→Galdakao

Fernando Izagirrek EAJren bozeramaile eta zinegotzi karguak utzi ditu Galdakaon, DYAko aferagatik

Fernando Izagirre Galdakaoko martxoko osoko bilkuran // Galdakaoko Udala (Youtube)

Fernando Izaguirrek dimisioa eman du Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia zerbitzuko zuzendari bezala, baita Galdakaoko EAJ udal taldearen bozeramaile bezala ere. Bizkaiko DYAko presidente izan zen garaian (2016-2021) ustez egindako irregulartasunengatik eman du dimisioa Izagirrek. DYAko barne-auditoria batek piztu ditu alarmak.

Galdakaoko EAJk GEURIAri konfirmatu dionez, zinegotzi bezala ere dimisioa aurkeztu du Izagirrek: “Astelehenean aurkeztu zuen dimisioa zinegotzi eta bozeramaile bezala”, adierazi diote Galdakaoko EAJko ordezkariek GEURIAri. Era berean, EAJ alderdiko militante izateari utzi diola zehaztu dute alderdiko iturriek, Euskadi Irratiaren arabera.

Oraingoz ez dakite nork hartuko dituen bozeramaile lanak Galdakaoko Udalean, ezta nork hartuko duen zinegotzia kargu berria ere: “Batuko gara eta hauteskunde-zerrendaren arabera zinegotzia berria izendatu. Ondoren, udal talde barruko zereginak antolatu beharko ditugu”, zehaztu diote Galdakaoko EAJko iturriek GEURIAri.

Datorren urtean udal hauteskundeak izango dira. 2019ko hauteskundeetan EAJ alderdi bozkatuena izan zen, eta Fernando Izagirre izan zen alkategai. Hala ere, alkatetza EH Bilduk eskuratu zuen, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemosen babesarekin. Oposizioan, Izagirre EAJko bozeramailea izan da legegintzaldi honetan, dimisioa eman duen arte.

Fernando Izagirrek Galdakaoko eta Jaurlaritzako karguetan dimisioa eman du, DYAn ustez egindako delituengatik

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak