Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Galdakao

Ganguren mendira igoera egingo dute bederatzigarrenez Galdakaoko santakurtzetan

Aurtengo hitzordua irailaren 10ean izango da eta 09:00etan abiatuko dira mendi taldearen egoitzatik

|

etxebarri-mendi-martxa-2018-ganguren-seinalea
Gangurengo seinaleak // Geuria

Urtero bezala, Galdakaoko SantaKurtzak jaietan igoera antolatu dute Ganguren mendira Ganguren Mendi Taldekoek. Aurtengo hitzordua irailaren 10ean izango da eta 09:00etan abiatuko dira mendi taldearen egoitzatik bertatik. Bederatzigarren aldiz egingo dute igoera hau herriko jaietan.

12,5 kilometroko ibilbidea doakoa izango da eta edonork hartu dezake parte. Itzulerako ordua 13:00ak eta 14:30ak aldera izango dela aurreikusi dute Galdakaoko mendizaleek. Ganguren Mendi Taldetik azaldu dute izena ematea beharrezkoa dela eta parte-hartzearekin pintxo bat emango diete parte-hartzaileei Ganguren Tabernan.

Pavotseko gailurra // Mendikat

Iraileko irteerak

Galdakaoko jaietako ibilaldiaz gainera bestelako irteerak prestatu dituzte urte amaiera arte Ganguren Mendi Taldekoek: irailaren 2an eta 3an Huescako Pirinioetara joango dira, Pavots gailurrera (3.124mt): “Goi-mendia izango da egun biko irteera hori”, azaldu dio Eduardo Olea Ganguren Mendi Taldeko kideak GEURIAri.

Irteera irailaren 2an egingo dute 07:00etan Galdakaoko udaletxeko plazatik. Bertan autobusera igo eta Pirinioetara abiatuko dira. Helmugara helduta, lehenik eta behin zailtasun ertaineko ibilbidea egingo dute Angel Orus aterpetxera.

Hurrengo egunean, hilaren 3an, Pavots gailurrera igoko dira eta abiapuntura bueltatuko dira, autobusera igo eta Galdakaorako bidaiari ekingo  diete mendizaleek. Ibilaldi osoa Ganguren Mendi Taldeko webgunean eskegi dute, hementxe ikusgai.

Ibilbidearen iraupena 6 ordu eta 10 minutukoa izango da eta gailurrerainoko igoera zailtasun handikoa dela azaldu diote GEURIAri mendi taldetik. Bazkideek 70 euro ordaindu beharko dute eta bazkideak ez direnek, berriz, 85 euro. “Gomendagarria da eskularruak, elurretarako betaurrekoak, arropa beroa, praka luzeak eta era horretako arropa eramatea”, azaldu dute Ganguren Mendi Taldetik, “Baita gauerako frontala eramatea ere”.

Hildako mendizaleei eskainitako monumentua, Betsaiden // Elorrio Turismo

Beste irteera aipagarri bat Betsaiderako ibilbidea izango da. Irailaren 17an egun erdiko irteera bat prestatu dute Betsaidera (Gipuzkoa, 555 mt). Betsaide 564 metroko garaiera duen muino txiki bat da, Anboto (SO) eta Udalaitz (NE) mendiguneen arteko erdibidean kokatua.

Oharkabean pasatuko litzateke, baina bertako gailurrean Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako mugak elkartzen dira, eta horrek egiten du berezi lekua. Tontorrean, 50eko hamarkadan, euskal mendizale federazioak hildako mendizale guztien omenezko monumentu bat eraiki zuen.

Betsaideko tontorrean, 50eko hamarkadan, euskal mendizale federazioak hildako mendizale guztien omenezko monumentu bat eraiki zuen

Gaur egun, iraileko hirugarren igande guztietan, hiru herrialdeetako eskaleak biltzen dira leku horretan, azken urtean hildako lankideak gogoratzeko. “Aipamen txiki hau omenaldi xume bat da, guk oraindik horretarako zortea dugunaz gozatzen zuten bitartean utzi gintuztenontzat”, azaldu dute Ganguren Mendi Taldetik. Ibiltzen hasteko ordua 09:45ak izango da eta 14:30-15:00ak aldera Galdakaora heltzea espero dute.

Irailaren 30ean Hiru Gurutzeak martxa antolatu dute, mendi taldeko esanguratsuenetarikoa

Irailaren 30ean Hiru Gurutzeak martxa antolatu dute, gauerdian. Ganguren Mendi Taldetik azpimarratu dute ibilaldi hau taldeko jarduera garrantzitsuenetarikoa dela. Irteera 00:05etan egingo dute eta 80 kilometroko ibilaldia izango da. 19:00ak arte iraungo du kirol proba honek.

Urrira begira beste hainbeste irteera prestatu dituzte Galdakaoko mendi taldetik: Hiru Gurutzeak, Picos de Europako Torre Blancarako igoera, Elexaldeko jaietako ibilbidea, Euskal Mendizaletasunaren jaia, Aia-Pagoeta-Zarautzerako ibilbidea (Gipuzkoako Parke Naturala) eta baita Everesterako baserako trekking saioa (6.000 mt).

☉ Galdakao

Argazkiak / Txantxa Gutxi kuadrillak irabazi du Errelebo lasterketa Galdakaoko jaietan

|

Galdakaoko jaietan proba berriak antolatu dituzte. Horietako bat da Errelebo lasterketa, Errotuk antolatu duena. Txapeldun izan da Txantxa Gutxi kuadrilla, bigarren Antzeko, hirugarren Weekandugu eta laugarren Lonjelvi.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa / Oilasko ala haragizko hanburgesa? Edo beganoa akaso? Inkesta egin dugu Galdakaoko jaietan!

|

Hanburgesa txapelketa izan zen atzo, irailak 17, Galdakaoko jaietan. Patakonek antolatzen du lehiaketa eta aurten 60 kuadrilla aurkeztu direla zehaztu digute: “Partaidetza handia izan dugu aurten ere!”, dio Beñat Elias Patakoneko kideak. Epaileek “100 hanburgesa baino gehiago” dastatu dituztela esan digu Maite Uribarri Patakoneko kideak.

Atzokoan ere GEURIA mikroa eskuan atera zen Santakurtzetara! Hanburgesa haragizkoa ala oilaskokoa? Akaso beganoa? Eta hanburgesa laguntzeko zein da aukerarik onena: patatak ala natxoak?

Beñat eta Maite (Patakon), Gorka (Elkarlaguntza Sarea), Asier eta Kristian (Antrotarrak), Eñaut (Bost Axola) eta Oier (Sukherrak Zauk) galdakoztarrek erantzun dute gure galdetegia!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Gusak da Galdakaoko jaietan talentu gehien duen kuadrilla

|

Talentu Txapelketa antolatzen du Zizpa Gazte Konpartsak Galdakaoko jaietan. Aurten txapeldun izan da Gusak kuadrilla magia ikuskizun batekin, bigarren Bertan Kaldo kuadrilla sailkatu da eta hirugarren Dekantzekoz. Laugarren Sukuzu izan da eta bosgarren Piperrak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa / Mari Carmen Alvarez: “Gorantza Futbol Taldeak nire garapen pertsonalean lagundu zidan”

|

Atzo, irailak 16, omenaldia jaso zuten Galdakaoko Gorantza Futbol Taldeko emakumeek: duela 57 urte, 1967ko irailean, Galdakaoko emakumeen lehen futbol taldea eratu zuten.

1967tik 1972ra bitartean Gorantza Futbol Taldeko emakume aitzindari hauek omendu zituzten: Eguzkiñe Loroño, Pili Moreno, Blanqui Goiri, Emili Suarez, Amaia Garay, Eguzkiñe Garay, Rosario Etxabe, Maribel Saratxaga, Marieli Aurtenetxe, Maria Angeles Yarritu, Henar Yarritu, Maria Jesus Urgoiti, Belen Urgoiti, Virginia Gonzalez Ramos, Mari Carmen Alvarez eta Maria Pilar Torres jokalariak, Miguel Caballero entrenatzailea, eta Koldo Tutor eta Arturo Maza laguntzaileak.

Omenaldia jaso aurretik Mari Carmen Alvarez jokalari ohiarekin berba egiteko aukera izan genuen GEURIAn: “Oso pozik gogoratzen ditut Gorantza Futbol Taldeko garaiak. Nire garapen pertsonalean asko lagundu zidan taldeko parte izateak”, adierazi digu Mari Carmenek. 1968tik 1972ra bitartean jokatu zuen Mari Carmenek Gorantzan.

Omenaldiko argazkiak ere publikatu ditugu geuria.eus webgunean. Hemen argazki galeria.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Galdakaoko Gorantza Futbol Taldeko emakume aitzindariei omenaldia

|

Duela 57 urte, 1967ko irailean, aitzindari izan ziren Galdakaoko zenbait emakume: herriko emakumeen lehen futbol taldea sortu zuten, Gorantza Futbol Taldea.

Gaur, ia sei hamarkada ostean, omenaldia egin diete Galdakaoko Udalak eta Galdakao Futbol Klubak Santa Barbara futbol zelaian.

Honakoak izango dira omenduak: Eguzkiñe Loroño, Pili Moreno, Blanqui Goiri, Emili Suarez, Amaia Garay, Eguzkiñe Garay, Rosario Etxabe, Maribel Saratxaga, Marieli Aurtenetxe, Maria Angeles Yarritu, Henar Yarritu, Maria Jesus Urgoiti, Belen Urgoiti, Virginia Gonzalez Ramos, Mari Carmen Alvarez eta Maria Pilar Torres jokalariak, Miguel Caballero entrenatzailea, eta Koldo Tutor eta Arturo Maza laguntzaileak.

Omenaldia eta gero, Galdakao Futbol Taldeko eta Athleticeko jokalari ohiek partida jokatu dute.

Osorik irakurri