarriprest rola oso egokia dela euskaraz berba egiten ondo sentitzen ez den pertsona batentzat, esaterako. Ahobizi txapa jantzita badaramat ere, rol biak oso garrantzitsuak dira niretzat.
Nola aldatuko zenioke txipa gaztelaniaz berba egiten duen hiztun bati euskarara igaro dadin? Jendeak euskarak duen indarraz jabetu behar du. Hainbat urtetan nolako egoera sufritu duen ikusita, euskaraz berba egin eta bizitzea benetan garrantzitsua dela jakin beharko luke jendeak. Niretzat berebizikoa da euskaraz egitea, ondo egiten ez badugu ere. Ahalegin hori egitea lehen berba gaztelaniaz botatzea baino askoz ausartagoa da.
Zergatik da hain latza askorentzat txipa aldatzea? Nire kasuan, esaterako, eskola garaian dena edo ia dena gaztelaniaz egiten nuen lagunekin. 17 edo 18 urtegaz hori aldatzea erabaki genuen eta orain den-dena euskaraz egiten dugu. Nire iritziz, herriaren arabera eta herri jakin horretan nagusi den hizkuntzaren arabera askotan zaila suerta daiteke txip aldaketa hori egitea. Galdakaon, esaterako, eskoletan, txikitan, hizkuntza nagusia gaztelania da. Baina tira, Euskaraldia bezalako ekimenei esker eta eskola barrutik behar bezala landuta astiro-astiro eraldaketa polita egin daiteke.
Nolakoa da euskararen egoera gaur egun? Nik uste dut gero eta hobea dela. Jendea konturatzen hasi da euskaraz aritzeko eta bizitzeko beharra dagoela, eta apurka-apurka esnatzen ari gara.
Hala ere, estres linguistikoa pairatzen dute euskal hiztunek egunero. Ia herri guztietan dago estres linguistikoa. Azken batean, ezagutzen ez duzun pertsona bategaz lehen hitza gaztelaniaz egiten dugu. “Aukera errazena” da denontzat beste pertsonak erdaraz badakiela ziur gaudelako. Horregatik egin behar dugu euskaraz lehen hitza!
Nolako etorkizuna ikusten diozu gure hizkuntzari? Gaur egungoa baino hobea izan beharko litzateke.
