→Galdakao

‘Dog-friendly’ eta Zero Hondakin motako igoera antolatu dute Ganguren mendira

Bizkaiko bost menditara egingo diren irteerek Pagasarrira egiten den urteroko igoeraren lekua hartuko dute, “BBK Mendi Martxak” izeneko egitasmoarekin. Galdakaoko Gangurenera ibilbidea da horietako bat.

Ganguren Mendi Taldea 2021ean // Ganguren Mendi Taldea

1991tik urtero egiten den Pagasarri mendira igoera bertan behera geldituko da aurten. Haren ordez, “BBK Mendi Martxak” izeneko egitasmoa jarri dute martxan antolatzaileek: Bizkaiko bost menditara egingo diren irteerek hartuko dute Pagasarriren lekua, uztailetik abendura bitartean. Galdakaoko Ganguren mendira igoera izango da horietako bat, eta Ganguren Mendi Taldearen laguntzarekin, hitzaldiak eta beste hainbat ekintza ere egingo dituzte, herritarrak mendizaletasunaren eta ekologiaren inguruan kontzientziatzeko.

Uztailaren 5ean, asteartean, egin dute proiektuaren aurkezpena Koldo Bilbao BBK-ko arduradunak eta Víctor Manuel Vivar Bizkaiko Mendizale Federazioko lehendakariak. Bertan egon dira Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea eta Pedro Aizarna Ganguren Mendi Taldeko lehendakaria ere. Eragile hauen laguntzarekin, mendi irteera gidatuak egingo dira, “inklusiboak, dog-friendly erakoak eta, igaro ostean, ingurunea garbiago eta zainduago utziko dutenak” Zero Hondakin bilketarekin.

Horrelakoa izango da Galdakaoko Gangurenera igoera ere: txakurrekin egin ahal izango da ibilbidea, eta parte hartzaileek bidean dagoen zakarra batuko dute igoera burutu bitartean. Ibilbidea Santa Kurtz jaietan egingo da, irailaren 11n, eta prestatuta daudenen artean, bigarren mendi irteera izango da. Uztailaren 25ean, Urduñako Txarlazora; urriaren 9an, Mungiako Tallura; urriaren 16an, Zallako Ubietara; eta abenduaren 18an, Bilboko Pastorekortara egingo dira gainontzekoak. Gangureneko irteeran parte hartzea doakoa da, baina beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea mendi federazioaren webgunean.

Igoerak Pagasarri mendirakoak baino errazagoak dira bost kasuetan, beraz, “edonorentzako inklusiboak” diren ibilbideak izango dira, aldapa gutxikoak eta lau ordu baino gutxiagoko iraupenekoak. Gangurenera distantzia, adibidez, 14 kilometro ingurukoa da, eta oinez, lau ordu eta erdi baino gutxiagoan egin daiteke.

Hitzaldiak eta erreka garbiketa

Ibilbideaz gain, Galdakaon hitzaldiak ere antolatuko dira ingurune naturala zaintzearen arloko profesionalekin. Irailaren 15ean, Odile Rodriguez de la Fuente hurbilduko da Galdakaora. Dibulgatzaile zientifikoak Clima de Cambio (Aldaketa Klima) hitzaldia eskainiko du Torrezabalen. Errekak eta eremu naturalak garbitzeko ekintzak ere egingo dira “BBK Mendi Martxak” ekimenaren baitan. Horrela, Txaketolandako eremua eta Arantzileko errekaren ibilgua garbituko dira Galdakaon.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak