☉ Galdakao
Fatima Villa galdakoztarra saritu dute 2022ko CAF-Elhuyar sarietan
Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua duen Neiker saria eman diote Villari, 'Zer diotsi sagarrak jogurtari?' lanari esker.

CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia egin zuten atzo Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. Aurten, Elhuyarren 50. urteurrenean, "Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak" izan da leloa, eta lau sari nagusi banatu dituzte: dibulgazio-artkulu orokorraren saria; doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria; zientzia-kazetaritza saria; eta Neiker saria.
GEURIAk zientzia-kazetaritza alorreko saria jaso du. Baina ez da Hego Uribe eskualdeko bakarra izan. Izan ere, Fatima Villa Gonzalez galdakoztarrak ere saria jaso du: lehen sektoreko lanak saritzeko helburua duen Neiker saria eman diote Villari, 'Zer diotsi sagarrak jogurtari?' lanari esker. Fatimak GEURIAri azaldu dionez, honetan datza bere lana: "Denok galdetuko diozue zeuen buruei: 'Zer diotso, ba, sagarrak jogurtari, hain interesgarria dena?'. Ba, 'hotz dela' diotso. Nire artikuluak edozein tresnak bere egoerari eta inguruan gertatzen denari buruzko informazioa biltzea eta beste tresna batzuei jakinaraztea ahalbidetzen duen txip-ik ezta bateriarik gabeko pegatina batzuen berri ematen die irakurleei. Chipless etiketak, hain zuzen ere".
"Xahuketaren gaiari heltzen dio, eta, alde horretatik, gaur egungo behar bati erantzuten dio. Digitalizazioan oinarritzen da, eta kate osoa hartzen du kontuan. Didaktikoa da, ondo idatzita dago. Etorkizunerako proposamen gisa planteatzen du, baina egingarria da; aplikagarritasun handia du", adierazi du CAF-Elhuyar sarietako epaimahaiak. Neikerreko sari berezia aukeratu dutenak hauek izan dira: Arantza Madariaga Aberasturi Elika Fundazioko zuzendaria; Pilar Santamaría Martínez HAZI Fundazioko arloko burua; eta Rikardo Bueno Zabalo BRTAko zuzendaria.
Saridun guztiek bezala, 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura jasoko du Fatimak. Hain zuzen ere, nahiz eta sari-banaketa atzo izan zen, Fatima ezin izan zen Donostiara bertaratu; Bostonen dago ikerketa lanak egiten. Bere anaiak jaso zuen saria bere izenean Tabakaleran.

Fatima Villaren anaiak jaso du saria // Elhuyar
Duela urte batzuk elkarrizketa egin genion Fatimari, nazioarteko antena lehiaketa batean parte hartu zuelako Bostonen unibertsitateko beste bi ikaslerekin batera. Hain zuzen ere, 2018 IEEE AP-S Student Design Contest lehiaketan parte hartu zuten eta mundu mailan hirugarren saria lortu zuten. Elkarrizketa osorik irakurtzeko:
Fatima Villa: "Antena berri bat diseinatzeaz gain, uhin-hargailu bat eraiki dugu"
☉ Galdakao
Usansoloko batzorde kudeatzaile berria urrian osatuko dute
Usansoloko Kudeaketa Batzorde berria 11 kidez osatuta egongo da. Aurreko batzordearekin alderatuta, EAJk ordezkari bat gutxiago izango du eta EH Bilduk bat gehituko du

Bizkaiko Foru Aldundiak Usansoloko batzorde kudeatzaile berria izendatzea onartu du Gobernu Kontseiluan. Batzorde kudeatzaile berria, etorkizuneko udalaren ernamuina, maiatzaren 28ko udal hauteskundeen emaitzen arabera sortuko dute, Hauteskunde Batzorde Zentralak bidalitako ziurtagirian jasotzen dena betez.
Aurreko kudeaketa batzordean bezala (duela bost hilabete sortua, 2019ko udal hauteksundeen emaitzen arabera), 11 kidek osatuko dute batzorde berria: Usansolo Herrako zortzi kidek, EAJko bik eta EH Bilduko batek. Aurreko batzordearekin alderatuta, EAJk ordezkari bat gutxiago izango du eta EH Bilduk bat gehituko du.
