Garazi Maeso Gezuragak (Galdakao, 1999) iazko uztaileko eta abuztuko hilabeteak igaro zituen Kanadako Eskozia Berriako probintzian dagoen Cape Breton irlan, Louisbourg herrian, hain zuzen ere. Kostalde Atlantikoan aurkitzen da Louisbourg, San Lorentzoko golkoan. Gaur egun leku historiko nazionala den herrian, euskaldunok aztarna esanguratsua utzi genuen XVIII. mendean eta hiru mende geroago, euskaldunon presentzia itzuli da Louisbourgera. Historiako Gradua ikasi zuen Garazik, txistua jotzen du eta Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeko kidea da. Iazko udan interpretazio-lanetan ibili zen Mikele Albisurekin batera Louisbourgen. Euskal jantzi tradizionalekin, bisitariei euskal dantzak erakusten eta euskal musika hedatzen aritu zen bikote euskalduna. Jauzarrea elkarteak abiatu zuen egitasmo hau 2019an euskal-kultura biziberritzeko asmoz. 2022ko udan Garazik izan zuen aukera esperientzia honetan parte hartzeko, eta Galdakaoko gazteak aitortu du egonaldi ahaztezin honi esker, euskal-kultura hedatzeaz harago, berak ere asko ikasi zuela.
Uda berezia izan zen azkena zuretzat, Kanadan igaro baitzenituen bi hilabete. Oso berezia izan zen, bai. Euskal kulturaren transmisioa helburu duen Jauzarrea taldearekin batera joan ginen Mikele eta biok Kanadako Eskozia Berria probintziako Cape Breton irlako Louisbourgera, kostalde Atlantikoan.
Zer dela eta Louisbourgera? XVIII. mendean euskaldun asko zituen leku batera joan ginen, nolabait euskalduntasun pixka bat itzultzeko asmoz. Louisbourgen 1740ko hamarkadan bertan kokatzen zen herrixka nolakoa zen erakusten duen berreraikitze bat dute eginda. Eta hor irlan- darren, frantziarren edota ingelesen papera egin zuten beste hainbat interpreteren artean, XVIII. mendeko bi nesken papera betetzen genuen Mikelek eta nik. Euskal jantziak janzten genituen, euskaraz hitz egiten genuen, euskal musika eta dantzak erakusten genizkien bisitariei… Orokorrean, bertako turistei Euskal Herria zer zen azaltzen genien.
Nola heldu zitzaizun Kanadako proiektu honetan parte hartzeko aukera? Nire gurasoen lagun batzuen bidez. Lagun horiek urtetan izan dira Jauzarreako bazkide. 2019an Kanadako proiektu honetara joateko pertsona euskaldun pare baten bila zebilen elkartea. Ingelesa hitz egiten zekien pertsona bat bilatzen zuten eta ahal bazen euskal dantzak edo euskal instrumenturen bat jotzen zekiena. Hori ikustean nire gurasoei bidali zieten berria, deskribapena irakurtzean nigan pentsatu zutelako. Izan ere, ni Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldean nabil 2016tik. Eta, horrez gain, txistua jotzen dut Galdakaoko musika eskolan. Zazpi urte nituenetik jotzen dut txistua.
2022ko udan joan zinen, baina 2019an jaio zen egitasmoa. Bai, lehen aldiz 2019an joan ziren Amets eta Mirari izeneko bi neska interpretazio lanak egitera. Azken finean, Louisbourgeko gotorlekua XVIII. mendean izango zuen itxurarekin dago apainduta, eta bertan interpretatzaile ugarik turistei azaltzen diete zein zen garai hartako egoera. Azalpen honetan, gotorlekuak zuen euskaldunen presentzia falta zela konturatu zen Xabi Otero, Jauzarreako zuzendaria dena. Xabik urteak zeramatzan Parks Kanada eta Kanadako gobernuarekin lanean hau konpondu nahian. Eta horrela sortu zen proiektu hau duela 3 urte. Ordudanik, uda bakoitzean bizpahiru gazte euskaldun joaten dira kanadarrei kontatzera eurek ere badituztela euskaldunak euren historian.

Garazi Maeso Louisbourg-en // Xabi Otero
Jauzarrea elkarteak bultzatutako ekimen bat da. Jauzarreak kultura gizartean modu dinamiko eta eraginkorrean zabaltzen duen kudeaketa-eredua lantzen du. Bere pertzepzioa optimizatzen du eta ezagutza bultzatzen du, bereziki harreman sozialekin zuzeneko inplikazioa duten alderdietan. Kultura arteko eta kultura anitzeko loturak sortzen ditu, eta euskal kulturaren azterketa, ikerketa eta hedapena bultzatzen duten ondare materialaren eta ez-materialaren eremuak konbinatzen ditu, beste herri indigena batzuekin harremana sustatuz.
Jauzarrea izan zen bultzatzaile bakarra edo beste erakunderen bat egon zen atzetik? Jauzarrea da bultzatzaile nagusia, nahiz eta Maritzuli konpainiako Claude Iruretagoyena eta Jon Olazcoagaren laguntza izan duen jantziak sortzerako orduan.
Aldiz, Kanadaren partetik bi erakunde publiko egon ziren atzetik: Parks Kanada eta Cape Bretoneko Unibertsitatea. Kanadan ondare historiko eta kulturalaren aldeko mugimendu handia dago erakunde publikoen aldetik. Horrez gain, zorte handia izan genuen bai Louisbourgeko zuzendaritzan, bai Cape Breton Unibertsitatean gure proiektuan interes handia zuten pertsonak aurkitzen. Hau guztia aurrera eramaten lagundu ziguten; hala nola, Louisbourgeko zuzendari den Eddie Kennedyk, edota unibertsitatean urte luzez irakaslea izan den eta Mi’qmak-en buruzagi tradizionaletako bat den Stephen Augustinek.
Mikelerekin heldu zinen Louisbourgera ekainaren 30ean. Nolako harrera izan zenuten? Hasiera-hasieratik eskuzabaltasun handiz tratatu gintuen mundu guztiak Louisbourgen zein inguruan. Beti esaten ziguten haiek irla batean bizi direnez komunitate zentzu handiagoa dutela, eta Cape Bretoneko edozeinek bere etxeko ateak zabalduko lizkizukeela behar izanez gero. Egia da Mikele eta ni etxean bezala sentitu ginela bertan, bai kanadar zurien eskutik bai bertako indigena diren Mi’qmak-en eskutik ere.
Nolakoa izaten zen zuen egunerokoa? Ostegunetik igandera egiten genuen lan Mikelek eta biok. Goizeko bederatzietan parkera heltzen ginen, arropak jantzi eta 9.30-9.45 ingururako prest izaten ginen, lehen turistei agur egiteko. Goizetan Derroches etxean egoten ginen, gotorlekuaren harresitik kanpo zegoen etxean. Honen jabea Jean Derroches andrea zen, jatorri euskalduna zuena. Emakume hau bere senarrarekin batera arrantzale enpresa txiki baten jabe zen, non, udan etortzen ziren arrantzaleei lo egiteko lekua eta janaria ematen zieten arrantzatzearen truke. Dena den, arrantzale horiek udako hilabeteetan soilik etortzen ziren, neguan bizi baldintzak oso gogorrak baitziren Louisbourgen.
Arratsaldeetan ere lanean egoten zineten? Eguerdiko hamabiak aldera eguerdiko kanoi-jaurtiketak egiten ziren. Ostean, bazkaltzera igotzen ginen gotorlekura. Arratsaldean, Petite Grandchamp izeneko tabernan egoten ginen beste musikari batzuekin batera, euskal musika eta euskal dantzak erakusten. Arratsaldeko bostetan amaitzen genuen, arratsaldeko kanoi-jaurtiketak egin ondoren. Gero, jantziak kendu, arropaz aldatu eta etxera itzultzen ginen deskantsatzera eta hurrengo egunerako prestatzera.
Nola hartzen zituzten turistek zuen interpretazio-lanak? Gehienentzat Euskal Herriari buruz zerbait entzuten zuten lehen aldia izaten zen. Interes handiarekin entzuten gintuzten normalean eta galdera ugari izaten zituzten azalpenaren amaieran. Aipatzekoa da gehien interesatzen zitzaiena euskara pixka bat entzutea izaten zela beti, eta guk esaten genien ez zutela beste hizkuntza bakar batekin ere antzekotasunik aurkituko. Behin baino gehiagotan Euskal Herria mapa batean kokatzeko ere eskatu ziguten.

Garazi Maeso Louisbourg-en // Xabi Otero
Euskaldunok Louisbourgen utzitako aztarna nabaria dela esango zenuke. Oso nabaria. Jean Derroches andreaz gain, aipagarria da eguerdiko ordu biak aldera presoaren prozesioa egiten zutela. Preso bat kalera ateratzen zuten erakusteko nola zigortzen ziren krimenak garai horretan. Presoa euskal arrantzale bat zen, arrantzale irlandar batzuekin haserretu ondoren borroka bat izan zuena eta nahi gabe arrantzale irlandar horietako bat hil zuena. Horrelako egunerokotasuneko detaile txiki askoren bidez, erakusten ziguten zelakoa zen euskaldunen presentzia gotorlekuko gizartean.
Gainera, Louisbourgeko Derroches etxea “Euskaldunen etxea” bezala ezagutzen da. Bai, horrela ezagutzen da eta etxea eraikita dagoen moduan ere euskal influentzia nabaritzen da. Adibidez, etxearen hormak modu bertikalean kokatutako habez eginda daude, ohikoagoak ziren horizontalen ordez. Hori Euskal Herritik inportatutako teknika bat da, ura etxe barruan sartzea saihesteko.
Gaur egun, nola ikusten dute Atlantikoko beste aldetik euskal kultura, euskara…? Izugarrizko interesarekin. Ezagutzen genuen mundu guztiak galdera pila bat zituen gure kulturaren, historiaren edo hizkuntzaren inguruan. Bereziki Mi’qmaken aldetik, haiek eta geuk partekatzen dugun zapalkuntza esperientzia dela-eta, anaitasun sentimendu handia nabaritu ahal izan genuen.
Zer izan zen egonalditik gehien gustatu zitzaizuna? Ez dakit gauza bakarra aukeratzeko gai naizen. Izugarri gustatu zitzaidan gotorlekuaren parte izatea, eta bertan egin genuen lanaz oso harro nago. Beste alde batetik, bertan ezagutu nuen jendea ere proiektu honen alde baikorrenetariko bat izan daiteke.

Garazi Maeso Louisbourg-en // Xabi Otero
Zer ikasi zenuen bidaia honetatik? Asko ikasi nuen. Alde batetik, oso garrantzitsua iruditu zitzaidan Mi’qmak-ekin egin genuen harremana eta euren gatazkari buruz ikasi nuen guztia. Bestalde, gotorlekuan egunak pasatu ahala euskaldunek bertan zuten presentziaz geroz eta gehiago ikasten genuen. Gainera, euskaldunek Atlantikoaren beste aldean zuten garrantzia lehen eskutik bizitzea oso aberasgarria izan da niretzat.
Orokorrean, zelan baloratuko zenuke zure esperientzia Louisbourgen? Louisbourgeko proiektuan izena ematea nire bizitzan hartu dudan erabaki onenetarikoa dela esango nuke. Esperientzia oso aberasgarria izan zelako, konexioak eman zizkidalako beste herrialde batean eta pertsona bezala hazten ere lagundu zidalako. Bi hilabetetan Louisbourgen ikasi nuena ez dakit beste nonbait ikasiko nukeen.
