Sareak

☉ Galdakao

Erreportajea | Isiltasunaren aurrean, Palestinarekin elkartasuna

Gandasegi ikastetxeko hainbat guraso batu eta palestinarren kontrako genozidioa salatzeko elkarretaratzeak antolatzen ari dira ostiralero Kurtzeko plazan, isiltasun instituzionalaren aurrean herri ekimena hauspotuz

|

Israel eta Palestinaren arteko gatazkak zifra lazgarriak utzi ditu azken hilabeteotan. 2023ko urritik, milaka hildako pilatu dira, batez ere palestinarrak, eta gehienak zibilak, haurrak eta emakumeak. 2025eko maiatzaren 24ra arte, 61.700 palestinar baino gehiago hil dituzte. Biktimen artean, 17.881 haur eta 214 jaioberri daude gutxienez. Gainera, 111.000 zauritu baino gehiago eta 2 milioi pertsona baino gehiago lekualdatu dira, horietako asko muturreko baldintzetan, oinarrizko zerbitzuak jasotzeko aukerarik gabe.

Datuek neurrigabekeria maila kezkagarria erakusten dute: hildako israeldar bakoitzeko, 36 palestinar baino gehiago hil dira, gehienak zibilak, milaka haur barne. 2025eko maiatzaren amaierara arte, Israelen eta Palestinaren arteko gatazkak 1.700 hildako israeldar baino gehiago utzi ditu: zibilak eta segurtasun-indarretako kideak. Datuen arabera, “gerra” honetan hildakoen % 97,3 palestinarrak dira eta % 2,7 israeldarrak. Sarraskiak ez du etenik, eta giza eskubideen urraketek nazioarteko komunitatearen zati handi baten isiltasuna topatu dute parean. Baina isiltasun horri aurre egiteko, ahots batzuk pizten hasi dira.

Horietako bat Galdakaon. Gandasegi ikastetxeko guraso talde batek herriko kaleak hartu ditu astez aste, genozidioaren aurkako salaketa eta elkartasun oihua hedatzeko. Herri-ekimen xume baten bidez, Palestinarekiko elkartasuna, pedagogia eta sentsibilizazioa uztartu nahi dituzte, haurrak eta komunitatea erdigunean jarrita, eta ‘Genozidioa stop, Palestina askatu’ leloa lau haizeetara zabalduz.

Klik une bat

“Duela hiru hilabete Israelek su-etena hautsi zuenean, klik bat gertatu zen gure barnean. Inflekzio-puntu bat izan zen guretzat. Jasanezina bihurtu zen jada sarraskiaren magnitudea. Izan ere, Israelek 19 hilabete daramatza eskolak, ospitaleak, errefuxiatu-esparruak, zibilen etxeak, elizak, meskitak eta konboi humanitarioak sistematikoki bonbardatzen. Ez da inoiz horrenbeste haur eta zibil hil”, adierazi du Mikel Sarasua Gandasegiko gurasoetako batek.

Gertatzen ari denaren aurrean, isiltasun instituzionalak eta hedabide nagusien tratamendu mugatuak erreakzio bat piztu zuen Gandasegiko guraso talde honengan: “Bidegabekeria honen aurrean, munduaren erantzuna orohar, ez da sekula hain konplizea eta kaskarra izan”, dio Sarasuak. Ildo horretan, pasa den ikasturtean, Israel Gazan burutzen ari den sarraskiaren aurrean, Guraso Elkarte moduan, ‘Gure Haurrak ere Badira’ ekimenera atxiki ziren Gandasegiko hainbat familia. Gazako gerraren amaiera eta milaka haur palestinarren sufrimenduarekin amaitzea eskatzeko ekimena da.

“Urte hasieran Israelek su-etena apurtu zuenean, berriro kaleetara ateratzeko beharra ikusi genuen eta erabaki genuen guraso moduan antolatu ahal ginela Gazan bizitzen ari den genozidioa salatzeko”, dio Natalia Escolar Gandasegiko beste guraso batek.

Ostiralero, Kurtzeko plazan

Zenbait guraso antolatu eta mobilizazioei ekitea erabaki zuten. Maiatzaren 16an lehen elkarretaratzea antolatu zuten Kurtzeko plazan. Eta ez da bakarra izan; izan ere, ostiralero, ikasturtea amaitu arte, Kurtzeko plazan elkarretaratzeak egingo dituzte, 17:00etatik 17:30era bitartean.

“Genozidio eta bidegabekeri basati hau salatu eta egoerari ikusgarritasuna ematea da elkarretaratzeen helburua. Gaur egun, bidegabekeri askoren aurrean isiltasuna da maiz orokortzen ari den bakarkotasunaren ispilu eta hori ere salatzea da asmoa”, dio Escolarrek.

Gandasegiko guraso talde honek GEURIAri adierazi dionaren arabera, ikastetxean ez dago jatorri palestinarreko ikaslerik. Bai, ordea, jatorri desberdinetako familiak eta ikasleak. “Gandasegin Harrera batzordea dugu eta helburuetariko bat da pertsona migratuekin ekintza bateratuak egitea. Horregatik, hasieratik Guraso Elkartean parte hartzen duten emakume arabiar, bereber eta beste jatorriko hainbat ere alboan izan ditugu ellarretaratze hauek egiteko”, dio Sarasuak.

“Ekimen xume bat da, baina bihotzetik sortua. Ez dugu babes instituzionalik, ezta baliabide handirik ere. Ahoz aho eta mezu bidez zabaltzen ditugu deialdiak, eta hala ere gero eta jende gehiago batzen da”, dio Sarasuak.

Kontzentrazioen antolakuntza Guraso Elkartetik (IGE) kanpo sortu zuten, baina parte hartzaile gehienak elkarte horretako kideak direla adierazi dute Sarasuak eta Escolarrek: “Hasieran hiru edo lau familiaren artean elkarretaratzeak antolatzea planteatu genuen eta IGEren barruan dauden beste hainbat kiderekin proposamena partekatu genuenean, berehala bat egin zuten egitasmoarekin. Hortik geroztik, ostiralero gero eta jende gehiago ari da batzen”, dio Escolarrek.

Balioak, hausnarketa eta saretzea

Egoera hau “sentzibilitate handiarekin” bizi dutela dio Gandasegiko guraso talde honek: “Norbanako moduan, inpotentzia, tristura eta amorrua bezalako emozioak biziarazi dizkigu egoera honek, baina baita palestinar herri eta gizartearekiko elkartasuna, maitasuna eta errukia ere eragin dizkigu”.

“Eta guraso bezala, zer esango dizugu. Deskribagaitzak diren irudiak ikusi ditugu eta guraso moduan gure anai-arreba palestinarrek bizi duten egoerarekin malkoz beteriko enpatia hutsa soilik ezin diegu azalarazi. Basakeria hutsa da gertatzen ari dena. Ofizialki 17.000 haur erailak, egun hauetan pairatzen ari diren gosetearen ondorioz eta etxebizitza birrinduen azpian arakatzeari bukatzen diotenean, nork daki zenbat gehiago izango diren. Esan dezakedan bakarra, lau haizetara, ‘Gure Haurrak ere Badir’ sentimendua isladatzen duen garrasia ohiukatzea da”, dio Sarasuak.

Gurasoek euren seme-alabak eramaten dituzte mobilizazioetara. “Gure 3 eta 5 urteko haurrekin batera joaten gara elkarretaratzeetara, egoera pedagogikoki azaltzen saiatzen gara, adinaren araberako hizkera erabiliz. Haien begiradek dena esaten dute. Guk ezin diegu erantzun bakar bat ere ukatu”, dio Sarasuak.

Haurren galderak, isiltasunak edo keinuek, gurasoak sentsibilitate handiz jokatzen jarri dituzte. “Basakeria hutsa ari da gertatzen, eta guraso modura ezin dugu beste alde batera begiratu. Milaka haur hil dituzte, eta guraso bezala horrek barrutik astintzen gaitu”.

“Elkartasuna, justizia, antolaketa, anaitasuna, ahizpatasuna, aniztasuna, integrazioa, giza eskubideak, herrigintza, deskolonizazioa eta anti-inperialismoa bezalako balioak eta mezuak zabaldu nahi ditugu gure haur, gazte eta helduen artean”, dio Sarasuak, eta gaineratu du: “Ez da protesta hutsa, eredu bat da gure seme-alabentzat. Elkartasuna bizitzeko modu bat da”.

Oraingoz Galdakaoko herrian eta inguruko komunitateetan zentratzen dira, baina harremanak ehuntzen ari dira: “Urreta ikastetxeko ikasleen ama talde batek hasieratik parte hartzen du gure deialdietan. Gure herrian dauden eskola komunitate desberdinei saiatuko gara gure ekimenarekin saretzeko”, dio Sarasuak.

“Busti zaitez Palestinagatik”

Babes instituzionalari dagokionez, ez dute espero handirik. “Instituzioek ez dute behar besteko erantzunik eman. Bai, ordea, gizarteak. Baina, egia esan, gehiago espero dugu, askoz gehiago”, dio Sarasuak. Gauzak horrela, elkarretaratzeez gain, bestelako jarduerak egitea ere pentsatzen hasi dira: “Eguzki-bero egunak izango direlakoan, umeentzako erakargarria izan daitekeen ekintza bat antolatu nahiko genuke: ‘Busti zaitez Palestinagatik’ lelopean, ekintza ludiko-pedagogiko bat sortzea bururatu zitzaigun azken elkarretartzean”, dio Escolarrek.

“Elkarretaratzeetan Galdakaoko abeslari eta konpositore batek parte hartzen du eta bere burua eskaini du kontzentrazioren batean musika zuzenan jotzeko”, diote, eta gaineratu dute: “Nork daki noraino heldu izan ahalko garen, baina bidea Palestinarekiko askatasun eskakizunaren elkartasunezko deiadarraz ehundutakoa bada, gauza on asko aterako dira, ziur!”.

Ekainaren 20ra arte elkarretaratzeak egingo dituzte ostiralero Kurtzeko plazan, baina gurasoek uste dute uda ostean ere jarraitu beharko dutela: “Epe laburrean gauzak ez dira aldatuko, eta estatu sionistak bere helburuak bete arte ez da geldituko: gazatar guztiak Gazatik ateratzea eta eremuaren kolonizazioa burutzea”.

Elkarteratze hauek ez dira erantzun isolatu bat, eta Galdakaoko guraso talde honek argi dauka: “Tamalez, jarraitu beharko dugu mobilizatzen. Gure presentzia beharrezkoa da. Gure haurrak ere badira, eta gure isiltasuna konplize bihurtuko litzateke. Horregatik, irmoki diogu: Genozidioa Stop, Palestina Askatu!”.

☉ Galdakao

Galdakaon ondutako ‘Bi baso bat ur’ antzezlana estreinatuko dute ostegunean Torrezabal Kultur Etxean

Otsailaren 19an izango da estreinaldia Torrezabalen. Ondoren, Euskal Herri osotik bira egingo dute

|

Intza Alkain, Javier Barandiaran, Marina Suarez eta Iraia Elias aktoreek antzezten dute obra // Argazkia: Metrokoadroka Kolektiboa

Metrokoadroka Kolektiboa Galdakaon eta Torrezabalen bertan ontzen aritu den ‘Bi baso bat ur’ antzezlana estreinatuko dute otsailaren 19an, ostegunez, Torrezabal Kultur Etxean (19:00).

Sarrerak salgai daude 6 euroan. ‘Geuretik Sortuak’ programari esker garatu dute antzezlana Galdakaon.

Torrezabaleko estreinaldiaz gero, bira egingo dute Euskal Herri osoan zehar.

Urtarrilean Torrezabaleko programazioa aurkeztu zuen Galdakaoko Udalak, eta aurkezpenean Edurne Azkarate antzezlanaren zuzendaria eta Oier Guillan antzerkigilea izan ziren. GEURIAn azaldu zituzten antzezlanaren nondik norakoak:

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Kickboxing topaketa izango da bihar Galdakaoko Urreta kiroldegian

Amauteur mailako eta maila profesionaleko borrokalariak izango dira biharko topaketan. Sarrerak salgai daude 25 eta 50 euro artean

|

Guztira 16 borrokaldi egongo dira: amateur mailako 10 eta profesional mailako 6 // Argazkia: BYB BYB, Pexels

Euskal Herriko eta nazioarteko borrokalari onenetakoak bilduko dira bihar, otsailak 14, Galdakaon: Kickboxing topaketa izango da Urreta kiroldegian.

Borrokaldiak 17:00etan hasiko dira: ekitaldia amateur mailako saioekin hasiko da. Guztira 10 borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza bi minutuko iraupenarekin. Kategoria honetan, parte hartzaileek babes ofizialak erabiliko dituzte: zango babesa, kaskoa, eskularruak eta aho babesa.

Ondoren, 20:00etan borroka profesionalen txanda izango da. Kasu honetan, 6 borroka izango dira, hiru roundera, bakoitza hiru minutukoa. Borrokalariek ez dute babesik erabiliko borroka horietan.

Sarrerak salgai daude 25 eta 50 urte bitartean MFC Championship webgunean, Etxebarriko Elite gimnasioan eta Urreta kiroldegiko leihatilan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko auzoak hobetzen jarraitzeko eta proposamen berriak definitzeko bilerak deitu ditu Udalak

‘Auzotik Galdakao’ proiektuaren barruan sei bilera ireki deitu ditu Udalak, proposamenak egokitzeko, lehentasunak definitzeko eta neurri berriak erabakitzeko

|

Otsaila eta martxoa bitartean izango dira bilerak // Galdakaoko Udala

Auzoetan egindako aurrerakuntzak aztertzeko eta hobekuntza proposamen berriak definitzeko ‘Auzotik Galdakao’ proiektuaren barruan sei bilera ireki deitu ditu Udalak.

Eremuka banatuta, egun hauetan izango dira bilerak: Upomendi, Zuhatzu, Bengoetxe, Troka eta Ergoien eremuko (laugarren eremua) kontseilua otsailaren 12an batuko da 18:30ean Ostalaritza Eskolan; Aperribai, Olabarrieta, Txistulanda eta Jugu auzoetako (lehenengo eremua) bilera otsailaren 17an 18:30ean izango da Olabarrietako pertsona nagusien lokalean; Urreta, Urtebieta, Tximelarre Goikoa eta Zuhatzaurre auzoetako (bigarren eremua) bilera otsailaren 18an 18:00etan izango da Urreta 2ko areto nagusian; Berezikoetxe eta Zabalea auzoetako (seigarren eremua) kontseilua otsailaren 19an bilduko da 18:30ean udaletxean; Galdakaoko landa eremua (hirugarren eremua) otsailaren 25an 18:30ean udaletxean; eta Zabalgane, Kurtzea eta Tximelarre Bekoa auzoetako (bosgarren eremua) bilera martxoaren 4an 18:30ean izango da udaletxean.

“Bilerak proposamenak egokitzeko, proiektuen lehentasuna definitzeko eta auzo bakoitzean beharrezkoak diren neurriak modu zehatz eta adostuetan erabakitzeko balioko dute. Bertan, herritarrak, gizarte eragileak eta udal teknikariak eta politikariak elkarlanean arituko dira, Galdakao herri parte hartzaileagoa eta konektatuagoa izan dadin”, diote udal ordezkariek.

Bilerak publikoak dira, baina bertaratzeko interesa dutenek abisua eman behar dute 688 830 479 telefono zenbakira deituz edo partaidetza@galdakao.eus helbide elektronikora idatziz.

Auzoen garapen integrala eta orekatua

Auzoen garapen integral eta orekatua sustatzeko asmoz, ‘Auzotik Galdakao’ dinamika jarri zuen martxan Udalak 2023an.

Dinamikarekin hasteko bi eremu hartu zituzten udal ordezkariek: alde batetik, Agirre, Aperribai, Azpuru, Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai Zaharra eta Jugo (lehenengo eremua); eta bestetik, Tximelarre Goikoa, Urtebieta, Zuatzaurre eta Urreta (bigarren eremua).

Eta, horien ostean, herri osora zabaldu zuen dinamika Udalak, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren eremuak gehituz.

“Une honetan, eremu guztiak estrategiaren ezarpen eta garapen fasean daude: lehenengo eta bigarren eremuak 2023ko martxoan hasi ziren lanean, eta hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren eremuak, berriz, 2024ko otsailean. Kontseiluak eratu zirenetik jarduera desberdinak egin dituzte etengabean, eta orain proposamen horiek gauzatzeko bidean daude”, diote udal arduradunek.

Auzotik Galdakao proiektuaren bidez, Udalak auzo bizidun eta parte hartzaileagoekin duen konpromisoa berresten du, herritarren eta administrazioaren arteko elkarlana indartuz eta horrela herri osoan bizi kalitatea hobetuz.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko auzoetan hobekuntzak “etengabeak” direla esan du gobernu taldeak, PSEren kritikei erantzuna emanez

“Gobernuaren kuadeaketaren irudi ezkorra marraztu nahi dute eta uste dugu hori ez dela errealitateak islatzen duena”, esan dute EH Bildu, Auzoak eta UHko ordezkariek

|

EH Bilduk, Auzoakek eta UHk 2023an gobernu-akordioa sinatu zuteneko irudia // Geuria

Galdakaoko PSEk gobernu taldearen “utzikeria eta paralisia” salatu zituen otsaila hasieran. Era berean, EH Bildu eta Auzoak udaltalde”ek —Usansolo Herria ere gobernu taldearen parte da, baina ez dute euren oharrean aipatu— “auzoen errealitateari buruzko eztabaida politikoari izkin egitea” kritikatu zuten.

GEURIA gobernu taldearekin harremanetan jarri da eta adierazi dute: “Udalaren dinamika osasuntsu baterako legitimoa den oposizio-lan baten barruan kokatzen ditugu oposizioaren komunikazioak. Hala ere, gobernuaren kudeaketaren irudi ezkorra marraztu nahi dute eta uste dugu hori ez dela errealitateak islatzen duena, marketing politikoari erantzuten dion estrategia baizik”.

Zentzu horretan, auzoetan eta erdigunean hobekuntza lanak “etengabeak” direla adierazi dute. Eta, adibideak eman dituzte: “Zuhatzuko zubia eta Txomin Egileor, kiroldegiko handitze lanak, Aperribaiko laugarren igogailua, asfaltatuak eta argiak Jugun”.

“Aldi berean, obrak kontratatzeko prozesuak ditugu jomugan, ahal bezain laster hasteko: Emakumeen etxea, Haurreskola, Errekaldeko eta Elexaldeko saneamendua berrizteko obrak”, gaineratu dute.

Eta, auzo desberdinetako irisgarritasuna hobetzeko igogailuen azterketa geoteknikoak kontratatuta dituztela, eta Berezikoetxen lurazpiko aparkalekua eraikitzeko proiektuarekin aurrera jarraitzen dutela adierazi dute gobernu taldetik. “Hori ez da paralisiaren argazkia”, diote.

“Elkarlanerako prest”

Gobernu taldetik esan dute oposizioaren ekarpenak jasotzen prest egon direla eta badaudela: “2026ko aurrekontuak negoziatzeko aukerak eskaini genizkien, birritan prozesuan zehar, eta ez genuen inolako erantzunik jaso”, diote.

“Hori zen proposamenak egiteko momentua, Bengoetxeko parkea eta Zabalganeko aparkalekua hobetzeko aukera aztertzeko, adibidez; baina PSEk nahiago izan zuen kanpora begirako komunikazio lana egin, gobernuarekin elkarlana egin baino”, diote.

2021etik 2025era oposizioaren 23 emendakin onartu dituztela azaldu dute gobernu taldetik: “Haien balioa 1.5 milioi eurokoa izan da”. “Gaur egun, eginda edo egiten ari dira 18 emendakin, balio osoaren % 81,4. Honek esan nahi du arduraz eta errespetuz hartzen ditugula oposizioaren emendakinak”, esan dute.

“EH Bildu, Auzoak eta UH taldeek osatzen dugun gobernu taldeak elkarlanerako prest jarraitzen du; udaletxe barruan eta udal kudeaketak markatzen duen uneetan lan egiteko prest”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Playback txapelketa, Herri Kirol “bereziak” eta gazte afaria antolatu ditu Zizpak Galdakaoko inauterietan

Galdakaoko kuadrillak eta gazteak animatzeko programa berezia antolatu du Zizpa Gazte Konpartsak, Gazte Berpizturen eta Udalaren babesarekin

|

Gazte afaria antolatu dute berriro Zizpatik // Zizpa Gazte Konpartsa

Inauteriak ospatuko dituzte Galdakaon otsailaren 13tik 18ra. Herriko elkarteek Udalarekin elkarlanean hamaika ekintza antolatu dituzte [egitaraua osorik hemen!].

Besteak beste, herriko kuadrillak eta gazteak animatzeko programa berezia antolatu du Zizpa Gazte Konpartsak ostailaren 14an, larunbatez, Gazte Berpizturen eta Udalaren babesarekin. Aurtengo gaia izango da talde kirolak.

Herri Kirolen probak, kalejira-poteoa, gazte eta helduen playback lehiaketa, gazte afaria eta DJ emanaldiak prestatu dituzte.

Egitaraua | Zizpainauteriak 2026

Otsailak 14, larunbata

12:00 Herri Kirol bereziak Santi Brouard plazan, Gazte Berpiztu proiektuko kideekin batera.
– Izena ematea 11:45ean edo 688 680 840 telefono zenbakira idatzi

13:30 Perejilek Folklore Taldea: kalejira eta poteoa Santi Brouard plazatik

18:00 Gazte eta helduen Playback lehiaketa Kurtzeko plazan.
– Izena ematea egunean bertan

21:00 Gazte afaria Kurtzeko plazan
– Txartelak salgai Zurrut eta Oñarte tabernetan: 6 euro (soldata gabeak) / 8 euro (soldatapekoak)
– Elikadura beharrizanak izatekotan idatzi: zizpagaztekonpartsa@gmail.com

23:30 DJ Gork + DJ Desi eta Presi Kurtzeko plazan

Osorik irakurri