Batzorde berriaren eraketa urriaren 5ean, ostegunez, izango da 18:00etan Usansoloko Txapelena baserrian.
Helegitea Madrilen
Lurralde Politikako Ministerioak ukatu egin zuen ekainean Usansolo Bizkaiko 113. udalerria toki-erakundeen erregistroan inskribatzea 5.000 biztanle baino gutxiago izateagatik. Bada, Galdakaoko Udalak helegitea aurkeztu du administrazioarekiko auzi-prozesu bidez, eta Madrilgo Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu du.
Ekainean bertan Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak Euskadi Irratian jakinarazi zuen Foru Aldundiak ere helegitea jarriko ziola Lurralde Politikako Ministerioaren erabakiari. Eta hala egin dute: Bizkaiko Foru Aldundiak helegitea ere aurkeztu zuen irailaren 1ean Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusian. "Errekurtso horretan, gainera, foru-zerbitzu juridikoek kautelazko neurri positiboa hartzeko eskatu zuten Usansolo udalerri gisa inskriba zedin", diote foru ordezkariek.
☉ Galdakao
Unai Etxezarraga: "Erronka berri honetan aspaldi eduki ez dudan motibazioa lortu dut"
Nepaleko Island Peak mendia igo eta eskalatzea izango da Unai Etxezarraga usansolotarraren hurrengo erronka. Irailean hasiko du bidaia eta, gauzak ondo bidean, urriaren erdialdean iritsiko da 6.189 metroko tontorrera

Erronka polita du aurretik Unai Etxezarraga usansolotarrak (Usansolo, 1990). Irailaren 28tik urriaren 17ra bitartean Nepaleko Island Peak mendia eskalatzeko "ahalegina" egingo du beste 11 lagunekin batera. Guztira, 6.189 metro ditu Island Peak tontorrak, eta eskalatzeko ahalegina egingo dutela dio Etxezarragak, "horrelako mendietan baldintza asko sartzen direlako tartean eta ez delako batere erraza helburua betetzea", dio usansolotarrak. Nepalera bidaia hasi aurretik berarekin solasean izan gara.
Irailaren 28tik urriaren 17ra Nepaleko Island Peak mendia eskalatuko duzue (6.189 metro). Zergatik aukeratu duzue Islan Peak eta ez besteren bat?
Erabakia erraza izan zen. Pasa den urteko oinarrizko kanpalekuko igoeran Island Peak mendia ikusi genuen. Momentu horretan gurekin gida moduan etorri zen Lur Uribarrenek mendi hura eskalatzea nahiko "erraza" zela esan zigun. Hori entzutean, Ibai nire lehengusuari begiratu nion eta erabakita geratu zen: 2023ko helburua, Island Peak! Eskalatzeko ahalegina egingo dugu.
Mendi berezia da, izotzezko itsaso erraldoi batean dagoen irla txiki baten tankera daukan mendia da. Hori da bere izenaren jatorria, nahiz eta bere benetako izena Imja Tse izan.
Erabakia azkar hartu zenuten, beraz.
Azken erabakia 2022ko abenduan hartu genuen. Lehengusuagaz elkartu, laneko egutegia begiratu eta proposamena Lur gure gida izango denagaz elkarbanatu ostean, taldea osatzen hasi ginen. Laster hasi ginen gure ingurukoekin bidaia elkarbanatzen eta denbora gutxian 10 pertsonako talde bat osatzea lortu genuen.
Island Peak eskalatzeko "ahalegina" egingo duzuela diozu. Zergatik ahalegina? Zaila da gailurrera iristea?
Edozein mendi eskalatzeko orduan ezin dugu inoiz pentsatu tontorrera helduko garenik. Tontorra da helburua, baina horrelako mendietan baldintza asko egoten dira eta ez da batere erraza helburua betetzea. Horregatik, eta mendiari diodan errespetuagatik, zuhurtziaz ibiltzea gustatzen zait eta beti "ahalegina" aipatzea. Egun bateko tartea gorde dugu tontorra egin behar dugun egunerako eguraldiaren arabera horrekin jolasteko, baina agian ez da nahikoa izango. Gainera, mendi honek 6.189 metro ditu eta altuera horretan denok dakigu zelako zailtasunak dauden…Kontu handiz ibili beharko gara mendiko -gaitzik ez izateko. Gauzak oso ondo egin beharko ditugu, hau da, hidratazioa asko zaindu, janaria zaindu eta abar.
Eskualdeko bakarra zara?
Guztira 12 laguneko talde bat joango gara, Lur gure gida kontuan hartuta. Gero Nepalen ia 30 pertsonako talde bat sortuko dugu gida, sherpa eta laguntza emateko egongo den jende guztiagaz.
Usansoloko bakarra izango naiz, Trapagatik beste bi lagun (Borja eta Gorka), Janire gernikarra, Ermuko aspaldiko laguna den Iñaki eta Bediatik nire lehengusua den Ibai etorriko dira. Gainera, taldea osatzeko, irailaren 9ko asteburuan ezagutu berri ditugun bost gipuzkoar etorriko dira. Itzelezko taldea osatzen dugu!
Fisikoki prestakuntza berezirik egin behar izan duzue?
Ez dugu ezer berezirik egin baina azkenaldian kirola ia egunero egiten ibili gara, batez ere mendia. Pasa den maiatzean Lanzaroteko Ironmana egin nuen eta ordutik, egia esan, nahiko geldi egon naiz…Oso gogorra izan zen Ironamana eta kirola egiteko gogoa ere galdu nuen. Orain Nepalerako hilabete baino falta ez den honetan, berriro ere oso gogotsu nago eta erronka berri honekin aspaldi eduki ez dudan motibazioa lortu dut.
Mendi honetan zati teknikoak ere izango ditugu baina mendian ibiltzera ohituta egonez gero, ez dago arazorik. Lehen esan dudan moduan, altueraren kontua izango da garrantzitsuena, eta gure inguruan hori lantzea ez da batere erraza, ez dagoelako hainbesteko altuera duen mendirik.
Bidaiaren antolaketa zelan egin duzue? Laguntzarik eskatu behar izan duzue?
Bai, pasa den urtean egin genuen bezala, gure laguna den Lur Uribarren mendi gidarekin kontaktuan jarri ginen eta beragaz antolatu dugu bidaia guztia. Berak baditu Nepaleko kontaktuak eta hango kontu guztiak berak antolatzen ditu.
Aurten pauso bat gehiago eman dugu eta bidaia honetarako proiektu txiki batean sartuta gaude: guk egindako 100 liburu inguru eramango ditugu Nepaleko eskoletan banatzeko. Bidaia honetatik bueltan publikoki gure bidaia kontatzea eta gure proiektua zein izan den kontatzea pentsatu dugu. Liburu honen ale batzuk ere salmentan ipiniko ditugu eta uste dugu oso interesgarria izango dela, Nepaleko eta Euskal Herriko kontuak komunean azaltzen direlako.
Proiektu txiki batean sartuta zaudetela diozu.
Bai, hala da. 'Nire benetako izena ez da Island Peak' du izena proiektuak. Niretzat Nepalera bigarrengo joanaldia izango den honetan, nire bidaikideekin batera, modu xumean bada ere, gehienetan alpinismoaren gora-beheren ezkutupean gelditzen diren bi munduak, Himalayakoa eta Euskal Herrikoa, kontatzeko eta konektatzeko aukera aprobetxatu nahiko nuke.
Testuinguru honetan bi munduen elementu, ezaugarri edo berezitasunen arteko ume eta gazteei zuzendutako marrazki bidezko "elkarrizketak" erakutsiko dituen liburua proposatzen dugu. Guk hango errealitatearen berri eta beraiek gurearen berri izan dezaten, eta bertatik tiraka, hurrengo belaunaldiek ere, kulturen arteko bestelako harremanak sortu ditzaten.
Hau da, bi errealitateak ezagutaraztea da proiektuaren helburua.
Hori da. Bi urruneko errealitate hurbiltzeko ahalegina egin nahi dugu. Himalaya Elurraren Herria da, eta Euskal Herria Euskararen Herria. Bi munduen arteko elkarrizketa liburu bakar batean.
Bi norabideko helburuak ditu proiektuak. Alde batetik, euskal unibertsoa ezagutzera ematea Himalayako herri eta herrixketan, eta bestetik, Himalayaren inguruko mendebaldeko ilusioa desmitifikatzea. Guretzat, mendizaleen egitandietatik haratago, Nepal, orokorrean, eta Himalayako herriak bereziki, errealitate guztiz arrotzak dira.
Liburuaren edukia zelan landuko duzuen badakizue?
Bai. Himalayako eta Euskal Herriko errealitate kulturalak, geografikoak eta sozialak kontrajarritako diptiko eran jarri nahi ditugu. Marrazkiaren bidez irudikatzen duen liburua izango da, Euskal Herriko hainbat ilustratzailek eta artista grafikok egina. Era berean, Suku Mayaren hitzaurrea izango du liburuak.
Nor da Suku Maya?
Gaur egun Euskal Herrian bizi den gazte nepaldarra da. Gaixotasun batek ekarri zuen hona, zehazki, Gipuzkoara. Bere bizipen-istorioak hanka bat Himalayan eta bestea Euskal Herrian du. Bere izatea, bi unibertsoak barruan dituen gaztea izanda, hango eta hemengo umeekin elkarrizketa zabaltzen duen pertsona, aukera ederra deritzogu. Gainera, bere mendian gora egiteko programatu dugun ibilbidean bere haurtzaroko eskolatik pasatzera eramango gaitu.
Nepalen egingo duzuen ibilbideaz ari zarela, egunez egun zer egingo duzue?
Lehenengo egunetan pasa den urteko treking bera egingo dugu, baina gero bidegurutze batean beste norabide bat hartuko dugu eta Gokyorako bidea hartuko dugu ibilbide zirkular bat egiteko. Printzipioz, eta dena ondo bidean, hamaikagarren egunean tontorra zapalduko dugu.
Duela bi urte Everesteko oinarrizko kanpalekura igoera egin zenuten.
Aurreko bidaiatik bueltatu ginenean argi geneukan hurrengo bidaian tontorra egin behar genuela. Everesteko oinarrizko kanpalekua leku mitikoa da eta bertan egotea itzela izan zen, baina mendi baten gailurrera heltzeak mendi hori konkistatua izan dela esan gura du eta guk horrelako zerbait behar dugu.
Gainera, Himalayan alpinismoa egiteko aukera izango dugu. Tontorrera heldu baino lehen zati teknikoak izango ditugu, eskailera bat, yumar egin beharko dugu…Horrelako kontuekin berba egin eta urduritzen hasten naiz! (kar, kar, kar)
Island Peak eskalatu ondoren, baduzu buruan beste erronkarik?
Momentuz ez. Etxekoak ere zaindu behar dira! (Kar, kar, kar) Ainara nire neska-lagunarekin horrelako helburu handi batean murgiltzea ere gustatuko litzaidake. Agian berriro ere Nepalera bueltatuko gara, batek daki!
☉ Galdakao
Aukeren Azoka antolatu dute irailaren 28tik 30era Galdakaon

Aukeren Azoka antolatu dute irailaren 28tik 30era bitartean Galdakaon. Kurtzeko plazan dagoen karpan jarriko dituzte herriko dendek euren standak. Azoka zabalik egongo da egunero 10:30etik 20:30era bitartean.
Era berean, egunero zuzeneko musika entzuteko aukera izango dute azokara bertaratuko direnek, eta 20:00etan, egunero ere, bi opari txartel eta ostalaritzarako beste bi txartel zozketatuko dituzte.
Irailaren 29an, ostiralez, 17:00etatik 20:00etara aurpegi margoketa egomgo da, eta puxikak banatuko dituzte haurren artean.
☉ Galdakao
Libe Goitiaren eta Xabier Mendigurenen liburuak aztertuko ditu Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldeak urrian

Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldeak ikasturte berriari ekin dio eta urriko hitzorduaren berri eman du. Bi liburu aztertuko dituzte: Libe Goitia Artetxe galdakoztarraren 'Fast Fatum' eta Xabier Mendiguren Elizegi beasaindarraren 'Oso latza izan da'.
Hitzordua urriaren 23an, astelehenez, izango da 18:30ean Peña Santa Cruz txokoan.
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakaoko jaien osteko kuadrillen bazkariak 200 lagun bildu ditu
Galdakaoko jaiak pasa den igandean bukatu arren, atzo berriro bildu ziren kuadrillak Kurtzeko plazan jaietako kamisetan soinean. Bazkaria izan zuten eta 200 lagun batu ziren.