→Galdakao

Galdakaok ez ditu ohiko Santakurtzak ospatuko

Aurten ez da ohiko Santakurtzik izango Galdakaon. Kultura Batzordea, Jai Batzordea eta udaleko ordezkariak bilduta egon ondoren, aho batez erabaki dute iraileko jaiak bertan behera uztea. Udalak zehaztu du “jaietarako gordea zegoen diruaren zati handi bat covid-19ak herritarrei eragindako kalteak arintzera” bideratuko dela: “Tristuraz ematen dugu erabakiaren berri, baina ohituta gauden Santakurtzetan ezinezkoa izango litzateke herritarren babeserako neurriak mantentzea”.

Ohiko Santakurtzak izango ez ditugun arren, Batzordeek eta udal ordezkariek adierazi dute “herritarrei eskaintza zabaldu eta artistak, haien lanak kontratatuta, lagunduta” bestelako herriko jaiak ospatzeko lana egingo dutela. Erantzukizunez hartuta erabaki zaila dela adierazi du Udalak prentsa ohar bidez, eta zehaztu dute dagoeneko antolaketa lan asko aurreratuta egonik jaiekin aurrera egitea errazagoa izango litzatekeela hauek bertan behera uztea baino.

Antza denez, osasun krisia baretzen ari den honetan, “oraindik etor litekeena ezin asma litekeen arren, inork ez du zalantzan jartzen jende pilaketak saihestu beharra, eta ezagutzen ditugun jai ereduan, hori ezinezkoa da“.

AHO BATEZ. Udalak erabakia Jai Batzordearekin eta udaletxeko kultur arloko zinegotzi eta teknikariak zein alderdi politiko guztietako ordezkariak biltzen dituen Kultura Batzordearekin kontrastatu ondoren jakinarazten du. Elkarrizketen parte izan diren alde guztiek erabakia ulertu dute eta Udalak babesa txalotu du: “Jai Batzordeak espresuki adierazitako babesa bereziki txalotu nahi dugu, bileran parte hartu duten hogei elkarteetako ordezkariek aho batez eman baitiote atxikimendua jaiak bertan behera uzteko erabakiari, haiek kontutan hartu izana berariaz eskertu ondoren”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak