☉ Galdakao
GazT Nahaste ideia lehiaketak 2.000 eurorekin sarituko du Galdakaoko gazteak aktibatzeko proposamen onena
Lehiaketa zuzenduta dago 17 eta 30 urte bitarteko gazteentzat eta parte hartzeko epea zabalik dago ekainaren 16ra arte. Ekintza irabazlea urria, azaroa eta abendua bitartean egingo da
Galdakaoko gazteek euren interesekoa den ekimen bat proposatu eta aurrera eraman ahal izango dute. Horretarako GazT Nahaste ideia lehiaketa martxan jarri du Udaleko Gazteria arloak, GazT Berpiztu programaren barruan.
Lehiaketa 17 eta 30 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta eta aurkeztu daitezkeen ideien artean daude kultur ekintzak, ekintza sozialak, gazteentzako interesgarriak izan daitezkeen sentsibilizazio ekintzak, kirol ekintzak, osasun arlokoak, aisialdi hezitzailea sustatzeko ekintzak, ingurumena zaintzekoak, kulturartekotasuna sustatzekoak eta euskara eta euskal kultura bultzatu nahi dituztenak. Hala nola, erakusketak, kontzertuak, irteerak edota txapelketak.
“Ideiak bideragarria eta irabazi asmorik gabekoa izan behar du. Gainera, genero ikuspegia ere kontuan hartu beharko da, eta gehienbat euskaraz garatu beharko da. Halaber, proposamenak gazteengan eragin zuzena izan behar du, eta haien partaidetza sustatu behar du herrian”, diote udal ordezkariek.
Lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago ekainaren 16ra arte. Interesdunek gehienez hiru ideia proposatu ditzakete eta ideiarik onenak 2.000 euroko saria jasoko du. Epaimahaiak ekainaren 24an jakinaraziko du zein den ideia irabazlea, eta ekintza urria, azaroa eta abendua bitartean egingo da.
Parte hartzeko edo informazio gehiago eskatzeko gazteberpiztu@galdakao.eus helbide elektronikoa eta 688 680 840 telefono zenbakia daude gazteen eskura.
☉ Galdakao
Julen Gabiria galdakoztarrak euskaratu duen ‘Elkanoren herriari bueltaka’ liburua aurkeztuko dute Durangoko Azokan
Julen Gabiria idazle eta itzultzaile galdakoztarrak ‘Elkanoren herriari bueltaka’ liburua euskaratu du aurten, eta Durangoko Azokan salgai egongo da abenduaren 5etik 8ra bitartean.
Ander Izagirre idazle donostiarrak argitararatu zuen gazteleraz liburua 2022an, eta bi urte ondoren, euskarazko bertsioa aurkeztuko dute euskal liburuen eta diskoen azoka handian.
Bai Gabiriak bai Izagirrek liburuaren aurkezpena egingo dute abenduaren 8an, igandez, Ahotsenea-Literatura gunean, 16:30etik 17:00etara bitartean.
☉ Galdakao
Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar Durangoko Azokan izango dira ‘Margo Pitarak’ proiektua aurkezten
Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar Durangoko Azokan izango dira ‘Margo Pitarak’ proiektua aurkezten. Abenduaren 6an, ostiralez, izango da 17:30etik 17:50era Landakoguneako Kabi@n.
Proiektu transmedia da eta igerilari galdakoztarrak eta Eider Eibar ilustratzaileak 7 itsasoen erronkak igerian eta marraztuz euskaraz sorturiko eduki digitalak biltzen ditu: eskulanak, euskarazko sticker animatuak, mapa interaktiboak, bideoak edota animazioak.
Beste alde batetik, Galdakaon bizi den Eider Eibarrek ‘Kokoak’ liburua argitaratu du aurten, eta Durangoko Azokan ere aurkezpena egingo du. Abenduaren 5ean, ostegunez, izango da 16:30etik 17:00etara Saguganbara gunean.
‘Kokoak’ liburua 3 urtetik gorako umeentzat dago zuzenduta eta Kokoen unibertsoa ezagutaraztea du helburu: “Koko Mako, Maki Moko, Kako Mako eta Koko Miko hitz-joko magikoa abestu eta Kokoak azaldu dira, izaki fantastiko txikiak, gure sorkuntza artistikoko lanetan laguntzen digutenak marrazkietan zulotxoak egin eta bertara sartuz”, dio sinopsiak.
☉ Galdakao
Bideoa / Zein da euskarak duen hitzik politena? Galdakaon erantzun dute!
Abenduak 3 ditu gaur: Euskararen Nazioarteko Eguna. Galdakaon goizean Mintzodromoa egin dute Iturrondoko karpan (hemen argazkiak!) eta jarduera aprobetxatuta Maria, June, Naroa, Aitor eta Rebeca galdakoztar saltseroak GEURIAko mikroaren aurrean jarri ditugu!
Zein da eurentzat euskal abestirik onena? Eta liburu bat aukeratu beharko balute? Zein da euskarak duen hitzik politena? Euren erantzunak jaso ditugu!
☉ Galdakao
Argazkiak / Euskara ahoan, 120 lagunek hartu dute parte Galdakaoko Mintzodromoan
Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur. Galdakaon Mintzodromoa egin dute Iturrondo plazako karpan eta guztira 120 lagun batu dira: Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako eta euskaltegietako ikasleak eta irakasleak, herriko eragileetako ordezkariak eta norbanakoak elkartu dira eta euskara ahoan izan dute ordu t’erdiz. Hiru gai izan dituzte hizpide: ‘Urak har ditzakeen eremuetan eraikitzea’, ‘Zeregin gehiegi, baina denbora gutxi’ eta ‘Ikasgai berria proposatzea’.
☉ Galdakao
Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi galdakoztarrek ‘Momotxorroak’ dokumentala aurkeztuko dute Durangon
‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala abenduaren 5ean aurkeztuko dute Irudienean. Bertan izango dira Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariak
Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak ‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala egin du Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi taldekideek zuzenduta.
Dokumentalak Altsasuko (Nafarroa) inauteri tradizionalak berreskuratzeko eta biziberritzeko prozesua jasotzen du: “Antzinate handiko jaia izan zen, eta ahaztuta geratu zen, harik eta Ricardo Aldasorok, herriko nagusienetako batek, momotxorro mitikoak (ospakizun horren elementu nagusia) gogora ekarri zituen arte. Hain zuzen ere, oroitzapen horrek bultzatu zuen Altsasuko inauterien berpiztea, ‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentalak jasotzen duen prozesua”, diote.
Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak inauteri horiei buruzko ikerketa eta berreskuratze lanari ekin zion, Juan Antonio Urbeltz folkloristak bultzatuta, azken horrek Jose Maria Satrustegiren ‘Neguko solstizioa’ lanean oinarrituta.
“Urteetan ikertu ondoren, 1978an Andra Mari dantza taldeak lehen aldiz plazaratu zuen inauteria Altsasun, interes handia piztuz eta Altsasuko komunitatea mugiaraziz, bereziki belaunaldi berriak, non, jai hau biziberritzeko erronka hartu baitzuten. 1982an, inauteriak gogo biziz ospatu ziren berriro Altsasun, eta, ordutik, tradizio horri eutsi dio urtez urte, 2012an Nafarroako Gobernuaren interes turistikoko festa gisa aitortuta”, diote.
Galdakao-Altsasu konexioa
Ikus-entzunezkoaren helburu nagusia da Andra Mari Eusko Dantzari Taldearen lana eta tokiko komunitateak ospakizun hori berpizteko hartu zuen konpromisoa erakustea, XX. mende hasieran azken aldiz antzeztu zenetik, 70eko hamarkadan berpiztu zen arte.
“Dokumentalaren helburu nagusia da belaunaldi berriei euskal kulturaren balioa eta esanahia helaraztea, inauteri horien berreskurapenean parte hartu zutenen testigantza zuzenen bidez”, diote.
Euskal folklorearen arloko pertsona aipagarrienen esperientziak eta testigantzak jaso dituzte dokumentalean. Besteak beste, Mikel Zamalloa, Manu Jauregi eta Koldo Telleria Andra Mariko kideek; Patxi Goikoetxea, Amaia Oiarbide, Enrique Zelaia eta Satur Leoz Altsasuko kultur eragileek; eta Juan Antonio Urbeltz Euskal Herriko folklore maisua zein kultur eragileak hartu dute parte dokumentalean.
Era berean, ikus-entzunezkoak Galdakao eta Altsasuren arteko lankidetza-harremanei balioa eman diela adierazi dute Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariek.
Durangoko Azokan
‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala Durangoko Azokan aurkeztuko du Andra Mari Dantza Taldeak.
Abenduaren 5ean, ostegunez, Durangoko Zugaza zineman, Irudienean, ikusi ahal izango da dokumentala, 17:30etik aurrera. Emanaldiaren ostean solasaldia egongo da.